Karguak eta lanbideak
Elizaren aita eta doktorea, santua eta lan ugariren egilea
Ibilbidea
Eusebio Sofronio Jeronimo 340. urtearen inguruan jaio zen, Estridoneko (Dalmazia) familia dirudun batean. Erroman jaso zuen hezkuntza, eta 366. urtean, kristau bihurtu zen eta funtzionario-ibilbidea hasi zuen Inperioko mendebaldean (pars occidentalis). Aszetismoak erakarrita, 372. urtean, bere familiarekin hautsi, eta Ekialdera joan zen. Han, bere erlijio-prestakuntza jarraitu zuen eta greziera ikasi zuen. Damaso aita santuaren idazkari pertsonala izan zen aldi labur batez, eta, horren ondoren, 383. urtetik aurrera eta hil arte, Betleemeko monasterio batean bizi zen, erudizioari eta aszetismoari emanda. Bere bizitzaren azken aldi horretan idatzi zituen Jeronimok bere lan gehienak, korrespondentzia ugaria barne. 419. edo 420. urtean hil zen.
De viris illustribus lanean (135 egile kristauren biografia laburrak biltzen dituen literatura-lana), atal bat eskaintzen dio Valeriano delako bati, Calagurriseko (Calahorra, Errioxa) apezpikua izandakoari, bai eta hiri bereko Prudentzio poetari ere (De vir. Illustr. 136-137). Baina gutun-bilduman daude mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuari buruzko aipamen gehien. Gutunetako batean (Epist. 123), tonu apokaliptikoa erabiliz, v. mendearen hasierako migrazio barbaroek Mendebaldean eragindako hondamendiez kexatzen da, eta Galiako probintziak, Novenpopulania barne, arpilatu eta suntsitu zituzten zenbait herri barbaro aipatzen ditu. Nolanahi ere, Adversus Vigilantium epistolan eta Vigilantius delako bat aipatzen dituen besteetan ematen du lurraldeari buruzko informazio berria. Vigilantzio presbiteroa zen Galiako Calagorrisen (gaur egungo Saint-Martory, Garona Garaia), Convenae civitasekoa (Saint-Bertrand-de-Comminges, Garona Garaia), eta 396. urtea baino zertxobait lehenago bisita egin zion Jeronimori Betleemen, Paulino Nolakoaren beraren gutun bat eskura emateko aitzakiaz (Hier. Epist. 58.11; 61.3). Palestinan elkarrekin denbora-tarte bat eman ondoren, bi erlijiosoak haserretu egin ziren, aszetak presbiteroari leporatzen baitzion uzkur zela martirien erlikiak gurtzeko (Hier. Epist. 61. 1-6; 109). Ordutik aurrera, 404. urtera arte, Jeronimok Vigilantzioren kontra egin zuen bere idazkietan, eta etengabe deskalifikatu eta gaitzetsi zuen. Hala, idazki batean, aipatzen du Convenae, Vigilantiusen sorlekua, hasieran, Pirinio mendietatik jaitsitako latrones batzuek jendeztatu zutela, Ponpeio Handiak Hispania mendean hartu ondoren (Sertorioren Gerrari buruz ari da) leku horretan bildutakoak. Jeronimok dio latrones horiek Vectones (Vascones, ikertzaile batzuen interpretazioaren arabera), Arevaci eta Celtiberi herritakoak zirela eta gehiegikeriak —latrocinetur—egiten zituztela Elizaren aurka (Hier. Adv. Vigilantium, 4).
Jeronimok Convenaeren sorrerari buruz emandako azalpena (Ponpeio Handiak sortu zuela, alegia, Sertorioren jarraitzaile ohiekin), tentu handiz interpretatu behar da, ez baitago informazio hori berresteko iturririk, eta gertaerak Jeronimoren idazkia baino bost mende lehenagokoak dira. Halaber, ez dugu ahaztu behar Jeronimoren helburua, pasarte hori idaztean, Vigilantzio gaitzestea dela, hura jaio zen civitasa barregarri utzita. Isidoro Sevillakoak Jeronimoren lana ezagutzen zuen, eta informazio bera ematen du Convenaecivitasen sorrerari buruz, baina zeltiberiar etnonimoak erabili ordez, baskoiak aipatzen ditu, bere idazkiaren irakurleetara egokitzeko ahaleginean (Etym. 9.108).
Jeronimoren obrek hedapen handia izan zuten haren garaikideen artean. Hurrengo mendeetan, Erdi Aroko liburutegietan obra gehien zituen egilea izan zen, San Agustinekin batera.
Obrak
. Larrañaga, K.: Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta Agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.
Ruiz Bueno, D.: Cartas de San Jerónimo. Edición Bilingüe, bi liburuki, Madrid: Biblioteca de Autores Cristianos, 1962.
Bibliografia
Amela, L.: «Las ciudades fundadas por Pompeyo Magno en Occidente: Pompaelo, Lugdunum Convenarum y Gerunda» in Polis, 12 (2000), 7.-42. or.
Castellanos, S.: «Vigilancio y el culto a los santos y sus reliquias en el occidente tardoantiguo» in Studia historica. Historia antigua, 13-14 (1995-1996), 405.-420. or.
Dupré, N.: «Les Calagurris de Gaule et d’Hispanie. À propos de Saint-Martory (Haute Garonne) et Calahorra (La Rioja)» inKalakorikos, 3 (1998), 19.-28. or.
Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 261.-290. or.
Pina, F.: «Deportaciones como castigo e instrumento de colonización durante la República romana. El caso de Hispania» in Marco, F.; Pina, F.; Remesal, J. (argk.): Vivir en tierra extraña: emigración e integración cultural en el mundo antiguo, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2004, 211.-246. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “San Jerónimo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 65-66.





