Karguak eta lanbideak
Testua gaztelaniaz
Obispo de Astorga y cronista.
Ibilbidea
x. mendearen azken herenean jaio zen, agian Sorribas herrian, Bierzo eskualdean (León). Agirietan 992. urtean ageri da lehen aldiz, hurbileko Carracedo herriko monasterioaren sorrera-aktan (Bermudo II.ak fundatu zuen). Aktan jasotzen denez, Sampirok lursail bat zuen, subiranoak herrian zeukan beste batekin mugan. Sampirok Sahaguneko monasterioan jaso zuen heziketa, bibliako latina eta patristika ikasi zuen, eta, ondoren, Crónica lanera eraman zituen ezaguera horiek. Bermudo II.aren erregealdian (982-999) borrero eta notario karguak bete zituen, eta Alfontso V.arekin (999-1027), notario eta jauregiko maiordomo karguak. Bi errege horiek hiribilduak eta jabetzak eman zizkioten, «agertutako portaera leialagatik». Notario kargua 1023an utzi zuen, Antso III.a Gartzez Nagusiak Leongo eta Astorgako lurrak bereganatu zituenean. Iruñeko erregeak, ordea, onartu egin zuen Sampiro Astorgako gotzain izendatzea (1034). Handik urte batzuetara (1040) Fernando I.ak kendu zuen kargu horretatik.
Alfontso V.aren erregealdiaren lehen urtetan idatzi zuen Crónica, gotzain izan aurretik, eta Asturias eta Leongo erregealdien historia jaso zuen idatzian, Alfontso III.aren garaitik Bermudo II.aren garaira. Kronika horretan, badira zenbait zehaztugabetasun, baina hala ere garai haren berri jakiteko lanik garrantzitsuena da. CrónicaSilense lanean, xii. mendean egin zen kopiaren bidez gorde da Crónica-ren testua. Bada gerozko bertsio bat, nabarmen tartekatua, Pelaio Oviedokoaren corpus historikokoa, hain zuzen. Sampiroren Crónica lanak hedapen historiografiko zabala izan zuen, Prudencio Sandovalek Iruñean inprimatutako edizioa argitara eman zuenetik (1634).
Sampiroren obrak, batez ere Asturias eta Leongo erresumen bilakaera historikoa jasotzen du, baina badira kronikan Baskoniari buruzko erreferentzia interesgarriak, bereziki Alfontso III.aren erregealdiari buruzkoak. Hala, Iruñeko erresuma Leongoaren laguna zela azaltzen du. Alfontso III.ak hamalau urte zituela Oviedoko tronua eskuratu zuenekoa (866. urtea) kontatzen du, eta ondoren Fruelak usurpatu ziola tronua, eta errege kargugabetuak ihes egin behar izan zuela arabarren artean babesteko. Geroago, arabarrak berak, Eilon kondeak gidaturik, Alfontso III.aren aurka matxinatu ziren. Eilon preso eraman zuten Oviedora, eta han hil zen giltzapean. Azkenik, aipatzen du errege horrek aliantza egin zuela «Galia osoarekin eta Iruñearekin», Ximenarekin ezkonduta. Zehazten du, gainera, Ximena leinu noblekoa zela, Karlos frankoen erregearen senide. Albiste hori nahasia da, eta argitu nahirik, Angel Martin Duquek iradoki zuen Ximena gaskoia edo iruindarra izango zela jatorriz. Printzesaren izenak, nolanahi ere, bigarrena adieraziko luke. Antso I.a Gartzezi buruz dio Ordoño II. errege leondarraren aliatua zela, eta Mitonia eta Valdejunquerako borrokak aipatzen ditu, baita Iruñeko erregeak Errioxako Naiara eta Viguera konkistatu zituela ere. Orobat, Gartzea I.a Sanoitz Iruñeko erregea eta Teresa Leongo eta Nafarroako erregina aipatzen ditu, azken hori Iruñeko Antso erregearen alaba.
Obrak
Crónica. Argitalpenak: Sandoval, P. de (arg.), [Cinco obispos] Historias de Idacio Obispo… de Isidoro Obispo de Badajoz… de Sebastiano Obispo de Salamanca… de Sampiro Obispo de Astorga… de Pelagio Obispo de Oviedo: nunca hasta agora impressas, con otras notas tocantes a estas historias y Reyes dellas, Iruñea: Nicolás de Assiayn, 1634.
Huici Miranda, A., Las crónicas latinas de la Reconquista: estudios prácticos de latín medieval, Valencia: Establecimiento Tipográfico Hijos de F. Vives Mora, 1913, 280.-305. or.
Pérez de Urbel, J. (arg.), Sampiro, su Crónica y la monarquía leonesa, Madrid: Diana Artes Gráficas, 1950.
Bibliografia
Martín Duque, A. J., «Del espejo ajeno a la memoria propia», in Martín Duque, A. J. (zuz.), Signos de identidad histórica para Navarra, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1. libk., 1996, 21.-50. or.
Monsalvo Antón, J. M.ª, «La imagen de las ciudades y regiones altomedievales de León y de Castilla en las crónicas generales (de Sampiro a la Estoria de España)», in Studia historica, Historia medieval, 28 (2010), 83.-123. or.
Pérez de Urbel, J., Sampiro, su Crónica y la monarquía leonesa, Madrid: Diana Artes Gráficas, 1950.
Quintana Prieto, A., El obispado de Astorga en el siglo xi, Astorga: Archivo Diocesano, 1977, 57.-160. or.
— «Sampiro, Alón y Arnaldo, tres obispos de Astorga cronistas del Reino de León», León medieval doce estudios: ponencias presentadas al Coloquio «El Reino de León en la Edad Media»/XXXII Congreso de la Asociación Luso-Española para el Progreso de las Ciencias, León: Colegio Universitario, 1978, 59.-68. or.
Aipamen bibliografikoa
Lizarraga Rada, M., “Sampiro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 306-307.





