Karguak eta lanbideak
Jurista
Ibilbidea
Zumaiako jurista eta notarioa izan zen (1895eko otsailaren 21ean bataiatua), El proyecto de Real Decreto-ley de la Comisión de agricultura de la Excma. Diputación de Guipúzcoa ante el problema del caserío vasco. La pequeña vinculación familiar lanaren egilea, Bartzelonan 1929an argitaratua. Aipatu lana argitaratu zen hamarkadan, notario gisa aritu zen Artziniegan (Araba) —1923ra iritsi zen hara, Bóvedatik (Lugo)—; eta handik, 1926an, Lermara (Burgos) joan zen ; gero, handik, Sant Celonira (Bartzelona), 1928an. Notario gisa, 1970ean hartu zuen erretiroa, hirurogeita hamabost urte zituela, 1951etik El Vendrellen (Tarragona) ari zela, lanbide hartan hamarkada sail luzean jardun eta gero, gehienbat Katalunian.
Jose Uriartek Diputazioaren proiektuaz egindako lana argitaratu zen garaian, Diputazioak berak Gipuzkoako Zuzenbide zibilaren gaia jarria zuen eztabaida publikoaren erdigunean. Gertakari horren lehen jatorria Eusko Ikaskuntzaren lehen Biltzarra izan zen, 1918an Oñatin egindako hura, hain zuzen. Izan ere, Biltzarrak, ondorioen artean, esan zuen Gipuzkoako baserriaren arazo juridikoa aztertu beharko litzatekeela. Gipuzkoako Diputazioaren iritziz, gai hura, hasiera batean, landa munduaren eta baserrien despopulazioa eragiten zuten zergatiak moldatzeko proposamen bat izan behar zen, baina urteen joan-etorrian eta une hartako inguruabar politikoen eraginez, hura Gipuzkoako Zuzenbide zibilaren Eranskin bat Espainiako Kode zibilean sartzeko proiektua izan zen, oinarrietako testuak 1888an aurreikusi bezalaxe.
Diputazioaren testuaren idazketa Telesforo de Arantzadik eta Bonifacio Etxegaraik inspiratu zuten. Gipuzkoako Diputazioko Nekazaritza Batzordeak 1929ko irailaren 6an sinatu zuen Errege Dekretu Legearen proiektua. Honatx kideak: Juan Gordoa, Antonio Elosegi, Joaquin Txurruka, Jose Luis Gaytan de Ayala eta Victor Ibarbia. Hura munta handiko proposamena zenez, Diputazioak zabalkundea ematea erabaki zuen jendaurreko eztabaidara ekartzeko —horrela, argitaratu egin zen (Proyecto de Real decreto-ley presentado por la Comisión de Agricultura a la Excma. Diputación en sesión de 6 de Septiembre de 1929, Donostia: Imprenta de la Diputación de Guipúzcoa, 1929, 22 or.)—. Horren ondorioz, prentsan hamaika artikulu atera ziren proiektuaren alde eta kontra eta, are, Espainiako argitalpen juridikoetan iruzkin doktrinalak eragin zituen. Gaia uste baino gehiago korapilatu zen eta, azkenean, Angel de Lizasoain Diputazioko presidenteak, 1929ko azaroaren 29ko bilkuran, sentimenduzko hitzak esanez, proiektua erretiratu eta ekimenari amaiera eman zion.
Jose Uriartek, horrenbestez, bere monografia labur hura (82 or.) testuinguru hartan argitaratu zuen: El proyecto de Real Decreto-ley de la Comisión de Agricultura de la Excma. Diputación, ante el problema del Caserío Vasco. La pequeña vinculación familiar. Lanaren hasieran, —lehen zatian— Diputazioaren Proiektuaren testua ageri da. Ondoren —bigarren zatian—, Uriartek esaten du ez dakiela gaiari buruzko zer arrazoi eta ikuskera erabili dituzten proiektuaren egileek; beraz, berak azalduko du «nola agertzen den eta nola ikusten dugun guk euskal baserriaren auzia»; gero, azaltzen du zer den euskal baserria, bai eta haren gaineko ikuskera kultural eta juridikoa ere, testura ekarriz bai bizirik dirauen foru legeria, bai ohar historikoak, bai egungo egoera (horren haritik, hauxe dio: «Kontua da, beraz, Gipuzkoan bizirik dagoen ikuskera juridiko bat lege-gorputz egoki batean artikulatzea, baserria Gipuzkoako landa-funtsa baita; eta nahitaez, legez, baserria familiari lotua gelditu dadila lortzea da kontua»). Ondoren —hirugarren zatian—, baserria euskal familiari lotzeko xedea duen proiektu orok izan beharko lituzkeen oinarriak finkatu zituen; eta —laugarren zatian— aztertzen ditu «esku artean darabilgun gaiarekin lotura duten Espainiako eta atzerriko ohiturak eta legeria» (Galizia, Aragoi, Nafarroa, Katalunia eta Bizkaia; Erromatar Zuzenbidea, Frantzia, Alemania, Suitza).
Monografiaren bosgarren zatian, haren ustez baserria familiari lotzeko lege orok garatu beharko lituzkeen oinarriak finkatu zituen (hamabost oinarri dira) eta hauxe esaten du: «lotura familiar txikiko erregimenak oraindik ez du lege molderik munduan. Gipuzkoak hura sortzeko eginkizunari ekiten badio, kontuan izan dezala ezin dela, ez jurista baten lana izan, ez jurista talde batena, ez ordezkaritza politikoa duten erakundeena; baizik eta Probintziak egin behar du, edo, hobeki esanda, Euskal Herriak, bere eragileen bidez: hau da, erakunde ekonomikoen, sozialen, kulturalen, zientifikoen eta juridikoen bidez». Seigarren zatian, Diputazioaren Errege Lege Dekretuaren proiektua aztertzen du eta, gauza batzuekiko adostasuna agertzen badu ere, beste batzuk sakon kritikatzen ditu, bai eta testuaren azken emaitza ere (horrela, hauxe dio proiektuaz, oro har: «Nekazaritza Batzordeak —baserriaren zatiezintasuna, haren transmisio osoa eta kontserbazioa lortzeko aitzakiapean— aurkeztutako Lege Dekretuaren proiektuaren ondorioz, jabeak jabe izateari utziko dio birtualki, euskal maizterra haren bizkar jabe bihurturik. Eta ondoren, baserria zatitzeko edo osorik ez transmititzeko baimena edo askatasuna ematen dio, eta baserria ez familian, ezta arrazan ere, ez iraunarazteko baimena ere bai»).
Jose Uriartek, gainera, era askotako artikulu juridikoak idatzi zituen, beti Zuzenbide zibilaren arloan. Horrela, Revista Crítica de Derecho Inmobiliario aldizkarian, honako artikulu hauek argitaratu zituen (zenbaitetan, aldizkariko hainbat zenbakitan ageri dira zatiturik): «Inteligencia y alcance del artículo 827 del Código civil» (1929), «Servidumbre legal de luces y vistas» (1930), «Inexistencia del tercero hipotecario» (1931-1932), «Inscripción de documentos privados» (1932), «El artículo 20 de la ley Hipotecaría» (1932), «Derecho agrario español» (1935), «Unificación del Derecho nacional» (1941) eta «La Nueva Ley Hipotecaria y el “tercero”» (1946), «Derecho Hipotecario. Revisión de ideas» (1950), «Sistema inmobiliario español. Revisión de ideas» (1950), «La tradición en el sistema inmobiliario español. Revisión de ideas» (1950), «Desvirtuación germánica del sistema español. Revisión de ideas» (1950), «Legítima catalana. Revisión de ideas» (1950), «Opción. Revisión de ideas» (1950), «Renta vitalicia. Revisión de ideas» (1950), «Venta de finca hipotecada» (1950), «Inscripción obligatoria» (1950) eta «Catastro y Registro de la Propiedad» (1957).
«Derecho agrario español» artikuluan, hots, aurreko paragrafoetan aipatu dugun gaiarekin hurbiltasun handiena duen hartan, Uriartek «jabetza familiarra» aztertu zuen (hau da, jabetza, gizabanakoari baino, familiari atxikitzea), berriz ere une hartako gertakarien harira: Bigarren Errepublikaren Konstituzioa eta nekazaritza erreformari buruzko legedia. Horretarako, gaiaren analisi historikoa eta konparatua egin zuen (Frantzia, Suitza, Alemania, Austria, Brasil, Venezuela, Mexiko, Portugal), foru erregulazioak aztertzeaz gainera (Katalunia eta Bizkaia, batez ere). Hauxe dio Bizkaiari buruz: «Bertako Foru Legea, ezagutzen dugun antolamendu familiarreko monumentu juridikorik perfektuena da». Nolanahi ere, laburbiltze aldera, argitu zuen foru legeriek (euskal legeriak barne) Kode zibilaren sistema indibidualistaz bestelako modu batean antolatzen dituztela beren erakunde juridikoak, jabetza txikia eratzeko espirituarekin bat datorren bitarteko gisa; baina erregimen hori ez da beharrezkoa izango, «behin jabetza familiarrerako egokia den ondareari buruzko legea sortzen denean, eta Kode zibilak jabetza indibidualerako behar den perfekzio teknikoa duenez gero, bi lege-gorputzak aplikatu ahal izango dira mugarik gabe espazioan, lurraldean eta eskualdean, legedia batzeko arrazoizko eta bidezko sistema batean»; iritzi hori gerra ondoren idatzitako artikuluan berretsi zuen, «Unificación del Derecho nacional» izenburukoan, hain zuzen ere.
Obrak
El proyecto de Real-decreto-Ley de la Comisión de agricultura de la Exma. Diputación de Guipúzcoa ante el problema del caserío vasco. La pequeña vinculación familiar, Barcelona: Núñez y Compañía, 1929.
«Derecho agrario español», Revista Crítica de Derecho Inmobiliario, 126 (1935), 422-431. or.; 127 (1935), 481-491. or.; 129 (1935), 679-691. or.; 130 (1935), 749-767. or.; 131 (1935), 801-807. or.; 132 (1935) 881-901. or.
«Unificación del Derecho nacional», Revista Crítica de Derecho Inmobiliario, 147 (1940), 434-446. or.; 149 (1940), 574-589. or.; 153 (1941), 79-90. or.; 155 (1941), 211-217. or.; 159 (1941), 449-460. or.; 160 (1941), 523-528. or.
Bibliografia
KARRERA EGIALDE, M., Los arrendamientos rústicos históricos. Un análisis desde la realidad guipuzcoana, Madrid: Marcial Pons, 1998.
— «Derecho privado y foralidad: atribución competencial», Herri-Arduralaritzazko Euskal Aldizkaria, 111 (2018), 103-142. or.
NAVAJAS LAPORTE, A., La ordenación consuetudinaria del caserío en Guipuzcoa, Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Estudios y Publicaciones, 1975; lan honek biltzen ditu —bere eranskinetan jasotako agirien artean— Nekazaritza Batzordearen Errege Lege Dekretuaren proiektua eta Diputazioak horri buruz egindako aktak (badago edizio faksimilea, 2009an Zuzenbidearen Euskal Akademiak argitaratua, Euskal Zuzenbidearen Klasikoak bilduma, 9. zk. Jose Maria Aycart Orbegozoren sarrerarekin).
— «La Diputación foral de Guipúzcoa y el derecho civil. Años 1920-1930», Cuadernos de sección. Derecho, Eusko Ikaskuntza, 8 (1993), 189-197. or.





