Karguak eta lanbideak
Noblea eta bidaiaria. Bohemiako noblea eta Jurgi Podiebrad Bohemiako erregearen koinatua
Ibilbidea
Berrogei pertsonako segizio batek lagunduta, 1465etik 1467ra bitartean bidaia bat egin zuen Europan zehar. 1466an, erresuma hispanikoetan ibili zen, Santiago de Compostelako katedrala bisitatzeko helburua zuela. Bidaldi horren ondoriozko oroitzapen idatzietan, lurraldeen usadioak eta ohitura militarrak jaso zituen. Bi bidaiari buruzko kontakizunak, zein bere aldetik, argitaratu ziren 1544an, eta biak batera 1844an. Bordeletik abiatu zen eta, Lapurditik igaro ondoren, Bidasoa ibaia gurutzatu zuen eta Hondarribira iritsi zen. Tolosa, Urretxu, Bergara, Elgeta, Elorrio, Durango, Bilbo eta Balmasedatik igaro zen, eta, handik, Gaztelako lurraldeetara abiatu zen Burgosko Medina de Pomar herriraino. Euskal lurraldeetan egindako bidaiari dagokionez, euskal emakumeak honela deskribatu zituen: «ilea larru-arras moztua dute, ile-sorta luze batzuk izan ezik, eta oso jantzi arraroak dituzte, izan ere, ez dago halako arroparik bisitatu genituen ezein eskualdetan». Bizkaitik ateratzean, egoera gatazkatsu bat bizi izan zuten: Balmasedan, Cadagua ibaiko zurezko zubian bidesaria kobratzen zieten ibiltariei, eta Rosmithalek eta haren bidelagunek zerga hori aurretik ordaindu ez zutenez, Bizkaiko hiribildu hartan ere ez zuten ordaindu nahi izan. Zaldiak harrapatu zizkieten eta hiltzeko mehatxua ere egin zieten.Bohemiarrek beren burua defendatu zuten, beren eskopetekin apuntatuz, baina Rosmithalek tirorik ez egiteko agindu zien eta, azkenean, bidesaria ordaindu zuten.
Obrak
Tetzel, G. (arg.), Des böhmischen Freyherrn Low von Rozmital und Blatna, Brünn, 1824, 2 libk. Fabié, A. M. (itz., oharrak eta sarrera), Viajes por España de Jorge de Einghen, del Barón León de Rosmithal de Blatna, de Francisco Guicciardini y de Andrés Navajero, Madrid: Librería de los bibliófilos Fernando Fé, 1879.
Bibliografia
Arozamena Ayala, A., «Rosmithal de Blatna, León de», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/rosmithal-de-blatna-leon-de/ar-122054/ (2018ko azaroaren 15ean egindako kontsulta).
Müller, A., «El viaje de León de Rosmithal por España: una apertura a los sentidos. Entrecruzamientos disciplinarios para la revaloración de la fuente documental», V Jornadas de investigación en Humanidades. Noviembre, 2013, Bahía Blanca, Argentina, 2013, http://www.jornadasinvhum.uns.edu.ar/files/5JIeHVol09.pdf (2018ko azaroaren 15ean egindako kontsulta).
Urquijo, J. de, «Sobre el tocado corniforme de las mujeres vascas (xvi. mendea)», in Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria, 13 (1922), 570.-581. or.
Aipamen bibliografikoa
Chicharro Lázaro, A., “Rosmithal de Blatnakoa, León”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 355-356.





