Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

TRUEBA Y DE LA QUINTANA, Antonio Manuel Maria de (Antón el de los cantares) (Montellano, Galdames, Bizkaia, 1819ko abenduak 24 – Bilbo, 1889ko martxoak 10).

Karguak eta lanbideak

 Kronista eta idazlea

Ibilbidea

Gurasoak Manuel Ruperto de Trueba, Sopuertako kontzejukoa, eta Hipolita Marta de la Quintana, Montellanokoa, oso nekazari txiroak ziren. Jaio eta gutxira, familia Santa Gadea auzora aldatu zen, Sopuertan. Antoniok bertan hasi zituen ikasketak, baina laster utzi behar izan zituen nekazaritza-lanetan lagundu eta Triano mendietako meatzeetan lan egiteko. Hamabost urte zituenean (1834) Madrilera joan zen Lehen Karlistaldian karlistek euren armadarako har ez zezaten. Hiriburuan, Jose Vicente de la Quintana osabaren burdindegian hasi zen lanean, eta bertan hamar urte egin zituen saltzaile. Tarte horretan guztian, espainiar erromantikoak irakurriz (Larra, Espronceda, Zorrilla, Mesonero Romanos…), literaturan janzteko probestu zuen, hori baitzen benetan maite zuena.

Adituetako askok dioenaren arabera, haurra zenetik erakutsi zuen literaturarekiko zaletasuna, bere aitak, bisitatzen zituen azoketatik itsu-erromantzeak ekartzen zizkionean, edo eskualdeko erromerietan entzuten zituenean. Haiekin osatzen zuen etxean zituen irakurgai apurren bilduma: Aita Asteteren katixima, Kristau urtea eta Kixotea. Uste izatekoa da, bere osaba Manuel de Quintanak, «el vasco», eragin handia izanen zuela, hainbat kopla eta erromantze idatzi baitzituen.

1845ean Madrilgo udalean eskribau izatea lortu zuen, literaturari denbora gehiago eskaini ahal izan ziolarik. 1851. urtean, bere lehen liburua argitaratu zuen: El libro de los cantares. Askotariko gaiak lantzen dira bertan, herrikoa eta ahozkoa uztartzen ditu eta, lan horri esker, nolabaiteko ospea lortu zuen, hainbat edizio izan baitzituen, eta are alemanera (1860), katalanera (1862), italierara eta Europako beste zenbait hizkuntzetara itzuli baitzen. Uste zabaldua da lan honek Rosalia de Castroren eresietan eragina izan zezakeela. Urte horretan bertan, nobela historiko bat ere argitaratu zuen: El campeador.

1853an La Correspondencia de Españaren erredakzioan hasi zen (25.000 ale baino gehiago ateratzen zituen argitalpena), eta han izan zen 1862. urtera arte. Urte horietan zenbait poema, ipuin eta bestelako idazki prestatu zituen El Museo Universal, Correo de la Moda y La Ilustración Española y Americanarentzat. Horrekin batera, hain gustuko zituen haurren argitalpenekin hasi zen, besteren artean, honakoak bezalako lanekin: Cuentos populares (1853), Cuentos de color rosa (1859), Las hijas del Cid (1859) eta Cuentos campesinos (1860).

Madrilen emandako urte horietan, hainbat idazleren adiskide egin zen, hala nola, Antonio Arnao, Luis de Eguilaz, Vicente Barrantes, Jose Selgas, Carlos de Pravia eta abarrekin mahai-inguruak partekatzen baitzituen, Cafe del Príncipen, Nuevo Cafe Suizon edo La Esmeraldan.

1859an Teresa Pradorekin ezkondu zen Madrilen, eta harekin izan zuen bere alaba bakarra: Ascension Angelina Josefa Maria Marta Leoncia de Trueba y Prado (Madrid, 1860).

Nolabaiteko prestigioa lortu zuen, heziketa historikorik izan ez arren, zeren eta, 1862an Bizkaiko Batzar Nagusiek Jaurerriko kronista eta agirizain izendatu zuten (Candido Gonzalez de Mendiak eta Antonio de Arguinzonizek hala eskaturik). Arrazoi hori zela-eta, Bilbora joan zen bizitzera. Lehendabizi egin zuen gauzetako bat Bizkaiko historia bat idazteari ekitea izan zen, baina momentu hartan egondako iskanbila politikoak zirela medio, ezin izan zuen bukatu. Burutzea lortu zuen bakarra Capítulos de un libro, sentidos y pensa- dos viajando por las Provincias vascongadas (1864) izan zen. Garai hartan ere, beste zenbait lan idatzi zituen, historia, kronika politikoa eta literatura uztartuz; adibidez, Defensa de un muerto atacado (los fueros) por el Excmo. Sr.

D. Manuel Sánchez Silva (1865), La paloma y los halcones (1865), Bandoen Ge- rretako Erdi Aroko garai korapilatsuan girotutako nobela historikoa, Cuentos de varios colores (1866), El libro a las montañas (1867) edo Resumen descriptivo e histórico del M.N. y M.L. Señorío de Vizcaya (1872).

Ikuspuntu literariotik, autore erromantikoa dela esan daiteke: herriko jendearenganako eta bertako hizkuntzarekiko sentikortasun kostunbrista du eta bere obraren bi ardatz nagusiak eguneroko bizitzaren eta sentimenduen deskribapena dira. Hain zuzen, hasiera-hasieratik erromantizismo alemanaren eragina zuten poeten taldearekin bat egin zuen, El Correo de la Moda aldizkariaren baitan. Gero, Ramon Campoamor ezagutu ondoren, mugimendu hori gainditzen saiatu zen, nazio- eta gizarte-auziarekiko atxikimendu handiagoa erakutsiz. Hala eta guztiz ere, ez zion sekula utzi lirika eta nobela historiko edo kostunbrista txandakatzeari, haurrei zuzendutako ipuinak alde batera utzi gabe. Nobela laburretan nabarmentzen da gehien, Gaztelako eta Euskal Herriko landa-eremuko bizi baldintzen inguruko erretratuak egiteak 98ko Be- launaldira gerturatzen du. Idatzitako kondairak, aldiz, sortu zuen txarrena direla esan ohi da.

Zentzu horretan, bere kostunbrismoa hasi berria zen industria-iraultza geldiezinaren aurrean egindako hausnarketa malenkoniatsu eta aldarrikatzaile bezala uler daiteke, ordurako, Bilboko errealitatea hori baitzen. Bizi- modu berri horrek baserri giroa desagertzea zekarren; ekonomikoki nekazaritzari lotua, sozialki tradizionala eta, momentu hartan mehatxupean zeuden balio eta ohiturei eusten ziena. Horregatik, herri literatura hartu zuen inspirazio iturritzat. Hala, Jose Selgas, Vicente Barrantes, Jose Maria Pereda, Fernan Caballero edota Emilia Pardo Bazanen obra eta pentsamenduarekin lotu daiteke.

Bigarren Karlistaldia hasi zenean, Bizkaiko Diputazioko karguak utzi eta Madrilera itzuli zen (1873), Diputazio liberalak karlismoaren aldekoa izatea leporatzen baitzion, egiten zuen foruen defentsa sutsua zela-eta. Hain zen horrela, ezen berak idatzi baitzuen —hiru euskal probintzien izenean— Alfontso XII.ari igorritako gutuna, Canovas del Castillok foruak behin betiko indargabetzeko proposatutako legea bertan behera utz zezan eskatuz, kontuan hartua izan ez bazen ere. Gatazka bukatzearekin batera, Bilbora itzuli zen eta, 1876an, birgaitu eta Probintziako Aita izendatu zuten. Euskal gizarteaz zuen ikuspegi patriarkal eta xumeagatik, eragin handia izan zuen, Navarro Villoslada, Goizueta eta Araquistainekin batera, «euskalerriacos» deiturikoen artean; hala esaten zioten Euskal Herrian foru sistema zaharraren bukaera bizi izan zuen belaunaldi foruzaleari.

Aro berri horretan, gora egin zuten prentsan egiten zituen kolaborazioak. El Noticiero Bilbaíno egunkari foruzale porrokatuko literatura sekzioa sortu zuen, eta hura zuzentzera ere iritsi zen. Zenbait artikulu argitaratu zituen Irurac-baten, Revista Euskara de Pamplonan eta, batez ere, La Ilustración Es- pañola y Americanan. Horrez gain, literatura lanetan buru-belarri jarraitu zuen askotariko gaiei buruzko argitalpenak sortuz: historia, genealogia, literatura, kondairak…

1883an alargun geratu eta gaixo jarri zen; eta osatzeko, ur sendagarrien aldeko apustua egin zuen. 1889ko martxoaren 10ean hil zen, Bilbon, dirurik gabe, hala bizi izan baitzen, bere ibilbide literarioa luzea izanagatik ere. Es- painiako Biblioteka Nazionalaren datuen arabera, 107 lan utzi zituen guztira.

Hil zenean, omenaldi asko egin zizkioten eta Bilboko hiriak bere memoria gorde nahi zuela argi geratu zen, Udaletik hasita. XIX. eta XX. mendeko pertsonaia famatu asko izan ziren eskaini zizkioten omenaldietan, hala nola, Juan E. Delmas, Jose M. de Lizana, Carmelo de Echegaray, Miguel de Unamuno edo Juan Jose de Lecanda.

Hil eta gutxira, 1896. urtean, eta harpidetza publikoz, Mariano Benllureren monumentu eskultoriko bat eskaini zioten Bilboko Albia Lorategietan. Egun, bertan jarraitzen du, Abandoko San Bizente elizaren parean, Antonio de los Cantares lurperatu zuten toki berean.

Hilondoko omenalditzat har daiteke, 2019az geroztik, Galdamesko udalak montellanotarren familia etxe zaharraren hondakinak kontsolidatu eta kon-pontzen aritzea, bere ondare kulturalaren parte direlakoan.

Obrak

Defensa de un muerto atacado (los fueros) por el Excmo. Sr. D. Manuel Sánchez Silva, Bilbo: Juan E. Delmasen moldiztegi eta litografia, 1865.

El libro de las montañas, Bilbo: Laromberen moldiztegia, 1867.

Bosquejo de la organización social de Vizcaya, Bilbo: Juan E. Delmasen moldiztegia, 1870.

Cielo con nubecillas, recuerdo de la vida rural y familiar en Vizcaya, Madril: A. Pérez Du- brull, 1871.

La familia cristiana, Madril: A. Pérez Dubrull, 1871-1872.

Resumen descriptivo e histórico de la M.N. y M.L. Señorío de Vizcaya, Bilbo: Juan E. Delmasen moldiztegi litografikoa eta liburudenda, 1872.

Exposición dirigida a las Cortes de la nación por las Diputaciones de las Provincias Vas- congadas en 16 de junio de 1876, Madril: Infante, 1876.

Historia de dos almas, una negra y otra blanca, Madril: A. de Carlos, 1876. Curiosidades histórico-literarias de Vizcaya, Bilbo: C. Pérezen moldiztegia, 1878. Obras, Madril: Antonio Romero, 1905-1914. 10 libk.

Bibliografia

AMORES, M., Antonio Trueba y el cuento popular, Bilbo: Bizkaiko Foru Al- dundia, 1999.

AMORES, M., «Luchando contra la novela: los novelistas antinovelistas del siglo XIX»,

España Contemporánea, 16. libk., 1. zk. (2003), 77-98. orr.

BIZKAIKO AURREZKI KUTXA, Centenario de Antonio Trueba. Bilbo: Bizkaiko Aurrezki Ku- txa, 1989.

CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca. Bilbo: Atxu- lar Atea, 2015.

EREÑO ALTUNA, J. A., Antonio de Trueba: literatura, historia, política, Bilbo: autorearen ed., 1998.

EREÑO ALTUNA, J. A., «A propósito de dos textos desconocidos de Antonio de Trueba», Deustuko Letrak 97, 32. libk. (2002), 27-62. orr.

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP