Ibilbidea
Zuberoa entitate geografiko aski zehatza da, alegia, Ühaitza ibaiaren ibarra, eta politika aldetik ere egitura homogeneo bat osatu izan du, Zuberoko bizkonderria. Bizkondeek beti mantendu zituzten lankidetzazko harremanak Pirinioez bestaldeko monarkekin, esaterako Ebro ibarraren errekonkistaren kanpainetan. Beste auzokide batzuekiko harremanak, berriz, adibidez Akize eta Biarnoko bizkondeekikoak, ez ziren beti izaten adiskide-artekoak, eta batzuetan Nafarroako errege-erreginen bitartekaritza eskatu behar izan zuten liskar horiek baretu ahal izateko. Gaskoinia ingelesaren parte izan zen, Nafarroa Garaiaren eta Biarnoko bizkonderri ahaltsuaren artean estu hartuta. Harrigarria da egiaztatzea Zuberoak beti zalantza izan zuela, aukera bat zela Nafarroako Koroaren babesa atxikitzea, francaje izeneko babes-zerga bat ordainduta, edo Ingalaterrako erregearekiko fideltasunari eustea, behin eta berriz adierazi bezala. Zuberoko leinu batzuek —Maule eta Domintxaine— ohikoa zuten Koroari armez zerbitzatzea, trukean errenta oparoak lortuz Nafarroan. Baina zerbitzua emanagatik ere, eta errege-erreginekiko fideltasunaren zina eginagatik ere, Zuberoako lurrak ez ziren erresumaren menpeko izan, Akitania ingelesaren barnean egon baitziren Ehun Urteetako Gerraren amaiera arte.
Frantzia eta Espainiaren arteko gerraren garaian ez zen borrokaldi handirik izan Zuberoan. Borroka gogor bakarra Gaston IV.a Biarnokoak Frantziako erregearen izenean Maule hartu zuenekoa (1451) izan zen, horren trukean bereganatu zuela antzinako bizkonderriaren gobernua (1453). Zilegi da esatea gatazka haren amaierarekin hasi zela Zuberoan Aro Modernoa. Akitania berreskuratu zuen unetik, erresumaren arauekin bat zetozen legeak idazteko prozesu bati ekin zion Frantziako Koroak. Asmoa Karlos VII.ak sinatutako Errege Aginduak berretsi zuen (1454), eta Juan Ibarrolari eman zitzaion legedi hori idazteko enkargua. Les Fors et Coutumes de Soule izeneko lana izan zen emaitza, eta 1520an onartu zen.
Bizkonderriaren agintaritza Mauleko gazteluzainak zuen. 1510 arte Foix-Grailly familiak betetzen zuen kargua, urte hartan Zuberoa Frantziako koroan integratu baitzen erabat. Integrazioaren erabakia Luis XII.ak hartu zuen, beharbada ikusi zuelako Narbonako jaun Joan Foixek ezbaian jarri nahi zuela, Frantzian indarra zuen lege salikoa argudiatuta, Katalinak Nafarroako tronua eta Biarnoko bizkonderria bereganatzeko zuen zilegitasuna; gainera, une horretan ezkondu ziren Germana Foixekoa eta Fernando Katolikoa (1506). Frantziako erregeak muga babestuta eduki nahi zuen arrotzen erasoetatik.
Zuberoako Estatuak sortu ziren, Cour d’ordre edo Ordena Gortea izenpean eta bi biltzarrez osatuak. Ez ziren Nafarroako Estatu Orokorretan bezalakoak, han ez baitzen nobleziaren araberako bereizketarik egiten. Hemen bi entitate bereizi ziren, eskumen desberdinak emanez: Gorputz Handia (Grand Corp) goi-mailako nobleziako eta elizako ordezkariez osatua, urtean behin biltzen zen, eta haren ardura zen fors et coutumes haiek ongi aplikatzen zirela begiratzea, merkatuko tasak, pisuen egiaztapena eta, oroz gain, urteko zergaren ordainketa erregearen intendenteari. Beste organoa, Zuberoan aspaldi sustraitua zena, Silviet izenekoa zen; hiribildu eta parrokietako ordezkariak biltzen zituen, zazpi dégairies eta hiru messageries izeneko ataletan egituratuta zegoen, eta eguneroko gauzak tratatzen zituzten: bazkalekuen eskubideak, oihan eta azienden ustiapena, uraren, bideen nahiz zubien baliamendua, hau da, gehienbat nekazari eta abeltzainez osatutako gizarte batekin lotutako gaiak. Aziendak Pirinioez alde batetik bestera ibiltzea historiaurretik zetorren gaia zen, aztarna megalitiko ugariek iradokitzen dutenaren arabera, eta horren ondorioa da, ziurrenik, Hegoaldeko Nafarroan Sola abizena hain ugaria izatea.
Erlijio Gerrek eragin handia izan zuten Zuberoan eta Nafarroa Beherean. Joana III.a Nafarroakoak doktrina kalbinista bere egin zuelarik, Oloroeko gotzainak eta haren kapitulua Maulen babestu ziren eta bertan zabaldu zuten elizbarrutiaren dependentzia bat. Populazioan haustura izan zen, eta liskar odoltsuak izan ziren, alde batetik zirela goi-mailako funtzionarioak eta errito protestantearen alde egin zuten familia burgesak, eta haien aurrez aurre nobleziako leinu handiak, besteak beste, Domintxaine, Atharratze eta haien aliatu Luxa leinuak, Liga Katolikoa sortu zutenak. Albret etxearen jabegoen artean hertsirik, 1568-1570 aldian tropa biarnotarren inbasioak pairatu zituen Zuberoak, eta borrokaldi lazgarriak izan ziren lurralde osoan. Beharbada kanpainarik azpimarragarriena Juan Beltzuntze kalbinista eta Mauleko gazteluzainak aurrera eraman zuena izan zen, Zuberoa suntsitu batzuen (1587).
Frantzia eta Nafarroako koroak biltzeko ediktuaren ondoren (1620), Nafarroako Parlamentua sortu zen Pauen, eta Biarnoko Kontseilu subiranoa eta Nafarroako kantzelaritza (Donapaleu) bertan behera geratu ziren. Auzitegi berriaren eskumena zen bearnesak, baxenabartarrak eta zuberotarrak epaitzea. Handik aitzina, haien auziak Bordeleko Parlamentuan ez baina Pauekoan ebatziko zituzten, frantsesez. Handik mende batera indargabetu zen Silviet izeneko herri-biltzarra, eta haren ordez biltzar bakar bat eratu zen, gainerako lurraldeetako Estatu Orokorretan bezala (1730).
Zuberotarren aipamena eta haien nafartasunaren defentsa jaso ziren Mariana Austriakoak, xvii. mendearen erdialdera (1669), aldarrikatu zuen errege-zedulan, beharbada aintzat hartu zituelako Zuberoko leinu handiek Nafarroako Koroarekiko izan zituzten harreman estuak, bazkalekuak erabiltzeko hitzartutako mugaz gaindiko itunak, doktrina kalbinistaren aurkako aliantza erlijiosoak eta, azkenik, erakunde judizialen erabilera partekatua, alegia, beharbada horien guztien eraginaren ondorioz.
Bibliografia
Goyhenetxe, E., Historia de Iparralde, Donostia: Txertoa, 1991.
— Histoire général du Pays Basque,2.Évolution politique et institutionnelle du xvie au xviiie siècle, Baiona: Elkar, 1999.
Lafourcade, M., «Les assemblées provinciales du Pays Basque Française sous l’Ancien Régime», in Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, Riev, 48. libk., 2. zk. (2003), 589.-619. or.
Veyrin, Ph., Les Basques de Labourd, de Soule et de Basse Navarre, leur histoire et leur traditions, Grenoble: Arthaud, 1975.
Zink, A., Pays ou circonscriptions. Les collectivités territoriales de la France du Sud-Ouest sous l’Ancien Régime, Paris: Publications de la Sorbonne, 2000.
Aipamen bibliografikoa
Herreros Lopetegui, S., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 605-607.





