Ibilbidea
Historia Karoli Magni et Rotholandi izeneko lanaren egilea Turpin apezpikua (748-794) izan zela uste zen, baina anonimoa da, ziur asko frantziar kleriko batek egina. Codex Calixtinusen kopiatuta gorde zen, eta 26 kapituluz osatutako IV. liburua eratzen du. Historia Turpini, 609an, Codex Calixtinusetik bereizi eta liburuki independente bat osatu zen. Berrogeita hamar kopia baino gehiago egin ziren eta munduko liburutegi garrantzitsuetan banatu zen. 1966an, berriro erantsi zitzaion Codex Calixtinusi, zaharberritze-prozesu baten ondoren.
Egiletzaren izaera apokrifoa azpimarratu nahian, Gastón París ikerlari frantziarrak De Pseudo-Turpino (1865) izenburua jarri zion bere doktorego-tesiari, eta horrela esan zaio handik aurrera. Batez ere Cyril Meredith-Jones-ek 1936an Historia Karoli Magni et Rotholandi ou Chronique du Pseudo-Turpin lana argitaratu zuenetik.
Kronikan, ziklo karolingioa eta Compostelarako erromesaldiak gurutzatzen dira, hainbat gogoeta moral eta gezurrezko datu historikoak nahasiz, prosa epikoan kontatuta. Turpinek Karlomagnok eta haren armadak Hispanian Done Jakue apostoluaren hilobia musulmanen mendetik askatzeko egindako lau kanpainak kontatzen ditu, denak ere gezurrezkoak. Zehazki, hirugarren kanpainan Iruñeko setioaren eta konkistaren berri ematen du, Done Jakueren laguntza zerutarrari esker eginak. Eta laugarrenean kontatzen da Karlomagnok, Monjardíneko gaztelua setiatu ondoren, Naiaratik igaro zela, Ferraguth erraldoiaren mende zegoen garaian. Errolan erraldoiaren aurka borrokatu zen hiru egunez, baita hil ere, eta hiria hartu zuen. Gero, Karlomagnok Hispania osoa konkistatzea lortu zuen eta, itzultzean, armada frantziarrak Iruñean kanpatu zuen eta mendateak zeharkatu zituen. Baina, Orreagan, armada karolingioaren atzealdea, 20.000 soldaduz osatua, Errolanen eta frankoen gizon boteretsuenen agindupean, sarraskitu zuten Zaragozako erregeek, Marsilio eta Baligant anaiek, Ganelon traidorea erosita. Sarrazenoek ihes egin zuten. Ustezko narratzailea, Turpin apezpikua, gertaera horien guztien lekuko izan zen. Karlomagno gudu hura gertatu zen lekura itzuli zen eta atsekabe handia hartu zuen. Bere iloba Errolanen heriotzagatik mendeku hartu nahian, musulmanen atzetik joan zen, Ebro eta Zaragozarantz ihes egin baitzuten. Orreagara itzuli zen eta Ganelonen aurkako epaiketa antolatu zuen. Historia Turpinin onarpen ankerrez deskribatzen da Ganelonen aurkako zigorra. Heroien gorpuak Frantziara eraman, eta zenbait nekropolitan hobiratu zituzten (Blaye, Bordeleko Saint-Surin, Arlesko Aliscans, Nantes eta Erroma).
xiii. mendearen hasieratik, Pseudo Turpin liburua zenbait aldiz itzuli zuten frantsesera, eta bilduma historikotan ere tartekatu zuten, hala nola Frantziako errege-erreginen kronikan (ca. 1220) eta Frantziako kronika handietan.
Obrak
«Historia Turpini», in Codex Calixtinus, xiii. mendea, 163.-191. or.
Argitalpenak: Hämel, A., eta Mandach, A. de, Der Pseudo-Turpin von Compostela, München: Veriag der bayerischen Akademie der Wissenschaften, 1965.
Meredith-Jones, C. (arg.), Historia Karoli Magni et Rotholandi ou Chronique du Pseudo-Turpin, Paris: E. Droz, 1936. Berrarg. Geneva, 1972.
Mortier, R. (arg.), Les textes de la Chanson de Roland. II. Chronique de Turpin et Grandes Chroniques de France, Paris: H. Champion, 1941.
Bibliografia
Herbers, K. (arg.), El Pseudo-Turpin. Lazo entre el Culto Jacobeo y el Culto de Carlomagno. Actas del VI Congreso Internacional de Estudios Jacobeos, Santiago de Compostela: Xunta de Galicia, 2003.
Jimeno Jurío, J. M.ª, Dónde fue la batalla de Roncesvalles, Iruñea: Vianako Printzea Erakundea, 1974.Berrarg. Iruñea: Pamiela, 2004. Berrarg. De Valcarlos a Roncesvalles. Historia de una batalla, Iruñea: Pamiela, Udalbide, Euskara Kultur Elkargoa, 2010, 179.-298. or.
Lambert, E., «L’Historia Rotholandi du Pseudo-Turpin et le pèlerinage de Compostelle», in Romania, 69 (1946-1947), 362.-387. or.
Moisan, A., «L’exploitation de la Chronique du Pseudo-Turpin», in Marche Romane, 31 (1981), 11.-41. or.
— «L’exploitation de l’épopée par la Chronique du Pseudo-Turpin», in Le Moyen Âge, 95 (1989), 195.-224. or.
Rehnitz, R., Die Grandes Chroniques de France und der Pseudo Turpin, Würzburg, 1940.
Aipamen bibliografikoa
Jusué Simonena, C., “Pseudo Turpin”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 346-347.





