Karguak eta lanbideak
Idazlea eta historialaria
Ibilbidea
Juan Pradere Pradere eta Manuela Lorenza Arruti Etxabe (Elgoibar 1825) senar-emazteen laugarren alaba izan zen. Aita galdaragilea zen, Garona Garaian (Frantzia) jaioa eta Oñatin kokatua, baina hiru urte zituela gelditu zen aitaz umezurtz. Lau seme-alabetarik, Ignaziaz gain, anaia Blas (Oñati 1852 – Donostia 1923) bakarrik iritsi zen helduarora, bi ahizpak nerabe zirela hil baitziren. Anaia apaiza izan zen eta, arreba bezala, euskaltzalea eta euskal idazlea.
Hiru lan argitaratu zituen, lehenik Euskal-Esnalea euskarazko aldizkarian (artikulu batzuk gaztelaniaz ematen zituen), Euskalerriaren Alde aldizkariari atxikia. Hona hemen: Zarauz eta bere kondaira, 1912an; Gipuzkoaren kondairarako Gorosabel-tar Pablo jaunak artu zituban nekeak liburuxka, 1913an; eta Gipuzkoaren lurrazalbena (geografia), 1915ean. Lehen biek, gero, edizio bereizian ikusi zuten argia. Hirurak ere Euskal Jaietan saritu zituzten. Zarauz eta bere kondaira idazkiak, zehazki, Zarauzkoetan eskuratu zuen lehen saria, 1912an. Gipuzkoaren kondairarako Gorosabel-tar Pablo jaunak artu zituban nekeak idazlanak, berriz, Tolosakoetan hirugarrena, 1913an; eta Gipukoaren lurrazalbena idazkiak, azkenik, bigarren saria, Hondarribikoetan, 1914an.
Zarauz eta bere kondaira sintesi-obra da, egileak berak bukaeran idatzi zuen bezala, eta Gorosabelen, Soraluzeren eta, hein txikiagoan, Henaoren lanak ditu oinarri. Hasteko, herriaren, eraikinen eta monumentuen deskribapena dakar, bai eta armarriarena ere, eta herriaren izenaz mintzo da. Kontaera historikoa IX. mendetik abiatzen da, garai hartakoa baita Zarautzi buruzko lehen aipamen idatzia. Bukaeran, eta ondorio gisa, historiaz bestelako kezkak agertzen ditu: lehenik eta behin, euskararen egoera zaio kezkagarri eta, Zarautzek euskarari eutsi diola onartzen badu ere, esaten du euskara galduez gero, ez legokeela euskaldunik. Era berean, zarauztar guztiek landu beharko luketen erlijiotasunaren alde egiten du eta, halaber, esaten du Euskal Herriak askatasunez bizi behar duela. Euskara jasoa eta zaindua darabil, neologismoz bete-betea; horregatik, liburuaren bukaeran, hiztegi txiki bat argitaratzeko beharra ikusten du testua errazago ulertu dadin.
Gipuzkoaren kondairarako Gorosabel-tar jaunak artu zituban nekeak liburuxkan Gorosabelen lana laudatzen du, haren meritua nabarmenduta. Bukaeran esaten du denok zordun gatzaizkiola, hark gure alde bere gain hartutako lan guztiagatik. Esaten du, halaber, denok Gorosabelen liburuak irakurri eta ikasi beharko genituzkeela egilearen ahalegin eta neke guztiak alferrekoak ez izateko.
Gipuzkoaren lurrazalbena, azkenik, 1915eko Euskal-Esnalean agertu zen hiru emanalditan. Probintziako geografian egiten du ibilbidea, lurraldeko alderdi fisikoez eta gizatiarrez mintzatuta. Formari dagokionez, berezia da, galdera-erantzun laburretan antolatua baitago, kristau-ikasbidea balitz bezala. Hortaz, uste izatekoa da idazlanak xede pedagogikoa duela.
Santiago Onaindiak, bere Euskal Literatura lanean, ukatzen du Ignazia Pradere lan horien egilea denik eta tinko esaten du anaia Blas apaiz eta idazlea ezkutatzen dela izen horren azpian. Mikel Atxagak, bestalde, Bidegileak bildumako Emakume Idazleak atalean jaso zuen Onaindiak esandakoa. Dena den, Ignaziaren jaiotzaren arrastorik ere ez denez aurkitu, bere buruari ere galdetzen dio hura benetan bizi izan ote zen. Hala ere, ez du uste Blasek arreba asmatu baten izena erabiliko zuenik, beste bi arreba haien izena erabiltzeko aukera izanda, horiek egiazki bizi izan baitziren, nahiz eta Atxagari ihes egiten dion biak ere ordurako hilak zeudela. Bestelako gogoetak egin ondoren, azkenean pentsatzen du anaiaren eragin handia dagoela Ignaziaren idazkietan. Gregorio Muxikak, Blas Pradereri buruzko hileta-oharrean, apaizaren euskarazko lanen zerrenda ematen du RIEVen, eta ez dio Ignaziaren lanik bat ere egokitzen. Esan behar da Muxika ederki informatua zegoela. Izan ere, Euskal Jaietako lehiaketetako euskarazko lanei emandako sariak Euskal-Esnaleak babesturik baitzeuden, eta Muxika, jakina, aldizkariaren bultzatzaile nagusia eta zuzendaria zen.
Obrak
«Zarauz eta bere kondaira», Euskal-Esnalea, II (1912), 261-266.; 272-284.; 293-295. or.; III (1913), 1-6.; 17-23.; 33-39. or.
Zarauz eta bere kondaira, Donostia: Martín y Mena, 1913.
«Gipuzkoaren kondairarako Gorosabel-tar Pablo Jaunak artu zituban nekeak», Euskal-Esnalea, III (1913), 273-278, 289-293, 305-307. or.
Gipuzkoaren kondairarako Gorosabel-tar Pablo jaunak artu zituban nekeak, Donostia: Martín y Mena, 1913.
«Gipuzkoaren lurrazalbena», Euskal-Esnalea, V (1915), 87-91., 100-106., 120-123. or.
Bibliografia
ATXAGA, M., Emakume idazleak, Bidegileak bilduma, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 1997, 6-7. eta 15-16. or.
MÚGICA MÚGICA, G., «Don Blas Pradere», RIEV, 14, 4 (1923), 694. or.
ONAINDIA, S., Euskal literatura, Bilbo: Etor, 1974, II. libk., 318. or.





