Karguak eta lanbideak
Naturalista, antropologo, arkeologo, hizkuntzalari, politiko eta idazlea
Ibilbidea
Osunan jaiotako Francisco Rodriguez Garcia zuen aita, eta ama, berriz, María Ferrer Zamora, Moron hirian jaioa. Ikasketak 1815eko maiatzaz geroztik haren aitak okupatzen zuen Muy Ilustre Antigua y Real Hermandad de los Santos de Lebrija erakundearen latinitate katedran hasi zituen. 1829an, hamalau urterekin, humanitateak ikasten ari zen Sevillako Unibertsitatean. Han nabarmendu zen portaera onagatik eta ikasketetan egindako eginahalagatik. 1832ko irailean, Filosofiako batxilergoa osatu zuen, eta 1836ko ekaina- ren 10ean, Legeetako batxilergoa. Baldintza guztiak betetzen zituen azken batxilergo hori osoko klaustroan lortzeko, baina gaixorik zegoela-eta, atzeratu behar izan zuen, 1837ko urriaren 28aren ondorenerako.
Parte-hartze aktiboa izan zuen Lehen Gerra Karlistan, Andaluzian. Errege Eskuadroi Arineko tenientea izatera iritsi zen (1838ko azaroaren 13a). Gaixotasunagatik, erabateko lizentzia eskatu zuen. Une hartatik aurrera hasi zen haren ibilbide politikoa. Espartero jeneralaren erregeordetzaren (1840-1843) lehenengo urtean, Kordobako Gobernu Politikoko lehen mailako ofiziala izan zen (1840ko azaroaren 26a), Granadako Gobernu Politikoko lehen mailako ofiziala (1841eko urtarrilaren 31a), eta 1841eko maiatzaren 17an izendatu zuten Bizkaiko Korrejimenduaren idazkari. Behin-behineko korrejidore politiko Salvador Reina Rodriguez gaixorik zegoela-eta, kargu horren agintea eman zitzaion 1841eko abuztuaren 12an, karguaren titularra, Pedro Gomez de la Serna, itzuli arte, apiriletik Gorteetan diputatu baitzen Soriatik. Hamabost egun eskas egin zituen kargu horretan.
Moderatuen matxinadaren ondorioz, urriaren 24an, korrejidore politi- koak, Elorriotik, korrejidoretza Miguel Rodriguez Ferreren esku utzi zuen, bera kanpoan egotekoa baitzen, Zerbitzu Nazionala zela eta. Urriaren 27an, behin-behineko korrejidoreak bando bat atera zuen bizkaitarrei zuzendua, non azpimarratzen zituen matxinadaren aurrean herritar gehienek agertutako zuhurtasuna eta gelditasuna, aipatzen zuen traidoreak ordurako legearen pean zeudela, eta konpromisoa hartzen zuen bizkaitarren administrazio ona eta interesak zaintzeko. Hitzaldiaren amaieran bere zuhurtasuna eta adiskidetzeko aldartea ekarri zituen gogora. Rodriguez Ferrerek azaroaren 1ean eman zuen ofizioan adierazi zuenaren arabera, —une hartan itzuli zen bere posizio pribatura, korrejidore politikoa itzuli baitzen— Bilboko udalbatzako kide guztiek lagundu zuten modu egokian eramaten urriaren 4ko matxinadaren ondoren hirian sortutako egoera zaila.
Handik astebetera, Bilboko antzokietako zentsorea izendatu zuten bere «gaitasun, zintzotasun, moraltasun eta hornitzen duten gainerako dohainengatik» (Oficio remitido por el Gobierno político de Vizcaya, Bilbo, 1841ko azaroaren 7a). Postu hura bete zuen Manuel Urioste de la Herran ordezkatuz, hark matxinadan parte hartu eta ondoren ihes egin baitzuen. Azaroaren 7an berean jaso zuen jakinarazpen bat, berriro ere gobernu politikoaren eta intendentziaren ardura behin-behinean hartzeko aginduz, Pedro Gomez de la Sernak Komandantzia Nagusira joan behar baitzuen, Coruñarako pasaportea hartzeko eta aginduak jasotzeko. Behin-behineko eginkizuna azaroaren 18an amaitu zen, titularra itzulita, eta une hartatik aitzina, panorama politikoaren bigarren planoan geratu zen. 1843ko otsailaren 20an, Rodriguez Ferrerek di- misioa eman zuen Bilboko antzokietako zentsore kargutik.
Aurrerazale eta moderatuen arteko koalizio berria Espainiako gobernuan kokatuta, Rodriguez Ferrer Arabako buru politiko gorena eta intendente kargura igo zen, karguan bost hilabete eskas egin bazituen ere: abuztuaren 8tik abenduaren 27ra, une hartan Laureano Arrieta jabetu baitzen karguaz.
Buru politikoaren kargua utzi ondoren, eta Hamarkada Moderatua (1844- 1854) deitu izan zen aldian, bizitza politikotik aldenduta egon zen bere borondatez. «Gorabehera politikoetatik ihesi, eta agintean gogaituta alderdien arteko herraz» (Los nuevos peligros de Cuba, 1862, 6. orr.), lehen aipatutako Hiztegia osatzeko Pascual Madozentzako informazioa biltzen zuten laguntzaileen taldeko partaide bihurtu zen. Esaterako, gobernuak baimena emanda, 1846ko otsailean itsasoz haraindiko espainiar lurraldeetara joan zen bisitatu eta ikertzeko asmoz. Hiru urtez ibili zen Kuban barna hara eta hona, aurkitzen zuen guztiaren gaineko informazioa biltzen: flora, fauna, aztarna fosilak eta arkeologikoak, alderdi geografikoak, ekonomikoak, administratiboak, sozialak eta kulturalak. Rodriguez Ferrerek eta beste hainbat arkeologo eta antropologo kubatarrek, adibidez Felipe Poeyk, egiaztatu eta ikertu zituzten Kolon baino lehenagoko gizakiaren aztarnak Kuban.
1849an Madrilera itzuli zen, eta alderdien arteko giroa lasai zegoela ikusirik, Revista de España y sus provincias de Ultramar argitalpena sortu zuen, 1850eko uztailaren 28an. Aldizkaria hamaboskaria zen, eta helburua zuen itsasoz gaindiko probintziak merkataritza eta legeei zegokienez atxikitzea metropoliari, atzerritarren esku-hartzea saihestu nahian. Hainbat alderdi aztertzen zituen: zientzia politikoak, administratiboak, ekonomikoak eta sozialak, eta ohiturak, bidaiak eta literatura. Une hartako egunkariek goretsi zuten, alderdi guztietakoek ere. Halabaina, sektore batzuek subertsibotzat jo zuten; Kubako gobernadore kapitain jeneralak, esaterako, uharte osoan debekatu zuen. 1851ko apirilaren 12an argitaratu zen azken zenbakia. Arrazoi zehatzen berririk ez da, baina oso litekeena da horretan eragina izatea Bravo Murillok Gorteak disolbatu izanak (1851ko apirilaren 7a).
1851ko urriaren 15ean Itsasoz haraindiko Ministerioari eskatu zion bere zerbitzuak erabil zitzan Kuban edo Puerto Ricon, bere kategoriaren eta merezimenduaren araberako kargu batean. 1852ko ekainean eman zitzaion, behin-behinean, Puerto Principeko Ogasun Auzitegia, baina kargua 1853an utzi zuen, intendentzia hura deuseztatu eta Kubako Kapitaintza Nagusiak bereganatu zuenean. Tetuango dukeari esker, 1855ean, alkate nagusi eta auzitegiko magistratu izendatu zuten, baina Kubako kapitain jeneral Jose Gutierrez de la Concha izendapen horren aurka agertu zen, ziurrenik, nolabait begitan hartua izanen zuelako. Horrenbestez, bizitza politikotik erabat aldentzea erabaki zuen Rodriguez Ferrerek. Kuban bizitzen jarraitu zuen sei urtee- tan, lurralde haietan barna bidaiatzen eta informazioa biltzen jarraitu zuen; eta 1855ean eta 1856an, Estatu Batuetara joan zen, nekazaritza, industria eta hezkuntza arloetako instituzioak bisitatzera. 1861eko ekainaren amaieran, espainiar bizitza politikoan itxurazko lasaitasuna sumatzen zela aprobetxatuta, Batasun Liberalaren gobernuaren pean, Gasteizera itzuli zen, eta han jaio zen, 1862an, haren hirugarren alaba. Araban bizitzeko erabakian eragina izan zuen beste faktore bat izan zen, hainbat aldiz aitortu zuen bezala, Euskal Lurraldeak maite zituela, eta euskaldun sentitzen zela sinpatiagatik.
Nekazaritza sustatzeko proiektu bat berreskuratzea erabaki zuen, 1855an Melchor Sanchez Toca lantzen hasi zena. Horretarako, lur eremu batzuen lagapena eskatu zuen, eta azkenean, sustatzaileak berak bere borondatez eman zituen. Rodríguez Ferrerek aprobetxatu zuen inplikatuta zeuden aldeek urte hartan lortutako akordioa, tramiteak errazteko. Esate baterako, 1861ko urriaren 25ean, diputatu nagusi Ramon Ortiz de Zaratek eskatu zion Larrabean, Legutiotik hurbil, kokatuta zeuden lur eremu haien neurketa eta mugaketa egin zezan. Beraz, nekazaritza eta abeltzaintza sustatzeko proiektu misto bat zen, biak suspertzeko eta jendez hustutako lur eremu zabal haren garapena bultzatzeko. Rodriguez Ferrerek etxalde eredu harekin egin zuen lanak Sustapen ministro Manuel Zorrilaren aitortza eskuratu zuen, 1869an izendatu baitzuen Ad- ministrazioaren ohorezko buru nagusi, nekazaritzaren alde, oro har, etengabe egindako lanengatik, eta zehazki, El Retiro etxaldean egindako lanengatik.
1868an Madrilen jarri zen bizitzen, —Larrabeako etxaldera maiz joaten bazen ere—, Isabel II.a erbesteratzearekin eta Francisco Serrano jeneralaren behin-behineko gobernua ezartzearekin batera. Haren agintaldiaren garaian, Rodriguez Ferrer Bizkaiko gobernadore zibila izendatu zuten, 1870eko martxoaren 2an. Haren gobernuaren jarduketarik azpimarragarriena izan zen Bilbok bere lur eremua zabaltzearen inguruan 1845tik irekia zuen espedientea berreskuratzea eta 1861eko apirilaren 7ko legea betearaztea. Kargua hartu eta sei egunera, Abando eta Begoñako elizateei idatzi zien eskatuz berari jakinaraz ziezaioten ea aukeratzen zuten Legearen 3. ala 4. artikulua, alegia, atxikiak egoteko modua aukera zezaten, erabatekoa edo partziala. Bost eguneko epea eman zien, aurreko hilabeteetan emandako dekretu eta jakinarazpenei muzin egin zietelako. Elizate haiek berdin jarraitu zuten muzin egiten eskakizunei, eta gobernadorearen presioak ere jarraitu zuen, lagapena partziala izatea lortu arte. Bilboren jurisdikzio muga berriak urte bereko apirilaren 2an eman ziren. Bilboko udal korporazioa oso esker oneko agertu zen Rodriguez Ferrerekin, eta hori erakusteko, batzorde berezi bat izendatu eta harengana igorri zuten, gobernadoreak egindako lan garrantzitsua aitortzen zuen udal akordioaren kopia eraman ziezaion. Atxikipenak gauzatuta ere, elizate horiek jarraitu zuten entzungor egiten gobernadorearen jakinarazpenei, eta oraindik luze iraun zuen gaiarekin lotura zuten auzi guztiak ixteko lanak. 1870eko ekainaren 26an, Serrano erregeordeak onartu zuen haren dimisioa Bizkaiko gobernadore kargutik, osasun arazoengatik.
Urtebete eskas egin zuen Rodriguez Ferrerek politikatik aldenduta. 1871ko urriaren 31n Murtziako gobernadore zibil izendatu zuten, eta karguan egon zen 1872ko otsailaren 12an dimisioa eman zuen arte. Dimisioa eman izanen zuen, ziurrenik, gorabehera politikoengatik, izan ere, hainbat aldiz izan zen izendatua gobernadore, eta beste hainbestetan utzi zuen kargua, gorabehera horien ondorioz. Esaterako, Murtziako gobernadore zibil izendatzea gertatu zen Praxedes Mateo Sagasta Ministroen Kontseiluko buru zenean. Jaengo gobernadore izendatu zuten urte bereko ekainaren 11n, Francisco Serrano zela ministroen kontseiluburu. Kargua utzi zuen (1872ko ekainaren 18an) kontseiluburu Manuel Zorrilla zela. Lehenengo Errepublikan dagoeneko, 1874ko maiatzaren 14an, Francisco Serrano kontseiluburuak Oviedoko probintziako gobernadore zibil izendatu zuen, eta dimisioa aurkeztu zuen urte bereko azaroaren 7an, Sagasta zela ministroen kontseiluburu.
Berrezarpen borbonikoarekin eta gobernuburu Canovas del Castillo liberal kontserbadorea zela, Rodriguez Ferrer hainbat probintziatako gobernadore zibil izan zen: Oviedo (1875ko abuztuaren 3tik urriaren 19ra), Valladolid (1875ko abenduaren 30ean utzi zuen kargua) eta Albacete (1876ko martxoaren 27tik abuztuaren 6ra). 1876ko abuztuaren 1etik hirugarren mailako ofizial izendatu zuten Sustapen Ministerioan, eta postu desberdinak bete zituen han. 1881ko otsailaren 25ean utzi zuen kargua, gobernua aldatzearekin batera.
1884ko martxoaren 27an izendatu zuten hirugarren mailako ofizial Itsasoz haraindiko Ministerioan, eta gobernua aldatu bazen ere, han geratu zen, hainbat postu betez, 1888an kargua utzi zuen arte. Madrilen hil zen, 1889ko ekainaren 6an.
Rodriguez Ferrer behatzaile ernea zen, bizia, ekintzailea eta langilea. Hainbat gairi buruzko lan eta artikulu ugari idatzi zituen, eta hala bihurtu zen bere garaiko jakintsu handietakoa. Lehen esan denez, Kuba uharteko arlo guztiei buruzko ikerlanak egin zituen, alegia, natura, historia eta gizartea, adibidez, Naturaleza y civilización de la grandiosa isla de Cuba (1876-1887) lanean, baina horiez gain, gai politikoak ere landu zituen, hainbat idazkitan Kubako auzia eta irtenbide posibleak planteatu baitzituen, (Los nuevos peligros de Cuba entre sus cinco crisis actuales, 1862; Los nuevos peligros de Cuba: reformas de la isla, 1868). Egindako ikerketen ondorioz La Habanako Errege Sozietate Ekonomikoko kide izendatu zuten.
Ospetsua izan zen, orobat, Los vascongados: su país, su lengua y el príncipe L. L. Bonaparte (1873) lana, eta harengatik izendatu zuten Historiako Errege Akademiako ohorezko kide (1874ko urtarrilaren 14a). Lehenengo Errepublikaren garaian argitaratu zen, Hirugarren Gerra Karlista bitartean. Orduko Arabako diputatu nagusi Urkijoko markesari eskaini zion, eta hitzaurre zabala egin zion Antonio Canovas del Castillok. Historialari eta politikari hark aurkeztu zuen une hartan euskal probintziek bizi zuten egoera. Rodriguez Ferreren lana euskal herriaren gaineko ikerketa osoa da, alderdi guztiak hartzen dituena, barne direla iparraldeko euskaldunak eta nafarrak. Esaterako, hasieran, euskal herriaren ezaugarriak eta haren jatorri historikoa deskribatzen ditu. Historia azaltzen du, lurraldea deskribatzen du eta gauzarik ospetsuenak aipatzen ditu. Euskararen ezaugarriak aurkezten ditu, adibidez, honako hau esanez: «Hizkuntza honekin gertatzen da oraindik ere bera erabiltzen duen arrazarekin bezala: guztia apartekoa da, guztia misteriotsua da, eta guztiak gainditzen du ohikoaren maila» (50. orr.); eta euskara ezagutzeko Louis Lucien Bonapartek egindako bidaia kontatzen du. Obra amaitzen du hainbat artikulurekin («ilustrazioak eta egiaztagarriak»), non garatzen diren lehenagoko ataletan aipatutako gaiak, besteak beste, emakumeak, antzinako basoak, lite- rato eta artista handiak, gizarte antolamendua eta gobernamendua, foruak, edo euskaldunen garrantzia itsasoz gaindiko aurkikuntzetan.
Rodriguez Ferrerek Euskal Herriarekiko zuen maitasuna maiz aipatu zuen egileak berak. Lehenengoz iritsi zenetik, paisaiak eta jendeek erakarrita sentitu zen eta, une zailetan gobernatzea eta etxalde eredua aurrera ateratzeko gogotik lan egitea egokitu bazitzaion ere, laguntzeko interes handia erakutsi zuen beti. Endrike Knörren hitzetan, Rodriguez Ferrer «gobernadore euskaltzalea» izan zen (El Correo, 1995eko apirilaren 5a). Hainbat euskal aldizkaritan egin zituen kolaborazioak, adibidez Irurac bat edo Euskal-Erria, alderdi desberdinak landuz, adibidez, Gasteiz, Hondarribia edo Aizkirriko haitzuloa. Horrez gain El porvenir alavés astekaria sortu zuen, astekari politikoa, zientifikoa eta literarioa, estatu osora zabaltzen zena eta estatuko nahiz nazioarteko albisteak lantzen zituena.
Interesgarriak izan ziren, orobat, gizarte, kultura nahiz politika gaiak landuz hainbat aldizkaritan argitaratu zituen artikuluak, besteak beste, La Ilustración Española y Americana, La patria, Clamor Público, Gaceta de los Tribunales, La Semana, Revista de España, Revista Contemporánea, Revista de Antropología, La Guirnalda (emakumezkoentzako argitalpena), eta beste hainbatetan. Berak sortu zituen, aipatutako Revista de España y sus Provincias de Ultramar eta El Porvenir Alavés aldizkariez gain, El Cordobés egunkaria (1841eko urtarrilaren 23a), gai politikoak, nekazaritza gaiak, literatura eta arteak lantzen zituena, eta sei zenbaki bakarrik eman zituena. Handik lau urtera, 1845eko uztailaren 17an, El Mensajero de la sociedad de fomento industrial y mercantil egunkaria sortu zuen, Espainiaren interes materialak babesteko asmoz.
Bere garaian, ospe handia izan zuten Kuban egin zituen ikerketa arkeologikoak eta antropologikoak. Askoren ustez bera da lurralde haietan egindako ikerketen aitzindaria, eta orobat, nazioarteko ikerketen arloan, fosilizazioa erlazionatuz antzinatasun geologikoarekin. Haren esperientziagatik eta jakinduriagatik, 1880ko irailean, Altamirako pinturen egiazkotasunari buruzko txos- tena idazteko hautatu zuten.
Haren lanetako batzuk, bereziki El tabaco habano, oso zabalduak izan ziren, eta Espainiako hainbat herritako eskoletako liburutegietan jaso zituzten.
Miguel Rodriguez Ferreren ibilbide politikoak haren liberalismo kontserbadorea erakutsi zuen. Foru erregimena mantentzearen aldekoa zen, eta haren ustez erlijioak sinismen baten gisan tratatu behar zen, eta ez arma politiko gisa. Defendatzen zituen «batasun nazionala, barne deszentralizazioa, merkataritzarako askatasuna eta itsas jarduera espainiarraren nagusitasuna» (Los nuevos peligros de Cuba, 1862, 134. orr.). haren izaerari dagokionez, hezkuntzagatik zorrotza zen bere betebeharren eginkizunetan, tinkoa bere si- nesmen politikoetan, eta adiskidetzeko aldartea zuena. Joera ideologiko desberdinetako egunkarien aitortza eta estimua bereganatu zituen. Isabel Katolikoaren Ordenaren Gurutze Handia jaso zuen (1878ko otsailaren 4an) eta haren nekrologikoa laudorioz inguratua agertu zen hainbat argitalpenetan.
Obrak
RODRÍGUEZ FERRER, M., De los sucesos de Bilbao. Á la nacion, Santander: Riesgoren inp., 1841.
Sin Parlamento no hay porvenir para los tronos o Refutación á el folleto titulado Un monárquico á los parlamentarios, por el autor de la carta, un monárquico al Sr. Martinez de la Rosa, Gasteiz: Imprenta y Litografía de Egaña y Compañía, 1844.
«Cuadro descriptivo ó paralelo general entre las Provincias Vascongadas y el país de Andalucía», Mensajero de la Sociedad de Fomento, 88 (1845); R. SÁNCHEZ PÉREZ, Apuntes biográficos sobre D. Miguel Rodríguez Ferrer, Sevilla: Padilla Libros, 2010, 61-70. orr.
El tabaco habano: su historia, su cultivo, sus vicisitudes, sus más afamadas vegas en Cuba [. ], Madrid: Imprenta del Colegio Nacional de Sordo-Mudos, 1851; Manuel
du planteur de tabac, traduit de l’espagnol par le Dr. Wahu, Alger: Bouyer-en inpr., 1863; Charleston: Nabu Press, 2012; USA: Wentworth Press, 2018; Delhi: Pranava Books, 2019.
Dictamen que en el cabildo estraordinario de 24 de febrero de 1861, celebrado en la ciudad de Puerto Príncipe leyó M. R. F., Puerto Príncipe: Imprenta del Fanal, 1861.
Los nuevos peligros de Cuba entre sus cinco crisis actuales, Madril: Manuel Galiano inprimategia, 1862.
«Un paseo por Albaicín», J. SERRA, La Alhambra: relatos de Granada. Recuerdos de Andalucía. Colección de artículos escogidos de la publicación de igual nombre, que a cargo del liceo artístico-literario de aquella ciudad, redactaban sus mejores literatos, Bartzelona: Ramírez y Rialp, 1863, 185-188. orr.
Los nuevos peligros de Cuba: reformas de la isla, Madril, 1868.
«Del archipiélago de las Antillas, y de si Cuba estuvo unida o no al continente americano», Revista de España, 19 (1871), 324-346. orr.
Los vascongados: su país, su lengua y el príncipe L.L. Bonaparte, Madril: J. Noguera, 1873. Berred. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1976; Mairena del Aljarafe, Sevilla: Extramuros, 2008.
Naturaleza y civilización de la grandiosa Isla de Cuba, ó estudios variados y científicos, al alcance de todos, y otros históricos, estadísticos y políticos. Parte primera. Naturaleza, Madril: J. Nogueraren inprimetagia M. Martinezen kargura, 1876; USA: British Library, 2011; eta Parte segunda. Civilización, Madril: Manuel Ginés Hernán- dezen tipografia, 1887.
Hiru artikulu Kubaren lehenengo beharrari buruz bakea egin ondoren, El Tiempo egunkarian argitaratu ziren bezala, 1877ko azaroaren 12, 15 eta 21ean, s.l.: s.n., 1877.
Aizquirri y Aránzazu. Recuerdo de una expedición veraniega por el País Vasco en 1877, Madril: Sociedad de Tipógrafos, 1878; La caverna, «Aitzkirri», Euskal-Erria, 52 (1905), 214-225. orr.
«Los restos de Colón no están en Santo Domingo, sino en Cuba», Revista Contemporánea, 14 (1878), 188-202. orr.
«Apuntes de un diario», La Ilustración Española y Americana, 37 (1880), 206-207. orr.; 210.
Agua, azogue y carbón: cartas descriptivas de una expedición de estudio a los hervideros de la Fuensanta, minas de Almadén y a las de Hornaguera en Puerto-Llano (Ciudad Real) verificada durante 1873 y 1874, Madril: Arg. Manuel G. Hernández, 1881; Re- vista Contemporánea, 34 (1881), 409-426. orr.; 35 (1881), 65-80., 301-323. orr.; 36 (1881), 270. 287. orr.; 37 (1882), 59-73., 180-192. orr.
«La paleo-arqueología cubana en su instalación del Museo de Americanistas», La Ilustración Española y Americana, 38 (1881), 219.; 221. orr.
«De los terrícolas cubanos con anterioridad a los que allí encontró Colón, según puede inferirse de las antigüedades encontradas en esta Isla», Congreso Internacional de Americanistas. Actas de la cuarta reunión. Madrid, 1881, I. t., Madril: Fortaneten inprimategia, 1883, 224-267. orr.
«Apuntes y documentos sobre Fuenterrabía, pertenecientes á los siglos XVI y XVII, extractados del ministerio de la Guerra», Euskal-Erria, 5 (1882), 8-37. orr.
«Vitoria, la culta, y el cura de Elorriaga», Euskal-Erria, 8 (1883), 344-351. orr.
«De la época que precedió al descubrimiento de la América», Revista Contemporánea, 43 (1883), 385-405. orr.
«Vuelta de Colón sobre la isla de Cuba», Revista Contemporánea, 46 (1883), 291-
309. orr.
«Los partidos españoles y el de autonomía en la isla de Cuba», Revista Contemporánea, 47 (1883), 447-483. orr.
Breve memoria presentada al Excmo. Sr. D. Pedro Egaña en el tiempo que estuvo de dipu- tado general de la provincia de Álava sobre la disminución que sufre la población rural…, Gasteiz: Domingoren inprimategia SAR, 1886.
«Naturaleza y civilización de la isla de Cuba», Revista Contemporánea, 63 (1886), 52-75., 168-182. eta 240-252. orr.
«Don Manuel Iradier Bufly y su obra como explorador en el África tropical española»,
Revista Contemporánea, 68 (1887), 566-589. orr.; 69 (1888), 24-41. orr.
«Fuenterrabía. Su situación, sus recuerdos y sus glorias», Euskal-Erria, 21 (1889), 193-202. orr.
«Caserío Real Justiz», Euskal-Erria, 56 (1907), 214-225. orr.
Bibliografia
DENDLE, B. J., «Una revista olvidada del siglo XIX: la Revista de España y sus provincias de Ultramar (1850-1851)», Cuadernos de investigación. Historia, 11 (1985), 84-95. orr.
GARCÍA GONZÁLEZ, A., «Rodríguez Ferrer, Miguel», Diccionario Biográfico Espa- ñol, Madrid: Historiako Errege Akademia. Lineako edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/73224/miguel-rodriguez-ferrer (2019ko azaroaren 12an kontsultatua).
HERNÁNDEZ GODOY, S. T., «Arqueología e historiografía aborigen de Cuba en el siglo XIX», Anales del Museo de América, 11 (2003), 177-196. orr.
KNÖRR, E., «Rodríguez Ferrer fue un “gobernador vascófilo”», El Correo, 1995ko apirila- ren 5a.
KNÖRR, E., «El prólogo vasco de Antonio Cánovas», El País, 1997ko urriaren 13a. RANGEL RIVERO, A., Arredondo Antúnez, C. eta Sánchez Pérez, R., «Miguel Rodríguez
Ferrer: vida y obra de un arqueólogo sin gabinete», Cuba arqueológica 2 (1) (2009), 16-26. orr.
SÁNCHEZ PÉREZ, R., Apuntes biográficos sobre D. Miguel Rodríguez Ferrer, Sevilla: Padilla Libros, 2010.
ITURRIAK
BECERRO DE BENGOA, R., «Granja agrícola El Retiro en Villa-Real», Euskal- Erria, 6 (1882), 16-18. orr.
Granja del Retiro, Gaceta Agrícola del Ministerio de Fomento, 2 (1877), 466-468. orr.
Petición de Miguel Rodríguez Ferrer dirigida al diputado general de Álava, solicitándole apeo y medición de los terrenos sitos en el término de Larrabea, Gasteiz, 1861ko urriaren 16a. Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia ATHA-FHPA-DH-1-9-06 (9-10 folioak).





