Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

RODRIGUEZ GARCIA, Francisco (XIX. mendea).

Karguak eta lanbideak

Abokatua eta publizista

Ibilbidea

Francisco Rodriguez Garcia da Crónica del Señorío de Vizcaya lanaren egilea. Madrilen argitaratu zen, 1865ean, eta izenburu luzeko beste lan baten atal bat zen: Crónica General de España ó sea Historia Ilustrada y Descriptiva de sus provincias, sus poblaciones mas importantes de la Peninsula y de Ultramar, obra redactada por conocidos escritores de Madrid, de provincias y de America y dirigida por el académico de la historia Don Cayetano Rosell. Lanaren lehenengo zatiak, argitaratzeko data 1864koa zuenak, barne hartzen zuen argitaratzeko planaren hitzaurre bat, faszikulutan, lanaren portada nagusiarekin.

52 atal zituen, haietako bakoitza bere portadarekin eta bere orrialde zenbakiekin, hamabi tomotan banatuak, non egileek probintzia bana, edo batzuee- tan, probintzia batzuk, aztertzen dituzten. Tomo bakoitzaren barnean azter- tzen da probintzia bakoitzaren historia, geografia, topografia, monumentuak, etab. Unitate bakoitzaren hasierako azterlan komun baten ondoren, unitatea arlo homogeneoetan banatzen da, ondoren herriz herri deskribatuz haien berezitasunak. Obra 1865 eta 1871 bitartean argitaratu zen, eta haren zuzenda- ritza orokorra Cayetano Rosell katedradun, akademiakide eta Liburutegi Nazionaleko zuzendariari egokitu zitzaion.

Bizkaiari buruzko obra horrez gain (164 orrialde), Gipuzkoari buruzkoa (80 orrialde) prestatu zuen Fernando Fulgosio nobelagile eta kazetari jatorriz galiziarrak. Egile horrek berak prestatu zituen beste hainbat kronika: Balear Uharteen Kronika, Filipinak Uharteak, Avila, Valladolid, Coruña, Pontevedra, Ourense edo Zamora. Arabako Kronika (80 orrialde Malagako Jose Bisso kazetariak, besteak beste, Malagakoa, Sevillakoa, Cadizkoa edo Murtziako kronikak sinatu zuen berak prestatuta) eta Nafarroako Kronika (112 orrialde, Madrilgo Julio Nombela kazetari eta literato emankorraren eskutik). Guztiak ere hainbat aldiz berrargitaratu dira gaur egun, faksimil formatuan.

Crónica del Señorío de Vizcaya lanak jasotzen ditu, haren aurkibidearen arabera, hiru eduki nagusi: lehenik eta behin, lurraldearen deskribapen fisikoa eta geografikoa; bigarrenik, haren historiaren laburpena, eta hirugarrenik, lurraldeko hiri eta herrien azalpen bat, barruti judizialen arabera antolatua. Hala ere, lan hori datu eta estatistika bilduma hotza edo monumentuen album hutsa baino gehiago da, ahalegina egiten baitu azaltzeko herrialdean iragan hurbilean bizi izan ziren gorabehera politikoak eta belikoak, eta euskaldunen jokabidea, historiaren argira (alderatzen ahal da, edukiari eta xedeari dagokienez,

XIX. mendean, lehenago edo aldi berean, kanpoko egileek egin zituzten antzeko lanekin, esaterako, Diccionario geográfico-histórico de España edo Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España lanekin).

Francisco Rodriguez Garciak ideia liberalak zituen, eta Crónica del Señorío de Vizcaya lanaren hasieran eskaintza hau egiten zuen: «Gernikako Batzar libre eta hilezkorrei, Bizkaiko Jaurerri Txik Noble eta Txit Leialaren berezko ordezkaritza baitira, eta Jose Zabalburu eta Jose Nieto Urkizu jaun Txit Argiei, haien diputatu nagusiak baitira, eskaintzen diegu kronika hau egileak eta editoreek, gure miresmenaren eta aitortzaren erakusgarri». Eskaintzak argi adierazten du egileak nolako errespetuz begiratzen zituen foru- erakundeak. Lanaren hitzaurrean, honako hau esan zuen Rodriguez Garciak Euskal Herriari buruz: «Herri honetako seme-alabak beti izan dira beren lege, aztura eta usadioei atxikiak, beren askatasun eta independentziaren zaintzaile prestuak, beren helburuak lortzeko gogotsu, kementsu eta tinkoak. Historia osoan beste adibiderik ez duen iraukortasunaren jabe dira, mendez mende izandako gorabeherak gorabehera, eta gure aberriaren gainean ezarri izan diren monarkia handi eta xurgatzaileak hor egonda ere, gaur arte gorde dute autonomia probintzial bat, Espainia osoan bakarra; horregatik, Probintzia salbuetsiak izena ere ematen zaio eskualde honi».

Beren «aberriaren askatasun eta independentziarekiko maitasun» horrek azaltzen du euskaldunen historia: «ideia hori, ausardiaz eta kemenez defen- datua mendeetan barna, ideia hori bera, eta ez euskaldunen izaera aldakorra, batzuek batere funtsik gabe iradokitzen duten moduan, ideia hori bera da euskaldunen historiaren giltzarria; ideia horren argira ikus daiteke hainbeste gerraren arrazoia, euskaldunen lurra odoleztatu zuten ezin konta ahala matxinaden arrazoia. Eta haien historia osoa laburbiltzen duen ideia bat dagoen bezala, bada hitz bat ere, bere baitan jasotzen dituena haien desio eta esperantza guztiak, beren nahi guztiak adierazten dituena, beren arteko desberdintasunak ezabatzen dituena, eta euskal lurraldeetako seme-alaba guztiak bandera bakar baten pean biltzen dituena: hitz magikoa: Forua!»

Aurrerago, lanaren bigarren zatian, oparo azaltzen ditu mendearen lehenengo erdialdeko gertaera politikoak eta belikoak, aldi hartan izan baitzen «gerra zibil luze, latza, krudela, itxuraz osaba-iloben arteko ondorengotza gatazka baten forma zuena, funtsean lege salikoa bazen ala ez zen eztabaidaren ingurukoa, baina egiaz, borroka ederra eta odoltsua zena, askatasunaren eta tiraniaren artekoa, sistema konstituzional modernoaren eta antzinako monarkia absolutuaren artekoa»; eta azaltzen du Euskal herrian gertatu zela «matxi- nada fanatikoa eta absolutista bat, euskal lurraldeetako seme-alabak eraman zituena, haien foruak arriskuan zeudelako aitzakian. Beraz, ez da harritzekoa, haien erroreaz ohartu orduko, borroka bertan behera uztea, armak utzi eta beren anai-arreben gisara besarkatuz lehenago etsaiak zirenak». Azken finean, Rodriguez Garciaren ikuspegi politikoa liberala da, baina aldi berean, euskal foruekiko begikotasuna adierazten zuena.

Obrak

RODRÍGUEZ GARCÍA, F., Crónica del Señorío de Vizcaya. Madril: Sociedad Editorial Aquiles Ronchi, 1865.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, J., «Genésis y formación de las histo- rias generales de Euskal Herria», AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, J. (koord.), Historia de Euskal Herria: historia general de los vascos, Donostia: Lur, 2004, 1. libk., 11-53. orr.

MORENO PATO, A., «D. Cayetano Rosell y López», Anales del Instituto de Estudios Madrileños, 23 (1986), 441-452. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP