Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GAZTELA ETA LEONGO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Fernando III.aren erregealdian (1217-1252, Gaztelako erregea, eta 1230-1252, Leongo erregea ere bai), kronikagintza asturleondarraren aspaldiko tradizio zaharra berreskuratu zuten; xi. eta xii. mendeetako azken fasean balio handiko kronikak utzi zituen tradizio horrek, hala nola Sampirorena, Siloskoa edo Silense deritzona eta Alfontso VII.arena. xiii. mendean errege-erreginek idatzita utzi nahi izan zuten beren historia, memoria apologetikoa, eta horretarako entzute handiko pertsonak izan zituzten lagun; besteak beste, Lucas de Tuy, Leongo San Isidoro kolegiatako kalonjea, Chronicon Mundi lanaren egilea (1236. urtean amaitu zuen lan hori, kronika kristau klasikoen erara), eta Rodrigo Ximenez Radakoa, Toledoko artzapezpikua, De rebus Hispanie lanaren egilea (1243 eta 1246 artean idatzi zuen, Fernando III.aren memoria betikotzeko). Latinezko bi kronika horiek oinarri ezinbestekoa izan ziren Alfontso X.a Jakitunarenerregealdian (1252-1284) gertatu zen zabalpen historiografiko izugarrirako. Aldi hartan, erregeak berak zuzendutako historia orokor bat baino gehiago ondu zituzten hainbat egilek. Une horretatik aurrera, gainera, gaztelaniaz ekoitzi zituzten lan historiografikoak. Bibliaren jatorritik abiatzen ziren historia haiek, eta, gutxi-gehiago aro garaikidean amaitu. Garai hartan sortutako lanetako bat Grande e general estoria izan zen: uholde handitik hasi eta Alfontso X.aren erregealdira bitarteko aldia jaso zuen lan horrek, eta inperioko tronurako haren hautagaitza bermatu nahi izan zuen. Estoria de Espanna lanak, berriz, urruneko antzinarotik Gaztelako errege-erreginen garaira bitarteko historia jaso zuen eta xehetasunez deskribatu, Nafarroako, Aragoiko eta Portugalgo erresumei buruzko datuak emanez, gainera. Hala, genero historiografiko berri bat joan zen finkatzen: kronologikoki antolatutako errege-kronika. Erregealdi bateko gertakari garrantzitsuenak azpimarratzen zituen genero horrek, eta lehen lan haiek Alfontso X.a inperioko tronuaren jarraitzailetzat aurkeztu zuten.

Hamarkada batzuen buruan, Alfontso X.aren bideari jarraitu zioten gero hainbat egilek, eta xiv. mendearen lehen erdialdean, Alfontso XI,aren garaian zehazki, beste hiru kronika idatzi zituzten (Tres crónicas), errege Jakitunaren lana osatuz: Alfontso X.ari, Antso IV.ari eta Fernando IV.ari buruzko kronikak, hain zuzen. Ondoren etorri ziren egile-kronikak. Fernán Sánchez de Valladolid, Gran crónica de Alfonso XIlanaren egilea, erregea eta monarkia goresten ahalegindu zen, estilo berri bati hasiera emanez. Estilo horri jarraitu zion gero Pedro Lopez de Aiala arabarrak, eta Henrike III.aren garaian, Petri I.aren, Henrike II.aren eta Joan I.aren kronikak idatzi zituen. Arabarraren obra interesgarria da batez ere Petri I.aren eta Henrike Trastamarakoaren arteko gatazka ulertzeko. Aialak Trastamarakoaren aldeko jarrera hartu zuen. Alonso de Palenciak, berriz, Henrike IV.aren erregealdiaren berri eman zuen, baina, kasu honetan, erregearen irudi txarra eta haren aurkakoa erakutsi zuen; izan ere, monarkaren aurkako nobleen fakzioarekin bat egin zuen inolako zalantzarik izan gabe. Errege-erregina Katolikoen garaian, zenbait egilek berrikusi egin zuten Behe Erdi Aroko kronikagintza; halaxe egin zuten, adibidez, Diego de Valerak (Alonso de Palenciaren jarraitzaile eta Isabel Katolikoaren aldeko sutsuak) edota Fernando del Pulgarrek.

Bibliografia

Catalán, D., De Alfonso X al conde de Barcelos. Cuatro estudios sobre el nacimiento de la historiografía romance en Castilla y Portugal, Madrid: Gredos, 1962.

— De la silva textual al taller historiográfico alfonsí, Códices, crónicas, versiones y cuadernos de trabajo, Madrid: Fundación Ramón Menéndez Pidal, Universidad Autónoma de Madrid, 1997.

Fernández-Ordóñez, I. (arg.), Alfonso X el Sabio y las crónicas de España, Valladolid: Universidad de Valladolid, 2000.

Fernández-Ordóñez, I., «De la historiografía fernandina a la alfonsí», Alcanate, 3 (2002-2003), 93.-133. or.

Munita Loinaz, J. A., «Fuentes cronísticas para el estudio del País Vasco en la Edad Media», in Barruso Barés, P., eta Lema Pueyo, J. A., Historia del País Vasco. Edad Media (siglos v-xv), Donostia: Hiria, 2004, 51.-110. or.

Salvador Miguel, N., eta Moya García, C. (koord.), La literatura en la época de los Reyes Católicos, Madrid: Iberoamericana, 2008.

Aipamen bibliografikoa

Lizarraga Rada, M., “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 2305-306.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP