Karguak eta lanbideak
Historialaria
Ibilbidea
Zaragozan jaio zen 1748an eta Madrilen hil zen 1802an. Eskolapioen ordenan sartu zen eta hainbat urte eman zituen fraile gisa Filipinetan, eta tagalo hizkuntzaren gramatika bat idaztera ere iritsi zen. Espainiara itzuli zen 1772an, eta bere ordenaren ikastetxeetan lan egin zuen Valentzian, Zaragozan eta Madrilen, eskola ematea tartekatuz literatura eta historia lanarekin. 1794an atera zen ordenatik, 1791ko irailean Historiako Akademian sartu ondoren, eta handik aritu ahal izan zen buru-belarri bere historialari eginkizunean, erakundearen liburuzain eta antikuario gisa. Haren obra oso zabala da, eta arlo anitz landu zituen. Lan nagusiek lotura dute Aragoiko historiarekin, besteak beste, Aparato de Historia Eclesiástica de Aragón (Madril, I libk., 1791, eta II. libk., 1792); Memoria para ilustrar el reinado de Ramiro II el Monje (Madril, 1799); Discurso sobre el origen y sucesión del Reino Pirenaico (Madril, 1802); eta Memoria sobre el origen del Condado de Ribagorza (Madril, 1817).
Traggiak idatzi zuen Nafarroari buruzko artikulua, Campomanesek hainbat hamarkada lehenago asmatu eta sustatu eta 1802an Historiako Errege Akademiak argitaratutako Diccionario geográfico-histórico lanean, penintsulako lau euskal lurraldeei eskainitako lehenengo eta bakarrak izan ziren bi liburukietan. Monreal Ziak azpimarratu du Diccionario hori argitaratzearen helburua foru-erregimenen egitura diskurtsibo eta historiografikoei jazarpena egitea zela. Ekimenean nahasten ziren «enpresa edo abentura historiografiko hutsa» eta «lan pragmatikoa, boterearen ingurutik edo erdigunetik beretik iradokitakoa». Kontuan hartu behar da lau lurraldeen eta administrazio zentralaren arteko tentsioak gero eta handiagoak zirela XVIII. mendearen azken hamarkadetan, punturik gorenera iritsiz Konbentzio Gerran eta ondoren Godoyk foru- erregimenen aurka hasitako erasoan.
Hiztegi horretan Nafarroari buruz idatzitako artikuluan Traggiak egin zuen lehenengo eginahala izan zen, Miguel Riscoren kasuan bezala, España Sagrada lanean Euskal Herriari eskainitako liburukian, Aro Modernoko historialari nafarrek erabiltzen zuten diskurtso historiografikoari aurre egitea, haren bidez, tesi kantabristak eta tubalistak onartuta defendatzen baitzuten nafarrak jatorrizko espainiarrak zirela, eta bisigodoak atzerriko usurpatzaileak. Era horretara, historialari nafarrek ezesten zituzten habsburgotarren 1700era arteko legitimotasuna eta borboitarrena hortik aurrera, leinu gotikoaren, asturiarraren eta Gaztela-Leongoaren arteko ustezko jarraitasun dinastikotik eratortzen zela defendatzen zutenen posizioak.
Traggiak baieztatzen du, Pellicerri jarraikiz eta argudio sinesgarririk bat bera ere erakutsi gabe, nafarrak herri godo bat zirela, Suintila eta Wanbaren garaian ezarri zirenak Nafarroako Erdialdean eta Erriberan, eta denbora igarota, lurraldeko antzinako biztanle euskaldunekin fusionatu izanen zirenak. Bidenabar, iradokitzen du errege bisigodoek agindu zutela Nafarroan Wanbatik aurrera, gutxi gorabehera, erabat, eta ordura arte behin-behinean bakarrik, adibidez, Suintila erregearekin. Horrekin batera, errotik ukatzen du tubalismoa, eta azpimarratzen du teoria horren oinarrian inongo frogarik ez dagoela. Haren iduriko, «Nafarroako gauzei buruz idatzi duten egileek beste probintzietako egileen harrokeria bera izan dute, baieztatzen dutenean beren herrialdea Tubalek jendeztatutako lehenengoa edo lehenengoetakoa izan zela. Baina ez patriarka horren, ez eta haren seme-alaben etorrerari buruzko frogarik ez da, non ez diren hitzaldi boluntario batzuk, Joseforen zalantzazko testu batean oinarrituta, egile hori oso urrun dagoelarik garai hartatik; eta Rufinoren eta beste egile batzuen interpretazio librea. Deus ez dakigu kartagotarrak Espainiara iritsi aurretik Nafarroan gertatzen zenari buruz, eta deus ez daiteke baieztatu, ez lehenengo biztanleei buruz, ez haien ondorengoen erlijioari, ohiturei, legeei eta egintzei buruz ere».
Hala ere, Nafarroako erresuma Asturiaskoa baino zaharragoa ote zen edo ez, Traggiak dokumentuetan oinarrituta ezesten du «idazle batzuen asmo modernoa, zeinaren arabera berrezarpenaren hasieran, Nafarroa Asturiasko erresumaren zatia zen, eta orobat frankoen inperioarena», eta erakusten du monarkia piriniotarra erabat independente sortu zela.
Lehenengo erregearen hautaketari buruz, berriz, Traggiak errefusatzen du hainbat egileren kontaera, besteak beste, Vianako Printzearena eta Davalos de la Piscinarena. Haien arabera, hamabiren bat jaun aberatsek erabaki izanen zuten aita santuari, longobardoei eta frankoei kontsulta egitea, «haien aholkuz ezartzeko egokiena iruditzen zitzaien gobernu era». Aragoiko egileetan oinarrituta, Traggiak dio erregearen hautaketa egin zela kanpoko batere aholkularitzarik gabe, eta hori baino lehen, ezarri zirela «koroa hartzeko hautetsiak bete behar zituen baldintzak, eta horiek betetzea zin egin behar zuela, errege aldarrikatu aurretik» era horretan saihesteko «negozio larriak modu arbitra- rioan erabakitzea eta herritarren zapalkuntza». Traggiak gehitu zuen prin- tzea behartu zela «zin egitearen erlijioarekin, inongo gauza garrantzitsutan ez sartzera, jaun aberatsen kontseilurik eta borondaterik gabe», eta «itun horien formulazioa, orduan ez baitziren idatzi, oinarritu zela godoen antzinako kodean [Foru Juzgua], kanpoko herrialdeei laguntzarik eskatu gabe».
Tesi horiek errepikatzen dira Nafarroako legediari buruz hitz egiten duenean. Traggiaren arabera, «jaunen arteko eztabaida anitz egin ondoren, eta erregea eta buruzagia hautatu aurretik, oinarrizko zenbait lege ezarri ziren, etorkizuneko jaunaren agintea mugatzeko eta herritarrei irekia uzteko legera jotzeko bidea, botere gehiegikerien aurka», eta «pentsamendu hori sortu zen, arrazionaltasunez ondorioztatu daitekeenaren arabera, Foru Juzgutik». Oinarri horiekin sortu zen konstituzio piriniotarra: «uko egin gabe, beraz, haien udal mailako usadioei, Foru Juzgua bertan behera utzi gabe, haren ordezko onargarri bat eratzen ez baitzuten asmatuko, erregea hautatu zuten, aldez aurretik zin eginaraziz haien foruak gordeko zituela, ebazpen larririk ez zuela hartuko zaharren aholkurik gabe, enpleguak eta harrapakinak basailuentzat izanen zirela, eta irekia izanen zutela lege errekurtsoa egiteko bidea, zapalkuntza edo indarkeria sumatzen bazuten».
Beraz, Garcia Perezek adierazi bezala, Traggiak oro har nafarren diskurtso tradizionala onartzen zuen, alegia, «noble nafarrak aske zirela errege bat hautatzeko eta aldez aurretik ezartzen zituztela oinarrizko lege batzuk, hark zin eginez onartu behar zituenak». Baina ez zuen bere egiten «Foru Orokorraren hitzaurreko kontakizuna, aita santuaren eta kanpoko beste herri batzuen aipamenarekin», eta «haren tesiaren arabera, nafarrak godoetatik sortu ziren, eta horrekin batera defendatzen zuen Foru Juzgua indarrean zela Nafarroako erresuman». Horrek «laguntzen zuen zuzenbide nafarraren berezitasuna gutxitzen eta Gaztelan indarrean zen erregimen juridikora hurbilarazten».
Aurrerago, Nafarroako legediari eskainitako apartatu horretan, hitz egiten da lurralde horren arau-garapenari buruz. Mende asko igaro ziren lege orokorrak ezarri aurretik: arrazoia, «pentsatzeko aukera zutenen aisialdi eskasa eta gaitasun falta», «herri eta barruti bakoitza bere usadioen arabera eta printzeek ematen zizkieten foru berezien arabera gobernatzen ziren, unean-uneko interes pribatuaren arabera egokituta». Tokiko foru horien arteko kontraesanak arian-arian ebazten ziren, agertu ahala, 1237ra arte, Teobaldo I.arekin, orduan idatziz jaso baitziren lege nafarrak, Foru Nagusia idatzi zenean, horretarako berariaz eratutako batzorde baten eskutik, izan ere, eztabaida izan baitzen urte hartako Lizarrako Gortean, «foruak ulertzeko moduaren inguruan, printzearen letraduen eta erresumako letraduen artean».
Traggiaren arabera, Foru Nagusi hori Nafarroan mantendu da «aldaketa handirik gabe, gaur arte», funtsean bi puntu nagusi baitziren: lehena, «ahalmen legegilea gorteetan edo estatuen batzarrean ezartzen dela, haiek ordezkatzen baitute erresuma», eta bigarrena «erregeak ezin zuela egintza garrantzitsurik egin jaun aberatsen borondaterik gabe». Eskolapio aragoiarraren irudiko, «erregelamendu horri esker nafarrak beti libre izan ziren tributu, zerga eta ezarpen guztietatik, ezartzen ez baziren Gorteak osatzen zituzten hiru estatuen borondatez eta baimenez».
Guztiarekin ere, 1512ko muga iraganik, berrikuntza nabarmena sartzen du Traggiak: haren irudiko, «Gaztelarekin bat egiteak (…), ez baitzen izan ez ondorengotza eskubidez, ez estatuen deialdiari erantzunez, baizik eta armengatik eta konkista bidez, Nafarroako konstituzioa aldatu ahal izan zuen. Hala ere, Fernando errege katolikoak eta gaurdaino haren ondorengoek, beren eskutik eta erregeordeen eskutik, mantendu dute aldaketa handirik erantsi gabe, libre eta beren erabakiz egin duten zina betez, onura orokorrarentzat baliaga- rria eta komenigarria delakoan, hori baita estatuen lege gorena, eta haietan dagoen bakarra, iraungiezina eta aldaezina, estatu horiek kontserbatu nahi badira». Hau da, horren guztiaren arabera, foru nafarren iraupena monarkaren gogoaren araberakoa izanen zen modu esklusiboan, eta haiei eusteko hark zuen borondate onaren araberakoa. 1512ko konkista iritsi arte errege nafarrak «egiaz konstituzionalak izan ziren, eta behartuak ad pacta conventa», behartuta baitzeuden hasierako lehenengo monarka hautatu zenean hitzartu- tako itun konstituzionala betetzera, ondoren ere haien ondorengoek berritu zutena. Handik aurrera zabaltzen da beste aldi bat «pribilegiozkoa deitzen ahal dena, errege katolikoak eta haren ondorengoek funtsean kontserbatu dutelako antzinako konstituzioa, Albreteko Juan kentzeak eta armen indarrak Iruñeko koroa bereganatzeko bidea ireki bazien ere. Nafarrek ez zuten deitu errege katolikoa, eta indarrik ere ez zuten beren legeei eusteko, erregearen armada onartu zuten, pixka batez aurka egin ondoren, eta erregeak bere boron- date onez, eta estatuarentzat onuragarriak iruditzen zitzaizkiolako, eskaini zizkien baldintzak betez, eta komenigarriak iruditzen ez zitzaizkionak errefusatuz. Beraz, errege-erreginen betebeharra borondatezkoa da errotik, eta haien zin egitea ere borondatezkoa da, eta ez horretara behartzen duen beste inongo inguruabarrek sortua».
Zuzenbide eta instituzio propioen iraupena, Traggiaren arabera, erregearen graziazko emakida zelako tesiak «erresuma babesgabe xamar uzten zuen, ikuspegi juridiko batetik, ahalmen subiranoa lotzeko pribilegioak zuen gaitasuna nabarmen txikiagoa baitzen, itunak zuena baino. Doktrina juridiko tradizionalaren arabera, eta printzipio boluntarista berrien testuinguruan, haien xedea izaten baitzen subiranotasuna askatzea kanpotik ezarri nahi zitzaion edozein loturatik, pribilegioak —figura hori gero eta gorrotagarriagoa izanik— baino dohain nabarmen handiagoa agertzen zuen itunak, nahi baldin bazen eraiki askatasun tradizionalak gorde edo eguneratzearen aldeko diskurtso juridiko bat». Beste alde batetik, graziazko emakida izanik, onura orokorraren izenean egindakoa, era horretako gogoetek erresumaren konstituzioa errebokatzea iradokitzen ahal zuten etorkizunean. Handik zenbait urtetara, tesi horiek berreskuratu zituen Jose Maria Zuaznavar Francia legelariak Ensayo Histórico-Crítico sobre la Legislación de la Navarra (Donostia, 1827-1829) lanaren bigarren argitalpenean.
Riscorekin gertatu zen bezala, Traggiaren interpretazioen aurrean erakunde nafarrek agertu zuten erreakzioak epeltasun ulergaitza erakutsi zuen. Obra jaso orduko, Diputazioak historialari aragoiarrari idatzi zion, 1802ko maiatzaren 14an, hari adieraziz «haren kezkek eragiten dioten estimu handia». Hala ere, ondoren agertzen zion ezen «Nafarroari buruzko artikulua gainetik irakurrita, gogoeta lasaia eskatzen duten zenbait klausula aurkitu ditu; eta gogoeta egin ondoren, haien emaitza jakinaraziko dizu, zalantzan jarri gabe zure zintzotasun egiaztatua, eta Historiarekiko fideltasunari men eginez, aldez aurreko eginbide hau gure betebeharraren ondoriotzat hartuko duzula- koan, eta gogoan dugun nahi biziaren erakusgarri, halako monumentu duinak, argi publikoaren errespetua merezi duenak, ez ditzan indargabetu edo murriztu Herri pribilegiatu honi bere konstituzioaren bidez dagozkion eskubideak, hura iraintzen ahal duten tarteetan, zure asmo egokien kontra». Hala ere, gutuna Traggiari eman behar zionak, alegia, Madrilen bizi zen Antonio Maria Huici nafarrak, Diputazioari idatzi zion nabarmenduz nafarren eta Diputazioaren erantzukizunak, esan baitzuen «gure herrikideek ez dute beste batzuek adinako interesik jartzen gauza hauetan; eta ez litzateke harritzekoa izanen gure Erresumaren artikuluak izatea guztien arteko okerrenak, eta perfekzionatu gabe geratzea, Diputazio horrek ez badu duin zaion lanik egiteko asmorik».
Handik urtebetera, Arabako Diputazioarekin trukatutako gutunen eraginez, Nafarroako Diputazioa hein bat zorrotzago agertu zen, baina jarrera hori ez zen gauzatu inongo erreakziotan. Arabako erakundeak aurkitu zituen 1802ko Diccionarioan «hainbat adierazpen eta albiste oker (…) ilusio, kezka eta itsukeriatzat tratatzen zutenak herri hau, bere burua Alontso XI.a erregearen eskura bere borondatez geratu baino lehen, aske eta independentea zela defendatzen dutenen ideia» eta enkargatu zitzaien «erakundearen aholkulariei eta bestelako literatoei gaia azter zezaten, eta dokumentuak eta bestelako albiste egokiak erakutsiz, bil ditzaten aipatutako ideiak, gaizki ulertutako eta Probintzia honen etengabeko lorien kontrako printzipioetan oinarrituak direnak, deuseztatzeko argudio egokiak». Gainera, Arabako Diputazioak uste zuen Nafarroako Diputazioa ere iraindua sentitu behar zela hitz haiekin, eta ekintza bateratua planteatzen zion, aipatutako gaiaren inguruan. Erakunde nafarrak erantzun zuen «bidezkoa eta oso egokia» iruditzen zitzaiola, batik bat, bi lurraldeen arteko antzekotasunengatik, «bai beren erregalien egikaritzan, bai bere lehenengo subiranoa hautatu zen garaian zin egindako eta haien ondorengo errege-erregina guztiek jarraitutako itun formal eta solemnearen ondoriozko titulu zuzenetan». Hala eta guztiz ere, Diputazio nafarrak ez zuen inongo ekimenik bultzatu.
Obrak
Diccionario geográfico-histórico de España por la Real Academia de la Historia: Sección I, comprehende el Reyno de Navarra, Señorío de Vizcaya y provincias de Álava y Guipúzcoa, Madril: Historiako Errege Akademia, 1802. Berrarg. edizio digitalean Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005.
Bibliografia
GARCÍA PÉREZ, R. D., Antes leyes que reyes. Cultura jurídica y constitución política en la Edad Moderna (Navarra, 1512-1808), Milano: Giuffrè Editore, 2008.
MANSO PORTO, C., «El Diccionario geográfico-histórico de la Real Academia de la Historia», Iura Vasconiae. Revista de Derecho Histórico y Autonómico de Vasconia, 2 (2005), 281-332. orr.
MIKELARENA, F., «La Vasconia de Manuel Risco y la polémica subsiguiente sobre el pasado de Navarra», Hispania Sacra, 66, Extra I (2014), 297-337. orr.
MONREAL ZIA, G., «Posibles motivaciones, modus operandi y autores y colaboradores del Diccionario», Diccionario geográfico-histórico de España por la Real Academia de la Historia: Sección I, comprehende el Reyno de Navarra, Señorío de Vizcaya y pro- vincias de Álava y Guipúzcoa, 1802. Edición digital, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005.





