Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERROMATAR EPIGRAFIA

SARRERA

Ibilbidea

Inskripzioak antzinatearen ezagutzarako funtsezko iturrietako bat dira; -zehazki, antzinateko kulturetako historiari, zuzenbideari eta erakundeei buruz jakiteko. Antzinaroko Baskoniari dagokionez —hau da, Pliniok eta Ptolomeok baskoitzat identifikatutako hirien lurraldea—, bi inskripzio-mota ditugu: batetik, idazketa paleohispanikoko inskripzio gutxi batzuk, eta, bestetik, latindar alfabetoan eta -hizkuntzan idatzitako inskripzioen korpus ugari samarra. Inskripzio -latindarrak zenbait funtzio betetzeko ziren (hileta-epigrafeak, ohorezkoak, erlijiokoak, juridikoak) eta, besteak beste, txanponetan eta zeramika-lanetan aurkitu dira.

1. Inskripzio paleohispanikoak

Dirudienez, K.a. ii. mendearen erdialde inguruan iritsia zen jada idazketa Antzinaroko Baskoniara. Data hori bat dator signario paleohispanikoan idatzita aurkitu diren inskripzio zaharrenekin. Nolanahi ere, inskripzio horiek urriak dira, eta interpretazio-arazo ugari sortzen dituzte.

Garai horretakoa da, adibidez, Andelosen aurkitutako inskripzio handi bat, opus signinumean idatzia. Testu hau du: likine abuloŕaune ekien bilbiliaŕs. Inskripzio horretan erabilitako signarioa, dirudienez, zeltiberiar signarioaren egokitzapena da, baina hizkuntza ez da inola ere zeltiberiera, ezta iberiera ere. Agian, aitzineuskara izan daiteke.

Zertxobait geroagokoak dira iturrietan baskoitzat aipatzen diren hiri -batzuetan —hala nola kalakorikos, kaiskata, sekia, iaka— eta baskoitzat hartzen den lurraldean —ba(r)skunes, bentian, benkota, tirsos, arsaos, arsakos, olkairun, umanbaate, sesars— egindako txanpon batzuk. Txanpon horiek erakusten dute lurraldean hirigintza garatua zegoela, botere-egiturak konplexuak zirela, eta ekonomia-jarduera nahiko handia zegoela.

2. Inskripzio latindarrak

Latindar idazketa erromatarrak lehen aldiz iristean sartuko zen lurraldean, baina gorde diren adibide zaharrenen artean, gutxi dira Errepublikaren garaikoak; esate baterako, Calahorran aurkitutako katapulta-jaurtigaietan egindako inskripzioak (Sertorioren Gerrarekin dute lotura) eta Iruñea inguruan aurkitutako habaila-jaurtigai batzuk.

Bestalde, lurraldeko korpus epigrafiko gehiena Inperioaren garaikoa da. Badirudi hiri batzuetan epigrafia publikoa nabarmen garatu zela: Los Bañales udalerrian (Zaragozako probintzia) kokatutako izen ezezaguneko hirian, tokiko eliteek omenaldi publikoak egin zizkioten enperadorearen familiako zenbait kideri, eta, aldi berean, hiriko foroan beren irudikapenak egitea ere sustatu zuten. Era berean, Calahorran, hiriko foroaren eta antzokiaren inguruko inskripzio publikoen aztarnak iritsi dira gurera.

Bereziki garrantzitsuak dira Erdialdeko Nafarroako botozko inskripzioak, ez soilik oso ugariak direlako, baizik eta kultu indigenek luzaroan iraun zutela dokumentatzeko ere balio dutelako. Inskripzio horietan dokumentatutako teonimo gehienak baskoiak direla interpretatu daiteke; esaterako, Urde, Selaitse, Lacubegi, Loxa, Errensa, Larrahe, Itsacurrinne. Esanahiari dagokionez, pentsa daiteke batzuk jainko-jainkosa zoomorfikoak direla (Urde, Lacubegi, Itsacurrinne), eta, beste batzuk, berriz, jainko-jainkosa telurikoak (Selaitse edo Larrahe).

Hileta-inskripzioetan, sarritan ageri dira baskoi erroak dituzten pertsona-izenak. Alde horretatik, adibide nabarmenena Lergako estela da. Izen hauek aipatzen dira hor: Umme, Sahar, Narhunges, Abisunhar. Bestalde, beste inskripzio batzuetan ageri diren antroponimoak ere, hala nola Urchatetel, Abisunsonis, Beltesonis eta Serhuhoris, baskoi onomastikakoak dira segur aski.

Ez daude inskripzio juridiko asko, baina daudenak oso interesgarriak dira lurraldeko bizitza publikoari eta bertako komunitateen arteko gatazkei buruzko zenbait alderdi berregiteko (ikusi sarrera hauek: Ascoliko brontzea, Tabula Contrebiensis, Agóneko brontzea, Kaio Mokonio Veroren inskripzioa eta Arreko taulak).

Oro har Inperio guztiko erromatar epigrafiarekin gertatzen den moduan, baskoien lurraldeko inskripzioen kopuru handiena i. eta ii. mendekoa da, baina iii. mendean nabarmen egiten du behera. iv. mendean, inskripzio batzuetan, kristautasunaren aztarnak ikus daitezke; esate baterako, Rustikolaren hileta-epigrafean (Eslaba, Nafarroa).

Bibliografia

Abascal, J. M.: «Escritura, hábito epigráfico y territorio en la Navarra romana» in VIII Congreso General de Historia de Navarra. Príncipe de Viana, 261 (2015), 41.-69. or.

Castillo, C.; Gómez-Pantoja, J.; Mauleón, M.ª D.: Inscripciones romanas del Museo de Navarra, Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia, 1981.

Gorrochategui, J.; Ramírez Sádaba, J. L.: «La religión de los vascones: una mirada comparativa. Concomitancias y diferencias con la de sus vecinos» in Cuadernos de Arqueología Universidad de Navarra, 21 (2013), 113.-149. or.

Velaza, J.: «Crónica de epigrafía romana de Navarra» in Mito y realidad en la historia de Navarra, Iruñea: Sociedad de Estudios Históricos de Navarra, 1998, 203.-214. or.

— «Crónica de epigrafía romana de Navarra II» in Andreu Pintado, J. (arg.): Navarra en la Antigüedad. Propuesta de Actualización, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2006, 49.-65. or.

— «Crónica de epigrafía antigua de Navarra III» in Actas del VII Congreso General de Historia de Navarra, Príncipe de Viana, 253, Iruñea 2011, 169.-176. or.

— «Crónica de epigrafía antigua de Navarra IV» in VIII Congreso General de Historia de Navarra, Príncipe de Viana, 261 (2015), 385.-396. or.

— «Epigrafía y “literacy” paleohispánica en territorio vascón: notas para un balance provisional» in Acta Palaeohispanica IX. Actas del Coloquio sobre lenguas y culturas paleohispánicas, Zaragoza: Institución Fernando el Católico, 2009, 611.-622. or.

Aipamen bibliografikoa

Velaza, J., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 99-101.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP