Karguak eta lanbideak
Doktorea, Nafarroako kantzilerordea, Karlos IV.a Vianako printzearen (1421-1461) enbaxadorea (hainbat bake eta itun sinatu zituen haren izenean), eta Gorteko alkatea bizitzaren azkeneko urteetan
Ibilbidea
Datu gutxi ditugu Pedro Sadari buruz, baina apur horiek argi adierazten dute, kantzilerorde karguan, harreman estua izan zuela Vianako printzearekin, eta haren erabateko konfiantza izan zuela beti erresumako gai garrantzitsuenetarako.
Itxuraz, Nafarroako beaumontarren behe nobleziakoa zen jatorriz. Horri esker, unibertsitate-ikasketak egin ahal izan zituen. 1451erako batxilerra zen, eta 1458rako doktorea, seguruenera Napolesko Unibertsitatean.
1458ko urriaren 10ean Karlos printzearen kantzilerorde izendatu zuten Sizilian, eta hortik aurrera haren segizioko kide izan zen Aragoiko Koroan barna eginiko bidaietan.
Kantzilerorde karguan, errege-kantzilertzaren ardura izan zuen, printzearen agirietan esku hartzen zuen, horiek jaulkitzen zituen eta haren zigilua zaintzen; izan ere, kantzilerraren beraren kargua, xiv. mendeaz geroztik, ohorezkoa zen batez ere. Kantzilerorde betekizunean, orobat, eskura izan bide zituen Kantzilertzan erabiltzeko Inprimakia eta printzearen kutxa («cofre del príncipe»).
1459ko abuztuaren 17an, zenbait mandatu diplomatiko zuzendu zituen, kantzilerorde karguan eta Nafarroaren ordezkari, Karlos printzeak hautatutako lau enbaxadorek osatutako taldean. Mandatu horietan, Aragoiko Koroaren lurralde eta erresumetan ibili zen, Joan II.arekin, printzearen aitarekin, bien arteko ezin konponduak bideratzen saiatzeko.
Ildo berean, 1460ko maiatzaren 24an Portugalera bidali zuen Karlos printzeak, Katalina infantari ofizialki eskua eskatzeko. Portugalen izan zen ezkontzaren baldintzak negoziatzen, uztailaren azken aldera arte.
Vianako printzea hiltzean (1461), Nafarroara itzuli zen, Justizia administrazioan lan egitera, eta, agirien arabera, betekizun horretan aritu zen, Gorteko alkate gisa, 1466tik 1469ra. Erregearen arreba eta oinordekoak, gerora Leonor erregina izango zen printzesa gobernariak (1464-1479), Loia, Aiesa, Arteta eta Gardelaingo jaurerria eman zion, eta, ondoren, haren seme-alaba eta oinordekoek heredatu zuten.
Pedro Sadaren bizitza eta obra Nafarroari loturik dago, noiz eta erresumaren garai ezpaltsuenetako batean: Karlos printzeak Zuria I.a amaren oinordetza jaso zuen urtetik (1441) Leonor hil zen urtera arte (1478) doan testuinguru kronologikoan. Beraz, kantzilerorde kargua betetzeko gizon jantzia eta heldua behar zuen izan.
Zuria I.a erreginaren heriotzaz geroztik Nafarroan izan ziren gertakari larrien lekuko eta eragile zuzena izan zen Pedro Sada. Gertakari horietako batzuk aipatzearren: beaumontarren eta agaramontarren arteko gerra zibil odoltsu eta luzea; erresuman arrotza zen errege batek agintea hartzea, oinordeko legitimoaren eskubideen kaltetan; nafarrak ez ziren pertsonek aginte-postuak eskuratzea, ordura arte erresuman kargu horiek betetzeko bertakoa izatea sine qua non baldintza izan zenean.
Haren Conplayctia que de sí faze Nauarra, ordenada por el Doctor Pedro de Sada lana C-8 Kodexaren 77v eta 78v orrietan txertaturik dago, 1497ko datarekin, eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordetzen da, honela katalogatuta: errege-agindu, -gutun eta bestelako dokumentuen formularioa («formulario de reales órdenes, cartas y otros documentos»).
Testuak hiru orri hartzen ditu, eta lerroartean eta orri-bazterreko oharretan zenbait esaldi ageri dira, gerora eginiko zuzenketa edo eranskin gisara, dokumentuaren zentzua osatzeko.
Garai hartan ez zen, antza, testuaren berri jakin; izan ere, Pedro Sadak Kantzilertzan erabiltzeko formularioan sartu zuen, etorkizunerako lekukotza gisa. 1924ko apirilaren 6an irakurri zuen Jose Maria Huartek, Artxiboko zuzendari Jesus Etayo zela, eskuz idatzitako oharrean jasotzen denez. Honela definitu izan da obra: «Nafarroaren Historiarako garrantzi nabarmeneko literatura-testua», «edertasun eta kalitate handikoa, nolabaiteko izaera “patriotikoa” adierazten duena».
Egileak bere egiten du erresumaren nortasuna. Nafarroak «kontzientzia eta adimena» dituela dio, eta aldarri eta negar egiten duela, barne-gerraren eraginez urte haietan gertatu zen aldaketa zela eta. Karlos printzearen bizitza zaila islatzen du, haren ahalegina bakea lortzeko, haren ibiliak Frantzian eta Italian barna, plaza nagusiak etsaien esku utzi beharra, eta aitarekin izan zituen liskarrak, gerra zibila eta Nafarroaren hondamendia.
Baina ez da poesia gordinez jantzitako gertakarien zerrenda hutsa. Herri bat zatituta, suntsituta eta hondatuta eta herritarrak pobretuta edo hondoa jota, elkarren aurka borrokan eta balioak galduta ikusirik, minaren minez garrasi egiten duen erresuma baten aldarria da. Erresuma bat, behiala indartsua eta batua eta beste erresuma batzuen mira izan zena, kanpoko interesen jokoan eta etsaien esku galduta ikusirik negarrez ari den herri baten auhena da, eta Jainkoa da haren kontsolamendu eta erremedio bakarra…
Azken batean, bizitzea egokitu zaizkion gertakariak saminez eta, etsiturik, ezer egiteko aukerarik gabe ikusten dituen norbaiten lekukotza lazgarria da. Gertakari haiek aro baten mugarri izan ziren; harrezkero, «bukatutzat eman daiteke Nafarroako Erresuma».
Sadaren obra Vianako printzeari egozten zaion Crónica de los Reyes de Navarra lanarekin lotu behar da. Bi lanek antzekotasun handia dute, eta biek Nafarroaren ikuspegi «modernoaren» sorrera islatzen dute.
Obrak
Conplayctia que de sí faze Nauarra, ordenada por el Doctor Pedro de Sada, s. l., d. g.
Bibliografia
Ayerbe Iribar, M. R., «Requiem por la pérdida del Reino. El amargo llanto del Vicecanciller Don Pedro de Sada (m. XV)», in Estudios franciscanos. Publicación periódica de ciencias eclesiásticas de las provincias capuchinas ibéricas, 112 (2011), 65.-86. or. Berrarg. Historia, magistra vitae. Miscelánea de estudios en homenaje a Tarsicio de Azcona, OFM Cap., historiador, Iruñea: Anaia kaputxinoak, 2011, 77.-97 or.
Desdevises du Dezert, G., Don Carlos de Aragón, Príncipe de Viana. Estudio sobre la España del Norte en el siglo xv, Iruñea: Nafarroako Gobernua, Hezkuntza eta Kultura Departamentua, 1999.
Tamburri, P., eta Mugueta, I., «Una elegía por Navarra en el siglo xv», in Príncipe de Viana, 62. libk., 222. zk. (2001) 121.-138. or.
Aipamen bibliografikoa
Ayerbe Iribar, R. Mª., “Sada, Pedro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 268-270.





