Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

UHAGON GUARDAMINO, Francisco Rafael, Laurencingo markesa (Bilbo, 1854ko azaroak 5 – Madril, 1921eko abenduak 21).

Karguak eta lanbideak

Legelaria, historialaria, idazlea, politikaria eta akademikoa eta Historiaren Errege Akademiako zuzendaria 

Ibilbidea

Francisco Rafael Uhagon, Laurencingo markes tituluagatik ere ezaguna. Bizkaiko hiriburuan jaio zen 1854ko azaroaren 5eko goizeko bost eta erdietan. Egun horretan bertan Francisco Rafael Zacarias izena jarri zioten Bariko San Nikolas parrokian, eta Madrilen hil zen 1927ko abenduaren 21ean. San Isidroko hilerrian lurperatu zuten.

Bizkaiko familia aberats bateko kidea zen, aita Felix Anselmo Uhagon Aguirre (Francisco Ignacio Uhagon Olea, Banco de Bilbao-ren fundatzailea 1857an, eta Maria Felipa Aguirre Laurencinen semea), Bide, Kanal eta Portuetako ingeniaria zen, eta ama, Emilia Vicenta Guardamino Castañares (Ramon Guardamino de la Tejera Arana, bankari, Espainiako Bankuko kontseilari eta Espainiako kontsulordea Baionan, eta Higinia Castañares Zabalaren alaba).

Hirugarren Karlistaldia hasi zenean, Francisco Uhagon Madrilera joan zen Unibertsitate Zentralean Zuzenbidea ikastera, zeren eta erakutsia zuen bere gaitasun zientifikoa, Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiaren saria irabazi baitzuen lehiaketa publikoan. Gaia zen zer-nolako eragina izan zezakeen gehiegizko lurralde-jabetza metatzeak edo zatitzeak Espainiako nekazaritzaren oparotasunean edo gainbeheran.

Legeen Ikasketari hasiera ematearekin batera gertatu zen Saboiako Amadeoren erregealdiaren amaiera. Hori dela eta, unibertsitateko urteak Lehen Errepublika garaian igaro zituen, eta hamazazpi urte besterik ez zituela lizentziatu zen, 1871n. Alfontso XII.a erregearekin Borboien Berrezarkuntza hasi berria zela, urte bat geroago doktoratu egin zen unibertsitate berean, irakasleen zorionik adierazkorrenak eta Klaustroaren aipamen bereziarekin, Karlistaldia bukatzear zegoela. Baina, azkenean, Zuzenbidean ez jardutea, eta legeen ikasketa uztea erabaki zuen; izan ere, 1878an aitaren bat-bateko heriotza zela medio, herentzia handi batez gozatu ahal izan zuen, eta bizitza birbideratu zuen, bere zaletasunak asetzeko. Zaletasun horiek genealogia eta heraldika, zezenak eta ehiza baino ez ziren, eta diziplina horiek hartu zituen aurrerantzean ikerketen eremuan murgiltzeko.

Horrela, XV. eta XVII. mendeen arteko Historia, Legeria eta Genealogia aztertzeari ekin zion.

1880ko urriaren 30ean Donostian ezkondu zen Madrilgo Julia Barrio Jimenezekin (Madril, 1859ko apirilak 18 – 1895eko urtarrilak 11), eta bi mutiko eta hiru neskato izan zituzten. Urte hartan Calatravako Ordenako zaldun izendatu zuten eta 1893an Ordenako giltzain kategoria eman zioten. Uhagon, orduan, Espainiako lau Ordena militarretako artxiboak espoliaziotik salbatzen saiatu zen —desamortizazio garaian eta seiurteko demokratikoan izandako asalduren ondoren—. Aldi berean, 1884an, bere ibilbide intelektualari heldu zion Fernando Tamariz de la Escalerak 1654ean idatzi zuen Tratado de la Caza del vuelo izeneko falkoneria-tratatua berrargitaratuz. Jose Gutierrez de la Vegak lehenengo aldiz Espainiako ehiza-bibliografia bat egiteko lan zailari ekin zionetik hamar urtera, 1888an, Enrique Leguina Vidal jaunarekin, Vega de Hozko baroiarekin, XX. mendeko ehiza-bibliografiarik osoena argitaratu zuen. Bibliografia hori egiteko, artxibo eta liburutegi pribatuetan zeuden XVI.-XIX. mendeetako eskuizkribu ugari erabili zituen, eta XX. mendeko erdialdera arte ez zuen jarraipenik izan, Damaso Gutierrez Alonsoren Bibliografía española de caza (1889-1958) delakoarekin.

1899an Viñuelas lana eskaini zion Joaquin Arteaga Etxagueri, garai hartan Santillanako markesa zenari, hura ere tauromakiaren eta zinegetikaren zalea. Etorkizunean Infantadoko duke bilakatuko zenak Viñuelas izeneko lursaila erosi zuen 1895ean, arbasoen ondasunak berreskuratzeko ahaleginean.

Maria Cristina Habsburgokoak, Uhagonen lan txalogarria saritzeko, Espainiako Erregearen asteko maiordomo izendatu zuen 1893an eta, urtebete geroago, Gobernuak Isabel Katolikoaren Gurutze Handia eman zion (1894), domina zibil gorena, eta gainera Itsasketa Merituaren Gurutze Handia ere eman zioten (1897). Halaber, Historiaren Errege Akademiak (RAH), bere merezimendua aintzatesteko, Guadalajarako akademiko urgazle izendatu zuen 1896ko ekainaren 26an, aita Fidel Fitak, Marcelino Menendez Pelayok, Jose Maria Asensiok eta Antonio Sanchez Moguelek, bere hautagaitzari babesa eman ondoren. 1898ko urtarrilean akademiko numerario aukeratua izan zen, Fuensanta del Valleko markesaren heriotzak utzitako hutsunea betetzeko. 23. zenbakidun Dominaren jabetza hartu zuen hurrengo martxoaren 25ean, eta bere sarrera-hitzaldiaren izenburua zera izan zen: Las Órdenes Militares. Manuel Davilak Akademiaren izenean erantzun zion, eta 1918tik aurrera Errege Akademia bera zuzendu zuen Uhagonek, aipatutako aita Fita ordezkaturik. Hurrengo hirurtekoetarako berriro hautatu zuten 1921ean eta 1924an, eta 1927ko abenduaren 21ean hil zen, hogeita bosgarren zuzendari gisa. Hil baino hilabete batzuk lehenago, Pedro Vindel liburu-saltzaile eta bibliofiloari saldu zion bere liburutegi bikaina. RAHko zuzendari gisa, 1918tik aurrera, hain zuzen ere, senatari hautatu zuten, bai eta hurrengo legegintzaldietan ere, Primo de Rivera jeneralak estatu-kolpea eman arte. Hala, Goi-Ganberako idazkari izan zen hainbat legegintzalditan, eta Batzorde askotako kide izan zen: estiloa, liburutegia, instrukzio publikoa eta Gorteen irekierako etiketa. Osasun publikoari, aurrekontuei, trenari, errepideei eta kontsumoari buruzko hitzaldiak eman zituen. Sagastaren Alderdi Liberal Fusionistako kide izan zen.

Bere lanak jaso zuen errege aitorpenik handiena Maria Kristina erreginak emandakoa izan zen, Laurencingo markes titulua, erreginaordealdia amaitu baino egun batzuk lehenago, 1902ko apirilaren 21eko Errege Dekretuaren eta urte bereko maiatzaren 9ko Errege Despatxuaren bidez. Geroago, Alfontso XII.aren Ordenako Gurutze Handia kategoria eman zioten (1903), eta hil baino urte batzuk lehenago, Italiako Koroaren Ordenako Gurutze Handiko Zaldun (1923).

Hiru urte geroago, 1905eko irailean, Kordobako probintziatik senatari izendatu zuenean ekin zion bere ibilbide politikoari, eta 1910ean berriro izendatu zuten. Senatari-jarduera lan akademiko etengabearekin uztartu behar izan zuen; bai eta RAHko Buletinari ekarpenak egin ere bere ikerketa biografiko, genealogiko, heraldiko eta nobiliarioekin. Horiez gain aipatu behar dira zinegetika- eta tauromakia-tratatuen argitaratze, berrinprimatze eta inoiz argitaragabekoen erreskateak ere egin zituela. Bere jarduera akademikoa ez zen RAHn bakarrik izan, beste elkarte hauetako kide ere izan zen: Batzorde Ikonografiko Nazionala; Cadizko Errege Akademia Hispanoamerikarra; Sevillako eta Bartzelonako Letra Onenenak; Kordobako Zientzia, Letra eta Arteena; Valentziako San Karloseko edo Toledoko Arte Eder eta Zientzienak; baita nazioarteko elkarte hauetakoa ere: Lisboako Zientziena, Belgikako Arkeologiaren Errege Akademia, Napolesko Akademia Pontifikala, Kubako Akademia Nazionala, Buenos Airesko Historia eta Numismatika Batzordea, Italiako Institutu Heraldikoa edota Hispanic Society of America.

Ohiko kolaboratzailea izan zen Revista de España, Revista Contemporánea, La Ilustración Española y Americana, Euskal-Erria, Euskalerriaren Alde eta Boletín de la Real Academia de la Historia aldizkarietan, non Gipuzkoako artxiboei eta Ordena militarrei, heraldikari eta historiari buruzko ikerketa-lanak argitaratu zituen; halaber, dokumentu eta testu historiko eta literario garrantzitsuak argitaratu zituen, eta beste batzuk garrantzi gutxiagokoak, adibidez, tauromakia, zinegetika edo falkoneriari buruzkoak. Halaber, Instrukzio Publikoko kontseilari, Espainiako Bibliofiloen Elkarteko idazkari edota Madrilgo Geografia Elkarteko eta Batzorde Ikonografiko Nazionaleko kide izan zen.

Obrak

Memoria laureada con el accésit por la Real Academia de Ciencias Morales y Políticas en el concurso ordinario de 1873, sobre la influencia que la acumulación o división excesiva de la propiedad territorial ejercen en la prosperidad o decadencia de la agricultura en España, Madrid: Imp. de Eduardo Martínez, 1876.

LEGUINA Y VIDAL. E.-rekin, barón de la Vega de Hoz, Estudios bibliográficos: la caza, Madrid: Tip. de D. Ricardo Fé, 1888.

Viñuelas, Madrid: Imp. Viuda e Hijos de Tello, 1889.

La patria de Colón según los documentos de las Órdenes Militares, Madrid: Ricardo Fé, 1892.

Recopilación que hizo de las Casas de Bizcaya el coronista Gómez Arévalo de Villafufe. Acrecentada con la descripción de otros linajes, Donostia: Baroja, 1893.

Relaciones históricas de los siglos XVI y XVII, Madrid: Tello, 1896.

Índice de los documentos de la Orden Militar de Calatrava existentes en el Archivo Histórico Nacional, Madrid: Fortanet, 1899.

Un cancionero del siglo XV con varias poesías inéditas, Madrid: Imp. de Tello, 1900.

VIGNAU, V.-rekin, Índice de pruebas de los caballeros que han vestido el hábito de Santiago, desde 1501 hasta la fecha, Madrid: Imp. de Tello, 1901.

Índice de pruebas de los Caballeros que han vestido el hábito de Calatrava, Alcántara y Montesa, desde el siglo XVI hasta la fecha, Madrid: Viuda e Hijos de Tello, 1903.

El Almirante D. Antonio de Alliri en la Orden de Calatrava, Madrid: Fortanet, 1906.

Los Uhagón, Señores de Hoditegui, Madrid: Fortanet, 1908.

La Ovandina de D. Pedro Mexía de Ovando, Madrid: Fortanet, 1909.

Enrique IV y la excelente señora llamada vulgarmente Doña Juana la Beltraneja, Madrid: Fortanet, 1913.

Garcilaso de la Vega y su retrato, Madrid: Real Academia de la Historia, 1914.

Don Álvaro de Luna según testimonios inéditos de la época, Madrid: Real Academia de la Historia, 1915.

El Doctor Thebussem. Recuerdos e intimidades, Madrid: Real Academia de la Historia, 1917.

Artículos varios escritos y publicados por el Marqués de Laurencín, Madrid: Tip. De la Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, 1918-1922, 4 libk.

Los Almirantes de Aragón, Madrid: Tip. de Fortanet, 1919.

Don Agustín de Montiano y Luyando, primer Director de la Real Academia de la Historia, Madrid: Revista de Archivos, 1926.

Bibliografia

AMÉZAGA, E., Autores vascos, Bilbo: [E. Amézaga], 1984-1996, 9 libk (IV. libk, 1987).

CADENAS Y VICENT, V. de, Caballeros de la Orden de Calatrava que efectuaron sus pruebas de ingreso durante el siglo XIX, Madrid: Ediciones Hidalguía-Instituto Salazar y Castro-CSIC, 1976, 211-212. or.

CASTAÑEDA Y ALCOVER, V., «El excelentísimo señor Marqués de Laurencín, director de la Real Academia de la Historia», BRAH, XCV (1927ko urria-abendua), 209-215. or.

CASTELLANO BARÓN, R., conde de Trastámara, Bibliografía venatoria española y otros libros de interés para cazadores, Madrid: Círculo de Bibliofilia Venatoria, 2004, 394-396 eta 549-554. or.

GUTIÉRREZ ARRESE, D., Bibliografía española de caza (1889-1958), Madrid: Sociedad de Bibliófilos Venatorios, 1958.

GUTIÉRREZ DE LA VEGA, J., Bibliografía venatoria española, Madrid: Imp. de M. Tello, 1877.

REDONET Y LÓPEZ-DÓRIGA, L., «Necrológica del Exmo. Sr. Marqués de Laurencín», Discursos leídos ante la RAH en la recepción pública del Exmo. Sr. D. Luis Redonet y López Dóriga, día 17 de junio de 1928, Madrid: Imp. Viuda e hijos de Jaime Ratés, 1928.

UHAGÓN CASANUEVA, V., Memorial genealógico de la casa de Uhagón, Madrid, 1949.

VINDEL, P., Catálogo de una colección de cien obras procedentes de la biblioteca del Marqués de Laurencín, Madrid, 1929.

ZENBAITEN ARTEAN, «Homenaje al Excmo. Sr. Marqués de Laurencín por los miembros del II Congreso de Historia y Geografía Hispanoamericano de Sevilla», BRAH, LXXVIII (1921), 535. or. eta hur.

ITURRIAK

ARCHIVO DEL SENADO, Francisco Rafael Uhagon Guardamino, Laurencingo markesa, senatariaren espediente pertsonala Kordobako probintziaren eta Historiaren Errege Akademiaren ordezkari gisa.

REAL ACADEMIA DE LA HISTORIA, Archivo de Secretaría, Francisco Rafael Uhagón Guardamino Laurencingo markesaren espediente pertsonala.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP