Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERREPUBLIKAREN ETA GOI-INPERIOAREN GARAIKO EGILE GREKO-LATINDARRAK

PLINIO ZAHARRA (Kaio Plinio Segundo, Plinio Zaharra) (Como, Italia, ca. K.o. 23 – Estabia, Italia, K.o. 79)

Ibilbidea

Latindar erudito eta antikuarioa. Julio-klaudiotar eta flaviotar dinastien garaian bizi izan zen. Uste da K.o. 23. urtearen inguruan jaio zela, eta K.o. 79an hil zela, Vesuvio sumendiaren erupzioan, hala kontatu baitzuen bere iloba Plinio Gazteak. Inperioko zenbait lekutan bete zuen bere ibilbide militarra eta administrazio-ibilbidea: lehenik eta behin, Germanian, eta gero, Vespasiano enperadorearen konfiantza lortu ondoren, Afrikan, Hispanian eta Galietan. Gizon ikasia zenez, bere bizitzaren zati handi bat Naturalis Historia —hau da, Historia Naturala— idazten eman zuen. Obra hori datu geografikoen, etnografikoen, historikoen eta era guztietako datuen laburbilduma zen, eta entziklopedia modernoen aurrekaritzat jotzen da. Pliniok jakintza handia zuen; hain zuzen ere, legegile aditua zen, eta, horrez gain, interes eta jakin-mina handia zuen bisitatu zituen leku guztiengan. Horrenbestez, era askotako ezagutza ugari eskuratu,  eta bere lanean jaso zituen.

Naturalis Historia lanean jasotako informazioen artean, Hispania Ziterior probintziaren antolamendu zibikoa dago. Pliniok lurralde hori ondo ezagutzen zuen, bertako administrazio-aparatuan jardun baitzuen, eta hortik atera zuen irakurleei azaldutako datuak emateko informazioa. Horregatik, pentsatzen da Plinioren lanean jasotako administrazio-informazioak probintziak Augustoren garaian (K.o. i. mendea) zer egoera zuen adierazten duela, batez ere, baina baliteke Pliniok informazio hori Vespasianok Hispaniari Ius Latii ematearen (K.o. 74) osteko datuekin osatu edo eguneratu izana.

Hori guztia kontuan hartuta, Plinioren testigantza oso sinesgarritzat hartzen da, eta Baskoniatzat hartzen dugun lurraldearen egoera deskribatuko luke, K.o. i. mendearen hasieran, erromatarren administrazio-aparatuaren eta aparatu juridikoaren hedatze-fasean. Horregatik, Naturalis Historia lanean, ikusten dugu Erromari interesatzen zaion informazioa aldatu dela, eta eremuaren kontrol fiskala eta ekonomikoa egiteko balio duten datu asko daudela, deskribapen geografikoak eta etnografikoak baino gehiago —informazio-mota hori ugaria zen konkistaren garaian, arrazoi militarren ondorioz—. Badirudi hirien banaketak eta Erromarekiko zer kategoria juridikoa duten ezagutzeak pizten duela interes gehien, elementu horien arabera izango baita hirien estatusa eta Inperioaren hiriburuarekiko harremana. Horregatik, pentsatzen dugu latindar eruditoaren lanak, nolabait, mendebaldeko Pirinioen inguruko eremuko lurraldeen konkistaren eta integrazioaren arteko trantsizio-etapa jasotzen duela, 3. eta 4. liburuetan egiten duen deskribapenean datu geografikoak, etnikoak eta administrazio-datuak uztartzen baititu (3.21-27). Baskoniako herrietatik, Pliniok honako hauek aipatzen ditu: baskoiak, Pirinioen ingurunean beti, haien muga Oiasso hiria (Irun, Gipuzkoa) izanik; barduliarrak, ozeanoan; karieteak —segur aski, karistiarrak—; eta autrigoiak. Bestalde, autrigoiak eta barduliarrak kantabriarren ondoan ageri dira, eta berdin gertatzen da ondorengo beste iturri batzuetan, eta horrek antzinako baskoiak kantabriarrekin identifikatzen zituzten teoria eusko-kantabrista modernoak sustatu zituen. Pliniok herri horiei guztiei buruzko informazio geografikoak eta administrazio–informazioak ematen ditu. Informazio geografikoei dagokienez, administrazioaren ikuspuntutik, Pliniok lurraldeko biztanleak zerrendatzen ditu, haiek bizi diren hirien arabera. Zerrenda horretan, baskoitzat hartzen diren hiriak ageri dira, kategoria handienetik txikienera ordenatuta, Erromak gune bakoitzari ezarritako estatus juridikoaren arabera. Hala, Ius Latii duten hirien multzoan, Cascantum (Cascante, Nafarroa), Ergauica eta Gracchurris (Alfaro, Errioxa) ageri dira, eta Tarraca ere sartzen du, hiri federatu gisa —hiri horren kokapena Los Bañales de Uncastillo (Zaragoza) izan daiteke—. Gero, honako hiri estipendiario hauek aipatzen ditu zerrendan: Andelo (Andion, Mendigorria, Nafarroa), Aracilum — eztabaida dago hiri horren kokapenari buruz: Araziel edo Uharte-Arakil (Nafarroa)—, Cara (Santakara, Nafarroa), Ilunberi (segur aski, Irunberri, Nafarroa) eta Pompelo (Iruñea).

Laugarren liburuan, Pliniok probintziaren deskribapen laburra egiten du, ozeanotik hasita, eta hor, historiografia modernoaren artean eztabaida handia piztu duen informazio geografiko-administratibo bat jaso zuen, saltus vasconum (4.110) delako lurralde bat aipatzen baitu, Pirinioetatik harago, eta hori honela interpretatu da: erromanizatu gabeko lurralde bat zegoela Baskonian; hau da, Erromak okupatu gabea. Baina termino horrek erromatarren administrazio-kategoria bat baino ez du adierazten, eta ez du esan nahi eremu horren gaineko zuzeneko kontrolik ez zegoenik. Gero, Olarso (Oiasso, Irun, Gipuzkoa) aipatzen du berriz, Vardulorum oppida —barduliarren guneak— batzuk zeudela dio, haien kopurua zehaztu gabe, baina Morogi, Menosca eta Vesperies izenak aipatzen ditu —gaur egun, oraindik ez dakigu non zeuden kokatuta—. Ez du gune horien egoera juridikoa zehazten, baina oppidum terminoa erabiltzeak aditzera ematen du oinarrizko hiri-garapena zuten komunitate txikiak zirela. Hala ere, gogoan izan behar da Pliniok, 3. liburuan, barduliarrei buruzko beste administrazio-informazio bat adierazi zuela. Hain zuzen ere, barduliarrek  hamalau herri (populos XIIII) eramaten zituztela Cluniako (Coruña del Conde, Burgos) conventusera —probintziaren eta tokiko-administrazioko unitateen arteko erakundea; besteak beste, eginkizun juridikoak zituen—. Herri horietatik, alabanenseak aipatzen ditu(San Roman, Araba). Paragrafoaren amaieran, Amanum portus aipatzen du —geroago, Flaviobriga (Castro Urdiales, Kantabria) izenez ezagutuko zen—, eta barduliarren eta kantabriarren artean kokatzen du; hau da, autrigoien artean. Pliniok dio, halaber, Cluniako conventusekoak direla autrigoien hamar civitates; besteak beste, Tritium (Tricio, Errioxa) eta Virovesca (Briviesca, Burgos). Karieteek —karistiarrek— eta venenseek bost hiri izango lituzkete; besteak beste, Veleia (Iruña Oka, Araba). Pliniok Akitaniako herriak ere aipatzen ditu (4.108-109), Akitania erromatar administrazioaren probintziatzat hartuta. Pirinioetatik Loira ibairainoko lurraldea hartuko luke probintzia horrek, eta Estrabonekin bat, hogei herri inguru: Aquitanicae sunt Ambilatri, Anagnutes, Pictones, Santoni liberi, Bituriges liberi cognomine Vivisci, Aquitani, unde nomen provinciae, Sediboviates. mox in oppidum contributi Convenae, Begerri, Tarbelli Quattrosignani, Cocosates Sexsignani, Venami, Onobrisates, Belendi, saltus Pyrenaeus infraque Monesi, Oscidates Montani, Sybillates, Camponi, Bercorcates, Pinpedunni, Lassunni, Vellates, Toruates, Consoranni, Ausci, Elusates, Sottiates, Oscidates Campestres, Succasses, Latusates, Basaboiates, Vassei, Sennates, Cambolectri Agessinates.

[109] Pictonibus iuncti autem Bituriges liberi qui Cubi appellantur, dein Lemovices, Arverni liberi, Vellavi liberi, Gabales. rursus Narbonensi provinciae contermini Ruteni, Cadurci, Nitiobriges Tarneque amne discreti a Tolosanis Petrocori.

Hala ere, Garona ibaiaren eta Pirinioen arteko lurraldea soilik hartzen badugu kontuan —Krasok erraz konkistatu zuen lurralde hori K.a. 56an—, zerrenda askoz laburragoa izango litzateke. Plinioren informazioa benetan Augustoren garaiari buruzko bada, erromatarren administrazioak K.o. i. menderako ezagutza zehatza zuela adierazten du horrek; segur aski, eremu horretan K.a. i. mendearen amaieran izandako matxinaden ondorioz.

Obrak

Plinio, Historia natural, Fontán, A.; García Arribas, I.; Del Barrio, E.; Arribas, M. L. (edizioa, itzulpena eta oharrak), Madrid: Gredos, 1998.

Pliny, Natural History. Vol. II, Lib. III-IV, Rackham, H. (edizioa eta itzulpena), Loeb Classical Library, Cambridge, MA: Harvard University Press [1942], 1961.

Bibliografia

Andreu, J.: «“Foederatos Tarracenses”: sobre una comunidad de la Tarraconense en los listados de la “Naturalis Historia” de Plinio el Viejo» in Gerión, 35. libk., 2. zk. (2017), 461.-470. or.

Ciprés, P.: «Hispania Citerior en la Geografia de la Naturalis Historia de Plinio» in Veleia, 31 (2012), 15.-32. or.

Duval, P. M.: «Les peuples de l’Aquitaine d’après la liste de Pline» in Publications de l’École française de Rome Travaux sur la Gaule (1989), 721.-737. or.

Izquierdo, M. T.; Esteban, M.: «Acerca de la costa cantábrica, el bajo Urumea en época antigua y el Morogi pliniano» in Munibe Antropologia-Arkeologia, 57. libk., 2. zk. (2005-2006), 389.-404. or.

Ortiz de Urbina, E.: «La Hispania cívica en la Naturalis Historia: las CCXCIII ciuitates de Hispania Citerior» in Ciprés, P. (arg.): Plinio el Viejo y la construcción de Hispania Citerior, Veleia, 14. akta, Gasteiz: UPV-EHU, 2017, 221.-242. or.

Aipamen bibliografikoa

Torregaray Pagola, E., “Plinio Zaharra”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 48-49.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP