Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

ULIBARRI GALINDEZ, Jose Pablo (Okendo, Araba, 1775ko abuztuak 17 – Abando, Bizkaia, 1847ko maiatzak 5).

Karguak eta lanbideak

Ferratzaile-albaitaria, barrutiko fededuna eta idazlea

Ibilbidea

Okendon jaio zen, familia apal baten baitan. Bederatzi urte zituenean, Abandoko barrutira aldatu zen, eta bertan ikasi zuen ferratzaile-albaitari lanbidea. 1795ean Konbentzioaren kontrako gerran aritu zen, eta, handik bi urtera, Maria Josefa Landarekin ezkondu zen. Frantziako zalditeria ferratzera eta tropak hornitzera beharturik ikusi zuen bere burua, eta, 1814an, Abandoko alkate konstituzionala izan zen. Foru sistema berrezarri zenean, fededun bezala jo zuen Bizkaiko Batzar Nagusietara. 1820an Abandoko zenbatzaile izendatu zuten, baina, sistema konstituzionala berrezartzean, kargugabetua izan zen. 1823an birgaitu ondotik, Abandoko ordezkari izendatu zuten 1829 eta 1830eko Batzar Orokorretan. Bere ideologia eta harremanez haratago, Karlistaldian izan zuen jarrera ez zen oso argia izan, agian, garai hartako egoera aldakorrak eraginda. Bere heriotzera arte ez da haren inguruko informazio askorik.

Hirurteko Liberalaren ostean hasi zen bere lan ezagunena idazten: euska- raz eta eskuz idatzitako gutun liburua. Bertan, aldaketa iraultzaileen aurrean zuen erraietako pentsamendu erreaktiboa adierazi zuen. Bere ustez, «euskal- dunen lorategia» deitzen zutena Jaungoikoak ezarritako arauari jarraiki mantendu beharra zegoen, eta hori Forua zen. Gizarte oreka eta ohitura onak liberalen eta konstituzioaren erruz aldatu ziren, «herejeak» eta «deabruaren lana» hurrenez hurren. Herriarenak ez ziren ohiturek eta hizkuntzek, euskara ez zen gainerako guztiak, erlijioaren kontrako ideiak zekartzaten eta, ezinbes- tean, ustelak ziren. Hori zela-eta, konponbide profilaktikoak proposatzen zituen, garaiko handiki foruzaleen diskurtsoarekin bat eginez. Harremana zuen, gutun bidez, handiki foruzale ospetsuekin, hala nola, Valdespinako Markesarekin, Pedro Novia de Salcedorekin edo Juan Bautista de Errorekin.

Euskarazko hezkuntza eta literatura sorkuntzaren aldekoa zen aspalditik, eta, horregatik, hainbat idazlerekin ere harremanetan egon zen; esaterako, Pedro Jose de Astarloa frantziskanoarekin edo Vicenta eta Juan Jose Moguel anai-arrebekin. 1814az geroztik oso aktiboak izan ziren, haiek eragin baitzuten gaur egun arte Bilbo inguruan emandako euskarazko argitalpenen igoerarik handiena. Formatu txikiko konposizio horietan, katolizismoa, euskara eta Forua elkarri loturik ageri ziren. Gauzak horrela, gerora ferratzaileak bere gutun liburuan erakutsiko zuen ideologiaren osagarri ordenatuagoa izan zirela uler daiteke.

Ideia horien guztien jatorria XVI. mende bukaeran Ordenamendu Foralaren kontakizun justifikatzailea osatu zuten legelari eta historialari multzo batengan dago. Nolabait, Ulibarriren lanak erakusten du, denborak aurrera egin ahala, diskurtso hori euskal gizartearen maila ertain eta apalek bere egin zutela, bestelako helburu eta interpretazioekin izanik ere. Azken finean, bere obrak sortzen duen galdera nagusia honakoa da: nola hedatu ziren konstruktu juridiko-ideologiko horiek gizartean, oro har? Bestalde, ikertzeko dago ferra- tzailearen mintegiak zenbaterainoko eragina izan zuen herriko seme ezagunenetakoa izan zenaren ideologian, Sabino Aranarenean, alegia.

Nolanahi ere den, ematen du Ulibarri ez zela oso pertsonaia ezaguna izan, XX. mendean; ez behintzat, Lino Aquesoloren lanek entzute handiagoa eman zioten arte. Gerora, baina, lan horiek egungo hizkuntzalari eta historialari askoren lanen oinarri izan dira, eta Okendoko etorbide bati eta Gasteizko kale bati bere izena jarri diete.

Obrak

Gauoneco Cantac cantauco dirianac otsandico mesan, Bilbo: Pedro Estorqui, 1814.

Egunare eusquerazcoa erderascotic itzuliya. Vizcai, Guipuzcoa; ta Arabaco Provinciaen- tzat 1815garren urteraco, Bilbo: Francisco Pérez Prieto, 1815.

Gaboneco osaste, edo verba neurtuac, vizcaytarrentzat, Bilbo: José Basozabal, 1826.

Gutunliburua. Erreprodukzio faksimila, Lino Aquesoloren edizioa, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1975.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA, J., «Bilbo aldeko euskaltasun politikoaren ahotsen li- teratur moldeak eta ideologia ildoak: Jose Paulo Ulibarri eta Cosme Belaunde, he- rri literaturaren adierazle», Bidebarrieta, 19 (2008), 105-162. orr.

ALTZIBAR ARETXABALETA, X., «Bizkaiko euskal idazleen gizarte ikusmoldea (1800-1833)», Bidebarrieta, 24 (2013), 20-31. orr.

AQUESOLO OLIVARES, L., «Disertación del P. Aquesolo sobre la figura de Ulíbarri», Eus- kera, 16 (1971), 35-48. orr.

ARTOLA RENEDO, A., ESTEBAN OCHOA DE ERIBE, J. eta ULIBARRI ORUETA, K., «En torno al pensamiento reaccionario en el País Vasco: el ensueño contrarrevolucionario del herrador José Pablo Ulíbarri (1775-1847)», RÚJULA LÓPEZ, P. eta RAMÓN SOLANS,

F. J. (arg.), El desafío de la revolución: reaccionarios, antiliberales y contrarrevolucio- narios (siglos XVIII y XIX), Granada: Comares, 2017, 107-123. orr.

ULIBARRI ORUETA, K., «Euskal testu corpusa osatzen: J.P. Ulibarriren Egunare eusque- razcoa erderascotic itzuliya», Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Ur- quijo, 45, 2. zk. (2011), 71-113. orr.

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP