Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARABAKO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Modernitate aroko mendeetan, Araban sortutako edo arabar jatorriko egileek literatura juridiko, politiko eta historikoaren arloan idatzitako lanak —edo, hobeto esanda, iritsi zaizkigunak— inguruko lurraldeetakoen aldean oso ugariak ez badira ere, ez da erraza izan lan horien gainean historialariek eta juristek erakutsi duten interesaren agerpen egoki bat osatzea. Lan horiek, 1600etik aurrera, argi erakusten dute errealitate historiko desberdinak bizi izan zituztela lurralde horretako herritarrek. Behe Erdi Arotik, Gaztelako atea zabaltzen zizkien portu kantabriarretatik iristen ziren salgai, pertsona nahiz ideiei, eta lurraldearen kokapen estrategiko horren ondorioz sortu ziren harreman ekonomiko biziek lotura trinkoak eragin zituzten, itsasertzeko herriekin ez ezik, barnealdekoekin ere. Guregana iritsi diren datuen arabera, Erdi Arotik jadanik, Bizkaitik nahiz Gipuzkoatik etorritako familiak lekutzen ziren Arabako herri eta hirietan —Agurain eta Gasteizen, besteak beste—, eta haien bidez iristen ziren herrialde honetara historialari arabar urriek utzitako testuetan ageri diren kultur osagaiak eta kezka historikoak.

Bandoen arteko liskarrak eta ika-mikak ugari izanik, Probintziako nahiz hiribilduetako botereek Ordenantzen Koadernoa (1463) erredaktatu zuten. Hau da, laster topatzen dugu estatutu arauemaile bat, ia osorik iraun zuena, aldaketa gutxi batzuk sartuta, modernitate aroko mendeen amaiera arte. Esate baterako, Gortera bidalitako ordezkariaren figurak 1463ko liburu horretan agertzen den arautegi berarekin iraungo du 1700eko koadernoen edizioetan. Probintziaren eta Gortearen errealitate historikoek aldaketa nabarmenak izan zituzten hurrengo mendeetan, baina, itxura denez, arauei zegokienez, aldaketa handirik ez zen behar.

Arabako herritarrak boterearen inguruan oparoen agertzen zaizkigun garaiak, ziurrenik, xv. eta xvi. mendeak izan ziren. Errege-erregina Katolikoen eta Karlos I.aren agintaldietan arabar asko aritu ziren haien administrazioetan lanean (idazkariak, diruzainak, kontulariak, letraduak, enbaxadoreak). Herrialdearen eta zenbait leinuren fideltasunak argi islatu ziren, gizon eta ahalegin asko eskaini baitzituzten, bai Nafarroako erresumaren konkistarako, 1512an, eta bai Aguraingo kondearen oldarraldiaren aurkako ekintzan, komunitateen garai gatazkatsuetan. Monarkia hispanikoarekiko hurbiltasuna xv. mendearen hasierako hamarkadetan finkatu zen. Ordutik aurrera, areagotu egin zen arabar nobleziako semeen presentzia Karlos I.aren Inperioaren goi-karguetan.

Arabar nobleziako familia batzuek leku erosoa aurkitu zuten Karlos I.aren eta Europako beste monarka batzuen zerbitzura. Martin Salinas Errege-erregina Katolikoen paje izan zen, leku hori lortzeko Habsburgo etxearentzat zerbitzu diplomatikoen eginkizunetan hartu zuen heziketa kortesanoa erabilita. Haren lehengusu Juan Alonso Gamiz ere, garai horretan antzeko zereginetan ibili zen. Filipe II.aren erregealdian sartuta, Frances Alava Beaumont haren enbaxadore eta artilleriako kapitain jenerala izan zen. Beste adibide adierazgarri bat izango litzateke Larreako dorreko jauna, Juan Perez de Lazarraga (1548-1605). Arabar nobleziako familia zahar batean jaio zen, eta Probintziako ardura politikoko karguetan hainbat urtez jardun ondoren, Gortearen gogoko kultur jarduerekin lotuta agertzen da. Errealitate hori eskuizkribu batean islatu zen (2004an aurkitu zena), eta hor agertzen dira errenazimentu garaiko mentalitatea eta gustuak, antzinako arabar noblezia txiki eta liskarzale haren iruditik urrun. Hori bai, euskara da agertzen den hizkuntza nagusia, dirudienez, artean ere bizi-bizi zegoelako Arabako lurralde eta hirietan, xv. mendearen amaieran.

Alfonso Rodrigez de Gebara idazlea, esaterako, arabar askok Gaztelako unibertsitateetan ikasi eta probintziako mundu txiki eta estutik urrun bizitzeko zuten gogoaren erakusgarria da. Modernitatearen hasierako bi mende horietako egile gehienen lanak iritsi bazaizkigu, ondorengo mendeetako historialariek hartutako erreferentzien bidez izan da, ez beste bide batetik. Haien kezka nagusia kontakizun genealogikoak egitea izaten zen, eta asmoa, batez ere, arbasoen laudorioak agertzea, seme-alaba berriak Monarkia Hispanikoan ahalik eta erosoen kokatu beharrez.

Tubalismoaren edo kantabrismoaren defentsa, —garai hartako testuinguru historikoan, historialari gipuzkoarren lanetan txertatzen zena, adibidez Zaldibia batxillerraren eta Esteban Garibairen lanetan— Diego de Salvatierraren figura ezezagunarengan gauzatzen da. Gasteiztar hori hiriburuko nahiz Arabako kargu politiko nagusiak betetzera iritsi zen, eta 1585ean Gobierno y República de Vitoria eskuizkribua idatzi zuen. Testu hau ere galdu zen, beste asko bezala, eta ondorengo mendeetako egileen aipamenengatik soilik ezagutzen dugu. Egile horrek berak Zaldibiak 1564an idatzitako Suma de las cosas Cantábricas y Guipuzcoanas eskuizkribua handitu egin zuen. Kantabrismoa nobleziaren inguruko teoria edo ideologia izan zen, xviii. mendearen erdialdera arte arrakastatsua izan zena. Ideia horren justifikazioa Martin Alonso Sarriaren eskuizkribu galduan (Teatro Cantábrico), berriz agertzen bada ere, ideologia horren produkturik garatuena xvii. mendearen erdi aldera erredaktatu zen. Frantziarekiko gerraren garaian, Kantabriako Kontseiluaren egoitza Gasteizen jarri zen, eta testuinguru horretan (1638-1643), Filipe IV.ak herrialdeari gerra-zerbitzuak eskatzen zizkionez, hari erantzuteko eta probintziaren posizio historikoa justifikatu beharrez, testu bat prestatzeko asmoa sortu zen. Arabako legegizon eta probintziaren aholkulari Juan Arkaia Maturanak erredaktatu zuen testua, behin ere inprimatu ez bazen ere. Bilduma bat zen testua, eta landu zituen gai nagusiak, Arabaren subiranotasuna, 1332ko bategite-ituna, eta kantabrismoa, besteak beste.

xviii. mendean dinastia berri bat iristeak, Arabako probintziaren eta Gasteizko hiriaren osagai diferentziala piztu zuen. Haien kokapena estrategikoa izanik, lehen esan dugun bezala, xv. mendetik aurrera, Gaztelako Koroaren aduana-postuak, (itsasoko hamarrenak eta lehorreko portuak) Araban ezartzen ziren. Gasteiz eta Agurain —Bizkaiko Urduña eta Balmasedako postuekin batera— salgai, pertsona eta ideien joan-etorria kontrolatzeko talaia bihurtu nahi izan zituzten. Bidaiari atzerritarren kontakizunen arabera, lurralde emankorra, nekazariek ongi landutakoa zen Araba, eta hiriburua, Gasteiz, haien beharrak asetzeko modukoa. Haietako askok mugazainen berri ere ematen dute, eta haiengandik jasan behar izan zituzten gehiegikerien berri ere bai.

Aduana-sistema hori, Kantabriako Barrutia izenez ere ezagutzen zena, idazpen-erregistratzaileen eskuetan egon zen aurreko mende ia osoan. Borboiko etxekoak iritsi zirenean, ordea, aspaldiko mesedeak berreskuratzeko politika abiarazi zuten, eta errenta hori Koroaren eskuetan geratu zen. Mugaren zuzendaritza eta kudeaketa, xviii. mende osoan zehar, Arabako merkatari eta nobleen eskuetan egon zen. Aduana-sistemak —buru exekutiboa eta administratzailea Gasteizen zegoela— dinastia berriaren Estatu eta Despatxu idazkariekiko eztabaidak eragin zituen. Aduanak 1717an kostaldera eramateko saio zapuztuak eragindako erresuminak mende osoan zehar iraun zuen. Era berean, Koroaren zerbitzariek etengabe susmoa zuten, arabarrek, zuzen nahiz zeharka, —hala herritarrek nola autoritateek— legez kanpoko jarduera horretan esku hartzen zutela, eta mende osoan zehar harreman tenkatuak izan ziren arabarren eta dinastia berriaren artean. Arma-zerbitzuen eta diru-laguntza gehiagoren eskaerak ere funtsezko osagaiak izan ziren, Borboiko etxearen administrazio berriarekiko harremanen testuinguruan.

Joaquin Jose Landazuriren lanaren zabaltasuna eta oparotasuna ezin hobeto txertatzen dira xviii. mendearen bigarren erdialdean bizi izan zen giro ernegatu horretan. Landazuriren Historia del ilustre País Bascongado lana zentsuratu izanak ere argi erakusten duenez, monarkiatik aparatu oso bat antolatu zen, Karlos III.ak aurrera eraman nahi zituen planteamendu politikoak kolokan jartzen zituzten ahotsak isilarazteko. Artxiboak erabilita ere, eta metodologia bat jarraituta ere, Landazurik ezin izan zion aurre egin Madrildik defendatzen zen doktrinari. Landazurik eta Prestamerok ere, nork bere ikuspegitik bada ere, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen helburuetara hurbiltzen ziren gazte arabar askorengan antzematen zen profil arrazional eta berritzailea azpimarratzen dute. Bitartean, beste arabar batzuek, esaterako Eugenio Llaguno Amirolak, printzipio horiek berak defendatzen zituzten Madrilgo Gortearen inguruetatik. Eta defendatzaile horiek ez ziren jadanik xvi. mendean Arabako agertoki politikoa menperatu zuten Erdi Aroko leinuetako seme-alabak. Oraingo hauek jatorri apalagokoak ziren, eta haietako batzuk, xvii. eta xviii. mendeetan Arabatik kanpo, Gaztelan, edo Habsburgo nahiz Borboien dinastietako monarken menpeko gainerako lurraldeetan zehar ibili izandako familien seme-alabak ziren.

Bibliografia

Angulo Morales, A., Las puertas de la vida y la muerte: la administración aduanera en las provincias vascas (1690-1780), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1995.

— «Un crisol de miradas sobre Álava. De los ojos de los viajeros al discurso de las autoridades, siglo xvii», in La Historia de Álava a través de sus personajes, Gasteiz: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2003, 63.-92. or.

Ayerbe Iribar, M.ª R., «Las Juntas Vascas en el entramado institucional de la Monarquía Hispánica», in Baró Pazos, J. (arg.), Repensando la articulación institucional de los territorios sin representación en las cortes del Antiguo Régimen en la Monarquía Hispánica, Madrid: Marcial Pons, 2018, 121.-170. or.

Bilbao Bilbao, L. M., «La economía de la provincia de Álava en la etapa foral (1458-1876)», in Arabako Batzar Nagusietako Aktak, V. Liburukia, 1556-1565, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1995, XVII-CLXI. or.

Ortiz de Urbina, C., La génesis de la identidad histórica alavesa, Gasteiz: Círculo Vitoriano, 2007.

Porres Marijuán, M.ª R., «De la Hermandad a la Provincia (siglos xvi–xviii)», in Rivera, A. (zuz.), Historia de Álava, Donostia: Nerea, 2003, 185.-306. or.

— Sazón de manjares y desazón de contribuyentes. La sal en la Corona de Castilla en tiempos de los Austrias, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2004.

Vidal-Abarca, J., «Historia de los caminos de Álava», in Arabako Batzar Nagusietako Aktak,  VI. Liburukia, 1566-1574, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1995, III.-XCVII. or.

Aipamen bibliografikoa

Angulo Morales, A., “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, 409-412.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP