Karguak eta lanbideak
Politikaria, abokatua, irakaslea, akademikoa, diputatua eta senataria
Ibilbidea
Luisek guraso izan zituen Francisco Agustin Silvela y Blanco, Valladoliden jaioa, ibilbide juridiko eta politiko zabalekoa, eta Luisa de Le Vielleuzerena, Donostian jaioa. Francisco eta Manuel Silvela y Le Vielleuzeren izan zituen anaia. Isabel del Corralekin ezkondu zen, bai eta sei seme-alaba munduratu ere: Eugenio, Antonio, Agustin, M.ª Eugenia, M.ª Luisa eta M.ª del Pilar.
Madrilen hasi zen ikasten, eta filosofia-gradua egin zuen 1850etik 1856ra bitartean. 1859an, batxilergo-gradua lortu zuen legeetan, administrazio-zuzenbidearen atalean, eta hamazazpi egun geroago lizentziatu zen. 1860an, berriz, legeen batxilergo-gradua eskuratu zuen, arlo zibilean zein kanonikoan, eta lizentziatu-gradua 1862an lortu zuen. 1865ean, «Toroko seigarren legea» izeneko doktorego-tesia defendatu ondoren, zuzenbideko doktoregoa lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Zentralean.
Bere irakasle-ibilbidea Unibertsitate horretan garatu zuen, eta bertako Zuzenbide Fakultatean laguntzaile-lanetan hasi zen, 1863ko ekainaren 27ko Errege Aginduaren bidez. 1865ean doktoratu ondoren, Zigor Zuzenbideko irakasle lanpostua lortu zuen, oposizioa gainditu ondoren. Urte horretan bertan, Unibertsitate Zentraleko katedradun supernumerario izendatu zuten, eta 1866an Zuzenbide Politiko-administratiboko katedradun. 1867an, Merkataritza eta Zigor Zuzenbideko katedradun izendapendun egin zuten. 1899an, bi hamarkada baino gehiago irakasle eman ondoren, erretiroa eskatu zion Erregeari, lanbidean jarduteko ezintasun fisikoa zuelako.
Bizitza akademikoan aritzeaz gain, beste jarduera batzuk ere egin zituen: La España Moderna eta garaiko beste egunkari batzuekin lankidetzan aritu zen. 1862tik 1863ra, abokatu aritu zen ofiziozko txandan. Zuzenbide Fakultatean, idazkaria izan zen, eta auzitegi-praktikaren arduraduna eta azterketen epaimahaiko kidea. Fiskaltzara sartzeko azterketetan, Batzordeko idazkaria izan zen, Madrilgo Unibertsitate Zentraleko aldizkariaren batzordeko kidea, magistratuak eta epaileak kalifikatzeko batzordeko kidea, eta ogasuneko letratu izateko oposizioko epaimahaikidea.
Bere ibilbide politikoan, Alderdi Kontserbadoreko diputatu izan zen hiru legegintzalditan: 1877ko ekainaren 23tik 1881eko ekainaren 25era, eta 1884ko ekainaren 9tik 1886ko martxoaren 8ra: lehen legegintzaldian, Logroñoko Santo Domingo de la Calzada barrutitik, eta hurrengo bietan, Salamancako Ledesmatik. Madrilgo Unibertsitate Zentraletik hautatutako senataria izan zen 1886an, biziarteko senatari 1887ko urriaren 26ko Errege Dekretuaren ondoren eta 1903ra arte. Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademian sartu zen 1894ko apirilaren 8an, eta Francisco Silvela bere anaiarekin lankidetzan aritu zen zigor-kode egitasmo batean, baina ez zuen arrakastarik izan. Kodegintzaren Batzorde Nagusiko partaide izan zen, Grazia eta Justizia Ministerioari botere judiziala antolatzeko legea eta kode penala eraldatzea eta espetxe-sistema ezartzeko oinarriak proposatuko zion Batzordeko kide izan zen, bai eta Errege Osasun Kontseiluko kidea eta espetxea eraldatzeko eta patronatuak ezartzeko batzordeko kidea ere.
Haren obrei dagokienez, La Familia Foral y la Familia Castellana idatzi izana nabarmendu behar da. Txosten hori Madrilgo Jurisprudentzia eta Legegintzaren Akademiak saritu zuen 1862an, eta Segismundo Moret y Prendergastekin batera idatzi zuen. Lan horretan, egileek familiaren gaiari heldu zioten Nafarroako foru-zuzenbidean eta «Probintzia Baskongadoetakoan», baina bai eta Kataluniako eta Aragoiko zuzenbidean ere. Foru-lurraldeei Gaztelako zuzenbidea etengabe inposatu zitzaienez, irmo agertu ziren haren aurka, beren eskubideen defentsan. Horren ondorioz, egileek zuzenbide orokorraren eta foru-zuzenbidearen arteko bizikidetza zaila proposatu zuten eta, Moret eta Silvelaren iritziz, beharrezkoa zen bi antolamenduak elkarrekin egotea, foru-legeria Gaztelako zuzenbidean gorde ez ziren familia-tradizio jakin batzuen berme izan zedin. Beraz, eskatu zuten Gaztelako zuzenbidearen erabateko garaipena ez aldarrikatzeko, baizik eta legeria bakoitzak antolamendu juridikoan bere tokia izatea.
Obrak
MORET Y PRENDERGAST-ekin, S., La familia foral y la familia castellana, Madrid: Imp. de la Viuda e Hijos de José Cuesta, 1863.
El derecho penal estudiado en principios y en la legislación vigente en España, Madrid: Imp. de T. Fortanet, 1874, 2 libk.
Bibliografia
ÁLVAREZ, C., «Silvela y de Le Vielleuze, Luis (1839-1903)», Diccionario de Catedráticos españoles de Derecho (1847-1893), Madrid: Carlos III Unibertsitatea. Online arg.: http://portal.uc3m.es/portal/page/portal/instituto_figuerola/programas/phu/diccionariodecatedraticos/lcatedraticos/silvela (2019ko azaroak 21).
LASSO GAITE, J. F., «Proyecto del Ministro Francisco Silvela (1884)», Crónica de la codificación española. 5 Codificación penal, Madrid: Ministerio de Justicia, Secretaría General Técnica, VI. kapitulua, 1. libk., 1970, 531-547. or.
VELASCO SÁNCHEZ, J. T., «Luis Silvela y de Le Vielleuze», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/24577/luissilvela-y-de-le-vielleuze (2019ko azaroak 21).





