Karguak eta lanbideak
Historialaria, kronista eta genealogista
Ibilbidea
Luis Salazar Castro Valladoliden sortu zen 1658an, gurasoak Sebastián Salazar, batxilerra eta hiri hartako Errege Kantzelaritzako harreragilea, Burgosko Pancorbo hiriko kapare familia batekoa, eta Luisa Castro, Lugoko Castro de Reykoa, zituela.
Luis Salazar oraindik umea zela hil ziren guraso biak, eta bera aldi labur batez amaren aldeko aiton-amonen zaintzapean geratu zen, Pancorbon. Ondoren Baenara joan zen, Luqueko kondearen zerbitzura paje gisa. Kordobako hiri hartan humanitateak eta latina ikasi zituen Guadalupeko Andre Mariaren komentuan. Orduan sortu zitzaion antzinako paperak irakurtzeko eta ordenatzeko zaletasuna. Zaletasun hori ikusita Luqueko kondeak bere idazkari partikular izendatu zuen, eta azkenean horrek markatuko zuen haren bizitza pertsonala eta profesionala.
Inkisizioko familiar baten alabarekin ezkondu zen, Magdalena Roldán Padillarekin, baina ezkontzatik sei hilabetera emaztea hil zen. Luis Salazar, alargunduta, Madrilera joan zen. Han argitaratu zituen bere lehenbiziko lanak, eta Pastranako gotorlekuko alkaide izendatu zuten. Gotorlekuaren jabeak urteko 400 dukateko lansaria agindu zion kargua betetzeagatik, bere etxean eman zion ostatu, eta gainera haren eskuetan jarri zuen familiaren artxiboa, guztia txukundu eta ordenatu zezan.
Hogeita hamar urte bete aurretik Luis Salazarrek aski finkatua zuen dokumentazio eta artxiboen zaletasuna eta bere ikerketak historiaren arlora bideratu zituen, batez ere genealogiara, urte haietan Juan Lucas Cortés, Nicolás Antonio eta Mondejarko markesarekin izan zuen harremanaren eraginez.
Zaletasun horiek eta paperen erabileran erakusten zuen trebetasunak hainbat izendapen ekarri zizkioten hurrengo urteetan: Gaztelako kronista nagusia 1685ean; Calatravako Ordenaren abitua 1686an; Karlos II.aren Ganberako laguntzailea 1690ean, horrekin batera Errege Liburutegiaren ardura izan zuela; Zuritaren enkomienda 1691n; Indietako kronista nagusia 1698an; eta Calatravako -Ordenako prokuradore nagusia 1699an. Borboitarrak tronura iritsita, boteretik urrundu ez baina, haren posizioa are gehiago finkatu zen. Hortaz, 1700eko azaroan Inkisizioko aguazil nagusi izendatu zuten Toledoko erresuman; 1701 eta 1703an Cordoba eta Talavera etxeetako enkomiendaren administrazioa eskaini zitzaion; Ordena Militarren Kontseiluko kontseilari ere izendatu zuten, hasieran ohorezkoa eta ondoren titularra; eta 1721eko martxoan Ordena Militarren artxiboen superintendentziara iritsi zen.
Calatravako zalduna zela, berriz ezkondu zen Luis Salazar 1686an, sortzez madrildarra eta jatorriz mendialdekoa zen Manuela Petronila de Quevedo y Azcona andrearekin. Berrogei urte iraun zuen ezkontzak, baina seme-alabarik ez zuten izan.
Lanerako gaitasun itzela izanik, kargu horiek guztiak betetzeaz gain, dokumentu-bilduma izugarria jaso zuen Salazarrek. Gaur Historiaren Errege Akademian gordeta dago bilduma hori, eta gai sorta zabal baten inguruko eskuizkribu jatorrizkoak zein kopiak jasotzen ditu. Gainera, hogeita hamar lan baino gehiago idatzi eta argitaratu zituen, ongi dokumentatuak, artxiboetara iristeko zuen erraztasunari esker, eta horiez gain beste hainbeste lan, argitaragabe edo amaitu gabe utzi zituenak.
Luis Salazarrek egindako lana, zalantzarik gabe, interes handikoa da Euskal Herriaren historiaren ikerketarako, aldi berean desberdinak baina osagarriak diren bi ikuspegitatik. Alde batetik, haren bildumak lurralde horren iraganarekin lotutako hainbat dokumentu jasotzen dituelako, eta beste alde batetik, haren lanetako batzuk, argitaragabe nahiz argitaratuak, Euskal Herriaren historiarekin lotutako auzi desberdinen ingurukoak direlako. Interes berezikoak dira nobleziaren ikerketari eskainitako lanak, batez ere Erdi Aroan Bizkaiko Jaurerriaren jabegoa zuen Haro Etxearen genealogiari eskainitakoa.
Gainera, aipagarriak dira Salazar Castrok berak sinatuta ageri diren beste hainbat testu, esaterako, Gipuzkoaren pribilegioen inguruan prestatu zuen Txostena (Copia de vn papel de la Provincia de Guipuzcoa sobre sus privilegios y informe sobre el mismo de D. Luis de Salazar y Castro); eta orobat Memorias genealógicas, que D. Luis extractó de las obras inéditas de Esteban de Garibay, á quien cita, y remite al principio de cada Genealogía, con algunos reparos suyos; eta Tablas genealógicas de las sucesiones de los Señores de Vizcaya izeneko lanak
Obrak
Catálogo historial genealógico de los señores y condes de la Casa de Fernán Núñez, Madrid: por Lucas Antonio de Bedmar y Baldivia, 1682.
Árboles de costados de las primeras casas de estos Reynos (1683), Madrid: Imprenta de D. Antonio Cruzado, 1795.
Memorial dilatado por el tercero Conde de Luque don Egas Salvador Venegas de Córdova, Madrid, 1684.
Historia Genealógica de la Casa de Silva, Madrid: Álvarez y Llanos, 1685, 2 libk.
Advertencias Históricas sobre las obras de algunos doctos escritores modernos, Madrid: por Matheo de Llanos y Guzmán, 1688; Reflexión histórica sobre los casamientos de las Casas de Austria y Baviera, Madrid: por Matheo de Llanos y Guzmán, 1689.
Historia Genealógica de la Casa de Lara, Madrid: Imprenta Real por Mateo de Llanos y Guzmán, 1696-1697, 4 libk.
Justificación de la Grandeza de primera clase que pertenece a don Fadrique de Toledo Osorio, VII Marqués de Villafranca, Madrid: Imprenta Real, 1704.
Índice de las glorias de la Casa Farnese, o resumen de las heroycas acciones de sus príncipes, que consagra a la augusta reyna de las Españas Doña Isabel Farnese, Madrid: en la Imprenta de Francisco del Hierro, 1716.
Examen castellano de la crisis griega, con que el reverendo padre Fray Manuel Bautista de Castro intentó establecer el Instituto Bethlemitico, Madrid: Imprenta Real, 1736.
Historia genealógica de la casa de Haro, Madrid: Vicente Rico, 1920;
Los comendadores de la Orden de Santiago, Madrid: Patronato de la Biblioteca Nacional, 1949.
Historia genealógica de la Casa de Haro: Casas de Llodio, Mendoza, Orozco y Ayala, Madrid: Real Academia de la Historia, 1959.
Genealogía de la Sereníssima Casa Gonzaga. Su tronco, y rama desde su principio hasta hoy, s.l.,d.g.
Motivos con que el Conde de Salvatierra solicita que el Rey Nuestro Señor honre su persona y casa con la dignidad de Grande de España, d.g.
Bibliografia
Memorias para la vida de D. Luis de Salazar», in Salazar y Castro, L. de, Examen castellano de la crisis griega, con que el R. P. Fr. Manuel Bautista de Castro intentó establecer el Instituto Bethlemitico, obra posthuma de, Madrid: Imprenta Real, 1736.
«Cathalogo de las obras impressas, y manuscritas de Don Luis de Salazar, formado del de Frankenau y de su Bibliotheca manuscrita», in Salazar y Castro, L. de, Examen castellano de la crisis griega, con que el R.P.Fr. Manuel Bautista de Castro intentó establecer el Instituto Bethlemitico, obra posthuma de, Madrid: Imprenta Real, 1736.
Cuartero Huerta, B., eta Vargas-Zúñiga y Montero de Espinosa, A., Índice de la Colección de don Luis de Salazar y Castro, Madrid: Real Academia de la Historia, 1964, 49 lib.
Moreno de Guerra, J., «Don Luis de Salazar y Castro», in Revista de Historia y Genealogía Española (1927), 173.-178. or.
Salazar y Acha, J. de, «Luis de Salazar y Castro», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/18064/luis-de-salazar-y-castro (2018ko azaroaren 16an egindako kontsulta).
Soria Mesa, E., La biblioteca genealógica de don Luis de Salazar y Castro, Córdoba: Servicio de Publicaciones de la Universidad, 1997.
Vargas-Zúñiga y Montero de Espinosa, A., «Las dos partidas de bautismo de don Luis de Salazar y Castro», in Revista de Hidalguía (1958), 217.-228. or.
— Don Luis de Salazar y su colección, Madrid: Real Academia de la Historia, 1973.
Aipamen bibliografikoa
Serna Vallejo, M., “Salazar y Castro, Luis”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 652-654.





