Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

SORALUCE ZUBIZARRETA, Nicolas (Nicolas Soraluze Zubizarreta) (Zumarraga, Gipuzkoa, 1820ko abenduaren 5a – Donostia, 1884ko urriaren 19a).

Karguak eta lanbideak

 Historialaria

Ibilbidea

Nicolas de Soraluce Zubizarreta Zumarragan jaio zen, aitaren eta amaren aldetik noblea zen familia batean. Zehazki, herri horretako Zabalakoa etxean sortu eta Jose Antonio Soraluce eta Catalina Zubizarreta senar-emazteen bederatzi seme-alaben arteko txikiena izan zen. Familia nobleari dagokion haurtzaroa izan zuen, ehizan eta arrantzan aritu baitzen, bai eta Euskal Herriko berezko zaletasunetan ere, hala nola pilotan. Lehen hezkuntzako ikasketak egin ondoren eta ahots-musikako eskolak jaso eta gero, karrera juridikora bideratu zuten. Hamalau urte arte latinezko ikasketan jardun ondoren, Zumarragako eskribau osoaren bulegoan aritu zen laguntzaile. Lehen Karlistaldiak Nicolasen karrera eta prestakuntza juridikoa eten eginik, amak semea atze- rrira bidaltzea erabaki zuen, anaiekin batera, gerran ez parte hartzeko. Fami- lia, gainera, Sagastibeltza jeneral karlistaren adiskide mina zen.

Atzerrira abiatu zenean, Soralucek 16 urte zituen. Lehenik, Frantziara igorri zuten, 1836an, eta gero, lau hilabeteko zeharkaldiaren ondotik, Buenos Airesen kokatu zen, 1838ko urtarrilean. Denboraldi hartan, bidaide irakasle bati esker jarraitu zuen ikasten, hura ere gipuzkoarra, eta zientzia fisikoak eta matematika irakatsi zizkion, baita beste gai arlo batzuk ere. Hura guztia berehala izan zitzaion probetxugarria, bai Rio de la Platako hiriei buruzko ezagutza praktikoak izateko, bai giro berri hartan hobekien nola jokatu jakiteko. Ikasitako hura, gainera, ondotik ere izango zi- tzaion baliagarria bere historia-lanerako, hala nola geografiaren garrantzia, hori Soraluzeren lan orokorren funtsezko atala izan baitzen. Argentinan bizi izan zen bitartean, negozioetan jardun zuen eta, bederatzi urtean, Eu- ropara hainbat aldiz itzultzeko adina diru irabazi zuen. Bidaia haietako ba- tean (1847), lepoan zituen bala-aztarnak atera zizkioten. Zehazki, bi urte lehenago, 1845eko irailaren 30ean, pirateria-istilu batean Paranako portuan ezustean jasotako bala bat izan zen. Hura errepublika hispanoamerikarretan etengabe pizten ziren gerra haietako batean gertatu zen, Soraluceren bizitza arriskuan jarrita.

1855ean, Donostian kokatu zen betirako. Josefa Bolla y Domecqekin ezkondu eta, lanbide-jarduera euskal eremura mugatzen hasi zen. Beste proiektu batzuen artean, agindua eman zuen burdinazko txapak egiteko lan- tegi bat Beran (Nafarroa) eraikitzeko (1858). Liberal saiatua eta euskal Foruen defendatzailea izan zen, Gipuzkoako erakundeetan hainbat kargu publiko beteta, Donostian kokatu zenez geroztik.

Argentinako Errepublikaren kontsula izan zen Donostian (aurretik, Buenos Airetik bertatik izana zen) eta Gipuzkoako batzar nagusietako prokuradorea Zumarragatik. Kargu horri esker, iparraldeko trenbidearen traza- tua finkatzeko proiektuaren inguruko eztabaidetan parte hartu zuen. Bere jaioterriko interesen alde aritu zen Zumarragako prokuradore gisa 1859ko, 1861eko, 1862ko eta 1863ko Batzarretan. Hainbat udal kargu bete zituen Donostia liberalean; besteak beste, nabarmentzekoa da alkateordea izan zela 1873an, hau da, Hirugarren Karlistaldiaren garaian, Gipuzkoako lurraldean. Kargu hartan ziharduela, ospitaleak prestatu zituen gerrako zaurituak artatzeko. Etsaiekin negoziazioan hasteko ardura bere gain harturik, gerra-presoen lehen truke ofiziala antolatu zuen Antonio de Lizarraga jeneral karlistarekin. Zerbitzu horien esker onean, Emilio Castelar Errepublikako presidentearen nahiz Moriones eta Loma jeneralen grazia-botoa jaso zuen.

Bestalde, Ongintza Batzordeko kidea eta alkatea zenean, hainbat gestio egin zituen Jose Matiak utzitako ondarea kobratzeko.

Nicolas de Soraluce, gainera, historialari gipuzkoarrik aitortuenetakoa izan zen. Haren lanen artean, Los Fueros de Guipúzcoa (1866) bilduma eta Historia General de Guipúzcoa (1870) dira nabarmentzekoak. Bere lanen bidez, itunaren alde agertu zen, hura koroarekiko harremanak ezartzeko tresna juridiko egokia zela iritzita. Historia lana idazteak Historiako Errege Akademiako kide izateko merezidun egin zuen. Halaber, Gipuzkoako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzorde burua izan zen.

Lehen lana 1864an plazaratu eta historiografia-lana hogei urtez luzatu zuen. Soraluceren azterketaren xedea, nagusiki, Gipuzkoari lotu bazitzaion ere, foruen auziari buruz egindako azterlana euskal probintzia guztietara za- baldu daiteke. Lana ondu bitartean, euskal Foruek une korapilatsu eta mingotsei egin behar izan zieten aurre. Soralucek, ordea, ez zuen azaldu eta aztertu xehetasun militarrik eta politikorik, garai hartako beste egile batzuek arlo haietan sakondu bazuten ere, eta Historiaren Zuzenbidea eta Historia sakon aztertzen jardun zuen. Lehen ikerlanetako batean Juan Sebastian Elkano aztertzeaz ere arduratu zen, itsasgizonaren familiak berak eskaturik. Genero biografikoan bereziki interesaturik, gipuzkoar ospetsuen omenezko oroita- rriak jartzea sustatu zuen haietako bakoitzaren herrian.

Historia General de Guipúzcoa (1870) du lan nagusia, ondotik laburpen eta gehigarri baten bidez emendatua, den-dena hura hil ondotik izenburu honekin plazaratua (1886): Ultimas líneas de Soraluce, o sea resumen y apéndice a la Historia general de Guipúzcoa. Lan goren horrek bultzaturik, garaikideek Garibai, Isasti, Larramendi edo Iztueta egile hain ospetsuekin parekatu zuten Soraluce. Historia General de Guipúzcoa lanak Probintziako historien gaineko balantze historiografiko baliosa eskaini zuen, azken bi mende haietako historien eskuizkribu askori buruzko datu interesgarriak emanda, eta Gipuzkoari buruz inprimatutako lanen inguruko iritzi kritikoa ekarrita. Obrak gai sorta zabal-zabala jorratzen du, hala nola geografia, ekonomia, foruen auzia eta topografia. Bigarren liburukiak, gainera, historia politikoa deskribatzen du Glorias de la Antigüedad direlakoetatik Isabel II.aren erreginaldiaren bukaeraraino. Emaitza lan monumentala da, bai Soralucek burututako lan handiari begira, bai eskura zegoen dokumentazio mugatu hartatik abiatuta lortutako emaitzari begira. Horregatik lotu zen XV. mendetik XVII.aren lehen laurdenera bitarteko gertakari militarrik nabarmenenak kontatzera. Deigarria da, halaber, testua zeinen zehaztasun handiz garatzen duen. Soralucek ardura handiz erreparatu zion datuen egiazkotasunari, testuan diren aipu ugari eta zehatzetan ageri bezala. Ai- puen artean, Humboldt, Zurita, Moret, Marichalar y Manrique, eta Novia de Salcedorenak dira nabarmentzekoak, bai eta Historiako Errege Akademiako Hiztegia ere.

Garai hartan Historia eraikitzeko moldearekin bat eginik, Soraluceren iru- dikoz gizabanakoen nahiz taldeen jokabideen ondoriozko egintzek eta gertakariek baldintzatu eta zuzentzen dute —funtsean— herrien bizitza, eta gertaera zehatz haiek dakarkigute Historiari zentzua emateko aukera. Hori dela eta, Soralucek gertakariak eta arloak era monografikoan aztertu eta ekoizpen biografikoa nola-halako xehetasunez garatu zuen. Horren adibide dira bai Juan Sebastian Elkanori buruz idatzitako lanak, bai La Real Compañía Guipuzcoana de Caracas (1876) eta La Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País. Sus antecedentes y otros sucesos con ella relacionados (1877) liburuak, bai eta itsas balentriei buruzko azterlanak ere, hala nola Introducción, capítulo I y otras descripciones acerca del origen y curso de las pescas y pesquerías de ballenas y de bacalaos, así que sobre el descubrimiento de los bancos e isla de Terranova (1878).

Probintziako historia orokorrarekin batera, Soralucek Gipuzkoako Fo- ruak izan zituen aztergai. Foruak aztertzen eta hedatzen ahalegindu zen, fo- ruak sistema politiko absolutuetatik bizirik iraundako pribilegio hutsak zi- rela errefusatuta. Helburu hori gogoan, Apuntes para la impugnación a la introducción del libro de Ferrer lana idatzi zuen bi liburukitan, Gobernuak zerga arloko foru berezitasunen indargabetzea justifikatzeko tesiak gezurta- tze aldera. Arlo horretako lanik garrantzitsuenak Fueros de Guipúzcoa. Títulos adicionales y consideraciones. Reglamentos. Sumario histórico du izen- buru, Madrilen 1866an inprimatua. Obra horren bidez, Foruak eskuragarri eta moldagarri egin nahi izan zituen, guztien eskura egon zitezen. Kontua zen Gipuzkoako foruei buruzko testu inprimatu bakarrak 1696ko eta 1758ko edizio zaharrekoak zirela, biak ere ale kopuruetan laburrak eta eskuratzeko zailak. Obrak lau zati ditu. Lehenbizikoan Gipuzkoako Foruak jaso zituen zehatz-mehatz, eta bigarrena oso interesgarria da, ia mende erdiko denboral- dia ardatz hartuta eta XVIII. mendearen bukaeran foruen inguruan gertaturikoak azalduta. Hirugarren zatian, Soralucek foru-sistemaren balioaz eman zuen iritzia, Koroarekiko desadostasunak akordioaren bidez moldatzeko ja- rrera nabarmenduta. Laugarren zatian, azkenik, Gipuzkoako batzar eta diputazioen antolaera eta jarduna azaldu zituen.

Soraluzek pentsamendu liberalarekin loturiko ikuspegia eman zuen Foruez, Isabel II.aren erregimen konstituzionalarekin bateragarria. Hitz batez, gizon liberala zen, hau da, jabetza pribatua, industria eta merkataritza garatzearen aldekoa. Foruak eguneratu zituen, XVII. mendetik iluna zeritzon horizonte ekonomikoaren premietara egokitze aldera. Horrenbestez, haren iritziz, Foruak, besteak beste, bide egokia ziren Espainiako merkatuak eta hitzarmenek antzinako koloniekiko eskaintzen zituzten aukeretara irekitzeko. Eus- kal Probintziek Koroarekiko fideltasuna sekulan traizionatu ez izana nabarmendu zuen idazkietan.

Azkar garatu zitzaion gaixotasun baten ondorioz, Donostian zendu zen 1884ko urriaren 19an. Heriotzaren ondotik, erakunde eta jende askok Soralucerekiko estimua eta begikotasuna agertu zituzten. Horrela, Historiako Errege Akademiak, Gipuzkoako Foru Diputazioak. Donostiako Udalak, Zumarragako Udalak, herri horretako apaizek, korporazio zibilek eta militarrek, eta kontsulen kidegoak, familiari doluminak adierazi zizkioten. Isabel II.ak, heriotzaren berri izan bezain laster, telegrama bat igorri zion familiari atsekabea erakusteko. Gipuzkoako Diputazioak eta Donostiako Udalak beren nahigabea aktan jasotzeko erabakia hartu zuten aho batez, Soraluceren heriotzagatik. Halaber, Sustapen Batzordeak proposaturik eta Donostiako Udalak 1902an halaxe erabakirik, haren izena kale bati eman zitzaion Gipuzkoako historialari nabar- mena omentzearren, betiere Udalak 1885eko apirilaren 13an proposatu eta Udalak berak egun bereko bilkuran onartutakoarekin bat.

Obrak

Biografía del ilustre conquistador de Filipinas, Miguel Lope de Legazpi, Tolosa: Probintziako Inprimategia, 1863.

Historia de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa, precedida de la guía descriptiva y, plano de la misma, Madril: Joaquín Bernat, 1864.

Biografía del ilustre Don Javier María de Munibe e Ydiáquez, Conde de Peñaflorida, Irun: Huarte Inprimategia, 1866.

Fueros  de  Guipúzcoa,  Títulos  adicionales  y  consideraciones.  Reglamento,  Suma- rio histórico, etc., Madril: Industria eta Merkataritza Bankuaren Inprimategia, 1866.

Historia general de Guipúzcoa, Gasteiz: Egañaren alargunaren eta semeen inprimate- gia, litografia eta liburu-denda, 1870.

Más biografías y Catálogo de obras vasco-navarras, Gasteiz: [i. g.], 1871.

Real Compañía Guipuzcoana de Caracas, Madril: D.R. P. Infanteren ardurapeko inpri- mategia, 1876.

Introducción. Capítulo I y otras descripciones de la Memoria acerca del origen y curso de las pescas y pesquerías de ballenas y de bacalao así que sobre el descu- brimiento de las bancos e Isla de Terranova, Gasteiz: Manteliren semeen inpri- mategia, 1878.

Los Iberos o sean Eúskaros y el Euskara, Iruñea: Lorda, 1879.

Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País. Sus antecedentes y otros sucesos con ella relacionados, Donostia: Juan Osesen Establezimendu Tipografikoa, 1880.

Defensa del apellido familiar de Juan Sebastián del Cano, Donostia: Juan Osesen Esta- blezimendu Tipografikoa, 1881.

Gloria y gratitud al inmortal autor del «Primus me circundedisti»: Juan Sebastián del Cano, su escudo de armas y facsímile de la firma del testamento, Gasteiz: Domingo Saren Inprimategia, 1882.

Las Excmas. Juntas y Diputaciones de Guipúzcoa y Juan Sebastián del Cano, inmortal protorodeador del mundo ante la historia, Gasteiz: Domingo Saren Inprimategia, 1883.

Bibliografia

 ARZAK, A., «Don Nicolás de Soraluce», Euskal-Erria, 11 (1884), pp. 441- 448.

AUÑAMENDI, «Anacleto Díaz de Mendívil», Auñamendi Euskal Entziklopedia, Online edi- zioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/soraluce-y-zubizarreta-nicolas-de/ ar-109435/ (2020ko uztailaren 2an egindako kontsulta).

CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con Libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Edi- ciones Atxular Atea, 2015, 289-299. orr.

LEGORBURU FAUS, E., «Soraluce y Zubizarreta, Nicolás de», Diccionario Biográfico Es- pañol, Madril: Historiako Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/48079/nicolas-de-soraluce-zubizarreta (2020ko uztailaren 2an egindako kontsulta).

SORIA SESÉ, L., «La pasión por la Historia guipuzcoana: Nicolás de Soraluce (1820- 1884)». L. Soria Sesé (arg.), N. de Soraluce, Historia general de Guipúzcoa, Donos- tia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2011, 9-24. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP