Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GAZTELAKO KOROAKO EGILEAK ETA OBRAK

SALAZAR Y FRÍAS, Alonso de (Burgos?, 1565? – Madril, 1636).

Karguak eta lanbideak

Jurista eta inkisidorea

Ibilbidea

Burgosen jaio zen Alonso Salazar Frías, jurista ugariko familia batean. Bernardino de Salazar lizentziaduna zuen aita, hamalau senide ziren, eta Frías Salazar doktorea osaba zuen. Haren aitaren aita, Tomas Ortiz de Frías Salazar, Gaztelako kondestable Pedro Fernández de Velascoren zerbitzura egon zen, haren estatuen errejidore, gobernadore eta administratzaile. Beste osaba bat, Antonio de Salazar y Frías, Ofizio Santuko familiarra izan zen. Logikoa zen, beraz, inguru horrek ikasteko zaletasuna eta aurrekoen urratsei jarraitzeko gogoa piztea harengan.

Salazarrek Relación de los Inquisidores y oficiales que ay en esta Inquisiçion del Reyno de Navarra, que reside en esta ciudad de Logroño, de sus salarios y ayuda de costa, edad, órdenes, prebendas y grados de letras (AHN, Inkisizioa, 2220, 21 b esp.) lanean idatzitako memorialean adierazi zuenez, ikasketa latindarrak Salamancako Unibertsitatean hasi zituen 1579an, eta hurrengo bost urteetan han ikasi zituen Zuzenbideak, 1584an Kanonetan batxiler titulua lortu zuen arte. Urte hartako abuztuaren 26an Sigüenzako San Antonio Portacelli Unibertsitate eta Ikastetxeko errektore-ganberaren aurrean agertu zen Kanonetako lizentziatu-graduan onartua izateko. Ikasle ona izanik, Martin Sarabia Errektoreak haren eskaera eta matrikula onartu zituen, eta hurrengo egunean egin zuen lehenbiziko ariketa. Abuztuaren 29an, Andres Gomez de Arce lizentziatua, Martin Sarabia errektorea eta Kanonetako Fakultateko presidente Alonso Pelegrina doktorea epaimahaikide zirela, Alonso de Salazarrek azterketa egin eta gainditu zuen. Kanonetako lizentziadun titulua lortu zuen, eta handik aurrera hala sinatu zituen dokumentu guztiak.

Elizako ibilbidea 1588an hasi zuen, Jaénera joan zenean, hango apezpiku Francisco Sarmiento de Mendozaren zerbitzura, lehenik kalonje gisa, 1590eko irailaren 18tik aurrera, eta ondoren hango kabildoko errazio-banatzaile gisa. Han egin zuen lan bikainaren ondorioz gotzainak 1594an gotzaindegiaren bisitatzaile nagusi eta probisore izendatu zuen, eta handik gutxira Baeza eta Úbedako bikario, hiri haietan Trentoko erreforma ezartzeko. Gainera, gotzaindegiko ofizialen Erresidentziako epaile ere izendatu zuen. Gotzainak Salazarrengan zuen konfiantzaren erakusgarria da hurrengo urtean, gotzaina hil zenean, Salazar izan zela haren testamentuaren betearazlea.

Betebehar hori bete ondoren, Alonso de Salazar Gortera bidali zuten, bete gabeko egoitzaren agente gisa, Jaéngo gotzaindegiaren eta Granadako artzapezpikuaren artean zituzten auzi batzuetan esku hartzeko. Auzi haiek Granadako artzapezpikuak irabazi zituen, eta Alonso de Salazarrek ia hiru urtez jardun zuen legegizon-lanbidean. Orduan ezagutu zuen Bernardo de Sandoval y Rojas, Jaéngo apezpiku berria, eta ondoren Toledoko kardinal eta artzapezpikua, Espainiar Lurraldeetako primatua, izango zena. Gaztela eta Leongo Koroako prokuradore nagusi eta Gorteko bikario izendatu zuen Sandovalek bere babespean, eta hainbat sinodo eta kongregaziotan parte hartu zuen. Une hartan, Klemente VIII.a aita santuarekin eskutitz bidezko harreman estua izan zuen Salazarrek. Era horretan hasi zen igotzen Alonso de Salazar y Frías elizaren goiko mailara, eta hurbiltzen Inkisizioko aparatu desiraturantz.

Toledoko artzapezpikuaren konfiantza eta laguntza berekin izan arren, eta Klemente VIII.a eta Paulo V.a aita santuen gomendiozko gutunak ere bazituen arren, Salazar lizentziatuak Inkisizioko foruan sartzeko egin zituen saioak ez zituen aintzat hartu Inkisizio Goreneko Kontseiluak, haren buru eta inkisidore nagusi Juan Bautista Acevedo zelarik. Hura hil arte, 1608an, eta haren ordez Bernardo Sandoval jarri arte, itxoin behar izan zuen Salazarrek, orduan, emandako zerbitzuen esker onez, Logroñoko Auzitegian bete gabe zegoen inkisidore plaza bat eskaini baitzion bere babesleak. Izendapena 1609ko martxoaren 23an etorri zen eta, horrenbestez, aldi berri bat zabaldu zen Alonso Salazarren bizitzan, Inkisizioko makineria konplexuko kide gisa.

Gainditu beharreko lehenbiziko froga Zugarramurdiko sorginen prozesu ospetsua izan zen, eta hark betiko ospea ekarri zion. Prozesua Nafarroako hiribildu hartan hasi zen 1609aren hasieran. Hogeita hamaika sorgin agertu ziren han; epaitu ondoren, azaroaren 7an eta 8an, autofedean atera zituzten, eta haren emaitza izan zen haietatik hamaika sutan erlaxatu, alegia, erre egin zituztela. Autofedearen ondoren, euskal lurretan sorginen sekta bat aurkitu zutela uste izan zuten inkisidoreek, eta haien indarrak batu eta ikerketa sakona abiaraztea erabaki zuten. Helburu horrekin, Alonso Salazarri eskualdea bisitatzeko agindua eman zioten, hango biztanleen artean graziazko ediktua zabaltzeko, eta delako sekta haren agerpenaren inguruko lekukotasun guztiak biltzeko. Zortzi hilabete eman zituen frogak biltzen, zehaztasun handiz, prozesuko auziperatuen eta lekukoen testigantza baliotsuak lortuz, eta horiek guztiak jasota, arazoaren egiazko tamainaren gaineko iritzi propioa erdietsi zuen. Emaitza izan zen kanpo-lan arduratsu hura jasotzen zuten sei milatik gora folio, eta uste oso-oso bat: sorginik ez zela izan, haiei buruzko esamesak hasi ziren arte. Sugestio kolektibo moduko bat zen guztia, sorginei buruz hitz egiten hasi eta sorginkeria-guneak han eta hemen sortzea eragiten zuena. Sorginen gaineko solasak amaitzearekin, sorginak desagertzen ziren, besterik gabe. Baieztapen horrek mugarria jarri zuen lehenagoko garaien eta ondorengoen artean, Espainiako sorginkeriaren historian, eta beraz, Europako mendebaldeko sorginkeriaren historian ere bai. Teoria iraultzaile hark haren bi lankideren etsaigoa ekarri zion, izan ere, Valle Alvarado eta Alonso Becerra inkisidoreek jarraitzen zuten sorginen sekta bazela defendatuz, eta Cuaderno de actos conprovados de bruxos izeneko idazkia argitaratu zuten 1613an. Inkisizioko Kontseiluak, ordea, ez zuen aintzat hartu haien iritzia, oraindik zabalik zeuden sorginkeria-auziak itxi zituen, eta sorginkeria-kasuetarako barrutiko epaitegien jokabidea arautzeko arauak eman zituen.

Euskal Herriko barrutira egindako bisitan Salazarrek lortutako emaitzak oso ontzat eman zituen Inkisizio Goreneko Kontseiluak, eta berriro eman zioten beste agindu bat, bisitatzaile joateko, barne ikuskapen sekretua egitera, Granadako Auzitegira 1614an, aspaldi ari baitziren antzematen irregulartasunak epaitegi hartan, ondasunen konfiskazio kasu batzuen inguruan. Lan horretarako, laguntzaile bat jarri zioten, Juan López de la Puente, Nafarroako eta Aragoiko Koroako Inkisizioen kontularia, eta eskumen berezia ere eman zioten, han ikusten zuenaren gainean berak epaitu eta erabaki zezan. Bost hilabetez buru-belarri aritu ziren lanean Granadako Auzitegiko ofizial eta ministro guztiak banan-banan galdekatzen, aldez aurretik prestatutako galdetegi bati jarraituz, eta idatziz jarriz haien lekukotasunak. Kontuen liburu eta ondasunen banaketa-orri originalak aztertu zituzten, beren iritziak emateko memorial zabalak idatzi zituzten, eta gutun-bidezko hartu-eman estua izan zuten Inkisizioko Kontseiluarekin, auziari buruz. Komisioa bukatuta, berriz ere Logroñora itzuli zen, bere Auzitegiko auzien gainean lanean jarraitzeko.

Lau urte eskas iragan ondoren, 1618ko abuztuaren 3an, Inkisidore Nagusi Luis Aliagak berriz eskatu zituen Alonso Salazarren zerbitzuak, beste bisita bat egiteko, orduan Murtziako Auzitegira. 1619ko martxoaren 16an Valentziako Auzitegiko bisitatzaile izendatu zuen, jurisdikzio hartan oraindik ere hamar urte lehenago izandako moriskoen kanporatzearen ondorioak antzematen zirelarik. Inkisizio Gorenak Logroñoko Auzitegira itzultzeko aukera eman zion 1622ko otsailaren 22an, eta hara iritsi zenean gorabehera batzuk konpondu behar izan zituen, bere lankide Vallejo eta Aranda Alarcón inkisidoreekin.

Inkisizioko Kontseiluak berriz ere haren zerbitzuak behar izan zituen, eta 1627ko irailaren 9an eman zion Toledoko Auzitegira bisita sekretu bat egiteko agindua. Urte hartan berean utzi zuen Logroñoko barrutiko inkisidore-kargua eta Inkisizioko Kontseiluaren sustatzaile eta abokatu fiskala izendatu zutenez, Gortera joan zen bizitzera. Haren jardunbide onak, emandako aginduak ebazteko araztasunak, eta eliza nahiz inkisizioko foruaren goi-giroetan zituen kontaktu onek lanbidean oso gora eraman zuten, unerik gorena 1631n iritsi zuela, Inkisizio Goren eta Nagusiko kontseilari izendatu zutelarik.

Alonso de Salazar y Frías Madrilen hil zen 1636ko urtarrilaren 9an, hirurogeita hamar urte zituela, bizitza jurisprudentzia eta inkisizioko lanean eman ondoren. Ondasun guztien heredero bakarra bere iloba Francisco Salazar Manrique Aiala izendatu zuen, eta hark osabaren azken ondasunak enkantera ateratzea erabaki zuen, hartzekodun multzo handia zegoela ikusirik. Testamentuaren lekuko eta betearazle Miguel Tafalla eta Jerónimo Villanueva, Calatravako Ordenako kidea eta Aragoiko protonotarioa, hurrenez hurren, izendatu zituen, eta bi egunez aritu ziren haiek haren ondasun ugarien inbentarioa, tasazioa eta jendaurreko salmenta antolatzen.

Alonso Salazar Fríasen izena 1907an zabaldu zen, Charles Lea ikerlari estatubatuarrak Historia de la Inquisición de España lanean jaso zuenean, eta haren ibilbideak eta sorginen existentzia ukatzen zuten teoria iraultzaileak eragin handia izan zuten ondorengo historialariengan, esaterako Julio Caro Barojarengan edo Gustav Henningsen daniarrarengan. Haiek ikertu eta atzeman zituzten Salazarren dokumentuak Inkisizioaren artxiboetan, auziari buruz zituen ideien bila zebiltzala. Henningsenek Sorginen abokatua deitu zion, eta gaur egun ere interes handikoa da hura ikertzea eta Historiatik berreskuratzea.


Obrak

Memorial de Alonso de Salazar y Frías dirigido al Inquisidor General Sandoval y Rojas (2 de marzo de 1611). AHN, Inkisizoa, 1683, 1. esp, 19r-23v. f.

Relación de los inquisidores y oficiales que hay en esta Inquisición del Reino de Navarra que reside en esta ciudad de Logroño, de sus salarios y ayuda de costa, edad, órdenes, prebendas y grados de letras, in AHN, Inkisizioa, 2220, 21. b esp.

Bibliografia

Barro Moya, J. L., «El inquisidor Alonso de Salazar y Frías: el inventario de sus bienes», in Boletín de la Real Academia de la Historia, 184. libk., 1. koad. (1987) 150.-171. or.

Caro Baroja, J., Vidas mágicas e inquisición, Madrid: Taurus, 1967.

— El señor inquisidor y otras vidas por oficio, Madrid: Alianza, 1968.

— «De nuevo sobre la historia de la brujería (1609-1619)», in Príncipe de Viana, 30. libk., 116.-117. zk. (1969), 265.-328. or.

Cristóbal Martín, A., Confianza, fidelidad y obediencia: servidores inquisitoriales y dependencias personales en la ciudad de Logroño (siglo xviii), Logroño: Instituto de Estudios Riojanos, 1994.

Henningsen, G., The Salazar documents. Inquisitor Alonso de Salazar Frías and other on the Basque with persecution, Leiden-Boston: Brill, 2004.

— El abogado de las brujas. Brujería vasca e Inquisición española, Madrid: Alianza Editorial, 1983. Berrarg. handitua: Madrid: Alianza Editorial, 2010.

Idoate, F., La brujería. Nafarroa. Temas de Cultura Popular, 4. zk. Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1967.

Lavado Suárez, L., «El sentido moral y entorno social en la construcción de la personalidad de un inquisidor: Alonso de Salazar y Frías», in Huarte de San Juan. Geografía e Historia, 17 (2010); 309.-322. or.

Lea, H. Ch., A History of the Inquisition of Spain, IV. New York: Macmillan, 1907. Berrinp. New York: AMS Press, 1966. gazt. itz.: Historia de la Inquisición española, Madrid: Fundación Universitaria Española, 1983.

Aipamen bibliografikoa

Lavado Suárez, L., “Salazar y Frias, Alonso”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 645-648.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP