Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

SOLANO Y POLANCO, Jose de (Santander, 1885 – Bilbo, 1941).

Karguak eta lanbideak

Bilboko letratua, Durangoko Lehen Auzialdiko epailea eta Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratua

Ibilbidea

Santanderren jaio zen 1885ean, eta aita Maximo de Solano y Vial eta ama Maria-Antonia Polanco y Bustamante izan zituen, bai eta Ramon, Luis, Vicente eta Antonio neba-arrebak ere. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbideko ikasketak egin zituen, eta abokatu-fiskal lanetan hasi zen auzitegian. Berehala hasi zen Durangon Lehen Auzialdiko epaile-lanetan eta, ondoren, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratu gisa.

Jurisdikzio-lanean buru-belarri aritzearekin batera, Bizkaiko foru-lurraldean indarrean ziren legeak eta ebazten zen jurisprudentzia aztertu zituen, eta bere irizpideen azalpena eman zuen, foru-lege zein -ohitura horien oinarri ziren printzipio eta balioen analisi zehatzaren fruitu. Lege eta ohitura horiek bere esperientzia profesionalarekin erkatu eta bere ebazpen judizialetan islatu zituen.

Jurisdikzio-lan horren eraginez ere bai, doktrina-artikulu ugari argitaratu zituen eta, horietan, lege horien aplikazio praktikoari buruzko iritzia eman zuen, askotan iritzi hori lehenago bere epaietan jaso bazen ere eta, une oro, jarrera irekia eta tolerantea agertu zuen beste egile batzuen desadostasun juridikoekin: «Chalbaud jaunaren iritzia itzal handia du guretzat, foru-arloan benetako prestigioa du, baina halako legelari jakintsuari zor zaion begiruneaz, harengandik ikasi baikenuen zuzenbidea, ezin dugu partekatu… […] Egin bedi, beraz, Foruak esaten duena. Errespeta ditzagun haren manuak, eta ez gaitezen legegile bihurtu, Jado jaunak egin bide asmo duen bezala, nahiz eta zalantzan jarri ez den gaitasun ukaezina duen, El Derecho Civil Vasco lanaren egile prestua izanik» (96-97. or.).

Horixe adierazten da Estudios Jurídicos del Fuero de Bizkaya izeneko funtsezko lanean, 1918an Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratua, Euskal Kultura Batzordeak eta Bilboko Abokatuen Elkargoko dekanoak aldeko txostena eman ondoren.

Hitzaurrea Luis Chalbaud y Errazquin jaunak idatzi zuen, eta nabarmendu zuen «epaile horrek azterlan sosegatuan ematen du auzitegiak kentzen ez dion denbora, eta zintzo egokitu den funtzionarioa da; izan ere, bere eginkizunak foru-eskualde batean betetzen jarri delarik, gogotsu saiatzen da haren legeak arakatzen eta izaera eman zien espiritua inspirazio-iturritzat hartzen, legeok ezagutza eta zehaztasun osoz aplikatzeko».

Liburu horretan xehetasunez jorratzen da foru-legeen aplikazio-eremua, hau da, zein pertsona, gauza eta lurralde dauden Bizkaiko Foruaren mende. Foruko testamentu motak, jaraunslearen izendapena eta seniparteak azaltzen ditu, bai eta beheranzko lerroko ordezkaritza-eskubidearen indarraldia ere, aspalditik Bizkaiko Infantzonatuan ohitura den legez. Era berean, instituzio juridiko bereizgarrienei buruz mintzatzen da, hala nola Bizkaiko tronkalekotasuna eta zein eta noiz diren Infantzonatuan edo Lur Lauan kokatutako onibarrak ondasun tronkal, eta senide tronkalei deitu beharra ere, ondasun tronkal bat saldu aurretik. Azkenik, deskribatzen digu Ondasunen Foru Komunikazioa Bizkaiko ezkontzako araubide ekonomiko berezia dela. 

Bestalde, 1928an, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Gobernu Batzordeak izendatu Legelarien Batzordeko kide izan zen. Batzorde horrek Kode Zibilaren Eranskin Proiektuari buruzko Txostena ondu zuen, Carlos de la Plaza y Salazarrek idatzia 1899- 1900ean, Bizkaiko Probintziako Aldundiak berariaz eskatuta. Txostenak Bizkaian eta Araban aplikatu beharreko xedapenak jaso zituen. Batzorde horren buru Placido Careaga zebilen, eta tokiko abokatu ospetsuekin egin zituen azterketak eta eztabaidak. Txostena 1928ko azaroan onartu zuen Elkargoko Batzorde Nagusiak, baina proiektua eta txostena ez ziren inoiz lege bihurtu, urte haietako kinka politiko nahasi eta aldakorraren ondorioz.


Obrak

Francisco de Solano Ortiz. Su vida y sus obras, Santander, 1909.

Estudios Jurídicos del Fuero de Bizkaya, Bilbo: Imp. de la Casa de la Misericordia, 1918. Berrarg.: Bilbo: Academia Vasca de Derecho/Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2005.

«El derecho de representación en el Fuero de Vizcaya ante el Tribunal Supremo», Revista de Derecho Privado, 7 (1920), 82-85. or.

Tribunales para niños y comentarios a la legislación española, Madrid: Ed. Reus, 1920.

Apuntes genealógicos sobre el apellido De Solano, Bilbo: Imp. de la Casa de la Misericordia, 1925.

Bibliografia

DE PABLO, S. et al., Historia del Ilustre Colegio de Abogados del Señorío de Vizcaya (1838-1992), Bilbo: Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsua, 1992, 215-219. or.

ITURRIAK

Informe sobre el Proyecto de Apéndice al Código civil que comprende las disposiciones aplicables en Vizcaya y en Álava, Bilbo: Casa Dochao, 1929. 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP