Karguak eta lanbideak
Abokatua
Ibilbidea
Abokatutzan aritu zen Baionan, eta Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne elkarteko kide izan zen. 1917an, Poitierseko Unibertsitatean aurkeztu zuen doktoretza-tesia, De la condition de la femme au Pays Basque dans l’ancien droit izenburua jarrita. Handik urtebetera, 1918an, Baionan argitaratu zen tesi hori bera, baina izenburua pixka bat aldatuta: La situation de la femme dans le Pays Basque et à Bayonne avant la Révolution.
Iparraldeko hiru lurraldeetan oinordekotzaren inguruan zeuden ohituren eta foruen bilduma zehatza egin zuen, eta azpimarratu zuen emakumezkoen berdintasunezko egoera, familiaren barnean. Egoera horren ardatza zen oinordekoa, premu edo prima, izendatzeko ohitura, lehentasunezko eskubideari jarraiki gauzatzen zena, sexu-bereizkeriarik egin gabe. Transmisio-molde hori nagusi zen hiru lurraldeetan, jaraunspena arautzeko hiru oinordekotza-araubide erabiltzen baziren ere, ondasunen izaeraren arabera aplikatzen zirenak: lehenengo seme edo alabari zegokiona, sexu-bereizkeriarik egin gabe; lehenengo semeari pribilejioz zegokiona; eta ondasunen banaketa bidezkoa seme-alaben artean. Tessierren ustez, sexu-bereizkeriarik gabeko araubidea zen herrialdeko jatorrizkoa, eta besteak berrikuntzak ziren, eta salbuespenez aplikatzen ziren.
Cordier aipatuz, egileak baieztatzen du euskal ohiturek, XVI. mendean idatziak, Baionakoa izan ezik, hura XIII. mendekoa baita, onartzen zutela emakumeak gizonezkoak bezalako gaitasuna zuela familia zuzendu eta iraunarazteko. Ohitura horien arabera, gurasoen ondarea alaba nagusiari (prima) ematen zitzaion, senide gazteagoak baztertuta, eta bigarren seme batekin ezkontzen zen alabari ematen zioten etxerako lehentasuna. Xedapen horiek berak ikusten dira, orobat, Pirinio aldeko beste hainbat eskualdetan, besteak beste, Barègesen, Bigorran eta Lavedanen.
Emazteki jaraunsleak, hau da, primak, ezkontzaren ahal guztiak zituen eta jaraunsle gizonezkoaren, hau da, premuaren eskubide berak zituen, salbuespenen batekin, esaterako, Lapurdin eta Nafarroan, ezkonduen irabazpidezko ondasunak senarrak administratzen zituen. Baina ezin zituen baliatu, emaztearen baimenik gabe, emaztearen lanaren bidez sortutako ondasunak.
Emaztekiek euskal gizartean zuten egoera horren jatorria eta arrazoiak azaldu nahian, Tessier iberiarrak ekartzen zituen gogora, euskaldunak haiengandik heldu zirela esanez, eta haien jatorria ezezaguna zela esaten bazuen ere, haren ustez hipotesirik sinesgarriena iberiarrak bereberen ondorengoak izatea zen. Herri horien artean, emazteki libiarrek eta bereberrek pribilegio garrantzitsuak zituzten; tuareg herria, esaterako, bereber da, eta haien artean emaztekiak jarraitzen du senarraren berdina izaten, eta batzuetan haren gainetik egoten da, bere ondasun pertsonala kudeatzen du eta ez dago etxean hertsia, emakume arabiarra bezala. Seme-alabek amaren kondizioa heredatzen zuten, noblea edo zerbitzaria, eta taldeko nagusiaren (gizonezkoa) kargua ez zuen haren semeak hartzen, haren arrebaren semeak baizik. Zuzenbide matriarkal hori (egokiagoa litzateke matrilineala esatea) indarrean egon zen iberiarrak artzantzatik bizi izan ziren bitartean, gizakiek aziendak bazkatzera alde egiten baitzuten, eta emaztekiak etxean geratzen ziren, umeak hezitzen eta ondasunak administratzen. Nekazaritza garatu zenean, ohiturak aldatu ziren, eta gizakiaren rola nagusitu egin zen.
Hala ere, emaztekiak euskal gizartean, familiatik kanpo, mugatuta zeuden, eta bigarren maila batean geratzen ziren. Zuzenbide penaleko xedapenak begiratzen baditugu, zigor iraingarriak aurkitzen ditugu, Baionan ohituraz ematen zitzaizkienak, hitz itxusiak erabiltzen zituzten edo bizimodu txarra eramaten zuten emakumeei: kaiola batean itxi eta Errobi ibaian urperatzen zituzten hiru aldiz. Zuzenbide Publikoak auzokideen batzarretatik kanpo uzten zituen, etxearen jabeak beraiek zirenean ere.
Tessierrek zioenez, 1804ko Frantziako Kode Zibilaren xedapenetan herentzia seme-alaben arteko bidezko banaketaren bidez banatzeko ezartzen bazen ere, handik ehun urtera, alegia, bera idazten ari zen garaian, oraindik ere, antzinako sexu-bereizkeriarik gabeko oinordetza-lehentasunaren eskubidea mantentzen zen; gurasoek libreki baliatzen ahal zituzten ondasun guztiak batera ematen zizkioten premuari edo primari, ezinbestekoa baitzen jokabide hori, jabegoa zatitu gabe mantentzeko eta, era horretan, hondamenditik salbatzeko. Alaba aukeratzeak abantaila bat zuen, alegia, neska hura «amerikano» batekin ezkontzen ahal zela, hau da, Ameriketatik aberastuta etorritako migratzaile batekin, eta hark bere lanaren emaitza neskaren baserrian inbertitzen ahal zuela, ezkonsari gisa. Tessierren irudiko, emakume euskaldunak egoera hagitz ona zuen, ez zen gizona baino gutxiago, eta ez zion hari zerbitzatu behar; aitzitik ere, eskubidetan berdinak ziren.
Emakume euskaldunen berdintasun hori hedatu zuen haien indar fisikora eta ausardiara, haren ustez, Abadia andrearekin bat etorriz, ziurrenik, antzinako garaian are handiagoak baitziren.
Obrak
De la condition de la femme au Pays Basque dans l’ancien droit, Thèse pour le doctorat (sciences juridiques), La Chapelle-Montligeon: Imp. de Montligeon, [1917], XXIX, 176 or.
La situation de la femme au Pays Basque et à Bayonne avant la Révolution, Baiona: [s.n.], 1918, 176 or.
Bibliografia
ABBADIE D’ARRAST, Mme. D’, Causeries sur le Pays Basque, la Femme et l’Enfant, Paris: F. R. de Rudeval, 1909.
BASCLE DE LAGRÈZE, G., Histoire du Droit dans les Pyrénées, Paris: Imp. Impériale, 1867.
CORDIER, E., De l’organisation de la famille chez les Basques, Paris: Auguste Durand et Pedone-Lauriel, 1869.
DESVISES DU DÉZERT, G., «De la condition de la femme mariée en Navarre d’après le «Fuero général», (XIV et XV siècles)», Revue des Pyrénées et de la France Méridionale, 1890ko urria-abendua, 804-833. or.





