Ibilbidea
xvi. mendearen lehen erdialdean, ondo kudeatutako Frantziako Erresuma aberatsa errespetu handia sortzen zuen boterea izan zen, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren eta Espainiako monarkiaren artean kokatua, baina, Frantzisko I.aren erreinalditik aurrera, erreforma protestanteak eragin handia izan zuen erresuman, kalbinismoak batez ere. Indar handiz hedatu zen Frantzian, Nafarroa Behereko Erresuman ere.
Mendearen bigarren erdialdean, Frantziako monarkak ahulak izan ziren. Erlijio-gerrek erresuma odolustu zuten. Higanotek, Colignyko almirantea buru zutela, Guiseko dukeak gidatutako Ligan bildutako katolikoen aurka egin zuten. Gerra zibil horretan, Wassyko (1562) eta San Bartolomeko (1572) sarraskiak gertatu ziren. Hiru Henrikeen arteko gerraren ondorioz, Henrike III.a Nafarroakoak, artean protestantea zenak, lortu zuen tronua (1589), eta Henrike IV.a Frantziakoa bihurtu zen. Katolizismora bihurtu zen 1593an, eta tolerantzia erlijiosoko haren politikak —Nanteseko ediktuan gauzatu zuen— bake eta ekonomia-oparotasuneko aldi berri bat ekarri zion Frantziari. 1610ean erail zuten, eta bere seme Luis XIII.ak (1610-1643) eskuratu zituen Frantziako eta Nafarroako tronuak. Haren erregealdiko gertaera nabarmenena Hogeita Hamar Urteko Gerra izan zen (1618-1648), Westfaliako Bakearen bidez amaitu zena.
Luis XIV.a Frantziakoaren eta Nafarroakoaren erreinaldia (1643-1715) absolutismoaren goren adierazlea izan zen. Erreinaldiaren lehen etapan, honako arazoak izan zituen: krisi ekonomiko larri bat, parlamentuaren desafioak, -herri-matxinadak eta Espainiaren aurkako beste gerra bat. Gerra hori, Pirinioetako Bakearen bitartez (1659) amaitu zen, eta hortik aurrera, Frantziaren boterea sendotu zen Europaren zati handi baten gainean. Espainiako Ondorengotza Gerraren ondorioz (1701-1713), Frantziako izangai Filipe V.ak garaitu zuenez, Frantziako Erresumaren boterea are gehiago sendotu zen.
Frantziako 1788ko ekonomia-, politika- eta gizarte-krisiak 1789ko Iraultza eragin zuen. Iraultza horren ondorioz, Antzinako Erregimena eta Frantziako eta Nafarroako erresumak amaitu ziren, eta Errepublika aldarrikatu zen.
Antzinako Erregimeneko Frantzia boteretsua kultura-arlo guztietan nabarmendu zen; historiografian ere bai, noski. Aipatzekoak dira monarkiarekin lotutako historialariak; batez ere, erregeek Frantziako Erresumaren historia, idazteko izendatu zituztenak. Batzuetan, Nafarroaren historia ere idatzi zuten, bai eta erresuma horren konkistaren zilegitasunik eza aldarrikatu ere. Dirudienez, Frantziako kronikagintza ofiziala xv. mendearen bigarren erdialdean hasi zen. Hortik aurrera, zenbait errege-historialari izan ziren Frantzian, eta, horietatik, honako hauek nabarmendu ziren Nafarroako historiari dagokionez: Gabriel Chappuys —erregearen historialaria zen 1596an— eta Jean-Daniel Schoepfil —Frantziako historialaria zen 1740an—. Horrez gain, Pierre Olhagarayk ere idatzi zuen gai horri buruz. Baliteke Nafarroa Beherekoa izatea, eta erregearen historialari izendatu zuten 1605ean.
Bibliografia
Bély, L.: La France moderne: 1498-1789, Paris: Presses Universitaires de France, 1994.
De Viguerie, J.: Histoire et dictionnaire du temps des Lumières, Paris: Robert Laffont, 1995.
Fossier, F.: «A propos du titre d’historiographe sous l’Ancien Régime» in Revue d’histoire moderne et contemporaine, 32 (1985), 361.-417. or.
Grell, Ch.: «Les historiographes en France xvie–xviiie siècles» in Grell, Ch. (zuz.): Les historiographes en Europe de la fin du Moyen Âge à la Révolution, Paris: Presses de l’université Paris-Sorbonne, 2006.
Ranum, O.: Artisans of Glory. Writers and Historical Thought in Seventeenth-Century France, Chapel Hill: The University of North Carolina Press, 1980.
Aipamen bibliografikoa
Álvarez Berastegi, A., “Sarrera“, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 705-706.





