Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

SARRERA

Ibilbidea

Obra honen atal honetan aztertuko dugun garaian, izan ziren gertaera garrantzitsuak, eta horiek, noski, gehiago edo gutxiago, eragina izan zuten Euskal Herri kontinentalean. Garaiaren hasiera 1870eko gerrak eta desohore-sentimendu handia eragin zuen Frantziaren porrotak markatu zuten, eta bukaera 1936an jarri dugu, Espainian gerra hasi eta Europan dagoeneko 1939tik 1945ra luzatu zen gatazka latzaren hasierako gerra-hotsak sumatzen zirenean. Baina 20 urte lehenago, herria oldartu zen «sekula ez gehiago!» oihukatuz, gatazka armatuak oro errefusatzeko, Lehen Mundu Gerraren (1914-1918) hondamendi lazgarriaren ondoren, izan ere, era guztietako kalteak eragin zituen, eta orban lazgarria utzi zuen Euskal Herrian.

Harrigarria da nola garai honen hasieran eta bukaeran batera gertatzen diren «kanpo-gatazkak» eta gatazka zibilak. Adibidez, ia aldi berean izan ziren Frantziaren eta Alemaniaren arteko 1870eko gerra eta Komunaren mugimendua, Parisko herritarren indarrek zuzendua. Orduan, Thiersek haiei aurka egitera tropak bidali eta milaka hildako eragin zituen. 1936ko udari dagokionez ere, berriro ere modu harrigarrian bat egin zuten gertaerek Euskal Herrian. Alde batetik, langilez mukuru betetako trenak iristen ziren Frantzia aldetik Euskal Kostara, Frantziako Fronte Popularra boterera iristearekin lortu berritako «oporraldi ordainduez» gozatzera, eta aldi berean, Bidasoako beste aldetik, Francoren armada kolpistatik ihes egiten zuten errefuxiatuak iristen ziren, euskal mugimendu abertzaleko kideak, edo Espainiako Fronte Popularreko mugimendu ezkertiarretakoak. Bi populazioen arteko kontrastea izugarria zen; halakoa non, oporretan ziren langile batzuek —egia da gutxi izan zirela—, lotsa sentituz, nonbait, etxerako bidea hartu baitzuten. Kontraste hori dela-eta, euskal armadan borrokatutako Koldo Mitxelena hizkuntzalari handiak, amorruari eutsi ezinik, kontatzen zuen nola, Irun bonbardatu zutenean, Bidasoz bestaldeko biztanleek zirkinik egin gabe begiratzen zuten eszena, Hendaia, Behobia edo Biriatuko mugatik, ikuskizun baten ikusleen gisan.

1870, 1914 eta 1936ko gatazken gogortasunak ez digu pentsarazi behar gainerako urteak lasaiak izan zirenik. Ildo horretatik, aipagarria da Errepublikaren eta Eliza katolikoaren artean urte luzez izandako tentsioa, Elizaren eta Estatuaren arteko Banantze Legearen karietara, batik bat «inbentarioak» egin zirenean, erreakzio gogorra eraginez Euskal Herrian, 1906an. Beste alde batetik, aldi horretan izandako gertaerak ez ziren ondoriorik gabekoak izan, esate baterako, Panamako Kanalaren afera (zoritxarreko protagonista de Lesseps baionarra izan zuena), Dreyfus kasua (gogora dezagun Baionako Saint-Esprit auzoan komunitate judu garrantzitsua zegoela, eta hirian antisemitismo erasokorra sumatzen zela), edota Stavisky afera, Baionako Crédit Municipal banketxean, 1934ko gatazka gogorrak ekarri zituena, Fronte Popularra boterera iritsi ondoren.

Aldaketarik ere izan zen, orobat, nekazaritza, industria eta turismoaren arloetan, eta demografian ere bai, besteak beste, gerrek, Amerikarako emigrazioak eta landa-eremutik hirirako exodoak eragindakoak. Bizimodu soziala eta intelektuala nabarmen aldatu zen Lehen Mundu Gerra baino lehenagoko garaitik ondorenera. Azkenik, XIX. mendearen bigarren erdialdean izandako eklosio historiografiko interesgarria nabarmenduko dugu.

Sarrera honetan aztergai dugun aldia 1870eko gerrarekin hasi zen, alegia, frantziarren eta alemaniarren artean izandako hiru gatazketatik lehenarekin. Frantziak gerra deklaratu zion Prusiari, Alemania bategite prozesu bete-betean zela, Bismarcken agindupean. Frantziarren porrota berehalakoa izan zen, eta 1870eko urriaren 8an, armada alemaniarra Parisko ateetan zela, Leon Gambettak hiriburutik alde egin zuen globo aerostatiko batean. Une berean, Bazaine jenerala Sedanen errenditzen zen eta han berean Napoleon III.a enperadorea atxilo hartu zuten.

1871ko martxoaren 18an, Montmartreko muinoan, paristar talde handi samar bat altxatu egin zen. Horren karietara, matxino-mugimendu bat sortu zen, Errepublika aldarrikatzen zuena, eta «Komuna» deitu zena. Adolphe Thiersek agindua eman zuen erakunde konstituzionalak Versaillesera lekualdatzeko. Komunak hainbat astez eutsi zion Parisen, harik eta 1871ko maiatzean armadak suntsitu zuen arte («Versaillesko tropek»), milaka lagunek bizia galdu zuten erasoaldian.

Bismarckek hainbat zigor ezarri zizkion Frantziari, eta Alsazia eta Lorrena Alemaniari atxikiak geratu ziren. Eskualde horien galera gertaera umiliagarri eta bidegabe gisa iltzatuko zen frantziarren oroimenean, eta gaia behin eta berriro aipatu zen, 1914ko gerra iritsi arte.

1871ren ondoren, Thiers-ek zor publikoa baliatu behar izan zuen, lehenbailehen Alemaniarekiko kontuak kitatuko bazituen. Monarkia berrezartzea saihestu zen, baina «Errepublika» terminoa ez zen onartuko 1875era arte, Patrice Mac Mahon Errepublikaren presidentetzara 1873an iritsi ondoren. Erlijioak bizitza publikoan behar zuen lekuaren inguruko gatazka larriagotu zen Instrukzio Publikoko ministro Jules Ferryrekin, hark erlijiosoak hezkuntza publikotik kanpora egotzi eta lehen hezkuntza derrigorrezkoa eta laikoa inposatu zituenean. Gai hark gorabehera ugari eragin zituen Euskal Herri kontinentalean. Jules Ferryk sustatu zuen, gainera, Frantziak «misio zibilizatzailea» zuelako ideia, eta politika kolonial oso bat zabaldu zuen Tonkinen, Annamen, Madagaskarren, Marokon…

Garai hartako iskanbila politiko eta finantzarioen ondorioz, boterea kili-kolo egon zen. Esaterako, Panamako iskanbilaren ondorioz. Ferdinand de Lesseps jatorriz baionarra zen, eta 1869an ospe handia zuen, Suezeko Kanalaren eraikuntzan izandako arrakastaren ondoren. Baina Panamako Kanalean egiten ari ziren obretan ustelkeria kasu bat atera zen argitara, eta gertaera hark milaka inbertsore ukitu zituen, afera sonatu batean, atzetik antisemitismoaren lorratza sumatzen zela. Izan ere, ez kasualitatez, Gobernuko errepublikazaleen aurkako kritikarik latzenetako bat Edouard Drumontena izan baitzen, 1886an La France juive izeneko liburuaren egilearena, hain zuzen ere. Liburu hark 200 argitaralditik goiti izan zituen, 1914ra arte. Michael Winocken hitzetan, liburuak tesi bikaina planteatzen du, «juduen aurkako grina kristaua, antikapitalismo popularra eta arrazakeria modernoa», elkar loturik. Euskal prentsan, 1893ko Eskualduna aldizkarian, Drumonten alde agertu zen Jean Hiriart-Urruti: «Juduak ditugula Frantzian nausi: gu oro heien azpiko; beren eskuko dituztela kargu guziak, gako edo giltza eta gider guziak, eta oroz gainetik gako guzietan lehena: dirua. Frantziako diruaren erdia juduek ebatsia darokutela, eta bertze erdia ebasten ari… hitz batez oro judu bilakatzen ari girela».

Handik urte gutxira, 1895ean, Dreyfus kasua lehertu zen. Dreyfus kapitaina judua zen; traizio handia egotzi zioten, eta kontserbadoreek, Eskualduna aldizkaria ere tartean zela, haren aurkako jazarpena abiarazi zuten. Leon Daudetek eta Barrèsek «Ligue de la Patrie Française» mugimendua sortu zuten Dreyfusen aldekoei aurre egiteko. 20.000 lagun ere bildu zituen mugimenduak, eta karriketara atera ziren «bota ditzagun kanpora judu guztiak makilakadaka» oihukatuz. Baiona ez zen salbuespena izan, eta Michel Elizanburu euskal idazleak, La Salletarra, planteatu zuen tesiaren arabera, ba omen zen hirukote gaizto bat, juduak, frankmasonak eta protestanteak osatzen zutena. Baina Dreyfusen aldeko mugimendua ere sortu zen, besteak beste Emile Zolak sustatu zuena, J’accuse artikulu ospetsua idatzi zuenean. Azkenean haren errugabetasuna frogatu bazen ere, ez zen birgaitua izan 1906ra arte.

Indarkeria erruz agertzen zen nonahi, arlo politikoan ere, batez ere mugimendu anarkistak erabilita; baina ez zen bera bakarra. 1870ean Victor Noir izeneko kazetaria hil zuen Pierre Bonapartek. Napoleonen iloba eta Louis Lucien Bonaparteren anaia, alegia, Euskal Herrian ospe handiko hizkuntzalaritza-lanen egilearen anaia zen Pierre Bonaparte. Errugabetu egin zuten, baina krimen hark ez zien batere mesederik egin bonapartistei. Beste atentatu ugari ere izan ziren, beste hainbeste motibo aldarrikatuta eginak, esate baterako Errepublikako presidente Sadi Carnot hil zutenean, 1894an, Lyonen.

Asaldura politiko handiko testuinguru hartan, ekonomiak beti aurrera jarraitzen zuen. Bigarren iraultza industriala iritsi zen, petrolioan, elektrizitatean eta automobilean oinarritua. Elite berria sortu zen, enpresaburu burgesek osatzen zutena, besteak beste, Schneider eta Wendel familien eskutik. 1898an Renault enpresa sortu zen. Populazio aktiboaren langileen kopurua nabarmen handitu zen, 1870an % 20 izatetik igaro baitzen % 30era, 1914an. Taylorismoaren lehenengo aplikazioak 1890ean sartu ziren. Artean, landa-mundua zen nagusi: 1914an populazio aktiboaren % 56 zen. Nekazaritza ez zen oso emankorra. 1913an, industriak ekoitzitako aberastasunak lehenengo aldiz gainditu zuen nekazaritzak ekoitzitakoa. Horrek piztu zuen landa-eremutik hirira jotzeko mugimendua. Mahastizaintzan hainbat krisialdi izan ziren, haietako bat 1907aren hasieran. Orduan izandako manifestazioetan, 150.000 lagun bildu ziren Béziersen eta 700.000 Montpellieren.

Indar politiko eta sozial berriak sortu ziren. 1905ean sortu zen Lanaren Nazioartekoaren Sekzio Frantziarra (SFIO, Section française de l’Internationale ouvrière), hainbat indar sozialista bildu zituena, besteak beste Jules Guesde (erradikala) eta Jean Jaurès (erreformista) zirela buru. 1894ko Waldeck-Rousseau Legeak sindikatuak baimendu zituen, eta 1895ean Lanaren Konfederazio Orokorra (CGT, Confédération générale du travail) sortu zen, afiliazio-indize baxuarekin, eta greba orokorra erabiltzen zuela langile-klasearen baldintzetan hobekuntzak lortzeko. Euskal Herri kontinentalean ere izan zen grebarik, batik bat Baionako portuaren eremuan. Eguneko lanaldia 10 ordukoa zen artean ere, eta istripu anitz izaten ziren, adibidez Courrièresko meatzetan, non 1.000 hildakotik goiti ere izan ziren. Laneko higieneari ia batere arretarik ez zitzaion ematen. 1892an, emakumeen eta umeen lana mugatzen zuen lege bat onetsi zen, eta 1906an igandeetako jaieguna ezarri zen. Emakumeen baldintzek oso apalki egiten zuten aitzina: 1914an, 600 emakumek bakarrik zituzten batxilergoko ikasketak Frantzia osoan. Eliteko emakumeak beren emantzipazioa aldarrikatzen hasi ziren. Modaren mundua gero eta libreagoa zen 1890etik, eta garçonne estiloa hedatu zen, emakumea ile motz, zigarroa errez eta automobilak gidatuz erakutsi zituena. Baina emantzipazio horrek politikarien (gizonak) etsaitasuna piztu zuen, batez ere boto-eskubideari zegokionez. Eskubide hori ez zitzaien onartu 1944ra arte (Espainian 1931n onartu zen, baina ondoren Francoren erregimenak indargabetu zuen).

Frantzian, 1870eko gerraren oroitzapenak Alemania etsai gorrotagarria bihurtu zuen. Eskoletan umeei tiro egiten irakasten zitzaien, gerrarako prestatu beharrez. Errekrutatzeko sistema aldatu zen. Eskuindarren zati bat hasiera batean nahitaezko errekrutatzearen aurka agertu bazen ere, armada profesionala nahiago zutelako, 1872ko legeak zozketa bidezko errekrutamendua proposatu zuen, urtebete eta bost urte bitarteko zerbitzuan aritzeko, kanpoan utzita maisuak eta apaizak. 1889ko lege batek eskualdeko errekrutatzea sustatu zuen, eta horrek zerbitzu militarraren onarpena erraztu zuen. Baina Euskal Herriak, aldi horretan, desertzio-indize altua erakutsi zuen, gainerako lekuen aldean. Hainbat aldaketa egin ondoren, 1905ean bertan behera utzi zen zozketa bidezko sistema, eta gazteen % 80 errekrutatzen hasi ziren, bi urteko zerbitzua eman zezaten, eta ondoren, 1914an, hiru urtekoa.

Kanpo harremanen eremuan, gerraren aurreko urteetan nabarmena izan zen aliantza eta domino-efektu sail luze bat. 1914an, munduan kolonia gehien zuen bigarren herrialdea zen Frantzia, baina Europan aurrez aurre zituen potentzia handiak: Errusia, Alemania, Britainia Handia, Austria-Hungaria, Italia eta Turkia. Errusiaren eta Turkiaren arteko 1877ko gerra Turkiaren porrotarekin amaitu zen, eta Bulgaria Errusiaren kontrolpean egotera igaro zen. Hainbat herrialde balkanikok independentzia lortu zuten, esaterako, Serbiak, Montenegrok eta Errumaniak. Errusia etsai zuten potentzia handiek baimendu zuten Austria-Hungariak Serbia-Herzegovina okupatu zezan; egosten ari zen Frantzisko Fernandoren aurkako erasoa. 1879an, Alemania eta Austria, mesfidati Frantziaren eta Errusiaren asmoez, Aliantza Bikoitza izeneko akordiora iritsi ziren. 1882an, Italia Aliantza Hirukoitzari atxiki zitzaion. Beste alde batetik, Frantziak eta Britainia Handiak 1902an «Entente Cordiale» ituna sinatu zuten. Errusia 1905eko nahasmenduan murgilduta zegoen, 1917ko erreboltak iragartzen zituzten gertakarietan, eta Japoniaren aurkako gerra galdu zuen. Garai hartan, politika aldetik modernizazio eskaseko nazioa zen Errusia, gizarte ahula agertzen zuena, intentsitate handiko gerra bati aurre egiteko gaitasunik gabea, eta horrek erraztu zuen erregimen komunista ezartzea, marxismo ortodoxoak halako konkista bat aurreikusi ez bazuen ere, industria gutxi zuen eta nekazaritza nagusi zen herrialde batean. Errusia hori bera zen, hain zuzen ere, 1907an Frantziarekin eta Britainia Handiarekin bat egin zuena, Entente Hirukoitzean. Balkanetan gatazka anitz izan ziren, Turkiaren aurka edo herrialde balkanikoen artean. Metxa piztu zuena gertakari bat izan zen: 1914an Sarajevon (Bosnia-Herzegovina) tronu austro-hungariarraren oinordeko Frantzisko Fernandoren aurka egindako atentatua. Parisen, uztailaren 31n, bakezale bat asasinatu zuten, Jean Jaurès sozialista, eta abuztuaren 2an mobilizazio orokorra dekretatu zen Frantzian. Hasieran, sozialistak bakarrik agertu ziren gerraren aurka, baina handik gutxira batasun nazionalarekin bat egin zuten. Munduko gainerako herrialdeei dagokienez, Estatu Batuek ez zuten esku hartu 1917ra arte, baina haien laguntza azkenean erabakigarria izan zen.

Historialariek hainbat interpretazio proposatzen dituzte Lehen Mundu Gerra ekarri zuten kausa estrukturalak edo koiunturalak aztertzen dituztenean. Frantzian, gerra hark 20 eta 27 urte bitarteko gizonezkoen % 27ren heriotza ekarri zuen; Euskal Herrian diren gerra-oroigarriei bisita bat egitea aski da izandako galeren ideia bat izateko, batez ere landa-eremuetan izandakoei buruz. Josette Pontetek monumentu horien inguruan egindako lan bikainak gerra horren pisua azpimarratzen du, Euskal Herrian 6.000 hildako utzi baitzituen (populazioaren % 3,3), eta beste hainbeste zauritu, besamotz eta hankamotz. Galdutako giza bizitzez gain, gerra horrek, militarrak eta diplomatikoak gaindituta, populazio zibila eraman zuen ahalegin ikaragarria eta iraunkorra egitera, funtsezko tentsio moral eta ideologiko batekin, oroz gain defendatuz erasoari aurre egin behar zitzaiola, legea eta justizia defendatu behar zirela, eta hori egin behar zela «batasun sakratu» eta erabat ukiezin batean.

Gerraren amaieran, Versaillesko Tratatua sinatu zen, Estatu Batuetako lehendakari Wilsonek formulatutako 14 puntuetan oinarrituta, eta muga-lerro berriak marraztu ziren. Poloniak itsasorako irteera izan zezan Danzig hiriko arazoari emandako konponbidea, hain zuzen ere, izan zen Bigarren Mundu Gerra hasteko Hitlerrek aldarrikatzen zituen puntuetako bat. Tratatu haren ondorioz sortu zen, orobat, Nazioen Sozietatea, 1946ra arte funtzionatu zuena, eta gatazka berriak piztea galarazteko gaitasunik izan ez zuena, barne dela Espainiako 1936ko gerra. Laburbilduz, Austria-Hungaria txikituta geratu zen gatazkaren ondoren, Errusian erregimen komunista ezarri zen, Alemaniak ia lurralde osoa mantendu zuen, prezio oso altua ordaindu behar izan bazuen ere, eta Italiak potentzia mugatua izaten jarraitu zuen. Frantzia garaile atera zen, baina gerrako eginahalak guztiz unatuta utzi zuen.

Handik urte batzuetara, Frantziako Fronte Popularra sortu zen, eskuin muturreko liga paramilitarren aurkako erreakzio gisa, eta krisi ekonomikoaren aurka, baina orobat, langileei lan-baldintza duinagoak eta hobeki ordainduak eskaintzeko asmoz. 1931n Frantzia krisi ekonomikoan murgildu zen, haren arrazoi bakarra ez zela 1929ko Estatu Batuetako porrota, lehendik ere herrialdean atzeraldi ekonomikoaren zantzuak sumatzen baitziren. Boterean zeuden erradikalak (Herriot, Daladier, Sarraut eta Chautemps) ez ziren gai izan politika ekonomiko sendo eta efikaz bat abiarazteko. Eskuindarrak eta eskuin muturra herritarren haserrea profitatzen saiatu ziren, eta egoera horretan pizgarria izan zen Stavisky auzia, tartean inplikatuta zegoela Baionako alkate erradikala, Joseph Garat. Berebiziko iskanbila piztu zen. Alexandre Stavisky iruzurgilea zen, Baionako Crédit Municipale bankuaren bonoak jaulkitzen zituena, batere kontrapartidarik gabe. Baionako alkatearen konplizitatea profitatu zuen, haren karrera politikoa hondoratuta utzirik. Baina Staviskyk eskarmentua zuen halako negozioetan, eta babesa ere bazuen. Historiak, ordea, beste bide bat hartu zuen, 1934ko urtarrilaren 8an hilik aurkitu baitzuten, bere buruaz beste egin zuen, ala bizitza kendu zioten, inoiz argitu ez dela. Eskuinak eta eskuin muturrak gertakari horiek profitatu zituzten alderdi erradikalaren ustelkeria salatzeko. Giroan tentsio handia sumatzen zen. Otsailaren 6an manifestazio bat izan zen, eskuin muturreko ligek deituta, eta hamabosten bat manifestari hil ziren, poliziarekin izandako aurrez aurrekoetan. Leon Blumek berehala erreakzionatu zuen eta Daladier izendatu zuen gobernuburu berria, handik gutxira kargua utzi bazuen ere. Bidea libre geratu zen ezkerrarentzat, eta kontramanifestazioa antolatu zuten otsailaren 12rako. Fronte Popularra sortu zen, Alderdi Komunistaren laguntzaz, izan ere, gobernuan parte hartzen ez bazuen ere, ordurako onartua zuen, Kominternekin batera, bere etsai nagusia ez zela mugimendu sozialista, eskuin muturra baizik. 1936ko hauteskundeek Frantziako Fronte Popularrari eman zioten garaipena, baina ez Euskal Herrian, non hiru hautetsiak (Delzangles, de Coral eta Ibarnegarai) kontserbadoreak baitziren. Leon Blumek zuzenduta, ekonomia suspertzen saiatu zen gobernua, arrakasta handirik lortu gabe. Hala ere, lan-astea 40 ordura murriztu zuen, eta 15 eguneko oporraldi ordainduaz gozatzeko eskubidea ezarri zen, neurri biak ala biak langileen lan-baldintzetan egindako aitzinamendu handiak. Hitzarmen kolektiboak sinatu zituen, eta aisialdiko jarduerak garatu zituen, Leo Lagrange ministroarekin batera… 1937an, hainbat gorabeheraren ondoren, gobernua agudo erori zen. Leporatu zitzaizkion gauzen artetik, azpimarragarria da gobernuak ez ekitea indar demokratiko antifrankisten eta euskal abertzaleen alde, jokabide horrek desengainua eragin zuelako ezkerreko askoren iritzian. Aldi hartan bereziki gogorrak izan ziren eztabaidak, batez ere Leon Blumen aurka. Judua zen bera, eta Charles Maurrasek idatzi zuenez: «gizon hori fusilatu beharko litzateke, baina bizkarretik tiro eginda». Gertu ziren gerra, kolaborazio eta erresistentzia urteak.

Historiari buruzko lanek ez dute behar bezala islatzen euskal apaizgoaren eta Errepublikaren artean izan ziren gatazken intentsitatea. Horregatik, gure hari gidaria Xabier Itzainaren lanak izanen dira, analisian zehatzak eta ongi idatziak baitira. Jean-Michel Bedecarraxen azterlana ere erabiliko dugu, euskarak gizartean betetzen zuen lekua eta Elizak ematen zion garrantzia bikain azaltzen dituelako.

Itzainak azaltzen duenez, euskal nortasuna eta nortasun katolikoa oinordetuak dira, bete beharrekoak, eta estrategien objektu. Begien bistakoak izaten ahal ziren, baina aldi batzuetan (adibidez, 1870etik 1936ra) nortasun horiek «dagoeneko hain begi-bistakoak ez direnean» trauma sortzen da. Orduan, ideologia eta tradizioa bereiztea zaila bihurtzen da. Swidlerrek, kultura aipatzen duenean, «tresna-kutxa» (tool kit) batekin alderatzen du; kulturak tradizioaren eta zentzu komunaren erregistroetan funtzionatzen du egonkortasun-aldietan, baina ezegonkortasun-aldietan erregistro ideologiko batekin funtzionatzen du, koherentzia handi batekin, eta ekintzaren gainean nahita egindako kontrol batekin. Bi modu horiek eragiten dute euskal nortasunean eta nortasun katolikoan.

Yves Lambertek egiten dituen bereizkuntzak jasotzen ditu Itzainak. Haren irudiko, erlijioa gizakiaren gainetik dauden izakien (Jainkoa) existentzian oinarritzen da, komunikazio-modu sinbolikoetan (otoitza, erritua, sakrifizioa, kultua) eta komunitate-formetan (erakundea, elizak, sektak), eta Itzainak trilogia batekin erlazionatzen ditu: sinesmenak, praktikak eta egiturak, Emile Durkheimen sakratua/profanoa oposizioa edo Max Weberren ikusmoldea gainditzeko. Beraz, eliza katolikoa, erlijiosoek eta komunitate fededunak osatua, instituzio hierarkikoa eta zentralista da, eta aldi berean, memoria politikoa, batez ere Estatua erlatibizatzen duena; eta lurralde memoria bat ere barne hartzen dituen instituzioa da, egituren joskura batean, non identitatearen espazioak bere lekua aurkitzen duen.

XIX. mendearen bigarren erdian, Elizak «ekintza kolektiborako apaizen errepertorio» bat ezarri zuen. Ekintza kolektiborako baldintzak detektatzen asmatu zuen, alegia, hiru hauek: aukera politikoen egitura, mobilizazioak sustatzen dituzten egituren izaera, eta interpretazio-modu berriak. Itzainak funtsezko ideia bat eransten du, alegia, haren esanetan, eragile erlijiosoek espazio publikoa berreskuratzen zuten, eta aldi berean hitz legitimoaren monopolioa galtzen zuten. Euskal kleroa mobilizazio-egitura oso eraginkorra izan zen, batzuetan horrek bere hierarkiarekiko harreman gatazkatsuak ekarri bazizkion ere. Interpretazio-moduei dagokienez, haien ustez Elizaren eta euskal nortasunaren egoera bidegabea zen, eta beraz, haien alde borrokatu behar zen. Guri dagokigun aldian, Euskal Herri kontinentalean, Elizak tradizioa, filiazioa, matxinada eta bitartekaritza interpretatzeko erabiltzen zituen ereduetatik, lehenengoa zen, tradizioarena, elkar lotzen zituena katolizismoa, euskal nortasuna eta politikan kontserbadorea izatea, eta 1870etik aitzina praktikatzen zena.

Itzainak berak sortu zuen «disidentzia integratua» esaeraa, haren bidez azaltzeko, bai kleroaren esparrua, bai iparraldeko euskaldunak estatu-nazioan asimilatu izatea (Itzaina, 2002). Izan ere, euskaldunak aipatzen dira estatu frantziarrak erlijio-aferei ematen dien tratua kritikatzeko. Baina ia ez da euskaldunen aipamenik egiten «nazio» frantziarrarekiko atxikimendua ezbaian jartzeko. Apaizek beste irakurketa bat proposatu zuten Frantziako Iraultzaren sorrerari buruz, haien iritziz, hark ekarri baitzituen hainbat gaitz, besteak beste, Antzinako Erregimeneko eskubide probintzialen galera eta lurraldeen erreforma; hau da, Itzainak esan zuen bezala, Elizak proposatzen du «irakurketa bakar bat gertakari konplexu bati buruz». Beste alde batetik, Hubert Pèresek erakusten digu nola Eliza buru zuen mugimenduak sartzen duen «herri txikia nazioaren zerumuga biografikoan, etengabe mantendua eta egiaztatua errutinazko jardunbideetan». Nazio errepublikarra, horrenbestez, bere burua eraikitzera iristen da, eta aldi berean, forma ematen diote oroimen iraultzaileak, nazionalismoaz eta erregionalismoaz jabetzeak eta erlijio-gatazka gailentzeak. Eta 1870tik 1914ra bitartean, erlijio-gatazkak lehen planoa osorik bereganatzen du. Hala ere, emeki-emeki, Elizaren erasoek gero eta gutxiago seinalatzen dute erregimen eta estatu frantziarra etsai gisa, eta ez dute inongo separatismorik defendatzen. Horrek banaketa ekarri zuen Elizaren hierarkiaren eta euskal apaizen artean, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago markatua. Horixe gertatu zen, 1881ean, Ducellier gotzainarekin, ez baitzen bera apaiz gazteak bezain erradikala —iduriz behinik behin—. Horrenbestez, agerian geratzen da nolako eragin indartsua duten hierarkia katoliko horren desadostasun-adierazpenek, haiei beharrezkoa iruditzen zaienean.

1889-1890ko krisiaren ondoren, gatazka politiko-erlijioso andana izan zen legegintza-hauteskundeetan. Berdoly hautagai errepublikarrak Louis Etxeberri kontserbadorearen garaipena baliogabetzeko eskatu zuen. Berdoly lurjabe handia zen, eta Etxeberri Baigorriko familia garrantzitsu baten oinordekoa. Argudiatzen zuen euskal apaizak bere aurka eta Etxeberriren alde aritu zirela. Bere erreklamazioa apaizek idatzi eta banatutako eskupaperetan oinarritu zuen. Hautaketa baliogabetu zen eta berriz ere egin ziren hauteskundeak; berriz ete Etxeberrik irabazi zuen, baina ez aurrekoan bezalako indarrez. Apaizak zigortu zituzten, haien soldata kenduta, baina hala ere, Diharrassary apaizak aldarrikatu zuen apaizek eskubidea zutela fededunei botoa nori eman behar zioten esateko. Etxeberrik aurkeztu zuen alegazioa, non haren fede on errepublikazalea azaltzen zuen, eta haren familiaren tradizio demokratiko luzea (bederatzi diputatu), eta bidenabar iradoki zuen familia-sareek eta etxeak Euskal Herrian duten garrantzia, hala nola oinordekotzaren sistemak berak ere, hark ongi ezagutzen eta defendatzen zuenak. Haren arrazoibide konplexuak, guk sinplifikatu badugu ere, erakusten du noraino txirikordatzen ziren pentsaera kontserbadorean erlijioa, nortasuna eta politika.

Aldi berean, Jauffret Baionako gotzain izendatu izanak, galikano-ospea izaki, erreakzio gogorra eragin zuen kleroaren zati baten aldetik. Tokiko hierarkiaren gainetik, eta nuntzioengana jo zuten, Baionako Lavigerie kardinalarengana eta parlamentari kontserbadoreengana. Bitartekaritza-lan konplexuak egin behar izan ziren. Krisi horrek erakusten du, halaber, tokiko kleroaren eta jaun kontserbadoreen arteko sintonia. Elizak bizi zuen tokiko barne-krisia islatzen du, eta erreakzioen arteko desberdintasunak ere bai, lurraldeen arabera. Diferentzia hori 1790eko lurralde-banaketaren gainetik ageri da, Kleroaren Konstituzio Zibilaren onarpenari dagokionez, eta horrek anitz adierazten du jarreren iraunkortasunari buruz. Kleroaren protesta kolektiboa handik aitzina mugaz bi aldeetara erabiliko zen erreibindikapen-modua izan zen.

Itzainaren esanetan, hainbestekoa izan zen apaizen inplikazioa non «hauteskundeetan parte-hartzearen printzipioa erritu zibiko gisa hartu zen», eta abstentzioa gaitzetsia ere izan zen. Aldi hartan, hauteskundeetako parte-hartzearen tasa Bearnokoa baino altuagoa zen, eta praktika erlijiosoarekin lotzen zen. Esan daiteke euskal kleroak lagundu zuela «aldaketarako botoaren errealitatea ezkutatzen, boto komunitarioaren estalkiaren azpian, aldi berean oso urruti geratzen zela iritzi-bototik».

Beste une gatazkatsu bat Elizaren eta Estatuaren arteko Banaketari buruzko Legearekin etorri zen. Batez ere katiximen inguruan piztu zen, 1903an, eta ondoren inbentarioen inguruan, 1906an. Inbentarioen kasua 1793ko erlijio-jazarpenen remake gisa aurkeztu zuen Elizak. Katiximen kasuari dagokionez, kontua da Combes ministro zelarik, Paueko prefetak erabaki zuela, 1901ean, ez ordaintzea euskara erabiltzen zuten apaizei. 94 meza-emaileetatik 52 haren esanetara makurtu ziren, baina egoera konpondu zen, modu paradoxikoan bada ere, Elizaren eta Estatuaren arteko Banaketari buruzko Legearekin, hark baimendu baitzuen katixima euskaraz ematea. 1906an, inbentarioak zirela-eta, beste desadostasun bat izan zen. Erlijio-eskolak itxi ziren, eta kongregazio erlijiosoetako kide gehienek atzerrira alde egin behar izan zuten, esaterako, Baionako Saint-Bernardeko barnetegikoek Donostiara alde egin zuten, eta Belloceko fraideek Lazkaora. Legeak hiru printzipio jasotzen zituen: kultuan libre aritzea, Estatuak ordaindu gabe; kulturako erabiltzen ziren ondasunak aitortutako elkarte berrien esku uztea; eta eskualdatuko ziren ondasunen inbentarioa egitea, Estatuaren agenteen eskutik. Horrenbestez, nolabaiteko komunikazio-askatasuna ematen zitzaion Elizari, baina Euskal Herrian, erreakzio hagitz gogorra izan zen: eskaera bat egin zen, 100.000 sinadura bildu zituena, eta diozesiko apaiz guztiek sinatutako gutun bat era honetan hasten zen: «Frantzian Eliza eta Estatua elkar lotzen zituen lokarria, gure herrialdeari ehun urte luzez bakea ekarri diona, behin betiko eten da (Baionako Diozesiko urte-liburu katolikoak, 1905eko uztailaren 16a)». Inbentarioek zama sinboliko handia zuten. Pio X.a Aita Santua, 1903an hautatua, ez zen batere moldakor agertu eta banaketaren legea gaitzetsi zuen. Eliztarrek indarkeriaz erreakzionatu zuten Nafarroa Beherean, Lapurdin, eta batez ere, Baionan, Miarritzen, Hiriburun, Arrangoitzen, Itsasun eta Bidarrain, Frantziako zenbait departamentu eta diozesitan izandako amaiera tragikoetara iritsi ez bazen ere. Gieure apezpikuak, Landetan jaiotako apezpiku berriak, eskola erlijiosoen itxiera salatu zuen (guztira 238). Gobernuak Elizaren ondasunak konfiskatu zituen; haien artean, Larresoroko apaizgaitegi txikia, eta hango apaizgaiak Belloceko monasteriora erretiratu ziren.

Ordezkari hautetsiei dagokienez, lau diputatu bearnesetatik hiruk banaketa-legearen alde bozkatu zuten, baina hiru euskal diputatuek aurka bozkatu zuten. Azkenean, Euskal Herriak, batez ere barnealdeko Euskal Herriak, argi erakutsi zuen aurka zegoela.

Baina, egia esanda, aurkakotasuna gehiago izan zen praktikoa, ideologikoa baino. Ez dugu ahantzi behar 1875 eta 1882 bitartean Frantziako desertzioen laurdena Pirinio Beheretako departamentuan gertatzen zirela (Soulet, 2004). Baina apaizak, hasieran desertzioaren aldekotasun inplizitua erakusten bazuten, orain frantziar nazionalismoa laudorioz goresten zuten, eta 1914ko «sakrifizioaren apologia» horren une gorena omen zen (!). Jauntxoek leundu zituzten erregimen errepublikanoaren aurkako erasoak, eta Eliza defendatzen hasi ziren, su eta gar. Itzainak sintetizatzen du apaizek «nazionalismo frantziar organiko eta katoliko» baten unerik gorenean izan zuten rola, alde batera utzita «herritartasun errepublikazalea, non herritar bakoitzak une batean gobernatzaile eta hurrengoan gobernatua izateko duen gaitasuna sustatzen den». Beste alde batetik, bai ipar Euskal Herrian, bai hegoaldean ere, antzematen da diferenteak zirela gotzain agintarien jarrera negoziatzaile eta arautzaileak eta beheko apaizen jarrera erradikalagoak. Itzainak dioenez, gotzain agintariek «Norbert Eliasek mendebaldeko sozializazio politikoarekin lotzen duen autokontrolaren ezarpenean lagundu zuten». Botoaren legitimazioa nekazarien mobilizazio bortitzen aurkako babesa zen. Baina euskal kleroak jarraitu zuen izaten indar kolektibo bat, «ekintza kolektiboaren beste erregistro bat» ekarri zuena; aurrerago aztertuko dugu nolako bilakaera izan zuen. Itzainak «filiazioaren aldia» izendatu zuen.

Ezin da esan 1914 baino lehen euskal abertzaletasunak indar handia zuenik ipar Euskal Herrian, eta 1918tik aitzina ere ez. Sabino Aranaren tesiak ez ziren oso arrakastatsuak izan Euskal Herriaren alde honetan. Jacoben arabera, horren arrazoia zen Aranak iparraldeko hiru herrialdeei ematen zien garrantzi eskasa, haren jarduketaren esparrua Bizkaian kontzentratzen baitzen lehenik, ondoren, hegoaldeko herrialdeetan, eta azkenik, zazpi herrialdeetan. Gainera, euskal abertzaleen ikuspegitik, kleroarekiko autonomiaz jardun behar zuen politikak, eta horrek ez zuen harrera onik ipar Euskal Herriko kontserbadore katolikoen aldetik. Hainbat jaun ospetsuk, besteak beste, Pierre Broussainek edo Albert Constantinek, ideia abertzaleak bultzatu nahi zituzten, baina lur elkorra topatu zuten, eginahalak eginda ere, batez ere, hizkuntzalaritzaren arloan. Biak ere medikuak ziren, eta hautetsiak ziren (alkatea eta kontseilari nagusia), baina Albert Constantinek jarduera industriala ere bazuen, eta errepublikazale gisa aurkeztu zen, euskal abertzaleen ideiak bazituen ere. Broussainekin elkar hartuta, Eskualdun Ona hamaboskaria joera separatistako egunkaria bihurtzen ere saiatu zen, baina ez zuen erdietsi.

Apaiz batzuk modu sistematikoan agertzen ziren hegoaldearen injerentzia ororen aurka; beste batzuk, berriz, ideologia berriak erakarrita sentitzen ziren. Hizkuntzaren auziari zegokionez, ados jartzea errazagoa izan zen, eta kultur erakundeak eratu ziren mugaz bi aldeetara, adibidez Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia, kleroaren parte-hartze oso handiarekin. Oro har, hizkuntzaren arloan adostasun handia bazegoen ere, askok euskal mugimenduaren aurpegi politikoa errefusatzen zuten. Zaldubik, esaterako, euskal kantu abertzaleak konposatzen zituen, baina ekintza politikorik ez zuen egiten. 1914ko gerraren garaian, Saint-Pierre apezpikuak, idazle bikainak, euskal abertzaletasuna miresten zuen, eta aldi berean, frantziar patriota zela aldarrikatzen zuen, «aberri txikia aberri handian» sartzen zela defendatuta, horretan bikoiztasun txikienik ere atzeman gabe. Pentsaera horren irudiko, euskal nortasunak ez zuen estaldura politikoaren beharrik.

Itzainak Aitzina mugimenduaren esperientzia iragankorra aztertu zuen, lehenago Jean-Claude Larrondek zehaztasun handiz egin zuen bezala. Ipar Euskal Herrian identitate-sentimendua instituzionalizatzeko ahalegina izan zen Aitzina. Mugimendu horrek ez zuen sortu alderdi politiko autonomista edo erregionalista bat (horrek arazo anitz saihestu zituen okupazio alemanaren garaian; arazo horiek, ordea, pisu handia izan zuten bretoien edo alsaziarren mugimenduetan). Mugimenduak Eusko Alderdi Jeltzalearen ikuspegi «moderatu» bat onetsi zuen, Sabino Arana Goiriren hasierako jarreretatik nolabait urrun, separatismoa defendatzen ez zuena. Mugimenduak Elizaren eta Estatuaren arteko banaketa defendatzen zuen. Apaizek, tartean Pierres Laffitek, lan handia egin zuten Aitzina aldizkarian. Taldeak jarrera zuhurrak hartzen zituen, loturarik eten gabe, ez Bidasoz bestaldeko abertzaleekin, ez tokiko euskal eskuindarrekin ere, baina tokiko eskuindarrak intrantsigenteak ziren, eta haien irudiko Aitzina aldizkariak oso diskurtso markatua zuen. Hala eta guztiz ere, Aitzina eskuinaren alde agertu zen 1934an eta 1936an, aldekotasun hori murriztu bazen ere, matxinada frankista eta gerra iritsi zirenean. Euskal eskuindarrak Francoren alde agertu ziren, tartean zirela Ibarnegarairen hitzaldi sutsuak, jenerala goretsiz eta Agirre gaitzetsiz. Baina Aitzinak, bistan denez, ezin zuen halakorik egin. Baionan, Biarritzen eta Hendaian ezker frantsesa bakarrik agertu zen errepublikar espainiarren eta euskal abertzaleen alde eta Francoren kontra. Lafittek defendatutako bitartekaritza-proposamena berehala gertatu zen hutsala eta eutsi ezina. Aitzinaren inguruak etengabe lagundu zien errefuxiatuei. Kontrako aldean, 1930 eta 1937 bitartean, Eskualduna egunkariaren zuzendari Yomingo Soubelet zegoen, 1942an euskarazko lan bat idatzi zuena Petain goretsiz.

Euskal identitatea eta katolikoa aztertuta, eta Elizak hari horretatik izan zuen rol garrantzitsua aintzat hartuta, eta gainetik aztertuta euskal abertzaletasunaren lehenengo manifestazioak, garrantzitsua iruditzen zaigu hizkuntzaren auzia eta Elizak eman zion babesa aztertzea. Alde batetik, historiografiari lotutako arrazoiengatik, gaia ezagutzen duten hainbatek aipatzen dutelako garai hartako erudituak eta intelektualak hizkuntzan eta filologian zentratu zirela, azterketa historikoak baztertuta. Gainera, gai horri buruzko lan berri bat dugu, Jean-Michel Bedecarrax-ek egina, Xabier Itzainaren azterketaren osagarri egokia.

Bedecarraxek, bere azterketa egiteko, Elizak 1909an egindako inkesta bat erabili du, hipotesi honetatik abiatzeko: Eliza katolikoak modu nabarmenean lagundu zuen euskara Frantzian mantentzen, XIX. mendean eta XX. mendearen lehenengo bi herenetan, politika publikoek (batez ere hezkuntza publikoak) mehatxatzen baitzuten haren erabilera, frantsesa modu esklusiboan erabiltzea sustatzen zutelako, eta beste alde batetik, ikuspegi orokorrago batetik, gizartean izandako aldaketek ere kalte egiten ziotelako. Egia da hizkuntzaren aldeko ekintza publikoa 1960-1970 hamarkadetan sortu zela, bereziki abertzaleen aldarrikapena zabaldu zenean ipar Euskal Herrian, baina hizkuntzaren etorkizunaren inguruko kezka hagitzez lehenago sortu zen. Iraultzaren ondoren, Hirugarren Errepublika argiki debekuaren zale agertu zen; orduan hasi zen Eliza euskararen aldeko ekintza antolatua berariaz abiatzen. Elizbarrutiaren izenaren aldaketak, Baionakoa izatetik Baiona, Leskarre eta Oloroekoa izatera igaro baitzen, elizbarrutian bi hizkuntza bazirela (euskara eta okzitaniera) azpimarratzeko baliatu zen. Gieure apezpikuak, Baionako gotzaina urte luzez egon zenak, funtsezko rola izan zuen, euskararen transmisioa sustatuz.

Hizkuntzaren erabilera masiboa egintza soziolinguistiko oso garrantzitsua da. 1851an, ipar Euskal Herriko 158.000 biztanleetatik, % 75 euskaraz mintzo zen. Ehunekoa hagitzez altuagoa zen barnealdean, euskalkien presentzia handiarekin, lehenik Louis-Lucien Bonapartek jaso eta ondoren Bourciez eta Sacaze bildumek zehaztu zutenez, laikoek, hezkuntza publikoko irakasleen laguntzaz, egindako lanei esker. Izuran egindako bisita batean, Akademiako ikuskatzaileak zehaztu zuen Jauregi (hurrengo belaunaldiko rugbylari ospetsuen familia berekoa) irakaslearen emaztea euskaraz bakarrik mintzo zela, eta andrearen tonuagatik ondorioztatu zuen senarrari errieta ematen ari zitzaiola. Funtzionario gehienek, esaterako, Uren eta Oihanen Departamentukoek, oso denbora laburrean ikasten zuten euskaraz, murgiltze-metodoari esker. «Euskaraz hitz egin, sentitu eta pentsatzen dute», jaso zuen txosten batean, gogo txar amiñi batez, Orthezeko Felix Pecaut lehen hezkuntzako ikuskatzaileak, 1880an. Gogora dezagun garai hartan ez zegoela ez irratirik, ez eta bestelako bitartekorik ere, frantsesa sartzeko herri euskaldunetan. Hizkuntza menperatzailea artean ez zen guztiz zabaldua. Kostan, ordea, frantsesa zen nagusi. Biarritzen, adibidez, meza euskaraz ematen zen, baina ez zen fededun anitz biltzen hartara. Beste alde batetik, kostan demografia azkar handitzen ari zen, eta Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, gainbeheran zen. Horrek ez zion, noski, mesede handirik egiten euskarari, bi eremu argiro bereiziak sortzen hasi baitziren, bai ikuspuntu demografikotik, bai ekonomikotik, bai hizkuntza aldetik ere. Gune industrialetan, Maulen, esaterako, edo Bokalen (immigratzaile ez euskaldunez handituak) euskara gainbehera azkarrean zen.

Euskaltzale batzuek, besteak beste, Pierre Lhandek, euskararen hizkuntza-sistema, inguruko hizkuntzetatik hagitz desberdina, oztopo gisa ikusi zuten, «sorlekuaren inguruko mendiak baino are gaindiezinagoa». Bedecarraxek jaso zituen Uhartehiriko apaizaren hitzak: «Gure eskuara, mantendua eta praktikatua, antidoto ahaltsua eta efikaza da Jainkorik gabeko eskolaren perbertsioaren aurka». Ulergarria da euskara osasun-hesi gisa ikustea. Gogoratu behar dugu Euskal Herrian hezkuntza ematen zuten irakasleak departamentuan berean sortuak izaten zirela, bearnesak edo euskaldunak, eta euskaraz edo okzitaniera-gaskoiez mintzo izaten zirela, eskolatik kanpo. Saiakerarik ere izan zen, esaterako Irenée Carre pedagogoak eta Michel Breal hizkuntzalariak egindakoak, euskara baliatzeko hezkuntza-metodoetan, baina ez zuten arrakasta handirik izan.

Eskolatik aparte, haren funtzioa hizkuntza frantsesa zabaltzea baitzen, euskara kaltetu zuten bestelako hainbat faktore ere izan ziren; adibidez, emigrazioa, euskaldun anitzek alde egin baitzuten, batez ere Amerikara. 1909an, Aldudeko erretoreak jakinarazi zuen herriko 500etik goiti herritar Amerikan bizi zirela. Haietatik oso gutxi itzultzen ziren. Kostaldera ere emigrazio handia zen, eta euskaldun asko euskara bazter uzten hasten ziren. Bedacarraxen arabera, mundu komunitarioan arrakala irekitzen hasi zen, komunitateko kideek bestelako bizimoduak bazirela deskubritu ahala.

Frantziako landa-eremuko erlijio-jardunbideei buruzko mapa egin zuten Fernand Boulardek eta Gabrielle Brasek 1950 inguruan, eta hark hiru eremu aurkezten ditu: herrialde kristauak, kristau-tradiziorik gabeko herrialdeak, eta misio-herrialdeak. Herrialde kristautzat jotzen da herritar helduen % 45etik goiti igandeko mezaren entzule duena. Baionako elizbarrutian, batez ere euskal eremuan, ehuneko hori nabarmen gainditzen zen 1909an. Erlijio-jardunbide orokorra zela esan liteke, ez-praktikatzaileak bakan batzuk besterik ez baitziren. Combesen ministerioa goitik behera erortzea ekarri zuen espedienteen auziak agerian utzi zuenaren arabera, Estatuak funtzionarioen portaeraren gainean egiten zuen zaintzak erlijioa modu publikoan praktikatzea galarazten ahal zien haiei. Praktikatzaile ez zirenak alogeno edo arrotz gisa ikusten ziren: funtzionarioak, eskekoak, bearnesak, «espainol baldarrak». Bokale ere nabarmentzen zen, erlijio-praktika askoz ere txikiagoagatik, eta oraindik ere herritarren gogoan da metalgintza enpresako langileak «gorriak» zirelako leloa. Gainerako erlijioei dagokienez, kontuan izan behar da komunitate judu handia zegoela Saint-Esprit auzoan, eta protestanteak ez zirela anitz. Apaiz euskaldunek herritarren gainean gauzatzen zuten aginpidea pisu handikoa zen: ezin konparatu da inguruko eskualdeekin, esate baterako Landekin. 1900, 1909 eta 1929an kleroan sartu ziren gazteen kopuruak behera egin zuen, baina, hala eta guztiz ere, Frantziako batez bestekoa halako bi zen. Apaiz sekularren ehunekoa, 10.000 biztanleko, Frantzia osoan % 13,5ekoa bazen 1904an, Euskal Herrian % 18,7koa zen; 1929an, berriz, Frantzia osoan % 10,5ekoa zen, eta Euskal Herrian % 17,5ekoa. Frantzian gainbehera handi samarra izan bazen ere, Euskal Herrian ia hutsaren hurrengoa izan zen. 1923an, Euskal Herriko eta Bearnoko elizbarrutiko apaizen % 60,6 euskal jatorrikoa zen.

Itzainaren analisitik abiatuta, integrismoaren pisua agertzen da, Gerard Cholvyk eman zion adieran: «erlijioaren pribatizazioaren aurkako erreakzioa, kristautasuna bizitzaren arlo guztietan berrestea sustatzen duena». Cholvyk ez du zalantzarik baieztatzen duenean modernitatearen erlijio baten aurka dagoela… zientziaren bidez lortutako Aurrerapenean oinarritzen bada. Fundamentalismoak ez zituen bereizi nahi eremu publikoa eta erlijioa. Begitan hartuak zituen pentsalari katoliko modernistak, zientzia profanoen ikerketa-metodoak aplikatu nahi baitzituzten erlijio-zientzietan, esaterako teologian edo exegesian. 1907an, Pascendi Dominici Gregis entziklikak modernismo hura gaitzetsi zuen. Bestalde, Ralliement des Catholiques de France izeneko mugimenduari dagokionez, Dreyfus auziak kalte egin zion, zeharka bazen ere.

Eliza eta Estatua Banantzeari buruzko Legea onetsi zenean, François-Xavier Gieure apezpikuak, izendatuta izan zenetik, egoera ulertzeko argitasun handia erakutsi zuen, eta antolatzeko gaitasun handia ere bai, erreakzionatzeko eta epe luzera begira ekiteko. Oroz gain, elizbarrutien independentzia materiala bermatu nahi zuen, eta eskola kristauak kontserbatu. Elizak elizbarrutian izanen zuen etorkizuna Aita Santuarekiko erabateko obedientziaren menpe zegoen. Le Sillon izeneko mugimenduak defendatzen zituen jardunbide demokratikoagoen eskaerak ez ziren komenigarriak, Gieureren irudiko, eta sillonistak arrastoan sartzea lortu zuen. Bisita pastoralek aukera eman zioten bertatik bertara ikusteko inbentarioek eragindako gatazkak, eta orobat, gobernuak agindutako kanporaketak, lehen aipatu ditugunak. Batez ere, euskarak bere diozesiko apaiz anitzentzat zuen rola noraino zen funtsezkoa ohartu zen. Gogoratu behar dugu ez zela Euskal Herrian jaioa, eta euskalduna ere ez zela. Maiz joaten omen zen hegoaldeko Euskal Herrira, atzerrira alde egindako kongregazioetako kideak bisitatzera, eta era horretan deskubritu zuen euskararen eta euskal identitatearen auziaren garrantzia, zentzurik zabalenean. 1909an ikerketa handi bat abiarazi zuen, ondorioz 36 liburukiz osatutako dokumentu bat eman zuena. Bedecarraxen lanari esker ezagutu ahal izan da haren aberastasun guztia. Apezpikuak jakin nahi izan zuen euskarak jardunbide erlijiosoan betetzen zuen lekua, baina eguneroko bizitza publikora ere zabaldu zuen ikerketa. Erantzunen artean, arreta bereziz hartu behar da Jean Hiriart-Urrutik emandakoa. Eskualduna egunkariko polemista aparta zen, eta «elite etnikoko» kidetzat jotzen ahalko genuke, Jacobek adierazpideari ematen dion zentzuan. Deigarria da Hiriart-Urrutik ez egoztea euskararen gainbehera gobernuaren etsaigoari bakarrik, edo euskara eskola publikoetan debekatzeari. Bi printzipio ezarri zituen: alde batetik, haren planteamendua ez da batere separatista: «euskaldunak frantses onak gara, Frantziako beste edonor bezala». Ikusi dugunez, eta Xabier Itzainak behin eta berriro esaten duenez, borroka gogorrak izanagatik ere, apaiz euskaldunek ez zuten auzitan jartzen ez erregimen politikoa, ez eta nazio frantsesarekiko atxikimendua ere. Beste printzipioa, berriz, zera zen, alegia, euskaldunek identitate frantsesari ekarpenik egin behar bazioten, euskararen etorkizuna bermatu behar zela ezinbestez. Hizkuntza galtzea umiliazioa izanen litzateke euskaldunentzat. Bi printzipio horietatik abiatuta, euskara, katolizismoa eta euskal kultura lotu zituen Hiriart-Urrutik, bai eta ondoren beste anitzek aldarrikatu ere. Euskararen ondare-balioa azpimarratzen zuen Hiriart-Urrutik, eta beraz, interes zientifiko handiko gaia zela. Jarrera abila oso, nozioa nekez erasan baitzitekeen.

Hiriart-Urrutyk euskararen etsaien zerrenda ematea, erregimena barne, ez da harritzekoa; harrigarriagoa da, ordea, haren ahotik entzutea hezkuntza katolikoak ez zuela behar adina defendatzen euskara. Salbazioa euskaldunen eskutik bakarrik etorriko zen, familien tradizioa bermatuz, euskal apaizen laguntzarekin. Ikuspegi global eta soziolinguistikoa zuen Hiriart-Urrutyk euskararen auziari buruz. Beste alde batetik, Euskal Herriko apaizen prestakuntza hobetzea eskatu zuenean, barne zela euskara irakastea apaizgaitegian, haren hitzak ez ziren alferrik galdu. XX. mendearen hasieran Elizak ahalegin berezia eta iraunkorra egin zuen euskararen alde. Ahalegin hori, noski, interesatua zen, baina Gieurek bazekien, jakin, garrantzitsua zela apaiz masa kritiko bat izatea; haietako batzuk euskara sakon ikasten aritzen ahalko ziren. Gutuna baino lehen, euskararako apaiz «liberatuak» izatea sustatu zuen.

1914ko gerrak, ordea, guztia zapuztu zuen. Aita Santuak bere burua distantziakide mantendu nahi zuen gerran ziren alderdi guztiekiko, baina Baionako diozesiko Eliza katolikoak gerran ari zen Aberriaren alde egin zuen, «Union Sacrée» (batasun sakratua) izenaz ezaguna den prozesuan. Beraz, Elizak Gobernuaren esanetara egon behar zuen, nahitaez, gorroto bazuen ere. Trukean, Gobernua malguago agertu zen kultu eta kongregazioekiko. Ezin dira neurri berarekin neurtu Lehen Mundu Gerraren ondorio bereziak, batez ere Euskal Herriko alderdi ideologikoari eta bertako biztanleen mentalitatearen eboluzioari dagokienez. Elizaren argitalpen guztiek eta sermoi guztiek patriotismo frantsesa azpimarratzen zuten mugarik gabe. Are gehiago, politikari espainiarrak germanofiloak zirela susmatzera ere iritsi zen Eliza, eta bere gaitzespena apaiz karlisten taldera hedatu zuen. Ezin da esan posizio horiek mesedegarriak izan zirenik hurbilpena sustatzeko Eskualduna aldizkariaren inguruan bildutako euskal idazle eta kazetari ugarien eta Bidasoz bestaldean ordurako bere eragina erakusten ari zen mugimendu abertzalearen artean. Hala ere, Gieure gotzainak Eusko Ikaskuntzen Lehen Kongresuan parte hartu zuen, Oñatin, 1918an. Horren ondoren sortu zen, gerra garai betean, Eusko Ikaskuntza erakundea. Bidea zabaldu zien Hiriart-Urrutiren ondorengo euskal idazle bikain anitzi: Adema Zaldubi, Moulier Oxoby, Jean Saint-Pierre… Gerra amaituta, Batasun Sakratuak ekarritako errekontziliazioaren ondoren, berehala sortu zen gatazka, 1924an, Cartel des Gauches izeneko ezkerreko koalizioa hauteskundeetan irabazle atera ondoren. Gotzain frantsesek Federazio Nazional Katolikoaren (FNC) sorrera sustatu zuten, eta gerra aitzineko garaiko integrismoarekin bat egiten zuten manifestazio ugari antolatu ziren, erlijioa gauza pribatu huts gisa hartzearen aurkako errefusa agertuz. Baina Gieure kontzientea zen auzi hura, benetan, ez zegoela irabazita, gerrak areagotutako aldaketa batzuek oso zaila egiten zutelako gerra aitzineko posizio ideologikoei eustea. Horregatik, hain zuzen ere, idatzi zituen bi gutun pastoral, landa-eremutik hirirako exodoari buruz eta jaiotza-kopuruei buruz. Gerra aitzineko urteetako ohitura-zabartzea, festak, aisialdiko jarduerak, janzkera edo gazteen portaerak… ezinezkoa zen atzera itzultzea. Egoera horren aitzinean, Gieurek ondorioztatu zuen euskarari eusteko neurri argiak eta iraunkorrak hartu behar zirela, eta korronte «erregionalista» bat sustatu zuen. Antzeko korronte bat abiatu zen Bretainian 1894an apaizgai batzuek sortu zutenean Bretoieraren Akademia, Kenvreuriez ar Brezoneg, eta 1898an Bretainiako Batasun Erregionalista, alderdikideen % 17 apaizak zirela. Gieure eta Baionako elizbarrutia, beranduago bazen ere, lotura bat ezarri zuten landa-eremutik alde egitearen —«lurraren abandonua» deitu zuten— eta erlijioaren ahultzearen artean. Artikulu ugari idatzi ziren ohartaraziz behar-beharrezkoa zela, gutxienik, bilakaera demografikoaren ondorioei galga ematea.

Saint-Pierre gotzainak Anatole Monzie ministroaren aurka ekin zion, 1925ean tokiko hizkuntzak eskolan irakastea galarazi zuenean. Gieurek bere inguruan bildu zituen elizako pentsalari eta polemista talde bat, haien ikuspuntuak kemen handiz defendatu zituztenak. Euskal Herriko gazteen prestakuntzaren eginkizuna indartu zuen, etengabeko ahalegina eginez Ustaritzeko apaizgaitegia sustatzeko eta hezkuntza katolikoa garatzeko. Larresoroko apaizgaitegia, 1733an sortu zena, 1906an itxiarazi zuten, eta hango irakasleak kanpora egotzi zituzten. Aldi batez Bellocen ezarri ondoren, apaizgaitegia Ustaritzera itzuli zen, et haren eginkizuna oso garrantzitsua izan zen etorkizuneko apaiz gazteen eta, oro har, euskal gazteen prestakuntzan. Apaizgaitegiak euskal kulturaren eragile ugari eman zituen, eta lana ere eman zien, haietan ezagunena Pierre Lafitte. 1936ko eta 1939ko gerren aurreko urteetan, Lafitte beti egon zen mugaz iparraldeko euskal mugimendu abertzalearen hasierako agerpenetatik hurbil, Eugene Goienetxerekin batera. Baina haren eragina ez zen Aitzina taldera mugatu. Bistan denez, Euskal Herrian baziren intelektualak, Elizaren inguruan ez zirenak. Esaterako, intelektual talde handi batek Euskal Museoa abiarazi zuen zenbait urte lehenago, eta Bulletin du Musée Basque izenekoa ere bai, eta jarraitu zuten argitaratzen Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne aldizkaria.

Horiez gain, hezkuntza-sistema publikoko ikerlari anitz ere baziren. Haien artean baziren elizaren aurkako hainbat, baina beste batzuek, berriz, Louis Colas egile emankorrak, esaterako, harreman amultsua zuten apaizekin.

Gieurek garrantzi handia eman zion komunikazioari. Ulertzen zuen norainoko garrantzia zuen Elizaren ikuspuntuak askotariko bitartekoak erabiliz hedatzeak eta transmititzeak. Haren aurretik ere, Eskualduna aldizkaria funtsezkoa izan zen publiko euskaldunari informazioa helarazteko. 1887an sortu zuen Louis Etxeberrik, errepublikazaleen Le Réveil Basque aldizkariari aurre egiteko asmoz. 1891n bultzada berria hartu zuen, Jean Hiriart-Urrutik egindako berrantolatzeari esker. Erredakzioko gehienak apaizak ziren, eta haren heriotzaren ondoren ere zuzendariak apaizak izan ziren: Gratien Adema, Jean Saint-Pierre eta Sauveur Arotzarena. Aldizkaria, beraz, Elizaren kontrolpean zegoen, eta astean 7.000 ale argitaratzen zituen 1908an; kopuru handia, balizko irakurleen kopurua kontuan hartzen badugu.

Gure Herria aldizkariaren lehen alea 1921ean atera zen, eta edukiz bestelakoa zen, Elizaren eraginpean argitaratzen ziren produktuen sailean sartzen bazen ere. Idazle eta intelektual katoliko gehienak bildu zituen (lehen aipatutakoez gain, Jean Barbier, Jean Elizalde Zerbitzari eta Pierre Lhande ere aritu ziren), baina pentsalari laikorik ere bazen, adibidez Henri Gavel hispanista, euskararen gramatika bat egin zuena. Beste alde batetik, aztertzen ari garen garaian sortutako kultur elkarteetatik gutxi ziren Elizaren eraginik ezagutzen ez zutenak. Adibidez, Euskaltzaleen Biltzarra 1901ean sortu zen, eta 1933an 53 apaiz zituen bazkide. Euskaltzaindia 1918an sortu zenean, Elizaren zuzeneko kontrolpean ez bazegoen ere —arestian aipatu den Oñatiko Kongresuaren ondoren sortu zen, Eusko Ikaskuntzaren bultzadaz—, lehenengo hamabi akademiakideetatik zazpi apaizak ziren, tartean zirela Martin Landerretxe baxenafarra eta Pierre Lhande zuberotarra. Honek Lafitterekin batera argitaratutako hiztegia, ehun urte igaro ondoren ere, funtsezkoa da. Gieurek bultzatu nahi zuen hizkuntza-tresneriaren osagaietako bat zen. Elizaren eragin nabarmena zuten jarduera horiek guztiak aztertuta, pentsatzen ahal dugu, Bedecarraxek bezala, ez zela kasualitatez, bereziki Gieureren bultzadagatik, Eliza katolikoak kulturaren eta euskararen alde egin zuen ahalegina gogoeta burutsu baten emaitza, efikazia kementsu batez burutua.

Beraz, Bedacarraxen ikuspuntua egokitzat jotzen ahal dugu, baieztatzen duenean euskal kleroa «kolektibo intelektual gramscianoa» zela, formula hori nahiago baitzuen, James E. Jacoben «elite etnikoa» adierazpidearen aldean. Gramsciren arabera, geruza sozial berezi batek, intelektualez osatua, rol garrantzitsua betetzen du gizarteen historian, haren ardura baita artikulatzea superestruktura eta infraestruktura, zentzu marxistan. Superestrukturak irudikatzen du gizarte zibilaren eta gizarte politikoaren arteko konbinaketa. Infraestruktura da produkzio modua. Biek osatzen dute «bloke historiko» bat. Bloke historiko batetik beste batera igarotzeko, ezinbestekoa zen bloke historiko berriarekin bat egin zuten intelektual organikoen ekarpena. Bedecarraxek onartzen du Gramsciren pentsamenduaren laburpen soil bat egiten duela, konplexua baita gaia, baina pentsatzekoa da klero euskalduna, aztergai dugun 1900 eta 1936 bitarteko garaian, bere prestakuntzagatik eta hezkuntza landuagatik, talde homogeneo bat osatzen zuela, jaun laikoengandik hurbil zegoena, maiz ikastetxe bereko ikaskideak izan baitziren. Klero horrek eginkizun argia bete zuen kontzientzien zuzendaritzan, bai bizitza publikoan, bai pribatuan ere. Gainera, eguneroko bizitzan frantsesaz bestelako hizkuntza bat erabili zuen, eta horrek lagundu zuen euskarak prestigioa guztiz galdu ez zezan. Aztertu beharko litzateke ea erreakzio horrek antzekotasunik ba ote duen hego Euskal Herriko karlismoak izan zuenarekin.

Hala ere, Elizak kontrolatzen zuen hezkuntza-sisteman, euskara hutsaren hurrengo bilakatu zen. 1901eko eta 1904ko legeek 96 eskoletan eragin zuten, eta haien berrantolaketak arazo larriak planteatu zituen. 1909an Gieure gotzainak Bidasoz bestaldeko eskolen egoerarekin alderatu zuen iparraldeko eskolen egoera, hegoaldean hezkuntzaren gaineko ikuskaritza-eskubidea gordetzen baitzuten, gobernu espainiarraren aurrean. Irakasle katolikoen prestakuntza 1906an abiarazi zen, kontratazioa bezala. Lehen hezkuntzan neskato gehiago zeuden mutiko baino. Klaseak frantsesez ematen ziren, eta irakasleetako anitz laikoak ziren, eta ez ziren tokian berean kontratatu edo Euskal Herrian prestatu. Horrek guztiak kalte eragiten zion euskararen irakaskuntzari. Gieure monsinoreak erreakzionatu zuen, eta eskualdeko ikasketen ziklo bat sortu zuen apaiztegian, irakasle ugari prestatu ahal izateko. Baina neurri horrek emaitza eskasa izan zuen. Garroko gazteluan, Lekornen, Baionako hiriaren laguntzaz sortutako nekazaritza institutuak berak ere arrakasta urria izan zuen. Salbuespena Uztaritze izan zen, non Pierre Lafittek ikuspegi pedagogikoa ezarri zuen, eta tresna pedagogikoak sortzeko gaitasun handia erakutsi zuen (hiztegia, antologia). Gieureren ahaleginaren arrakasta eskasa maisu katolikoa izateko ikasketen erakargarritasun faltari egozten dio Bedecarraxek.

Euskal identitatearen eta identitate katolikoaren gaineko azalpen honetan, hizkuntzak zuen lekua eta Elizaren ekintza ere aztertu ditugu, eta amaitzeko, Bedecarraxen lanean inspiratutako sintesi bat proposatzen ahal dugu. 1905eko Banantze Legeak amaiera eman zion, printzipioz, Estatuak kultuen administrazioaren gainean eragiten zuen esku-hartzeari. Gieure gotzain borrokalari eta ez-euskaldunak berehala ulertu zuen euskara funtsezko elementua zela, palanka edo talkarako tresna gisa, modernismoaren aurka eta integrismoaren alde egiteko. Euskara komunikazio-kanal bizkorra zen Elizaren eta herritar euskaldunen artean. Tokiko hierarkia katolikoa gotzainaren alde zegoen, bai bataila politikoetan, bai euskararen sustapenean ere. Euskal kleroak rol induktiboa izaten ahal zuen modernismoaren aurkako eredu bat defendatzeko, gizarte-eredu tradizional baten alde, hizkuntzan eta erlijioan oinarritua. Kleroaren ahaleginak euskara eremu pribatutik atera zuen, eta esku-hartze horrek euskara babestu zuen higadura azkar batetik (Euskal Herriaren inguruko lurraldeetara begiratzen badugu, gaskoi-okzitaniera, adibidez, hagitzez ere azkarrago ahuldu zen). Eginahal horrekin batera, kultur ekoizpen handia etorri zen, predikuetan, prentsan, liburuetan eta musikan, gazte ugariri aukera emanez hizkuntza eta kulturaren gutxieneko transmisio bat jasotzeko. Irakaskuntzaren baldintza kaskarrek, ordea, eskola-sistema ahuldu zuten, hezkuntza publikoak, zalantzarik gabe, kalitate hobea eta gizartean goiti egiteko esperantza gehiago eskaintzen zituen une batean.

Esan dugun moduan, garai hartako jarduera politikoa gertakari eta tentsioz betea izan zen, eta horrek pentsarazten ahal du ekonomia nolabait trabatuta egon zela. Baina historialariek eta geografoek, adibidez Theodore Lefebvrek 1933an, eta ondoren, Martine Bacquek, erakutsi dute 1870-1914 aldian Euskal Herriko geldialdia ez zela izan beste leku batzuetakoa baino larriagoa. Askotan aurkeztu da Euskal Herri kontinentala atzerapenaren eta aldaketaren errefusaren eredua bailitzan, bere arkaismo ekonomikoan eta kultura-isolamenduan hertsia, bere hizkuntza-isolamenduan bezala. Eredu horretan, euskal nekazariak mentalitate hertsiko lurjabe txikiaren arketipoa dirudi, hazkundearen blokeoaren ardura duena, eta fosil biziaren estatus arbuiagarria duena. Gogora etortzen zaigu Jacques Allièresek onberatasunez egiten zuen egiten zuen konparazioa, batzuetan euskara «zelakanto» bat zela esaten baitzuen, antzinatasunagatik; baina, kasu honetan, antzinatasuna aurkezten da hizkuntza hori erabiltzen duen edo lurralde horretan bizi den komunitate osoa kaltetzen duen desabantaila gisa.

Historialariak ez dira sobera sartu arlo horretan (Goienetxe, 1992; Bidart, 2001) eta haien ikerketak zentratu dituzte alteritatean, tradizioetan, antropologian eta arkeologian. Berezitasuna azpimarratu izan dute, euskal gizarte idealizatu bat aurkezteari muzin egin gabe, Julio Caro Baroja dela horren salbuespen aipagarria. Horri erantsi behar zaio XIX. mendeko Eliza antierrepublikanoaren eszenatoki katastrofikoa, eta Frantziako Iraultza gaizto baten inguruan egiten zuen irakurketa, lehen aipatu dugun moduan.

Baina nekazari eta abeltzainen komunitateak eboluzionatuta zeuden. Baserria ondare zatiezina eta besterenezina agertzen bada ere, etxea eta lana batzen dituen unitate gisa, eta etxea XX. mendera arte iraun zuen instituzio gisa, egiaz, guztia eboluzionatuta zegoen. Nekazarien komunitateak jarraitu zuen kudeatzen, neurri txikiagoan bada ere, jabego kolektibo zabalak, departamentuaren heren bat zirenak. Komunitate arteko gatazkak izan ziren. Behartsuak eta herentziarik gabeko seme-alabak behin eta berriro agertzen zen arazoa zen, eta apartzeria oso hedatuta zegoen, nekazariak ez zirelako beti lurjabeak. Gainera, aurrerapen teknikoei esker bizimodu berriak agertu ziren, 1850etik 1939ko gerra aurreko garaira arte.

Aldaketarik gabe iraun zuten alderdietatik, azpimarragarria da landa-ustiategi txikien iraunkortasuna, pronostiko guztiei aurre eginez tinko eutsi ziotelako aldi horretan guztian. Batzuetan «gizarte-kontserbazioaren eragile» gisa hartzen dira, «nahasmen kolektibistaren» aurrez aurre (Auguste Souchon). Blochek azpimarratu zuen ustiategi txikiek nekazarien botoan izan zuen eragina. Ustiategia baino gehiago, jabegoa zen rol garrantzitsua jokatzen zuena. Baina euskal nekazaria ez zen beti lurjabea; batzuetan maizterra, nekazaria, ekoizlea eta kontsumitzailea ere izaten zen. Askotan uste izaten zen ustiategi txikiek arrazionaltasunari egindako desafioa irudikatzen zutela, edo errutinaren ondorioz sortutako fenomenoa, eta ez zekitela bidea zabalik uzten ustiategi handi kapitalista edo kolektibizatuarentzat; baina esan behar da maiz ekoizle txiki horiek izaten zirela, hain zuzen ere, aurrerapen tekniko handiak abiarazten lehenak, eta emaitza kualitatibo hobeak lortzen zituztela. Horren arrazoia da Euskal Herriko ustiategi txikia ez zela unitate ekonomiko arrunta soilik, haren helburua baitzen familiaren behar guztiak asetzea. Jarduera-aniztasuna gauza ohikoa zen. Esate baterako, Martin Bacquek esaten du bereizketa-falta bikoitza zela: ez ziren bereizten familia eta enpresa, eta nekazari-lana eta bestelako lana ere ez.

Landetxe horien historia, beraz, sarbide egokia izan daiteke XIX. mendeko landa-eremuko gizarteen gaineko irakurketa berri bat egiteko. Theodore Lefebvreren sintesi zabalaren edo Laborderen lanaren aldean, Bacquek mikroanalisia nahiago izan zuen, bizitza ekonomikorako, demografikorako eta politikorako Xabier Itzainak, Paul Etxemendik, Jean-Claude Larrondek eta argitaratu gabeko beste hainbeste unibertsitate-lanek egindako hautu bera lehenetsiz.

Ustiategi txikia eta handiagoak bereizteko muga ezartzea gauza zaila da eta, oro har, 5 eta 10 hektarea bitartean kokatzen da. 1892an gutxi goiti-beheiti 19.000 ustiategi zeuden ipar Euskal Herrian. Eskualdea zatikatuta zegoen, haranetan eta itxuraz zein bere baitara bildutako barrutietan. Martin Bacquek dio hamar urtez behin egiten ziren nekazaritza-inkestak batzuetan etsigarriak direla, akatsak ugari izaten direlako; hala ere, haietatik ondorioztatu daiteke Baionako eta Mauleko barrutietan, 1852 eta 1892 bitartean, ustiategien kopurua handitu egin zela, eta errentamenduko nekazaritzaren hazkundeak konpentsatu zuela apartzeriaren atzerakada motela. Jornalarien kopurua izugarri murriztu zen. Ustiategien batez besteko tamaina 5 hektareakoa zen, 3 behi eta 12 ardi zituztela batez beste bakoitzean, eta lan-eskua ez zen izaten familiarena bakarrik. Informazio gutxi dugu produkzioaren bolumenari buruz. Batez bestekoak aipatzen dira, baina ustiategi oso txikien kopurua murrizten ari zen, eta 5 hektarea inguruko ustiategiak, berriro ugaritzen ari ziren. Ustiategien % 90ek iraun egiten zuten belaunaldi batetik bestera. 5 hektareako ustiategien % 80k bi belaunaldiz irauten zuten, edo are handitu ere egiten ziren. 5 hektareako tamaina izan daiteke, beraz, bideragarritasunaren atalasea, eta horixe izan zen atalase ugariena, 1940ra arte.

M. Bacquek aurkeztu zuen Azkain herriari buruzko monografiko bat, eta hainbat gauza argitzen ditu. 1754an Haranederrea izeneko baserria jabegoan hartzeko erritu bat aurkitzen dugu. Jabe berria emakume bat da, marinel baten alarguna, eta lurzati bakoitzeko zokorrez eta belarraz jabetzen da, barne direla «padouans» edo itxitura gabeko bazkalekuak, larrainak (zuhaitzez landatutako partzelak) eta iratzeak (garrantzitsuak oheak prestatzeko), eta tximiniako laratza ukitzen du, lapikoak esekitzekoa, eta itxitura guztiak ere bai. Jabego hori garrantzitsua da 2021ean oraindik ere, eta Haranederrea izenari eusten dio. 1832an bazen lehen ustiategi bat, 18 hektareakoa, zuzeneko landetxe batekin eta lau maizter-landetxerekin. 1865 eta 1892 bitartean, haren jabeek 20 hektarea oihan eta bazkaleku erosi zituzten; horrenbestez, 40 hektareara iritsi zen, 1.740 zuhaitz landatuta, eta bere landare-produkzioarekin, 1940ra arte, baina etekin gutxirekin auzo-jabegoetan. Belaunaldi bakoitzean, premu eta oinordeko bakar batek hartzen zituen beregain ustiategia eta maizter-landetxeak. Landetxe nagusiak bere garrantzia handitu zuen maizter-landetxeen aldean. Aldaketak, txikiak baziren ere, nabarmenak ziren: besteak beste, gaztainadiak garbitu zituzten gaitzaren ondoren, eta udalari 1865an basobera zati bat erosi zioten. Sagastiak kendu zituzten, sagardoa lehen Ternuako marinelei saltzen zitzaielako, baina haien kopurua izugarri gutxitu zelako. Laborantza ustiategiaren erdigunean bildu zen, eta azalera pixka bat murriztu zuen; belardiak, berriz, azienda handitu ahala zabaldu ziren. 1942an, Haranederrea ustiategi nagusia bihurtu zen, ardi eta behi hazkuntzagatik, aldi berean eusten ziola apartzeria-jarduerari. Jabegoa handia zen, eta Haranederreko jabeak, gainera, herriko handiki ospetsuak izan ziren, eta haietako asko elizjende prestuak izatera iritsi ziren, hainbat belaunaldiz. Grazi deiturako bat, Haranederreko etxekoa, alkatea izan zen 1877an, eta haren hainbat ondorengok ere kargu hori bete zuten, 1963ra arte; beste batzuk gotzain misiolariak izan ziren. Landetxe horren jabeak bitartekari-eginkizunetan aritu ziren landa-auzietan, beren ideia ultrakatolikoetatik, betiere. Aztertzen ari garen aldian egin zuen ibilbidean ez dira falta aldaketa garrantzitsuak. Etxe horrek jakin zuen konbinatzen lurrak biltzea, mendearen amaierako gizarteak eta ekonomiak izan zuten berrikuntza-une egokian, politikan eta gizartean goiti egitearekin. Azkaingo Milorbaita baserriaren kasua guztiz desberdina da. Ustiategiak 30 area besterik ez zuen, oso azalera urria 1851ean. Aita marinela zen, ama marinelen lanetik bizi zen, eta seme-alabek hirugarren sektorera jo zuten. Nekazaritza-helburua galdu zen eta baserria Villa Rosita bihurtu zen, Donibane Lohizuneren aldiriko beste Azkain bat iragarriz. Beste kasu bat da Urrutxagakoborda baserria. Martin Chardiet zen jabea, marinela, itsasoan hilko zena. 1864an Nafarroatik alde egindako Luberriaga familia karlistak erosi zuen, hasiera batean maizter egon ondoren. Baserria erosteko familiaren laguntza izan zuten, eta beharbada, mugako «gaueko lanak» ere laguntza handi samarra eman izanen zuen, familiarrek ahoz kontatzen dutenaren arabera, halakoen erregistrorik, noski, ez baita gorde. Ustiategia 12 hektarea izatera ere iritsi zen, eta aldameneko baserria ere, Apitouchenborda, erosi zuen aurrerago, eta ondoren Achaflabaita landetxea ere bai; baina Urritxagakoborda ustiategia bigarren planoan geratu zen, familia hirigunera hurbildu eta laborantzaz besteko jardueretan hasi zenean. Mikromigrazioa zen, ez Estatu Batuetara aldegindako jende andana bezain ikusgarria, baina komunitatearen aldaketak agerian jartzen ditu. Biztanleen mobilizazio horri gehitu behar zaio lurren mugimendua. M. Bacquek sen onez ikusten du aldaketa horietan gizarte-mailak zuen garrantzia. Bi aldi garrantzitsu azpimarratzen ditu: 1870eko hamarkadan, ustiategi txikiak ongi mantendu ziren, baina mendearen bukaeran, ustiategien kontzentrazioa areagotu zen, nekazaritzaren modernizazioarekin, unean-uneko gorabehera horiek berehalako eraginik ez bazuten ere denbora familiarrean.

1933an, Euskal Herriko bizimoduen sintesi bat aurkeztu zuen Lefebvrek, berak Ekialdeko Pirinio Atlantikoak deitzen zuen eremua aztertuta. Haren irudiko, eboluzioa areagotu zen XIX. mendearen erditik aitzina, industriak ekoizten zituelako uzta-makinak, garia jotzeko makinak, eta orobat ferrokarrilak, fabrikak, elektrizitatearen iritsiera, portuak, zama-ontziak, arraste-baporeak…

Baziren, noski, atzerapen nabarmenak ere. Adibidez, komunikazio-bideak ia batere aitzinatu gabe ziren. Baiona eta Hendaia arteko trenbidea ez zen Donostiaraino luzatu 1855era arte, baina hasieran ez zen batere jarduerarik instalatu haren inguruan, harik eta Hendaia muga ondoko geltokiaren efektuari etekina ateratzen hasi zen arte. Gainerako lineak eskasak eta berantiarrak ziren. Baiona-Baigorri linea ez zen funtzionatzen hasi 1899ra arte. Baiona eta Hendaia lotzen zituen kostako tranbiaren helburua turismoa zen batez ere. Donapaleu eta Garazi artean ez zen deus ere, eta Hazparnek, industria-gunea izaki, ez zuen trenbiderik. Linea gehienak trenbide bakarrekoak ziren.

Industriari dagokionez, ikatzik ez zen, eta indar hidraulikoa mugatua zen. 1914an industria-instalazio gutxi batzuk besterik ez zen, haien artean garrantzitsuenak Bokalekoa eta beste hainbat Baionan, Hazparnen, Saran, Donibane Lohizunen, Errobi ibarrean eta Maulen. Basoak taninoa ematen zuen larru-zurrategietarako eta Hazparneko oinetako-industriarako, non ia guztia eskuz egiten zen 1880an, makineria ez baitzen mekanizatu 1905era arte. Zapatagintzak zuzeneko enplegua ematen zien 600 laguni, eta zeharka, halako hiru edo lau lagun gehiagori. Maulen, espartinen industriak lanpostu anitz sortzen zituen. 1868 aldera hasi zen, eta Hego Amerikara esportatzen ziren oinetakoak. Jute-haria Dunkerketik ekartzen zen, baina gainbehera hasi zen hari txirikordatua sartu zenean, orduan Oloroe hasi baitzen lehiakorragoa izaten, 1896 aldera. Josteko makinak 1888an agertu zirenean, lan-eskua kontzentratzen hasi zen. Maulen, sektore horretan 1.300 lagun ari ziren lanean, eta 1930eko hamarkadan 2.000 izatera ere iritsi ziren. Emigrazioak rol garrantzitsua izan zuen, langileen erdiak hegoaldeko nafarrak baitziren, sasoiko langileak, hasieran batik bat. Maulen egindako produktuak Frantzian, Ingalaterran eta turismo-guneetan saltzen ziren.

Lurzoruaren industrian hanitz langile ari ziren soilik gatzagetan, Baionan, Mugerren eta Beskoitzen. Harriaren industria Bidaxuneko harrobietan biltzen zen, 150tik goiti langile zituztela, gehi sasoiko langileak. Ez da zaila imajinatzea ur-gaineko garraioaren zailtasuna eta moteltasuna; ala izeneko ontzi haiek bi egun behar izaten zituzten 32 m3 harri garraiatzeko 30 kilometroz Aturri ibaian beheiti, Baionaraino, mareak aprobetxatuz.

Metalgintzako industria astunak ipar Euskal Herriko langileen % 26 enplegatzen zituen. Antzinako burdinolak galdu egin ziren: Mendibekoa, 1871n; Larraine eta Baigorrikoak, 1875an. Bastida inguruan iltze-lantegi zenbaitek jarduerari eutsi zioten.

Instalazio nagusia Bokalekoa zen, eta garai hartan ozeano aldean sortutako metalgintza astunaren sistema oso orijinala zen. Bere garrantzi ekonomikoaz gain, alderdi ideologiko eta politikotik ere rol azpimarragarria izan zuen, han sortu baitzen langile-klase antolatu bat, ordura arte ia batere existitzen ez zena. Lantegia Les Forges de l’Adour zuen izena, 1882an sortu zen, eta bazituen 550 langile, bi labe garai eta bi Bessemer-bihurgailu. 1926an 1.700 langile ari ziren han. Lantegiaren inguruan produktu kimikoen instalazio bat eraiki zen, Saint-Gobain enpresari lotua, fosfatoak inportatzen zituena. Instalazioa ozeaniarra zen, kokapenagatik, hornikuntzagatik eta mineralagatik. Horniduraren zati bat Landetatik heldutako egur-ikatza zen. Harrikatza ingelesa edo alemana izaten zen. Aldi batez, minerala Lesakatik eta Beratik ekartzeko agindua eman zuten nagusiek, edo Pasaian barna, Mutiloatik eta Zerainetik, baina trafiko hori 1914an eten zen. Instalazioa ozeaniarra zen irteerari zegokionez ere. Landetako egurrezko zutoinak, Galesera eta hango meatzeetara bidaltzeko, Bokaleko kaitik ateratzen ziren. Bokaleko sistema orijinala, konplexua eta, zalantzarik gabe, hauskorra zen. 1965an utzi zion funtzionatzeari.

Itsas mundua arrantzari lotua zen nagusiki, baina arrantzale anitzek lurrari atxikiak jarraitzen zuten. 1930 aldean, Lefebvreren arabera, Baionako 477 arrantzaleetatik 320k beste jarduera bat zuten, nekazaritzan nahiz zurgintzan. Ipar Euskal Herrian, Donibane Lohizunekoak ziren arrantzan modu esklusiboan ari ziren arrantzale bakanak (Donostiakoak edo Ondarroakoak bezala, Bidasoz bestaldean). Alderdi teknikotik, baporearen iritsierak aldaketa handia ekarri zuen, eta iparraldeko arrantzaleak hegoaldekoak imitatzen hasi ziren. 1894an, 14 bapore ziren Donostian, eta Donibane Lohizuneko lehenengoa, berriz, 1900ean iritsi zen. Baporeak eta belaontziak elkarren lehian aitu ziren hurrengo urteetan ere, baina berehala nagusitu zen baporeen tonajea. Bitxia bada ere, baporeari gehiago kosta zitzaion aurrera egitea Baionan, beharbada, ontzi astunek Aturriko barra zeharkatzeko zuten zailtasunagatik.

Baporeari esker, arraste-sareekin, arrantzak errendimendu handiagoa izaten hasi zen, betiere sasoian-sasoiko arrantza motaren araberako erritmotik atera gabe; horrek, ordea, gainarrantzaren arazoa eragin zuen, eta horren ondorioz, Donibane Lohizune hegaluze gutxi harrapatzen hasi zen, 1920tik aitzina. Sardinaren arrantza artean ere handia zen 1910 inguruan. Azaroan egiten zen, arrabak zituztenean. 1914an hozkailu-bagoiak agertu ziren, eta haien bidez saiatu ziren sardinen gainprodukzioa konpontzen, arrainari irtenbidea emanez. Gainprodukzioa xurgatu nahian, kontserba-industria sortu zen. Gatzetan jartzeko teknika aspaldi erabiltzen zen arrantzan, baina industria gisa, Donibane Lohizunen sortu zen, 1914an. 1930eko hamarkadan, Donibane Lohizunek hiru arrantza-eremu zituen. Arrantza-jardueraren modernizazioa oso motela izan zen: Donibane Lohizuneko badiak babes eskasa zuen, portua gaizki hornitua zen, eta garraioa ez zen efikaza. Prestakuntza-falta hori agerian geratu zen 1924an, Donibane Lohizuneko arrantzaleak, hegoaldekoak imitatuz, «bolintxe» izeneko sare hagitz efikazak erabiltzen hasi zirenean. Ontziak gainezka itzultzen ziren, prezioak goitik behera erori ziren, eta sardina-zamak berriz itsasora itzuli behar izan ziren. Krisi hark agerian utzi zuen arrantza-munduaren eta herrialdearen barneko aldearen arteko artikulazio desegokia.

Arrantza alde batera utzita, Baionako portuak gero eta garrantzi handiagoa bereganatu zuen, eta Frantziako hamar portu nagusien artean kokatu zen. Asko zor zien portuak Aturriko Forjak lantegiei, haiek bultzatzen baitzuten portuaren modernizazioa. Dragatze-lan handiak egin ziren Aturriko barra zailean, eta haiei esker, garai bateko 2 metroko sakoneratik 5-6 metroko sakonera izatera igaro zen, 1886an. Trafikoa ia 600.000 tonakoa izan zen 1890ean, eta ondoren milioi bat tonatik gorakoa, 1913an. Kopuru hori ia berreskuratu zuen 1930ean, 1914ko gerraren ondorioak tartean egonda ere. Baina trafikoa desorekatua zen, esportazioak halako hiru baitziren inportazioak. Sarrera gehienak harrikatzari zegozkion, % 61ekin. Esportazioari dagokionez, berriz, Landetako pinua ia % 81 zen. Portuaren ahulguneak bi ziren, alde batetik, sarrera zaila (Aturriko barra itxita egoten zen urtean 60 egunez) eta bestetik, irteerako kargaren eskasia, pinua bera bakarrik ez baitzen aski.

Baina nekazaritza-munduaren garrantziak, ekonomikoki nahiz ideologikoki, funtsezkoa izaten jarraitzen zuen. Biarritzeko kantonamenduan, nekazaritza-jarduera murrizten joan zen, eta turistikoa, berriz, handitzen. Mahastigintzari dagokionez, mahastiek, oro har, haien produkzioa gutxitu zuten, besteak beste, filoxera, mildiu edo gorrina eta oidio edo zurina gaitzengatik, eta orobat, ekoizpen handiko eskualdeen lehia itzelagatik, haiek ere krisitik salbu ez baziren ere —gogora dezagun Langedoceko mahastizainen 1907ko matxinada—. Labore-lurrak zabaldu ziren, baina eskualde batzuetan bakarrik, bereziki Biarritzen, eta Baigorriko kantonamenduan, berriz, % 31 murriztu ziren zerealak, erostea lehen baino hagitzez errazagoa baitzen. Hemengo ekoizpena arrunt eskasa izanik, nekazari anitzek abeltzaintzaren aldeko hautua egin zuten, eta bazkalekuak lehenetsi zituzten, labore-lurren gainetik. Bestela esanda, 1830etik aitzina pentzeak hedatu ziren nonahi, batik bat hiriguneen inguruan, era horretan haragia eta esnekiak lortzen baitzituzten. Lefebvrek «pastoralizazioa» deitu zion nekazaritzatik abeltzaintzara igarotzeko mugimendu horri.

Iraganaren legatua artean ere nabarmena zen, eta Lefebvrek egiaztatzen du mendialdea atzeratuta zegoela erabiltzen ziren tresnei zegokienez, esaterako goldearen kasuan. Laborantzako traktorea 1900ean agertu zen, baina ez zuen lortu erabat kentzea goldea (golde nabarra). Literatur ekoizpenari dagokionez, goldearen metafora erabiltzen jarraitzen dute, lan astunaren sinbolo gisa (oro har, gizonezkoen lana). Garia ebakitzeko igitaia erabiltzen jarraitzen dute. Gari-jotzeari dagokionez, berriz, baziren hiru maila tekniko, izan ere, 1900 aldean lehenengo makinak agertu baziren ere, betiere erliebe moderatuetan eta ustiategi handietan, 1910ean landetxe anitzetan garia makilez jotzen zen etxeko sarreran (ezkaratza) korrea deitzen zitzaion tresna erabiliz, eta oraindik ere harri gainean jotzen zuenik ere ba omen zen.

Legatua sumatzen da, halaber, Lefebvrek «nekazaritza-komunismoa» deitzen duen sisteman, Zuberoan. Sistema horretan, elgeak edo soroak erabiltzen ziren uda amaieran, itxiturarik eta bazkalekurik gabeko lurzatiak. Baina Zuberoan ere ia galdu zen elge direlakoen ohitura, adibidez, Larrainen 1900ean. Artzaintzaren munduan, Lefebvrek bi talde eta bi eremu bereizten ditu. Lehenengoan, batik bat, ahuntzak, zaldiak eta ardiak zeuden, eta mendialdean hedatuta zegoen. Bigarren taldean behiak eta zerriak zeuden, gehienetan beheko haranetan. Ahuntzak ia desagertu ziren, eta zaldiak eremu zehatz batzuetan geratu ziren, batzuk basati bihurtuta, eta beste batzuk gurdietatik tiratzeko, meatzeetan edo esneketarien gurditik tiraka, hirietan. Baziren ingeles zaldi odol-garbien haztegiak ere, eta bereziki anglo-arabiar mestizoen haztegiak, Bidaxune eta hezeguneen eskualdean, Bearnoko mugan. Mandoak ere hazten ziren, Landetan, Gaztelan eta Erriberan saltzen zirenak, batik bat kontrabandoan, 1914ko gerraren aurreko garaian.

Ardiei dagokienez, latxa, viscayna edo manex arrazakoak itsas aldeko inguru euritsuetan hazten ziren. Ekialdean xurra edo ardizuria arraza hazten zen, «euskal arraza» ere deitzen zena. Lehen begiratu batean, badirudi abelburuen kopurua egonkorra izan zela, 1821ean eta 1921ean ia kopuru berak jaso zirelako. Haien hedapena, ordea, aldatu zen, ardiak desagertu zirelako altitude gutxiko eremuetatik. Baiona eta Biarritz inguruetan ia ez zen ardirik geratzen, hiri inguruetan behien hazkuntza sartu ondoren. Eremu garaietan berriz, ardiak askoz ere gehiago ugaritu ziren arkumeak baino, bereziki 1905-1910 urteetatik, besteak beste, Roquefort gaztandegien garapenagatik. Lehenengo Roquefort gaztandegia Atharratzen sortu zen, 1902an, eta ondoren beste hainbat ireki ziren. Gazta horren ekoizpena 600 tonara iritsi zen, gerraren ondoren, horretarako 2.800.000 litro esne behar zirela. Garapen horren biktima axuriak izan ziren, haragitarako saltzen baitziren. Ardi zaharrak (atzar) ere, gizendu ondoren, ongi saltzen ziren haragitarako.

Beheko haranetan zerrien kopurua handitu egin zen, batik bat itsas ondoko ibarretan —aske uzten ziren, ahal zenean—, hango landak, bazkalekuak eta basoak haritz-ezkurra eta pagazia oparo izaten zituztelako. 1892 eta 1921 bitartean, zerrien kopurua % 80 handitu zen Baiona eta Biarritz inguruetan.

Beheko haranetan behi-azienda nagusitu zen. 1892tik 1921era bitartean, azienden %5 eta %25 bitartean behiak ziren mendi inguruetan, eta %65 eta %80 bitartean beheko haranetan, han haragi, gurin eta esne gehiago behar izaten baitzen. Espekulazio-sail oso bat oinarritzen zen esnez hazitako zekorren, sei hilabeteko txahalen, kendu beharreko behien eta hezitako behien merkatuan. Ustaritzen, Bidaxunen eta hezeguneen inguruan abeltzaintza modernoagoa ezarri zen. Behiak lanerako hezitzen ziren, orduan oso erabilia baitzen laborantza- nahiz garraio-lanetarako. Beste eremu batzuetan, berriz, espekulazioan aritzeko beste era bat azienda gizentzea zen, modalitate konplexuak zituena. Animaliei dagokienez, berriz, haietako anitz Landetan, Bearnon eta Chalosse eskualdean erosten ziren. Esneari dagokionez, berriz, 1900etik aitzina hainbat esnetegi sortu ziren Aturri beherean, Lehuntze, Ahurti eta Landetako auzo-udalerrietan. Mendialdean arraza piriniar bizkorra hazten zen. Ez zuen esne askorik ematen, baina tiratzeko lanetan aritzeko gai zen, eta aldi berean, umeak eta esnea emateko ere bai.

Abeltzaintza-guneetan, bazkalekuen jabego kolektiboa mantendu zen, gehiago ekialdean, mendebaldean baino: %25 Baigorriko kantonamenduan, eta %50 Atharratzen. Herri-bazkaleku horien erabilera antzinako abeltzain-elkarteei zegokien, edo XIX. mendearen hasieran sortutako abeltzain-sindikatuei. Jabego kolektiboa hagitz urria zen beheko lurretan. Mugetan gatazkak izaten ziren, eta elkarrekiko hitzarmenen bidez konpontzen ahalegintzen ziren. 1850eko hamarkadatik aitzina formalizatu ziren, eta helburua zen mugaz bi aldeetako abere-taldeak elkar-bizitzea. Baigorriko biztanleak kexu ziren Kintoari zegokion itunean kaltetuta atera zirela-eta, baina hala ere, 4.500 abelburu bidali zituzten hegoaldera 1909an, eta 4.588 abelburu, berriz, 1922an.

Herri-lurrak erabiltzen ziren, orobat, otez eta iratzez egindako ohantzeak prestatzeko aziendentzat, eta zerriak bazkatzeko ezkurra eta pagazia izateko. Zuhaitzen lepaketa edo adar-mozketa ez zen guztiz galdua, artean ere. Oso zabaldua zen erreketa kontrolatuen teknika, martxoan eta apirilean egiten zena, mendietan ez ezik, beheko lurretan ere, inguruko basoetan albo-kalteak sortzen baziren ere.

Transumantzia egiten jarraitzen zuten. Landa-eremuak jendez urritzen hasi zirenean, 1914tik aitzina, belardi natural eta artifizialen garapenarekin eta arbi eta bazka-erremolatxaren ekoizpenarekin, transumantzia piriniarra bertan behera utzi zuten abeltzain anitzek, baina batzuek jarraitu zuten, sistema piriniar-iberiarrean eta hegoaldeko transumantziaren abelbideetan baino askoz ere urriagoa bazen ere. Eskiula, Sohüta, Pagola eta Suhuskune osatzen duten lerrotik hegoalderantz, abelburuen % 80k erabiltzen zituzten altxubideak, bereziki ardien kasuan, eta behien %10en batek. Transhumantzia goiz hasten zen, maiatzaren hasieran, sasoi horretarako lurrak aziendarako ez baizik laborantzarako erabili beharrak baitziren. Oposizio-forma bat ikusten zen, kasu horretan elkarren osagarria, abeltzaintzaren eta nekazaritzaren artean. Latxa edo manex arrazako ardien gogortasunak errazten zuen irteera goiztiar hori. Transumantzia hiru altitude-mailatan egiten zen, txabolak zituztela beheko aldean (peko olhak), tarteko altueran (arteko olhak) eta altitude handian (gaineko olhak). Mailakatze horrek bazkaleku-azalera handiagoa erabiltzeko aukera ematen zuen. Uztailaren amaieran, ardiek ia esnerik ez zutenean, eta ordurako gaztarik egiten ez zela, larreetan bazkatzen uzten zituzten, behera jaitsi baino lehen, beranduenez ere urriaren erdi aldera. Neguko transumantzia askoz laburragoa izaten zen. XIX. mendearen erdialdera, Santa Graziko artzainek Akizera eta Landetara joateari utzi zioten, eta aski izan zuten beren artaldeak Atharratzera eta Maulera eramanik, egonaldi labur bat egin zezaten. Era berean, Lapurdiko udalerriek Aturri eta Errobiko hezeguneetara bidaltzen zituzten beren aziendak. Mugaz bestaldeko Aezkoako artzain nafarrek ere, 1914an azienda muga politikotik iparraldera bidaltzen zuten, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko beheko eremuetara.

Mendiko eremuetatik beheko eremuetara iraganik, modernizazioa areagotzen zen, altitudea jaitsi eta hirietara hurbildu ahala. Lefebvrek hiru eremu bereizten ditu: goi-mendiak; mendiak eta tarteko magalak; eta beheko magalak eta haranak.

Goi-mendietan eta Arbailaren inguruetan, lurren % 5 bakarrik zen laborantzarako (leku gutxitan iristen zen % 15era), eta bazkalekuak eta landak, berriz, % 50etik goiti izaten ziren, zenbait lekutan % 80 ere. Nolabaiteko modernizazioa izan zen abereak bazkatzeko moduan, baina hazkuntzak eta abeltzainaren bizimoduak hagitz tradizionalak izaten jarraitzen zuten. Aziendak ahalik eta gutxien edukitzen ziren estalpeetan edo artegian, eta trantsumantzia egiteko ohitura arrunt zabaldua zegoen. Urte erdiko lugorrien sistema mantentzen zen, tarteka lurra lantzen saiatzen baziren ere. Nekazariek fede handiagoa zuten belarretan eta belardietan. Nafarroa Behereko goi-haranak Zuberoakoak baino pribilegiatuagoak ziren; artoak bere lekua hartu zuen garien ondoan, eta bi urteko txandakako laborantza sartu zen. Artean ez zen ongarri kimikorik erabiltzen.

Bigarren eremuan, mendiko eta tarteko magalen eremuan, labore-lurrak eremuaren % 5 eta 15 bitartean ziren. Nekazariek etxeko zimaurra erabiltzen jarraitzen zuten, fosfatorik erabili gabe. Bi urteko laboreak txandakatzen ziren, garia eta artoa txandakatuta, eta tartean arbia eta hirusta lantzen ziren. Errendimendua halamoduzkoa zen, batez ere gariaren kasuan. Aziendaren bazkari dagokionez, nekazariek zuhurtziaz ikusten zuten belardi artifizialak sortzeko kontua. Mahatsa etxeko kontsumorako erabiltzen zen, eta haren fruituarekin alkohol-gradu baxuko ardoa egiten zen. Filoxera lehenengo aldiz 1876an agertu zen, eta handik aitzina lehortea zenean agertzen zen, batez ere 1908an. Mahats-barietate amerikarrak sartu ziren ondoren, Noah barietatea, esaterako, baina mahastiak lantzeko modua ez zen aldatu.

Azkenik, hirugarren eremuan, beheko magal eta haranetan, artzaintzaren bizimodua nekazaritzaren mendean geratu zen, hirien hurbiltasunagatik. 1895ean aldaketa handia izan zen, ongarri kimikoen eta nekazaritzako makineriaren sarrerarekin, eta labore-lurrak hedatu ziren, eta basoak murriztu. Eboluzioa agertzen zen labore-lurren nagusitasunean —garia eta artoa lantzeko—, lurraldearen % 25 eta % 30 bitartean okupatzera iragan baitziren. Garia askoz ere gutxiago lantzen zen artoa baino: lur gutxiago, gutxiago zainduak, eta produktibitate txikiagoarekin. Sara, Ainhoa eta Urruña inguruko eremu batean, 1852an hektarea kopuru bera ematen zen garia eta artoa lantzen; 1919an, ordea, artoa lantzeko lurrak garia lantzekoak halako bi ziren. Tartekako arbi eta hirusta laboreak azienda bazkatzeko erabiltzen ziren. Erremolatxa abuztuan erein eta neguan aldatzen zen. 1914tik goiti, belardi artifizialak nabarmen garatu ziren. Hiru urteko txandakako laboreak ere egiten ziren, urte batez garia, hurrengoan artoa eta hirugarrenean hirusta edo bazka-belarra; eta batzuetan lau urteko txandaketa ere egiten zen, erremolatxa sartuta. Artzaintza ez zen galdua artean; beheko herri batzuek neguan goiko eremuetako artaldeak hartzen zituzten. Herri-bazkalekuek aziendak bazkatzera ekartzeko aukera ematen zuten.

XIX. mendearen lehen erdian, goseteak desagertu zirenean, biztanleria handitu egin zen. Handik aitzina, ipar Euskal Herriko biztanleria, 1870ean 160.000 biztanle izatetik, 1913an 173.000 izatera igaro zen. Baina alde nabarmenak ere baziren. Landa-eremuetako biztanleria, jaiotze-tasa altua izanda ere (% 25), era larrian urritu zen, emigrazioagatik eta landa-eremutik hirirako exodoagatik. Esaterako, Oztibarre eta Donamartirin biztanleria % 30 murriztu zen, 1876 eta 1901 bitartean. Gainera, emigrazioagatik, —handia 1832tik aitzina— 20 eta 24 urte bitarteko gizonen kopurua emakumeena baino nabarmen txikiagoa zen. Barneko aldean, biztanleria % 15 murriztu zen 1851 eta 1876 bitartean, baina kostaldean % 59ko hazkundea izan zen.

Bilakaera demografikoa izugarri aldatzen zen udalerri batetik bestera, hala nola herri bakoitzaren pisu erlatiboa ere. Baionak berak bakarrik barrutiko kantonamendu guztietako hiriburu guztiek batera baino biztanle gehiago zituen. Biarritz noski Baiona baino txikiagoa zen aldi honen hasieran, 3.500 biztanlerekin 1865ean, baina populazioa sei bider handiagoa zen 1936an, 22.955 biztanlerekin. Hazparneko dentsitatea Donibane Lohizunekoa baino askoz handiagoa zen 1865an, 5.116 biztanle eta 2.829 baitzituzten, hurrenez hurren. Baina 1936an gauzak guztiz aldatu ziren, Hazparne 5.138 biztanlerekin geratu baitzen, Donibane Lohizune 8.737ra iritsi zelarik. Zalantzarik ez da, aldaketa nabarmen horiek ere eragina izanen zutela herri horietako biztanleen espektatiben aldaketan. Barne-aldera gehiago sartu, eta gehiago sumatzen da biztanleria ez aurrera ez atzera (Hazparne, ikusi dugun moduan, 5.000 biztanletan geratu zen, eta Uztaritze 2.500 ingurutan) zegoela, edo bestela gainbeheran zirela, adibidez, Bidaxunek herritarren % 40tik goiti galdu zituen. Itsasertzeko zenbait udalerri, berriz, biztanleria bi eta hiru halako handitu zuten. 1900 eta 1936 bitartean, Angelu 5.382 biztanle izatetik 11.467 izatera iritsi zen; Bokale 3.989tik 5.738ra, eta Hendaia 2.000tik 6.939ra. Baionaren kasua berezia izan zen, izan ere, 1865etik 1900era hazkunde handia izan ondoren, 19.062 biztanletik 26.918ra, XX. mendean nolabait trabatuta geratu zen, 1936an 31.727 biztanle besterik ez baitzuen, eta Baionako biztanleen ehunekoak, kostako populazio osoaren aldean, nabarmen murrizteko joera izan zuen. Baionak zortasun militarrak bete behar zituen 1907ra arte, eta bitxia bada ere, mendebalderantz bakarrik hazten zen, itsasorantz, eta ez Aturrin goiti eta landa-eremuetarantz. 1910era arte, lau biztanletik hiru Baiona Handian, Baiona Ttipian eta Saint-Espriten bizi ziren. Orduan, mugimendu bat sortu zen aldirietarantz, eta han bildu zen populazioaren % 40 inguru. 1930ean etxebizitzak eraikitzen hasi ziren Lahubiague auzoan; baina Xiberta eta Chambre d’Amour auzoak, orduan garatu zirenak, ez ziren Baionako lurretan egin, Angelukoetan baizik.

Udal-bizitzari buruzko zenbait ohar jasoko ditugu hemen, Itsasu, Biarritz eta Baionako kasuetan oinarrituta, eta herri horietako bizitza politiko, sozial eta kulturalaren zenbait alderdi ere aipatuko ditugu.

Xabier Itzainak Lapurdum aldizkarian aztertu zuen Itsasuko alkate Guillaume Berroetak (1816-1890) egindako eskuizkribu bat. 1866an, Itsasun, 1.434 lagun bizi ziren, nekazaritzatik eta abeltzaintzatik, Nafarroa Garaiarekiko mugan. Ohiturak oso errotuta zeuden komunitatean, eta oinarri sendoa ezartzen zuten. Berroetaren dokumentuak erakusten du alkateak bi mailatan lan egiten zuela. Alde batetik, kanpora begira, lan politiko-administratibo garrantzitsua egiten zuen, espedienteen tramitazioak aitzinatzeko; lan horretan abila zela erakutsi zuen Berroetak. Beste alde batetik, udalean, komunitateko kideen artean sortzen ziren auziak ebaztea zuen eginkizun. Haren ikuspegia elitista eta handiki-zalea zen: alkate edo buruzagi batek oparo bizi behar zuen. Alkate izendatu zuten, gizartean lortu zuen lekuagatik, emigrazioari esker. Izan ere, Ameriketara alde egin zuten hainbat euskaldun aberastu egin ziren, eta handik etorrita, erantzukizunak hartu zituzten haietako batzuek, esaterako, Berroetak. Herriaren interesak bere egiten zituela baieztatzen zuen, alkate eginkizunari buruzko ikuspegi paternalista bat erakutsiz, oso ongi egokitzen zena garai hartako giro inperialarekin. Haren erabakiek lurjabe handienen oniritzia izaten zuten. Aipatu dokumentuak handikiek kudeaketan erakusten zuten efizientzia goresten zuen, ikuspegi modernizatzailea ekartzen baitzuten, obra handiak eginez, kanpo aldera zabalduz eta hezkuntza sustatuz. Ordurako turismoa agertzen hasia zen: euskarazko lehenengo eleberriak, 1867an argitaratuta Atheka gaitzeko oihartzunak izenburuarekin, Itsasu aldeko herrixka bat aipatzen zuen, «Roldanen pausua» izena zuena, eta paisaiaren eta euskal nortasunaren ustiapen turistikoaren atea zabaldu zuen.

Alkateak komunitatearen gorabeherak ebatzi behar bazituen, komunitate hori monolitikoa ez zen seinalea zen. Aurkariak buruz buru erasotzen zituen Berroetak. Erlijioa kontrolatzen saiatu zen eta, adibidez, elizan edo hilerrian egiten zen erritualean argizaiolak itzalarazi zituen, baina arrakasta osoa ez zuen izan, etxea, eliza eta hilerria lotzen zituen antzinako lokarriaren aurka egiten zuelako. Besta Berriko ospakizunetan gazteen aldera egiten zuen gehiago. Itzainak erakusten du ospakizunak, ezkontzaren gaineko gizarte-kontrolerako prozedura izateaz gain, helburu politikoagoa ere bazuela, gorrien eta zurien arteko talkarekin lotua. Abeltzainei ere aurre egin behar izan zien Berroetak, «goiko» auzoetako lurrak soildu nahi zituztelako, «beheko» auzoek ez bezala, abeltzainaren eta nekazariaren arteko talka-eredu bati jarraikiz, beste hainbat lekutan bezala. Abeltzaintzako lurren gaineko zergak ere eztabaidagai izaten ziren, eta elkarrekiko itunen bidez saiatzen ziren mugaz bi aldeetako larreen inguruko auziak ebazten, mugaren inguruko beste hainbeste lekutan bezala. Itzainak arrazoi du esaten duenean Estatuaren esku-hartze gero eta handiagoak desadostasun isil bat eragiten zuela hemengo herritarrengan eta, aldi hartan eta eremu honetan, geldotasun nabarmenik ez zegoela.

Bazkalekuen inguruko elkarrekiko itun eta ligei dagokienez, laster eskuratzeko moduan izanen dugu Benjamin Duinatek «mugako lerroari» eskainitako lana. Pirinioetako Nazioarteko Batzordea 1875ean sortu zen, eta mugako erakunde bakarra izan zen Europa osoan (Poumarède, 1988 in Duinat, 2021), aurrekaririk ez zuena, bere izaera iraunkorragatik, Baionan egoitza finkoa izateagatik, eta ordezkari frantses eta espainolen elkartze simetrikoagatik. Ez zen guztiz simetrikoa, administrazio frantziarra askoz ere gehiago inplikatzen zelako, eta espainola axolagabeagoa zelako. Garai hartako joerarekin bat, gobernuaren kezka-iturri nagusia Iratitik eta Aldudetik Bidasoz mendebaldera lekualdatu zen. Karlismoa ere ez zen joko hartatik kanpo, armen kontrabandoarekin, eta gobernu espainiarrak hura galarazteko egiten zuen ahaleginarekin. 1872an karabineroek Saint-Pierre, Gracieuse eta Juan el Cojo ontziak atxilotu izanak Batzorde horren sorrera azkartu zuen. Arazo horiez gain, turismoaren garapenak ere eragina izan zuen; Larrunen trenbide bat egiten hasi ziren 1924an, eta gorabehera batzuk sortu ziren gailurreko lautada zedarritzerakoan. Pierre Loti, egiazko abizena Viaud zuena eta Le Javelot itsasontziko komandantea zena, borrokan aritu zen Bidasoko izokinak arrantzatzea hegoaldekoentzat bakarrik izan ez zedin. Ikusten dugunez, Bidasoa ez da, inondik ere, erreka labur eta lasaia.

Muga ondoko Itsasuren ondoren, Biarritz dago, haren kasua hagitz diferentea dela. Biztanleen kopurua hamar aldiz handiagoa egin zen 1851-1936 urteetan, 2.048tik 22.955ra igaro baitzen. Udal-hauteskundeek agerian jarri zuten Estatu frantsesaren inguruko gai orokorren eta tokian tokiko arazoen arteko interferentzia, 1914aren ondoren, adibidez, erlijioa, eskola, finantzak eta gizarte-gaien inguruan. Udalbatzan bonapartistak nagusitu ziren 1888ra arte, batez ere Lavigerieren lagun Jaulerry alkatearekin. 1888an, berriz, errepublikazaleek irabazi zuten. Gerraren ondoren, Joseph Petit iritsi zen boterera, Cartel des Gauches izeneko ezkerreko koalizioaren aurkaria. 1929an, Hirigoien ezkertiarrak nolabaiteko demokratizazio bati zabaldu zion bidea. 1936an hegoaldetik heldu ziren euskal errefuxiatuen alde atera ziren gutxietakoa izan zen bera.

Turismoak hiria eraldatu zuen; horra nola jaso zituen Pierre Labordek aldi desberdinak: 1. Turismoaren hasiera Berrezarpenaren eta Bigarren Inperioaren babesean. 2. Turismoa finkatzen da XIX. mendearen azken laurdenean eta XX. mendearen hasieran; itsas pasealekua eraldatzen da, bainuetxea eta Bellevue kasinoa eraikitzen dira. 3. Hogeiko hamarkadako urte zoroak, turismo aristokratikoa zela ezaugarri nagusia, bultzada handia emanez ostatu-instalazioei, aisialdiko eta higieneko instalazioei, eta publizitate-politika bizkor bat ezarriz turismoaren alde, higiezinen gaineko eragiketa handiekin batera. 4. 1930eko hamarkadako zailasunak. Iritsi berrien artean errusiarrak nabarmendu behar dira; eliza ortodoxoa eraiki zuten, eta haien artean aipagarriak dira Stravinsky musikaria eta Nabokov, artean umea zela.

Baionako udal-bizitzari dagokionez, Jean-Claude Larrondek, bere azterlan zehatzean, arrazoi osoz baieztatzen du hauteskunde horiek, oroz gain, politikoak izan zirela. Kontserbadoreak eta errepublikazale «oportunistak» izan ziren elkarren aurka, 1884tik 1904ra, eta ondoren errepublikazale «oportunista» eta «erradikalak», 1908tik aitzina. Gertaera nagusiak 1888an izan ziren, Leo Pouzac errepublikazale «oportunista» gailendu zenean, eta 1908an, erradikalen iritsierarekin, Joseph Garatekin, eta haien ondorengo porrotarekin, 1934an, Stavisky auziaren ondoren. Erradikalek udala berreskuratu egin zuten 1935an.

Alkateen hautaketa 1882ko eta 1884ko legeek arautzen zuten. 1879an, Jules Grevy bihurtu zen Frantziako Errepublikako presidente, gehiengo errepublikazalearekin; Baionan ere gailendu ziren, 1880an, Theodore Plantierekin.

Komunitate judua blokean lerrotu zen Errepublikarekin. Espainiatik eta Portugaletik kanporatua 1492 eta 1496an, denbora luzea zeraman errotua ipar Euskal Herrian. 1823an, Saint-Espriteko biztanleen % 23 israeldarrak ziren eta juduak zirela aldarrikatzen zuten. 1845ean erregelamendu bat eman zen neskato juduen lehen hezkuntzarako, Saint-Esprit-lès-Bayonne udalerrian. Saint-Esprit Landetako udalerria zen, Baionari atxikia 1857an. Komunitate hark harreman diferentea zuen erlijioarekin, oro har, eta orobat hezkuntzarekin eta erregimenarekin. Ordezkaritza izaten zuen udal-batzarrean.

1881eko legegintza-hauteskundeetan, errepublikazaleen bultzada berri batek Plantie eraman zuen irabaztera, botoen % 55,3 lortuta, Laborde-Noguez monarkikoaren % 44,7aren aurrean. Beste irabazlea Jules Labat izan zen, Baionako alkate ohia. Senatuko 1882ko hauteskundeetan, departamentuari zegozkion hiru eserlekuak errepublikazaleek bete zituzten. 1884ko maiatzean, hauteskundeetako gai nagusia eskola konfesionalak sekularizatu behar ziren ala ez izan zen; errepublikazaleak zatituta zeuden, sekularizatzea komeni ote zen ala ez, eta hori ezartzeko epeen inguruan; irabazi zuten Jacques Porte hautagaiarekin. Dimisio ugari izan zen eta hauteskunde partzialak egin ziren 1885ean, eta Jacques-Edouard Viard izan zen hautatua. 1885eko apirileko Senatuko hauteskundeetan, Baionako Theodore Plantie hautatu zen senatari, Bourbaki jeneralaren aurretik. Baina 1885eko legegintza-hauteskundeetan, kontserbadoreek departamentuko eserleku guztiak eskuratu zituzten. Errepublikazaleen porrot mingarri horrek oihartzun handia izan zuen. Hala ere, Baionak errepublikazaleen alde eman zuen botoa, eta 1886an, bi kontseilari nagusi errepublikazale bidali zituen departamentura, Ernest Lafont eta Seraphin Haulon, hautetsiak izan baitziren, Jules Labat eta Leon Guichenne garaituta. Udal-hauteskundeetan hiru zerrenda aurkeztu ziren; haietatik, bi errepublikazaleenak ziren, «moderatuena» bata eta «erradikalena» bestea. Leo Pouzac abokatu moderatua izan zen hautatua. Errepublikazalea izanda ere, denbora luze iragan gabe prozesio erlijiosoak berrezarri zituen Baionan. Camille Delvaille doktorea, erlijioz judua, hautatu zenean, hautaketa indargabetu zen, baina berriro ere hautatua izan zen, tartean Semaine de Bayonne aldizkarian haren sinesmen erlijiosoen aurkako prentsa- kanpaina abiarazi bazen ere, hura aurkeztuz «judu laiko eta atzerritar» gisa eta «Estatuaren eta urrezko zekorraren ordezkari» gisa. 1882an Baiona 1 barrutiak ezkerreko hautua egin zuen legegintza-hauteskundeetan, botoen % 52,1 lortuz Haulonen alde, Laborde-Noguezen aurka, eta Plantie erraz atera zen senatari 1890ean. Errepublikazaleek berriro irabazi zituzten legegintza-hauteskundeak 1890ean, Lafontekin. 1892an, kontserbadoreen programaren lehenengo puntuak «lehen hezkuntzako sekularizazio-lege gorrotagarriaren aurka» egitea izaten jarraitzen zuen. Baina errepublikazaleek argiro irabazi zuten Leo Pouzacekin.

1895ean polemika piztu zen zezenketak zirela-eta, departamentuko prefetak debekatu baitzuen ikuskizun mota hori, Baionan programatuta zegoelarik zezenketa bat, Gipuzkoako Luis Mazzantini Egia toreatzailearekin. Prefetaren erabakiarekiko desadostasuna agertzeko, Baionako udalbatza osoak dimisioa eman zuen, eta adierazi zuen zezenketa Donostian antolatuko zutela, Baionan ez bazen. Hauteskunde berriak izan ziren eta zerrenda botoen % 88,8rekin izan zen hautatua, dirudienez, zezenketek batu zituztelako errepublikazaleak eta kontserbadoreak.

Errepublikazaleen nagusitasunak bere horretan jarraitu zuen 1893ko legegintza-hauteskundeetan ere, Lafont atera baitzen hautatua; 1896an, beste errepublikazale batek hartu zion txanda, Jules Legrandek, eta berriro hautatuta atera zen 1898an. 1896ko udal-hauteskundeetan Pouzac izan zen hautatua, bera ere errepublikazalea. 1900ean hauteskundeak egin ziren Dreyfus kasua izan eta berehala. Kontserbadoreen irudiko, kapitain hura ohore gabekoa zen. Hala ere, berriro atera zen Pouzac, eta politikan sartu zen Garat gaztea, abokatua, ibilbide luzea izan zuena 1934ra arte, orduan gainbehera dramatikoa izan baitzuen, Stavisky kasuagatik. Pouzac atera zen hautatua 1904an. 1905eko legegintza-hauteskundeetan Guichenne kontserbadorea izan zen hautatua, eta Hazparneko Harriaga Saint-Martin diputatua ordeztu zuen Baiona 2 barrutian, Baiona 1ean Jules Legrand errepublikazaleak irabazi zuelarik. 1907an, Joseph Garat errepublikazaleak, bere lekua finkatzeko asmoz, kantonamenduko hauteskundeetara aurkeztu zen, Angeluko alkate Nicolas Le Barrillier errepublikazale moderatuaren aurka, baina alkateak irabazi zuen modu argian.

1908ko udal-hauteskundeen aurreko urteetan, Baionan elkarrengana hurbildu ziren  kontserbadoreak eta errepublikazaleak, eta horren ondorioz, Leo Pouzac buru zuen zerrendan, alegia, «errepublikazaleen eta Baionaren interesen zerrendan», bost kontserbadore zeuden, «liberalak» deitzen zirenak. Beste zerrenda bat, «zerrenda errepublikazalea, erradikala eta erradikal-sozialista», oposizioak zuzentzen zuen, Joseph Garat, Etienne Ritou, Pierre Simonet eta Jean-Baptiste Dolhats buru zirela. Hirugarren zerrendak, «zerrenda sozialista», Elosu medikua (bere jarrera inkonformistengatik ezaguna) eta Cabannes zituen barnean. Lehenengo udal-hauteskundeak ziren Eliza eta Estatua banandu ondoren. Hala ere, errepublikazale eta kontserbadoreen artean bat eginda ere, Pozac buru zutela, Baionako alkate azken 20 urteetan, zerrenda horrek hauteskundeak galdu zituen eta «zerrenda errepublikazalea, erradikala eta erradikal-sozialista» gailendu zen Baionan, tarte handi batez irabazi ere. Joseph Garat hautatu zuten alkate. Erradikalek jarraitzen zuten beren eragina finkatzen, ezkerreko hiru senatari zituztela departamentuan 1909an: Catalogne, Faisans eta Forsans. 1910eko legegintzaldian ere erradikalak nagusitu ziren, Joseph Garat eta Etienne Ritourekin, Baiona 1 eta Baiona 2 barrutietan. Kontseilu Nagusiko kide ere hautatu zuten Joseph Garat. 1912an, ez zen batere aldaketa adierazgarririk izan, erradikalez bakarrik osatzen zen Baionako udal-taldean. Garat diputatu hautatu zuten 1914an. Baiona 2 barrutian Guichenne kontserbadoreak irabazi zituen hauteskundeak. Une hartan piztu zen 1914ko gerra.

1914ren ondoren, hurrengo legegintza- eta udal-hauteskundeak 1919aren bukaeran egin ziren. Baiona eta Mauleko barrutietan, Ibarnegarai, Guichenne eta Choribit kontserbadoreek irabazi zuten, tarte handi batez. Joseph Garatek ezin izan zion eutsi Parlamentuan «bleu horizon [zerumuga urdina]» izeneko Ganbera bat ezarri zuen mugimenduari. Udal-hauteskundeetan lau zerrenda aurkeztu ziren, baina Garat ez zegoen bakar batean ere. Etienne Ritou hautatu zen alkate, alegia, Garati aurre egiten zioten errepublikazale moderatuen zerrendan zihoan abokatua.

Baina 1924ko hauteskundeetan, Garatek bere diputatu postua berreskuratu zuen, eta parlamentuan bat egin zuen ‘Cartel des Gauches’ izeneko ezkerreko koalizioak osatutako gehiengoarekin, Bloke Nazionalaren aurka. Berehala, 1925ean, berriz ere Baionako alkate izan zen. Garai onak ziren Garatentzat: diputatu aukeratu zuten 1928an, eta kontseilari nagusia urte berean; ondoren berriz ere alkate, 1929an, berriz diputatua 1932an, eta alkate 1934an. Baina Roca Tarpeya zuen esperoan, Stavisky auziaren leherketarekin. Garat erori zen, Villa Chagrinen kartzelaratu zuten, eta auziak lau hauteskunde partzial eragin zituen Baionan. Azkenean, Garaten alderdi erradikal-sozialistak Baiona galdu zuen errepublikazale moderatu eta zentristen aurka, Lafourcade medikua buru zutela. Hurrengo urtean, 1935ean, Pierre Simonetek hartu zuen Garaten txanda. Simonet izan zen Espainiako 1936ko gerratik iparraldera alde egin zuten errefuxiatuen alde agertu zen politikari gutxietako bat.

Aurkez ditzagun orain zenbait ohar Baionako gizarte, kultura eta kirol bizitzari buruz. Ikusiko dugu nola asmakizun tekniko guztiek publikoa erakartzen zuten, bai zineak —haren lehen irudiak Glazien festan eta ondoren Ferian eman ziren—, bai Baionaren gaineko lehen hegaldiak ere, 1910ean, Chambre d’Amoureko aerodromo txiki batetik abiatutako hegazkin batek egin baitzuen. Kirolei dagokienez, txirrindularitzak arrakasta handia zuen: bazen belodromo txiki bat Baionako gotorlekuko Glazietan, eta txirrindulari bikainak sortu ziren Baionan, lasterketa klasiko handiak irabazi zituztenak (Paris-Roubaix) edo Frantziako Tourra (Paul Maye eta Lapebie anaiak). Maila laikoan ere garatu zen kirola. Rugby klub nagusia Aviron Bayonnais taldea izan zen, Société Nautique elkartearen banaketa batetik sortua. Berehala lortu zuen ospea, bere kolore urdin eta zuriez, Frantziako txapeldun izan baitzen hiru aldiz: 1913, 1934 eta 1943an. 1913ko talde txapelduna gerrak sarraskitu zuen, baina berriz ere txapelduna izan zen 1934an, Biarritz Olimpique taldeari irabazita. Biarritz Olympique ere Frantziako txapelduna izan da bost aldiz. 1935, 1939, 2002, 2005 eta 2006an. Bi taldeen estadioak bost kilometro eskasera daude elkarrengandik. Baionako Kirol Elkarteak ere baionar klase oso bat biltzen zuen. Baina Elizak betiere jarraitzen zuen kirol jardueren gaineko kontrola izaten patronatuetan, gizarte-jarduerako lekuak baitziren, kirolaren, musikaren eta erlijioaren bidez, parrokien eremuan eta hainbat instituziotan, esaterako Chérubinots, Croisés de Saint-André edota Vigilante de Saint-Esprit izeneko erakundeetan, eta inguruko hirietan ere bai, esaterako Biarritzeko Jeanne d’Arc edo Donibane Lohizuneko Arin elkartean. Futbola zen, gimnasiarekin batera, diziplina praktikatuena. Patronatu horien bandek jotzen zuten musikak berriz, festa guztiak alaitzen zituen.

Kulturaren arloan, Baionan 1924an Euskal Museoa sortu zen, inguruan intelektual ugari bilduta. Haien produkzioa poliki-poliki handiagotuz joan zen. Musikari dagokionez, berriz, Ziburun Maurice Ravel handia dugu. Margolaritzaz ari garela, Leon Bonnatekin (haren dohaintzek Museoan haren izena daraman bilduma ederra osatzen dute) «Baionako eskola» bat garatu zen, non batez ere Denis Etxeberri nabarmendu zen. Aipatu beharrak dira, orobat, Georges Bergès, Caro Delvaille eta Gabriel Roby. Azken biak Claude Levi-Straussen osabak ziren, antropologo ospetsuaren amaren bi ahizpekin ezkonduta zeudelako. Haren familia Baionara erretiratu zen 1870en ondoren, Alsazia atzean utzita.

Maila apalago batean, antzerkia oso jarduera ospetsua zen, Carlito Oiartzun antzezleari esker eta, batez ere, Benjamin Gomezi esker. Anitzen ustez, bera da Baionako festen sortzailea, gaur ezagutzen ditugun moduan, behinik behin. Haietan argiro ikusten ahal dugu gizarte-bizitzaren eta aisialdiaren sekularizazio-prozesua. Patroiaren ospakizun erlijiosoa San Leonen ohorez egiten zen. Philippe Steinerrek oso ongi deskribatzen du nola inauguratu ziren «Baionako besta tradizionalak», 1932ko uztailaren 13an. Jai-batzorde laiko bat bazen, 1912an sortua, eta bere jarduera 1925ean berreskuratu zuena. Bestak antolatu ziren, batez ere, Benjamin Gomezen lanari esker. Saint-Espriteko familia judu bateko kidea zen bera, arkitektoa bere anaia bezala, akuarelista eta Baionan ospe handia lortu zuten hainbat antzezlanen egilea. Antzezlan horien izenburuak, behinik behin, Baionako gaskoiez eman zituen: La Meusclagne, Hougna Hougna. Trebezia handia erakutsi zuen, hiriko besten programan bateratu baitzituen euskal kultura (musika barne) eta kultura gaskoia. Kaleko azoka bat ere sortu zuen, eta besta bost egunez luzatzea ere proposatu zuen. Ospakizunak arrastoa utzi zuen Baionan, Sanfermin festek Iruñean bezala.

Zenbait lerro erabiliko ditugu, ondoren, garai hartako historiografia azaltzeko, batik bat gerra aurreko garaiko historiografia. Historiari buruzko hainbat aldizkari, artikulu eta azterlan xehetasunez aztertu ondoren, Manex Goienetxek iradokitzen du 1870etik aitzina Euskal Herrian «historiografiaren eklosio» bat gertatu zela.

Hainbat aldizkari sortu izanak argi erakusten du mugimendu hori. 1841ean Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau aldizkaria sortu zen, baina 1844an ez zen gehiago argitaratzen. Antzeko izeneko beste aldizkari bat sortu zen gerora, Baionan. Revue Aquitaine izeneko argitalpena 1857tik 1869ra arte argitaratu zen, Condomen, Novempopulaniaren erdigunean, eta euskal historiak eta euskarak leku nabarmena izan zezaten saiatu zen, Jean Noulens zuzendariaren bultzadaz. Bulletin du Comité d’Histoire et d’Archéologie argitalpena 1860an agertu zen, Auch hiriko eliz-probintzia osoarentzat, Euskal Herria barne zela; 1864an Revue de Gascogne izena hartu zuen. Baionan 1873an sortu zen Bulletin de la Société des Sciences et Arts de Bayonne izeneko aldizkaria, Baionako haitzuloak ikertzeko elkarte bat sortu ondoren. Revue du Béarn, Navarre et Lannes aldizkaria 1883n sortu zen. Apaizek 1892an sortu zuten Etudes historiques et religieuses du diocèse de Bayonne aldizkaria. Beraz, sei aldizkari horietatik bi Elizaren bultzadaz sortu ziren, eta horrek argi erakusten du Akitaniako eta Euskal Herriko historiografiaren arloa betetzeko Elizak zuen asmoa. Hala ere, aldizkari horietan gutxiago dira historiarekin lotutako artikuluak, hizkuntzarekin lotutakoak baino. Ez da tokiko joera hutsa: Goienetxek dioenez, Bulletin de la Société Anthropologique de Paris aldizkariak ere, data horietan beretan, hamar artikulu argitaratu zituen euskal hizkuntzari buruz, eta 3 euskal historiari buruz. Revue bibliographique de philologie et d’histoire aldizkariak ez zuen batere artikulurik argitaratu… historiari buruz. Goienetxek, parekotasunik eza azaldu nahian, kontzientzia historiko sendo baten falta argudiatzen du. Izan ere, 1870 baino lehen, Euskal Herritik kanpo artikulu garrantzitsuak argitaratzen hasi ziren euskal historiari buruz, esate baterako, Annales archéologiques aldizkarian, Bibliothèque de l’Ecole des Chartes argitalpenean, edo Bulletin des Comités historiques buletinean. Azken honek Genestet de Chayrac baionarraren artikulu bat argitaratu zuen. Monumentu historikoen ikuskatzailea zen bera, eta handik zenbait urtetara Baionako liburuzaina izan zen.

Beraz, lehen aipatu ditugun aldizkariak ez ziren ia sartu ere egin historiografiaren eremuan. Baina 1850etik goiti historia-liburuen ekoizpena handitu egin zen. Chaho, Larran Abadea eta Duvoisin anaiek ilustratu zuten aldiaren ondoren, ikastun berriak agertu ziren, besteak beste, Justin Cenac-Montaut, Francisque-Michel, Alexandre Baudrimont, Adolphe Didron eta Francisque Habasque. 1870etik aitzina historiari buruzko lan bat argitaratzen zen urte bakoitzeko, eta 1891tik aitzina, berriz, historia-lan bat lau urtez behin. Aldizkarietako artikuluen kopuruak, berriz, 1871n urtean hiru izatetik biderkatu ziren, 1891tik aitzina 18 baitziren. Gainera, Baiona, pausuz pausu, historiari buruzko ekoizpenaren erdigune izaten hasi zen, Paue eta Paris atzean utzita. Ekoizpen hori ez zen sortu ex nihilo, alegia, hutsetik, eta garai hartako korronte historiografiko handiek oihartzuna izan zuten Euskal Herrian argitaratutako lanetan. Adibidez, Historiografiako eskola alemaniarrak eragina izan zuen Baudrimontengan, baina Augustin Thierryren ikuspuntuak jasotzen zituen Revue d’Aquitaine aldizkarian ere bai. Lamennaisen eskolak bere lekua zuen Revue de Gascogne aldizkarian. Beste hainbatetan, berriz, bete-betean, Paris hartzen zen eredutzat; adibidez, Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau aldizkarian. Baionako artxibozainek lan handia egin zuten, besteak beste, Jules Balasquek, Eugène Dagerre-Dospitalek eta Èdouard Dulaurensek, historiaren alde Guizot, A. Thierry, Michelet eta Ravignan eta beste hainbat historialarik egindako lanak bilduz. Antoine Abadiaren eragina ageri da, halaber, Pierre Hariztoi, Charles Bernadou, Jean Duvoisin, Jean de Jaurgain eta Henry Poydenotek egindako lanetan. Horien guztien aurrekariak izan ziren literatura, gizarte eta humanitateen arloetan egindako ikasketen garapenak, adibidez, Anton Abadiak sustatutako poesia-lehiaketak, Julien Vinsonek zuzendutako Lore Jokoak, 1888ko arkeologia kongresua eta Gipuzkoarekin nahiz Nafarroarekin egindako trukeak. 1897an Euskal Tradizioari buruzko Kongresua antolatu zuen Donibane Lohizunen Etnografia Nazionalaren eta Herri Artearen Sozietateak. Ez zuen ausardia handirik erakutsi pentsamenduari dagokionez, baina bertan parte hartu zuten J. Jaurgainek, E. Ducerek, P. Hariztoik, Ch. Bernadouk eta G. Berdekok. Azkenik, 1900ean Parisen Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Kongresua bildu zen.

Manex Goienetxek arrazoiz nabarmentzen du azpiegiturek ekoizpen historiografikoaren garapenean izan duten rola. Elizak lagundu zuen, batez ere Larresoroko apaizgaitegiaren bidez. Instituzio publikoetan, Baionako Udala izan zen buru, bere artxiboak sailkatu eta inbentariatu eta udal-liburutegia ireki zuenean, 1851n. Société Philomatique elkartea mezenasgo eginkizunetan aritu zen, Baionako Arnaud Detroyat bankariarekin.

XX. mendearen hasieran, hamar historialari ospetsu hil ziren: Blade, Hariztoi, Bernadou, Intxauspe, Arbelbide, O’Shea, Ducere, Jaurgain, Iturbide eta Labrouche. Aldi horretan Victor Dubarat apaiza nagusitu zen, eta Jean-Felix Larrieu ere bai, 1941ean hil zena.

Historialarien osaera soziologikoa zabaldu egin zen 1870tik aitzina, historialarien taldera bildu baitziren unibertsitarioak, lanbide liberaletako kideak, merkatariak, funtzionarioak, apaizak, militarrak, nobleak edo aristokratak eta bankariak, askotariko motiboak zituztenak (zaletasuna, arma ideologikoak prestatzea, hiriari distira ematea, gizarte edo diplomaziako jardueraren nahitaezko osagarria…), baina berrikuntza, zalantzarik gabe, haietako batzuen profesionalizazioa izan zen, elizjendea izan nahiz zibilak izan. Konfesioak eta iritziak batera agertu ziren, esaterako Henry Leon, Edmond Levy, C. Delvaille, A. Gomez edo Astruc juduekin, edo masoiekin, besteak beste, J. Portes, P. Larribière, G. Silva, P. Guichene, J. B. Moline eta V. Biraben, edo katolikoak, ugarienak, edo monarkikoak, adibidez Antoine Abadia, Pierre Iturbide, Arnaud Detroyat eta Charles Bernadou. Aipagarria da emakume historialaririk ez agertzea.

Manex Goienetxerekin eta Jean-Michel Bedacarraxekin bat eginez, pentsatzen ahal dugu 1870tik aitzina Elizak abiarazia zuela estrategia hitzartu eta antolatu bat, historia arma gisa baliatzeko eremu ideologikoan, batik bat Iraultzaren herentziari aurka egiteko. Eskola historiografiko horrek indarra hartu zuen Pierre Hariztoi eta Victor Dubaratekin. Hariztoiren lan garrantzitsua, Les paroisses du Pays basque pendant la période révolutionnaire, 1895ean argitaratua, eta historiari buruzko beste hainbat lan, Iraultza ezbaian jarri nahi zituzten apaizei eskainitako tresna ideologikoak ziren. Aldi berean, eraso gogor samarra abiarazi zuen Dubaratek, protestantismoaren eta erreformaren aurka, batik bat, erlijio-gerren garaian Orthezen eta Pauen izandako gertakariei buruz. Era horretan lideratu zuen arrazionalismo positibistaren eta Elizaren etsaien (garaikide zituzten Comte, Darwin eta Renan) aurkako borroka, eta halaber, protestanteen aurkakoa. Beste alde batetik, apaizen prestakuntza intelektuala indartu behar zuela ulertu zuen Elizak, eta 1894tik aitzina ikastaroak antolatu zituen «fedearen apologia zientifikoa» lantzeko eta «mugimendu erlijiosoa eta soziala» aztertzeko, Leon XIII.a Aita Santuak 1893ko entziklikan emandako gidalerroei jarraiki. Dubaratek aldarrikatu zuen letretako, zientzietako eta teologiako doktoreak behar zirela apaizen artean. Kontzientea zen borroka latz bati aurre egin beharrean zirela, eta Elizak ezin zuela hezkuntza kaxkarra eskaini, unibertsitate publikoaren aldean. Ondorioz, eta ipar Euskal Herrian unibertsitaterik ez izanik, Elizak indartu egin zuen historiografian zuen lekua. Ikerketa gehienak Frantziako Iraultzan eta Erreforma protestantean zentratzen ziren. Eliza katolikoa protestantismoaren aurkako armez hornitzen zuen beste eremu bat hagiografiarena zen (San Leon eta Santa Engrazia), protestantismoaren ezaugarriak baitziren kultuaren eta santuen komunioaren errefusa, eta hor Dubaratek eginahalak egin zituen Leon Cadier artzain protestanteari aurre egiteko, eta gupidagabe aritu zen haren aurka. Frantziako Iraultzari dagokionez, Hariztoiren lana, maiz, metodo historikotik aldentzen da, Jean Duvoisinek eskura jarri zizkion eskuizkribuak erruz erabili bazituen ere. Goienetxek goitik behera desmuntatzen du Madeleine Larralde delako baten inguruan erabateko asmakizuna, zeinaren arabera Sarako heroina hura gillotinatua izan baitzen 1794an. Iraultzak egindako bidegabekeriak, bereziki Saran egindakoak, ukatzeko asmorik batere gabe, Larralde delako emakumearena «gehiago edo gutxiago, nahita egindako iruzurra da».

Oro har, kontuan izan behar da Elizak 1914 baino lehen ere bazuela intelektual sare bat, garai hartako onentsuenetakoak. Gainerako kategoria profesionalek ekarpen apalagoa egin zuten. Nobleen artean, Jean Jaurgainen helburua zen iragana ezagutzea eta berriro gogora ekartzea, era horretan berreskuratzeko arbasoekiko eta antzinako familia nobleekiko kultua, berrezarpen kulturala lortzeko osagai gisa. Antonio Abadia eta Folin markesa lankidetzan aritu ziren, baina ez zuten lan historikorik egin. Euskal Herria ikertu zuten zientifikoak ere izan ziren, bestek beste, Adolphe Didron, Devron, Achille Luchaire, François Mazure, Georges Desdevizes du Dezert, Francisque-Michel edo Prosper Boissonnade. Liburuzain-artxibozainek egindako lanen artean, aipagarriak dira 1860tik aitzina Balasquek et Dulaurensek prestatutako lan-tresnak. Historialari anitz baionarrak ziren, hirian sortuak edo han bizi zirenak aspaldi, adibidez Dubarat, Ducere, Poydenot, Hariztoi, Leon, Iturbide, Blay de Gaix, Poydenot edo Bernadou, eta maiz, Baionari eta haren sorrerari buruzko monografiak egiten zituzten. Manex Goienetxeren leitmotiv edo ideia nagusietako bat izan da hiriari dagokion guztia beharrezkoa dela kultura edo zibilizazio bat garatzeko: Baionak historiografian duen garrantziak, zalantzarik gabe, arrazoia ematen dio. 

Mugak muga, adibidez, Clioren alorra murrizten duten azterlan filologikoen garrantzia edo genero literario baterantz irrist egiteko historialariak izaten ahal duen tentazioa alde batera utzita, aztertu dugun aldian euskal historiografiak garapen ukaezina izan zuen.

Bibliografia

BACQUÉ, M., Baserritarrak, vivre et travailler dans les campagnes basques au XIXe siècle, Paris: Les Indes Savantes, 2012, 428 or.

BEDACARRAX, J.-M., L’Eglise catholique et la langue basque en France après la loi de Séparation de l’Eglise et de l’Etat (1905-1933), Historiako masterra (zuz. Thomas Hippler), Caen-Normandiako Unibertsitatea, 2018, 108 or.

— «L’enquête diocésaine de Monseigneur Gieure. Une photographie du Pays Basque en 1908», Bulletin du Musée basque, 193 (2020), 51-66. or.

BIDART, P., La singularité basque: généalogie et usages, Paris: PUF, 2001, 367 or.

BIDEGAIN, E., Gerla handiaren lehen hilabeteen tratamenduen konparaketa Eskualduna eta Euskadi aldizkarietan, Master 2 (zuz. X. Videgain), Bordeleko Unibertsitatea 3, 2008, 98 or.

— Lehen mundu gerra «Eskualduna» astekarian, Bilbo: Euskaltzaindia, 2013, 617 or.

BLOCH, M., Les caractères originaux de l’histoire rurale française, Paris: Colin, 1931.

BOCEK-VALYN, E.-M., Pierre Lhande (1877-1957) et le corpus des Radios-sermons aux origines de la radiophonie, (zuz. Pierre-Marie Beaude), Teologiako doktoretza-tesia, Université de Lorraine, 2015.

BOULARD, F., Essor et déclin du clergé français?, Paris: Cerf, 1950.

BRAS, G. Le, Etudes de sociologie religieuse, Paris: PUF, 1955-1956.

BREAL, M., Quelques mots sur l’Instruction publique en France, Paris: Hachette, 1872.

CARRÉ, I., L’Enseignement de la lecture, de l’écriture et de la langue française dans les écoles primaires, «Mémoires et documents scolaires», 2. seriea, 27. zk., 1889.

— «La Basse-Bretagne. Ses habitants, ses moeurs, ses usages, ses écoles», in Annuaire de l’enseignement primaire, Paris: Armand Colin, 1891, 467-499. or.

CARRÈRE-BILLEREAU, D., Les origines familiales et sociales de l’émigration à partir d’un village basque à la fin du XIXè siècle: Macaye, TER zuzendari Michel Papy, UPPA, 1976, 91. or.

CHOLVY, G., «Enseignement religieux et langues maternelles en France au XIXè siècle», Revue des langues romanes, LXII (1976), 27-52. or.

— «Région et clergé catholique au XIXè siècle», in GRAS, Ch. & LIVET, G., Régions et Régionalisme en France du XVIIIè siècle à nos jours, Paris: PUF, 1977.

— Christianisme et société en France au XIXème siècle (1790-1914), Paris: Seuil, Point-Histoire, 2001, 197 or.

CLABE, G., La société agricole dans les Basses-Pyrénées durant la deuxième moitié du XIXe siècle d’après les enquêtes agricoles de l’époque, TER, Université de Pau et des Pays de l’Adour (zuz. Michel Papy), 1981, 75 or.

DASSANCE, L., «Une école d’agriculture en Pays Basque: l’Institut Agricole de Mendionde», BSSLAB, (1950), 1-12. or.

DRUMONT, E., La France Juive: essai d’histoire contemporaine, Paris: C. Marpon & E. Flammarion, 1880.

DUINAT, B., Autour de la «ligne divisoire». L’espace frontalier du Pays Basque à l’âge des Etats-nations (1780-1920), tesia bidean da, (zuz. Patrick Cabanel & Javier Moreno Luzon), tutorekidetza EHESS eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, 2021.

ELIAS, N., La dynamique de l’Occident, Paris: Calmann-Lévy, 1990 [1939].

ERBIN, Ch., La vie municipale à Tardets au XIXème siècle, TER zuzendari Michel Papy, UPPA, 1993, 250 or.

ETCHEMENDY [ETXEMENDI], P., Les paysans d’Espelette (Pays Basque) du XIXè siècle à nos jours, EHESS memoria (zuz. Maurice Godelier), 1881, 302 or.

ETCHEBERRY [ETXEBERRI], L., Chambre des Députés, Débats, 27 janvier 1890, 107 or.

FABAS, Ph. Aspects de la vie religieuse dans le diocèse de Bayonne (1905-1965), tesia historia garaikidean, Bordele III, 1999.

GOYENETCHE [GOIENETXE], J., Les Basques et leur histoire. Mythes et réalités, Donostia-Baiona: Elkar, 1992.

— «Les origines sociales et historiques de l’association Euskaltzaleen Biltzarra», Bulletin du Musée Basque, 135 (1993), 1-68. or.

IHL, O., Le vote, Paris: Montchrestien, 1996.

ITÇAINA [ITZAINA], X., Catholicisme et identités basques en France et en Espagne. La construction religieuse de la référence et de la compétence identitaire (zuz. Jacques Palard), Zientzia Politikoetako doktoretza-tesia, Université Montesquieu Bordeaux, 2002.

— «Le gouvernement local dans une commune basque sous le Second Empire. Présentation du manuscrit Berrouet», Lapurdum, XI (2006), 203-240. or.

JACOB, J. E., «Ethnic Identity and the Crisis of Separation of Church and State: The Case of the Basques of France, 1870-1914», Journal of Church and State, Spring, 1982, 303-320. or

— Hills of Conflict: Basque Nationalism in France, Reno: University of Nevada Press, 1994.

LABORDE, P., Histoire du tourisme sur la Côte basque (1830-1930), Biarritz: Atlantica arg., 2001, 308 or.

LAMBERT, Y., «La tour de Babel des définitions de la religion», Social Compass, 38-1 (1991), 73-85. or.

LARRONDE, J-C., «Un siècle d’élections municipales á Bayonne (1884-1983)», Bulletin de la Société des Lettres et arts de Bayonne, 139 (1983), 153-233. or.; 140 (1984), 271-328. or.; 141 (1985), 313-368. or.

— «Eugène Goyheneche, un militant basque dans les années 30», EINA, XXXVI (1991), 79-160. or.

— Le mouvement eskualerriste (1932-1937): naissance du mouvement nationaliste basque en Iparralde, Bilbo: Sabino Arana fundazioa, 1994.

LEFEBVRE, Th., Les modes de vie dans les Pyrénées atlantiques occidentales, Paris: Armand Colin, 1933, 777 or. + mapak.

LHANDE, P., L’émigration basque. Histoire, économie, psychologie, Paris: Nouvelle librairie nationale, (berrarg. Elkar, 1998), 1910, 297 or.

MACHOT, Ph., Pyrénées Atlantiques: les activités industrielles au cours de la deuxième moitié du XIXè siècle, TER zuzendari Michel Papy, UPPA, 1978, 196 or.

PÉCAUT, F., «L’enseignement élémentaire du français dans le Pays Basque», Revue pédagogique, 12-1 (1888), 42-55. or.

PÉRÈS, H., «Le village dans la nation française sous la IIIe République, une configuration cumulative de l’identité», in Martin, C. D. (zuz.), Cartes d’identité, comment dit-on «nous» en politique?, Paris: Presses de la FNSP, 1994.

PONTET, J. (Zuz.), Histoire de Bayonne, Tolosa: Privat, 2000, 336 or.

— Dictionnaire des monuments aux morts du Pays Basque de la Grande Guerre, Baiona: Koegui, 2016.

POUMARÈDE, J., «Gérer la frontière: la Commission internationale des Pyrénées (1875-1900)» in LAFOURCADE, Maite (zuz.): La frontière des origines à nos jours, Bordele: arg., 1988, 519. or., 401-423. or.

PUEYO, G., «Aperçu de l’évolution de la population urbaine de l’arrondissement de Bayonne de la fin du second Empire à nos jours», BSSLAB, (1981) 499-507. or.

ROUSSEAU-PLOTTO, E., Ravel: portraits basques, Paris: Séguier, 2004, 305 or.

SOUCHON, A., La propriété paysanne en France. Etude d’économie rurale, Paris: L. Lorose, 1899, 257 or.

TAUZIA, P., Aspects du ralliement dans les Basses-Pyrénées (1890-1914), hirugarren zikloko tesia, Bordele, 1975, 530 or.

ZOLA, E., «J’accuse», L’Aurore, 87. zk., 1898ko urtarrilaren 13a.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP