Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

RAMERY ZUZUARREGUI [RAMERY ZUTZUARREGI], Liborio (Hondarribia, Gipuzkoa, 1833ko uztailak 23a – Donostia, 1894ko urtarrilak 3).

Karguak eta lanbideak

 Abokatua, politikari tradizionalista, Gorteetako diputatua, idazle euskaltzalea eta foruzalea

Ibilbidea

Politikari espainiarra izan zen, Filipinetako Uharteetako gobernazio kolonialean goi-mailako karguak betetakoa. Penintsulara atzera etorrita, 1891n Gorteetako diputatu hautatu zuten Alderdi Integristarekin Zumaiako barrutian. Juan de Olazabal Rameryren osaba eta mentore ideologikoa izan zen. Iloba Alderdi Integristako burua izan zen, Ramon Nocedal (1842-1907) zendu ondoren.

Gipuzkoako familia noble batean jaiorik, odolezko loturak funtsezkoak izan ziren Liborio mutilzaharrarengan, hainbesteraino, non, ilobek ikastera joan behar zuten tokietan kokatzen baitzen. Haren gurasoak Meliton Ramery Irarreta eta Rita Zuzuarregi Delgado izan ziren, Hondarribian bizi izandakoak, harik eta Donostian 1880 aldean etxe eder bat eraikiarazi zuten arte (Mundaizko auzoa, San Ignazio Loiolakoaren parrokia). Hondarribian sei seme-alabetarik bost bataiatu ziren, 1830etik 1842ra bitarte; denak, gazteena izan ezik, hots, Martina Felicia Alejandra Magdalena Gabriela, 1847ko urtarrilaren 30ean Tolosako Andre Maria parrokian bataiatua. Familia, izan ere, Tolosara joana baitzen bizitzera, batxilergoa ikasten ari ziren seme zaharrenen ondoan egoteko.

Lehen Karlistaldian, gurasoek Hendaiara alde egin behar izan zuten, Liborio jaio eta gutxira, eta haurrak Frantziako hiri horretan eman zituen lehen urteak. Behin Lehen Karlistaldia amaitutakoan, Hondarribira itzuli eta, han, lehen letrak ikasi zituen; batxilergoa, berriz, Tolosako Fano jaunen ikastetxe famatuan; gero, Zuzenbide, Filosofia eta Letrak, eta Administrazio karrerak Oñatiko, Zaragozako, Valladolideko eta Madrilgo Unibertsitateetan ikasi zituen, aritu zen ikastetxe guztietan nota bikain-bikainak eskuratuta, eta beti eredugarri jokatuta. Zuzenbide zibil, kanoniko eta administratiboan lizentziatu zen 1858ko ekainean, ariketak aho batez gainditurik, eta titulua urte hartako uztailaren 14an eman zitzaion. Horrenbestez, 25 urte bete baino egun batzuk lehenago, abokatu-lanbidean jarduteko ahalmena eskuratua zuen.

Behin ikasketak bukaturik, gurasoenera itzuli eta, haien ondoan, bi urtez egon zen (1838-1840). Garai hartan, herri baskongadoaren historia eta legedia ikasi zituen. Ez zegoenez pozik bere herrian ziren abokatu-langela gutxi haiek eskaintzen zioten aisialdiarekin, beste lan bat bilatu zuen. Garai hartan, Filipinetako administrazioko kargu batzuk zeuden bete gabe, eta Rameryk Zamboanga uharteko teniente-gobernadore kargua lortu zuen, 1860ko maiatzaren 7ko Errege Dekretuak izendaturik. Urte hartako abuztuan abiatu zen Filipinetarantz eta, bidaia luzea aprobetxaturik, Itsasoz haraindiko legedia ikasi zuen zehatz eta sakon, den-dena koaderno handietan bilduta.

Orduz geroztik, ibilbide bikain-bikaina hasi zuen Filipinetan, hala magistraturan nola foroan, eta, maiz, jomugaz aldatu eta mailaz igo zuten. Zamboangako teniente-gobernadore izendatu eta egun gutxira, urte hartako urriaren 31n teniente-gobernadore mandatua eman zitzaion Nueva Vizcaya probintzian, harik eta 1861eko martxoaren 7an kargua utzi zuen arte. Ondotik, enplegu franko etorri ziren: alkate nagusi mandatua Mindoroko probintzian; alkate nagusi mandatua Nueva Vizcaya probintzian; teniente fiskal mandatua Manilako Errege Auzitegi-Kantzelaritzan (1862). Hain zuzen, hiri horretan bizi izan zen, harik eta 1874an Espainiara itzuli zen arte. 1863ko otsailaren 25ean, Filipinetako goi gobernu zibilaren abokatu-defentsari izendatu zuten; liburuen zentsurako batzorde iraunkorreko kide, eta Filipinetako Uharteetako Kontuen Lurralde Auzitegi Goreneko fiskal; kargu hori ezabatu zenean utzi zuen postua. Kapitain jeneralak maila bereko kargu bat eskaini zion. Liboriok, ordea, ez zuen onartu, eta baimena eskatu zuen abokatu-lanbidean aritzeko. Horrela, Estatuaren zerbitzuan hasi eta zazpi urtera, karrerarik bikainen eta azkarrenetako bat egin eta gero, gaztetasun betean, 34 urte zituela, bere abokatu-langelara erretiratu zen, bere zintzotasun eta adimenaren gaineko oroitzapen atsegina utzirik bete zituen postu guztietan.

Filipinetako artxipelagoan ibilitako militar, magistratu eta marinelen arabera, Liborio de Rameryren abokatu-langelak omen handia zuen Manilan eta ospetsuenetako bat zen. Izan ere, merkataritza-, banku-, eta nabigazio-etxe handien abokatua izan zen, bai eta uharteko merkataritza-sozietate garrantzitsuenetakoa ere, eta ia jeneral eta goi-funtzionario guztien defentsaria haien egoitza-epaiketetan. Abokatu gisa bikain aritu zen, eta lankideen begirunea eta afektua lortu zituen. Espainiar gisa, bihotz-bihotzez egon zen beti autoritatearen ondoan, bai aholkuak emanez, bai jokamoldez. Katoliko gartsua zen heinean, tokiko elizjende ospetsuenekin eta bertutetsuenekin izan zuen harremana.

Liborio nekez egokitu zen Filipinetara eta osasun arazo franko izan zituen. Erlijio Ordenak izan ziren haren lagunik onenak; jesuitak, bereziki. Izan ere, haiekin ematen zituen aisialdi hoberenak. Auzitegietatik aparte, Liborio funtzionarioa buru-belarri aritu zen Filipinetako gizarte zibilean. Izan ere, Real Sociedad Económica Filipina de Amigos del País elkarteko bazkidea izan zen (1862ko abuztuak 16); San Juan de Dios ospitale-komentuko kidea (1863ko abenduak 23); Lehen Irakaskuntzako goi-batzordeko kidea (1864); Nueva Vizcaya probintziako Gobernu politiko-militarra berritzeko batzordeko burua (1864ko maiatzak 2a); Kubako ikasketa-plana, Artxipelagoari aplikagarri izaten ahal zitzaion zatian, aztertzeko Batzordeko burua (1864ko abuztuak 8); eta alferrei eta gaizkileei buruzko tokiko lege bat idazteko eratua zen Batzordeko kidea. Azkenik, 1868ko urtarrilean, Manilako udaleko erregidore izendatu zuten. Handik, gutxira, ordea, karguari uko egin behar izan zion, esku artean eginkizun asko zituelako.

1874ko otsailaren 7an, hots, Filipinetara alde egin eta 14 urtera, Europara itzultzeko itsasontzia hartu eta Ziburura iritsi zen, familia hantxe bizi baitzen, emigratua, Hirugarren Karlistaldia zela eta. Gerra zibila bukatuta ere, Liborio hainbat urtez bizi izan zen han, ilobak hezteari buru-belarri emana; aitari dagozkion benetako ofizioak egin zituen ilobekin. Ilobek Madrilera joan behar izan zutenean Urduñan hasitako ikasketei jarraipena emateko, bera ere Madrila joan zen 1885era arte, iloba ikasleak babesteko. Liboriok Filipinetan gizon publiko garrantzitsuekin egindako adiskidetasun zahar eta ugariak berritu egin zituen Madrilen.

Euskal Herrian bizi nahiak bultzaturik, etxe eder bat eraikiarazi zuen Mundaitzen, anaia-arrebekin batera, Donostia inguruan. Olazabal-Ramery familia hara bizitzera joan zen, behin betiko. Liborioren bizitza erabat pribatua izan zen eta 1888ra arte ez zion jarduera politikoari heldu. Alde handia dago benetan bizitza lasai eta uzkur haren eta Filipinetako bizitza aktibo eta ekitaldiz beterikoaren artean. Ikusle hutsa zen, alfontsotar berrezarkuntzaren inguruko gertakarietan parte hartu gabe. Politikariak mespretxuz begiratzen zituen, haien arteko ika-mika zitalengatik, erlijioan zerakutsaten eszeptizismoagatik, alderdiko diziplina hertsiagatik eta printzipio iraultzaileengatik, «Ajuste de cuentas» bere artikulu bikainean gogora ekarri zuen bezala, hil ondoren El Siglo Futuron argitaratua, 1894ko urtarrilaren 6an. Aldiz, atseginez parte hartzen zuen hainbat erlijio-kongregazio eta -kofradiatako errituetan. Haien artean daude Frantziskotar Hirugarrendarren Ordena, San Vicente de Paul Elkartea, Loiolako jesuitak edo Hondarribiko kaputxinoak (azken horiei beren komentua Hondarribian ezartzen lagundu zien).

Liborioren etxe giroko lasaitasun hura 1888an urratu zen, karlismo integristako politikaria eta kazetari militantea egin zenean. Alderdi karlistakoa zen, baina hartatik bereizi eta bere adiskide Ramon Nocedalen zatiketa integristari atxiki zitzaion, alderdi berria antolatzeko eta propaganda arloko lanetan lagundurik. Nocedalekin batera, alderdi berriko Batzorde Zentraleko kidea izan zen, idazkari nagusi gisa, eta Madrilgo Elkarte integrista sortzen aritu zen. Liboriok etengabe segitu zuen Donostian, beti bezala, katolizismoaren eta Foruen aldeko lanari emana.

Gipuzkoan eragin eta ospe legitimorik handienetakoa zuten pertsonetako bat izan zen, baina behin eta berriz uko egin zion herri korporazioteako kide izateari, bai eta Kongresuan eta Senatuan ordezkari izateari ere, hamaika aldiz eskaini bazitzaion ere Filipinetatik itzuli zenetik. Gauza bakarra onartu zuen, hots, Gorteetarako diputatu izatea Zumaiako barrutitik, 1891ko legegintza hauteskundeetan.

Nocedali bere lanetan lagundu zion Parlamentuan, hark aurkeztutako lege, proposamen eta zuzenketa guztiak sinatuz. Gobernuari interpelazio bat egingo ziola iragarri zuen, Madrilgo Unibertsitatean krausismoari buruzko katedra bat (fundazio partikularrekoa) baimentzeagatik. Ez zuen, ordea, interpelazioa garatzerik izan, Gobernuak ez zuelako ezarri huraxe eztabaidatzeko datarik.

Euskal Herria bihotz-bihotzez maitatzearen ondorioz, artikulu sorta ederra bildu zuen El liberalismo y los fueros vascongados liburuan. Haietan ederki ikusten da goiburu karlistekiko zuen debozio sutsua: «Jaungoikoa eta Aberria». Bere osoan, artikuluak Cadizko Gorteen ondoko foruzaletasunaren gaineko tratatua dira egiazki. Liborio 1894an zendu zenean, auzi Baskongadoari eskainitako artikulu ugarien argitalpena zeraman oso aurreratua, eta gutxi batzuk falta zitzaizkion dena osatzeko, haren iritziz herrialdeak eduki beharko lukeen jarreraz bere eskubideak aldarrikatzeko. Ez ziren argitaratu, ordea.

Liburuan 60 artikulu eta 4 eranskin daude, sarreragileak Liborio Rameryri buruz ondutako biografia barne. Bederatzi zatitan dago egituratua, eta artikulu esanguratsuenen izenburuak bakarrik aipa ditzakegu: I. zatia: «Juicios favorables sobre los Fueros»; II. zatia: «Incorporación de las Provincias Vascongadas a la corona de Castilla», «Origen y fundamento de los Fueros»; «Respecto de los Reyes de España a nuestros Fueros». III. zatia: «Las cargas generales del Estado o los deberes constitucionales». IV. zatia: «Perfidia y deslealtad liberal con las instituciones vascongadas»; «Servilismo liberal y altivez eúskara»; «Nuestros Fueros y las Cortes de Cádiz»; «El liberalismo y la Guerra civil»; «Paz y Fueros»; «El Convenio de Vergara y la Ley de 25 de octubre de 1839»; «El Real Decreto orgánico de 16 de noviembre de 1839 y la regencia de Espartero»; «El Real Decreto de 29 de octubre de 1841»; «Real Decreto de 8 de febrero de 1844»; «Más agravios de los gobiernos liberales»; «La prensa antifuerista». V. zatia: «La Guerra Civil»; «El liberalismo y los liberales vascongados»; «El carlismo de las Provincias Vascongadas no pudo ser causa de la abolición de sus Fueros»; «Termínase el examen de la guerra civil en sus relaciones con la pérdida de los Fueros». VI. zatia: «Auxiliares del gobierno en su empresa de abatir los fueros»; «Proyecto de modificación de Fueros»; «Más pruebas de fanatismo liberal»; «Actitud nobilísima de las Provincias Vascongadas enfrente de la hostilidad del Partido Liberal y de los innumerables agravios inferidos por el mismo». VII. zatia: «Abolición Foral»; «Más pruebas del talento político del señor Cánovas del Castillo»; «Cómo se votó el proyecto de supresión de fueros de las Provincias Vascongadas»; «Actos del gobierno en estas Provincias, posteriores a la ley de 21 de julio de 1876»; «Verdadero objeto que el liberalismo se ha propuesto al derogar los Fueros». Parte VII: «Excelencias de la unidad católica». VIII. zatia: «Ajuste de cuentas»; «Al Árbol de Guernica (Himno por don José Miguel de Arrieta-Mascarua)».

Kapituluek, gutxi gorabehera, bostetik hamar orrialdera bitarteko zabalera dute, guztiak ere Donostiako El Fuerista egunkarian argitara emanak. Egunkaria 1888ko urtarrilaren 19tik argitaratu zen 1898ko maiatzera arte, urte hartan integrista izateari utzi eta Euzko Alderdi Jeltzalearen lehenengo egunkaria izan baitzen, eraldakuntza aldi luzearen ondorioz, integrismoaren barneko tira-birek eraginik. Engracio de Arantzadik zehatz-mehatz eman zuen gertakarien berri Ereintza lanean (1935, 61-91. or.).

Gehienak Liborio hil aurreko azken bi urtean idatzi ziren. Ezin ditugu artikulu guztiak aztertu, baina lehenbizikoan, hasteko, Liberalismoari egin zion eraso: «Liberalismoaren erregealdiak pixkanaka-pixkanaka, eta uste baino lehen, esklabotza lotsagarrienera eraman gaitu askatasun kristauaren lurralde klasiko honetan».

Liborioren artikuluek interes berezia dute euskaldunentzat, «auzi Baskongadoa» delakoan mugarri direlako, liberalek bidegabe ezabatutako Foruen aldarrikapena egiten duelako, hiru Probintzietako autonomia administratibo eta ekonomiko gutxi-asko murriztuaz harago joanik. Liboriok kontratu solemne batean funtsatu zituen foru eskubideak, eta Gaztelako errege-erreginek huraxe betetzea zin egin zuten askotan. Liberalek, aldiz, kontratu hura indarrez hautsi zuten. El liberalismo y los fueros vascongados artikuluan, hainbat ikuspegitatik izan zuen aztergai auzi Baskongadoa, erakustearren, noraino ziren iraingarriak, bidegabeak eta zentzugabeak Foruak ezabatu zituzten Espainiako Gobernuaren erasoak eta legeak. 

Dena den, ez dugu uste Liborio politikari fanatikoa izan zenik, baizik eta, kontserbatu diren bi biografiek kontatzen duten bezala, hots, «fededun gartsua», izugarri onbera, enpatikoa, familiarra, langilea eta nekagaitza, neurritsua, soila eta apala. Gorputzez luzea, ilehoria, gorpuzkeraz bizkorra, baina Filipinetan hartutako urdaileko gaitz iraunkor batek urte batzuk lehenago higatua; gizon onbera, atsegina, jokamolde finekoa. Bada, horren eraginez, jendeari begikoa zitzaion egiazki. Asmamen handikoa, ilustrazio itzelekoa, bidaia asko egindakoa; ezohiko dohainak zituen izaeran eta tratuan, eta haien bidez, lagun politikarien estimua bereganatzeaz gain, aurkariena ere bereganatu zuen, beti begirunerik eta errespeturik handiena erakutsi baitzioten, Euskal-Erria. Revista Bascongada aldizkariaren enkarguz Pedro M. de Soraluzek haren oroitzapenetan idatzitako hilberri maitekorrean aitortu zuen bezala. Liborio aldizkarian harpideturik zegoen eta, hil baino lehentxeago, azterlan soziologiko eta historiko bat prestatuko zuela agindu zion Antonio Artzak zuzendariari euskaldunen Erdi Aroko eta aro garaikideko familia patriarkalaz.


Obrak

El liberalismo y los fueros vascongados […] artículos que vieron la luz pública en el periódico «El Fuerista» y mandados coleccionar por acuerdo de la junta regional del Partido Tradicionalista de Guipúzcoa a la muerte de su autor, con una biografía del mismo, Madrid: Imp. de San Francisco de Sales, 1896, X, 628 or.

Bibliografia

ITURRIAK. 

ARANZADI Y ETXEBERRIA, E. («Kizkitza»), Ereintza. Siembra de nacionalismo vasco (1894-1912), Zarauz: Editorial Vasca, Celaya y Cía., 1935, 351 or. (2. arg. Auñamendi, 1980).

J. M. V. de E., «Biografía», in RAMERY, L., El Liberalismo y los Fueros vascongados…, 1896, 591-624. or. (Donostian 1895eko abenduan sinatua).

— «Prólogo», in RAMERY, L., El Liberalismo y los Fueros vascongados…, 1896, V-X. or.

SORALUCE, P. M. de, «Apuntes necrológicos: El Iltmo. Sr. D. Liborio de Ramery y Zuzuarregui (1833-1894)», Euskal-Erria, XXX (1894), 18-28. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP