Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERROMATAR BEHE-INPERIOAREN GARAIKO EGILEAK ETA OBRAK

SULPIZIO SEVERO (ca. 363 – V. mendea).

Karguak eta lanbideak

Akitaniar jatorriko legegilea eta erlijiosoa, zenbait obraren egile

Ibilbidea

Sulpizio Severo 363. urtearen inguruan jaio zen, Akitanian, familia aberats batean. Gizarteko goi-mailako taldeen hezkuntza jaso zuen, legegile gisa aritu zen denbora-tarte batez, eta, gaztetatik, harreman estua izan zuen Paulino Nolakoarekin, Paulinoren korrespondentzian ikusten den moduan. Sulpizio gazte gelditu zen alargun, eta 393. eta 397. urteen arteko uneren batean, kristau bihurtzea erabaki zuen, eta aszeten bizimoduari heldu zion: ondasun material guztiei uko egin zien, bizitzeko jabetza bati izan ezik, Tolosa eta Narbonaren arteko lekuren batean. Nolanahi ere, akitaniarra giro kultuetako jendearekin maiz ibiltzen zen, eta gutun bidezko harremana izan zuen bere lagun Paulinorekin. Idatzi zituen lanen artean, San Martin Toursekoaren bizitza dugu — Vita Martini; ospe handia lortu zuen Sulpizioren garaikideen artean—, Dialogi izeneko lan bat, eta Chronica izeneko obra historiko bat. Paulino Nolakoak Sulpiziori idatzitako gutunetatik gurera iritsi den azkena 404. urtekoa da, eta hortik aurrera, ez dugu Akitaniako legegileari buruzko beste albisterik. Beraz, pentsatzekoa da beste urte gutxi batzuk biziko zela.

Sulpizio Severoren kronikak bi zati ditu, eta xi. mendeko eskuizkribu batean iritsi da gurera. Lehenbiziko zatia Itun Zaharraren laburpen bat da, eta bigarrena, berriz, aurrekoa baino luzeagoa da, eta Elizak eratu zenetik 400. urtera arte izandako arazoak azaltzen ditu, arreta hiru ardatz hauetan jarrita: Jerusalemen suntsipena, kristauen aurkako jazarpenak, eta iv. mendeko polemika arrianoa eta priszilianista. Sulpizioren kontakizunean, kontakizuna bere garaira hurbildu ahala, gero eta xehetasun gehiago daude, eta geografia–eremua, berriz, Akitaniako eta Hispaniako eremuetara murriztuz joaten da. Azken etapa horretan, egileak arreta berezia eskaintzen dio mugimendu priszilianistari. Mugimendu hori Ávilako apezpiku Priszilianok iv. mendearen amaieran gidatutako korronte aszetiko bat izan zen, eta, denbora-tarte labur batez, hedapen handia lortu zuen eta Iberiar penintsulako egitura eklesiastikoak kolokan jarri zituen. Laster, heretikotzat jo zituztenez, priszilianistek Hispaniako eta Akitaniako agintari eklesiastikoei aurre egin behar izan zieten, eta agintariak ez ziren duda-mudatan ibili aszeten aurkako neurriak onartzeko. 380an, Priszilianok eta haren jarraitzaile batzuek Erromara joatea erabaki zuten, Damaso I.a aita santuarekin audientzia bat izateko, akusazio horietatik defendatu ahal izateko. Erromarako bidean, priszilianistek Novenpopulania zeharkatzen zuen bidea hartu zuten, eta zenbait jarraitzaile lortu zituzten probintzia horretan, Eauze hirian (Gers) batez ere. Hona hemen hori kontatzen duen jatorrizko pasartea eta euskarazko itzulpena:

Ac tum Instantius, Salvianus et Priscillianus Romam profecti, ut apud Damasum, urbis ea tempestate episcopum, obiecta purgarent. Ped iter eis praeter interiorem Aquitanicam fuit, ubi tum ab imperitis magnifice suscepti sparsere perfidiae semina. maximeque Elusanam plebem, sane tum bonam et religioni studentem, pravis praedicationibus pervertere. a Burdigala per Delfinum repulsi, tamen in agro Euchrotiae aliquantisper morati, infecere nonnullos suis erroribus. Inde iter coeptum ingressi, turpi sane pudibundoque comitatu, cum uxoribus atque alienis etiam feminis, in quis erat Euchrotia ac filia eius Procula, de qua fuit in sermone hominum Priscilliani stupro gravidam partum sibi graminibus abegisse (Chron. 2.48.1-3).

Orduan, Instantzio, Salviano eta Prisziliano Erromarantz abiatu ziren, akusazioetatik defendatzeko hiriko apezpiku Damasoren aurrean. Barrualdeko Akitaniaren ingurutik egin zuten bidea; han, ezjakinek oso ongi hartu zituztenez,  herexiaren hazia zabaltzeko baliatu zuten hori. Batez ere, Eauze herria, ordura arte guztiz zintzoa eta fededuna zena, galbideratu zuten haien prediku ankerrekin. Bordelen, Delfinok haiei aurre egitea lortu zuen, baina, hala ere, denbora-tarte bat luzatu ziren Eukroziaren jabetzako eremuan, eta hango batzuk beren ideia okerrez kutsatu zituzten. Handik, bideari ekin zioten berriz, segizio lotsagarri eta eskandalagarri batekin. Besteak beste, Eukrozia eta bere alaba Prokula zeuden segizio horretan, eta Priszilianok Prokula haurdun utzi zuelako zurrumurrua zegoen, eta Prokulak umea galdu zuela, horretarako belarrak hartuta (Chron. 2.48.1-3).

Bere lanean, Sulpizio Severok dio bere ezagutzak beste iturri batzuk kontsultatuz osatzen dituela. Iturri horien artean, Plinio Zaharraren, Justinoren eta Tazitoren lanak identifika daitezke. Halaber, Sulpizioren estilo arin eta zainduan garai klasikoko erromatar egile nagusien eragina hautematen da: Veleio Paterkulo, Salustio, Tazito, Ovidio eta Virgilio. Laburra dela ikusi dugu, baina hala ere, Chronicak kronika-generorako ezohiko egitura eta planteamendua du, erabat. Nolanahi ere, nabarmendu behar da mugimendu priszilianista aztertzeko dugun iturri nagusietako bat dela. Obra labur honetan, mugimendu horri buruzko aipamenak nabarmentzen dira, eta, ezaugarri hori dela-eta, zenbait historialarik susmatu dute Akitaniako erlijiosoak Priszilianoren ideiak gogoko izan zitzakeela.

Obrak

Larrañaga, K.: Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.

Sulpicio Severo, Obras completas, Madrid: Editorial Tecnos, 1987.

Bibliografia

Arce, J.: El último siglo de la España romana, 284-409, Madrid: Alianza Editorial, 2009.

Fernández Conde, F. J.: Prisciliano y el priscilianismo. Historiografía y realidad, Gijón: Ediciones Trea, 2007.

Sanz Huesma, F. J.; Martínez Maza, C.: «Hispania en el Bajo Imperio» in Díaz Martínez, P. C.; Martínez Maza, C.; Sanz Huesma, F. J. (argk.): Hispania tardoantigua y visigoda, Madrid: Istmo, 2007, 15.-256. or.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Sulpizio Severo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 77-79.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP