Ibilbidea
Bisigodoek gero eta interes handiagoa izan zuten Hispaniarekiko v. mendean zehar. 418. urtean, erromatar agintariek baimena eman zieten Aquitania Secunda probintzian herri federatu gisa kokatzeko, eta, hortik aurrera, bisigodoak Hispaniako lurraldean gero eta gehiago esku hartzen hasi ziren. Hasieran, Erromaren esanetara jardun zuten, eta 417.-418. urte aldera, alanoak eta bandalo silingoak suntsitu zituzten, eta geroago egindako kanpaina batzuetan, Ebro ibaiaren haraneko bagauden matxinadak zapaldu, eta sueboak Iberiar penintsulako ipar-mendebaldean zokoratu zituzten. Godoek Hispaniaren gainean zuten kontrol faktikoa gero eta handiagoa zen, eta 472.-473. urteetan, Mendebaldeko Erromatar Inperioaren ezintasun militarra aprobetxatuta, Tarraconensis probintzia okupatu zuten, indarrez, bertako aristokraziaren erresistentzia-ahaleginak erraz zapalduta. Mendebaldeko Erromatar Inperioa (pars occidentalis) amaitzean, bisigodoek kontrolpean zituzten Akitania osoa, Novenpopulania, Loira ibairaino eta Provenzaraino heltzen ziren lurralde–eremu handiak, eta Hispania gehiena, honako hauek kenduta: Gallaeciako erresuma sueboa, Balear uharteak (bandaloen erresumakoak ziren), eta tokiko agintarien esku zeuden Penintsulako beste eskualde batzuk.
Frankoen konfederazioak iparraldetik eragindako presio gero eta handiagoaren ondorioz, Vouilléko Gudua gertatu zen 507. urtean. Gudu horretan, bisigodoen errege Alariko II.a hil zen eta bisigodoek porrot handia jasan zuten Klovis I.a erregearen frankoen aurrean. Porrot militarraren ostean, frankoek Akitaniatik bidali zituztenez, bisigodoek Hispaniara joan behar izan zuten arrapaladan. Italiako erresuma ostrogodoaren laguntzaz, frankoen erasoaldia geldiaraztea lortu zuten, eta Hispaniako lurraldeei eta Narbonensis probintziaren mendebaldeari (Septimania) eustea lortu zuten. Amalariko errege bisigodoa eta haren erresuma Teodoriko I.a errege ostrogodoaren tutoretzapean geratu ziren 526. urtera arte, baina Teodoriko hiltzean, Amalariko ostrogodoen tutoretzapetik askatu zen, eta bere erresumaren gobernuaz arduratu zen 531. urtera arte. Urte horretan erail zuten. Ez zuen ondorengorik izan, eta errege horrekin amaitu zen baltingoen dinastia. Ezegonkortasun politikoa areagotu egin zen, frankoen etengabeko erasoaldiek eta ondorengotza-lerro egonkorra ez egoteak aristokraten arteko borrokak eta gerra zibilak eragiten baitzituzten. Horrelakoak gertatutako bakoitzean, indartsuena zela erakusten zuenak lortzen zuen errege izatea, eta Toledo erresumaren erdigune bihurtu zen. Bitartean, Mediterraneoan, Ekialdeko Erromatar Inperioa (Bizantzio) iraganean Erromarenak izandako lurraldeak berreskuratzeko ahaleginean ari zen. 534. urtean, Inperioko armadek Afrikako erresuma bandaloa konkistatzea lortu zuten, Balear uharteak eta Ceuta barne, eta mende horren erdialdean, bisigodoen alderdi batek gerra zibiletako batean egindako laguntza-eskaera baliatuta, bizantziarrek Hispaniako hegoaldeko eta hego-ekialdeko kostaldeko lur-zerrenda bat bereganatu zuten, eta Spania izeneko probintzia sortu zuten, hiriburua Kartagena zela.
Bisigodoen arteko gerra zibilek eta errege-hilketek Leovigildo erregeak 568. urtean tronua eskuratu arte jarraitu zuten. Leovigildo Iberiar penintsula osoa bere agintepean batzen saiatu zen, zenbait kanpaina militarren bidez. 585. urtean, Gallaeciako erresuma sueboa konkistatu zuen, eta de facto independenteak ziren beste eskualde batzuk bereganatu zituen, hala nola Cantabria eta Kordoba hiria. Halaber, bere armadak gidatu zituen, bizantziarren eta baskoien aurka egiteko, eta zenbait lurralde kendu zizkien. Horrela, erregeak armada sendotu zuen eta erresumako administrazio- eta zerga-sarea berrantolatu zuen, baina, arrianoa zenez, ezin zituen Eliza Katolikoarekiko harremanak normalizatu. Leovigildok, monarkia sendotzeari esker, bere seme Rekaredo tronura elkartu ahal izan zuen, eta Rekaredo izan zen errege Leovigildo hiltzean. Erlijio-arazoa konpondu zuen, katolizismora bihurtuta (589), aita santuarekiko harremanak hobetzea lortu, eta godoen eta hispaniar-erromatarren arteko batasun-prozesua sustatu zuen. Horrela, bere aitak erresuman hasitako erreforma-prozesua osatu zuen, baina Rekaredoren seme Liuva II.a (601-603) ez zen gai izan erresumaren egonkortasun politikoari eusteko, eta tronuagatiko jauregi-konspirazioak eta gerra zibilak piztu ziren berriz. Hala ere, bisigodoek beren ahalmen belikoari eutsi zioten, beren mugak babestu zituzten, eta, 624. urtean, bizantziarrak Iberiar penintsulatik botaa zituzten. Baskoien lurraldea kontrolatzeko eta baskoien erasoaldiak geldiarazteko ahaleginean, godoek arrakasta izan zuten zenbait aldiz, baina garaipen horiek ez zuten eragin iraunkorra izan; izan ere, baskoiek beren erasoaldiak egiten jarraitu zuten, eta beren indar militarraren ekarpena egin zuten Toledoko erresuman hain ohikoak ziren matxinada eta gerra zibiletan.
Mendearen erdialderako, erresumako zerga-sistema zaharkituta zegoen eta ez zen eraginkorra, eta gizarteak akidura-sintomak erakusten zituen. Txindasvinto (642-653) eta Rezesvinto (653-672) erregeek zenbait neurri jarri zituzten martxan, politika- eta ekonomia-gabeziak konpontzeko; hain zuzen ere, estatuko administrazioa militarizatu eta sinplifikatu zuten, eta zerga-presioa arindu. Hala ere, egindako egiturazko aldaketek aukera eman zuten probintzietan boterea noble gutxi batzuen eskuetan kontzentratzeko, eta, horrela, matxinaden eta gerra zibilen ohiko eredua aldatu egin zen. Baskoien eta Septimaniako eta Tarraconensis probintziako aristokraziaren baterako matxinada zapaldu ondoren, Rezesvintoren ondorengo Wamba erregea (672-680), bakea bermatzeko, monarkia sendotzen saiatu zen, nobleen boterea txikiagotuta eta Elizaren gainean kontrol handiagoa izanda. Hori egitean, ordea, aristokraziaren zati handi bat erregearen kontra jarri zen, eta 680. urtean, Wamba konspirazio baten biktima izan zen: ilea larru-arras moztu zioten eta monasterio batean sartu zuten.
Wambak egin nahi izan zituen aldaketak izan ziren, hain zuzen ere, anbizio handiko aristokraten arteko areriotasun odoltsua geldiarazteko moduko monarkia sendoa sortzeko azken ahaleginak. Wambaren erregealdiaren amaiera erresuma bisigodoaren gainbehera politiko eta finantzarioaren hasiera izan zen. Musulmanak Penintsulan lehorreratu zirenean (711), gerra zibila zegoen erresuman, bi erregegairen artean: Agila II.ak Septimania eta Tarraconensis probintzia kontrolpean zituen, eta Rodrigo, berriz, nagusi zen gainerako lurraldeetan. Musulmanek, Agilaren aldekoek deituta, Gibraltar itsasartea zeharkatu zuten, Rodrigo Iruñea inguruan baskoien aurka borrokan zela. Handik gutxira, Islamaren jarraitzaileek Rodrigo eta haren armada garaitu zituzten Guadaleteko Guduan, eta hurrengo urteetan, erresuma bisigodo osoa bereganatu zuten, eta aro berri bat hasi zen Iberiar penintsularen historian.
Esparru intelektualean eta erlijiosoan, erresuma bisigodoak erromatarren aroaren eta errenazimentu karolingioaren arteko zubi-lana egin zuen, Mendebaldean ez baitzen beste inon izan hain lotura estua Elizaren eta monarkiaren artean. vi. eta vii. mendeen artean, Hispania bisigodoa Mendebalde osoko kultura klasikoaren gune nagusi bihurtu zen. Oso eruditu garrantzitsu batzuk nabarmendu ziren, hala nola Isidoro Sevillakoa, Braulio Zaragozakoa eta Julian Toledokoa. Haien lanak kristandade osoan hedatu ziren. Literatura-lan horietan, baskoiei ematen zaien trataera iturri merovingioetan ematen zaien trataeraren antzekoa da. Erresuma bisigodoko egileek baskoien errealitatetik urruti dagoen esparru geografiko eta kultural batetik idazten dute, eta «baskoiak» eta «Baskonia» terminoak berreskuratu zituzten, literatura greko-erromatarretik hartuta, beste errealitate historiko batera aplikatzeko, baina badirudi idazle horiek ere ez direla gai errealitate hori guztiz ulertzeko.
Baskoiak menderatu beharreko biztanleria-multzotzat hartzen dira, bai kokapen estrategikoa dutelako, Mendebaldeko Pirinioetako bi aldeetan heda-tzen den lurraldean, bai mehatxu militarra direlako, godoen lurraldean egiten dituzten razziengatik, bai eta, batez ere, Toledoko erresumako gerra zibiletan eta matxinadetan parte hartzeko joera dutelako ere. Batzuetan erresuma bisigodoaren barruko herri matxinatu gisa ageri badira ere, beste batzuetan, gentes externaetzat tratatzen dituzte, eta, beti, ordura arteko literaturak barbaroak adierazteko erabiltzen zituen kalifikatiboak aplikatzen zaizkie baskoiei (menditarrak, ibiltariak, paganoak, basatiak…). Halaber, egile bakoitzak baskoien irudia egokitu egiten du bere obrara eta interesetara; beraz, egile horiek ematen duten informazioa nolabaiteko zuhurtziaz erabili behar da.
Bibliografia
Arce, J.: Esperando a los árabes. Los visigodos en Hispania (507-711), Madrid: Marcial Pons, 2011.
Collins, R.: La España visigoda, 409-711, Barcelona: Crítica, 2005.
Díaz Martínez, P. C.: «La Hispania visigoda» in Díaz Martínez, P. C.; Martínez Maza, C.; Sanz Huesma, F. J.: Hispania tardoantigua y visigoda, Col. Historia de España V, Madrid: Istmo, 2007, 259.-611. or.
García Moreno, L. A.: Historia de España visigoda, Madrid: Cátedra, 1989.
Sanz Serrano, R.: Historia de los Godos. Una epopeya histórica de Escandinavia a Toledo, Madrid: La esfera de los libros, 2009.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 107-109.





