Karguak eta lanbideak
Historialaria, idazlea, politikaria eta funtzionarioa
Ibilbidea
Aita Salamancakoa eta ama Guadalajarako probintziako herri batekoa zituen, eta etxe xume batean jaio zen. Ezin izan zuen unibertsitatean ikasi, baina oso goizetik interesatu zen letren munduarekin, solasaldietan parte hartuz eta literatur gaualdi eta antzerki-emanaldietan parte hartuz. Ekitaldi horiek literaturaren munduan zortea probatzera bultzatu zuten: Celinda idatzi zuen (1843), gai historikoko eleberri txiki bat, arrakasta handirik izan ez zuena, eta Las cárceles de Simancas antzezlana (1845), hori ere zorte askorik gabea. Lumaren bidez bizimodua ateratzeko, bere garaiko literatura komertzial nagusietara lerratu zen: kazetaritza eta argitalpen didaktikoak.
Kazetaritzaren arloan, asteroko hedabideekin kolaborazioan aritu zen, hala nola El Museo de las Familias (1844) edo Semanario Pintoresco Español (1845). Bertan, mota guztietako artikuluak ondu zituen, Bibliako narrazioetatik hasi eta gai historikoei buruzko kolaborazioetaraino.
Progresismoaren zirkuluetan mugitu zen, eta garai hartako politikako pertsonaia itzaltsu baten babesa lortu zuen: Juan Antonio Castejon. Hari «nire bigarren aita» deitzera iritsi zen. Rafael Maroto buruzagi karlistarekin batera aritu zen lankidetzan testu bat lantzen, Vindicación del general Maroto (1846) izenburukoa eta modu anonimoan agertua, gerra zibil amaierako haren jokabidea defendatzeko. Horri esker, gerra zibileko bi aldeetako gudari askorekin harremanetan jarri zen, eta haien materialak helarazi zizkioten Piralari, idazkian haien bertsioen berri eman zezan. Ondorioz, Benito Hortelano editoreak erabaki zuen Karlistaldiari buruzko lan handinahi bat idaztea, gatazkaren kontakizunaz eta protagonista nagusien biografia sorta batez osatua. Ekimen horren emaitza Galería Militar Contemporánea izan zen (1846), zeinaren jarraipena Eduardo Chaok zuzendu baitzuen hurrengo urtean. Ildo berean, 1851n, Estado mayor general del Ejército Español monumentalean ere lagundu zuen.
Alde batetik, Pirala aldizka eta entregaka historia idazten espezializatu zen. Haatik, ez zuen alde batera utzi irakaskuntzarako liburuak argitaratzeko irabazi asmoko jarduera. Horietako lehenengo liburua, gai erlijiosoei buruzkoa, El Fleurí (1847) katixima ezagunaren espainierazko bertsioa izan zen, eta bere bizitzan haren atzetik etorri ziren beste lan batzuk, hala nola Álbum de Historia Natural con láminas para el uso de niños (1852) eta El libro de oro de las niñas (1852), edo aldizkako argitalpenen bultzada, hala nola El profesorado (1857), agerian utziz lehen irakaskuntzaren inguruan gertatzen zen guztiarekin etengabeko interesa zuela.
1848 urte erabakiarria izan zuen bere bizitzan: urte horretan, Sucesos de París idatzi zuen, urte horretan aldameneko herrialdean jazotako iraultzari buruzkoa. Isuri politikoko liburua izan zen, Parisen urte horretan bizi izan zen aztoramenduaren ingurukoa. Haatik, ez zion jarraipenik eman, eta aktibismo politikotik aldendu zen harrezkero. Urte horren amaieran, Osunako dukearentzat lanean hasi zen hamarrenen negoziatuan, eta horrek egonkortasun ekonomikoa eman zion, bai eta idazle-bokazioa bideratzeko aukera ere. Urte horretan bertan, Francisco de Paula Mellado editorearentzat hasi zen lanean. Lehendabizi, aldizkako lanetan agertu ohi diren era guztietako idazkietan, hala nola Instrucción para el pueblo. Cien tratados sobre los conocimientos más útiles e indispensables tratatuen bilduma (1848), La Semana aldizkaria (1849-1851), edo Enciclopedia Moderna (1852).
Gainera, Anales del reinado de D.ª Isabel II. Obra póstuma de don Javier de Burgos (1850) Javier de Burgosen idazlanari hitzaurrea jartzeko mandatua jaso zuen. Hori guztia baliagarri izan zitzaion karlistaldi amaitu berriaren gaineko lan monumental bat prestatzeko. Lan horren lehen liburukia 1853an agertu zen, eta Historia de la guerra civil y de los partidos liberal y carlista izan zuen izenburu, bost liburukitan emana, eta horrek behin betiko altxa zuen Antonio Piralaren historialari ospea. Bertan, erakutsi zuen gaia ezagutza zuela, dokumentazioa erabiltzeko gai zela eta kontakizuna oso erdira lerratzen zela. Horri esker, bi alderdiek errespetatu eta balioetsi zuten. Lanak arrakasta handia izan zuen eta, egun, klasikotzat hartzen da. 1868an, berriz argitaratu zen, Esparteroren Erregeordetzaren inguruko liburuki berri bat gaineratuz, eta ondoren hainbat aldiz argitaratu zen.
1868ko iraultza zela eta, politikara itzuli zen progresisten artera, eta Madrilgo behin-behineko Udaleko kide izan zen. Geroago, 1871n, Amadeo de Savoiatik hurbilen zeuden gizonen artean aurkitzen dugu, errege-kuarto militarreko idazkari-lanetan. Haren irudi-kanpainan lagundu zuen La Ilustración Española y Americana laneko artikuluen eta El rey en Madrid y en provincias liburuaren bidez, erregeak Penintsultako hainbat bazterretara egin propaganda-bidaia baten kronika.
Amadeo Savoiakoaren ondoan egon zen 1873an herrialdea utzi zuen arte. Une horretan, administrazioan sartu zen eta hari atxiki zitzaion, tarteka kargua utziz, 1890era arte. Bere abentura politikoaren amaierarekin batera, historiara itzuli zen. Bere hurrengo ekimena XIX. mendeko politikaren historiaren jarraipena izan zen, Historia Contemporánea. Anales desde 1843 hasta la conclusión de la actual guerra civil lanaren bidez (1875). Bertan, azken karlistaldi arte luzatu zuen bere kronika. Haren bitartez, mendeko kronista eta Espainiako bizitza politiko garaikidearen historialari gisa sendotu zen. Berrezarkuntzaren garaian, Pirala liberalismoaren gizontzat hartzen zen, eta lehen gobernu progresistak Bizkaiko gobernadore zibil postua betetzeko deitu zion (1881eko irailaren 26a-1883ko azaroaren 3a). Euskal Herrian egon zen bitartean, Modesto Lafuenteren Historia General de España (1882) lanari jarraipena emateko ekimen prestigiotsuan parte hartu zuen Juan Valera eta Andres Borregorekin batera. Probintzia Baskongadoak zuzenean ezagutu zituen, eta lurralde horien ezagutza omenaldi batean gauzatu zuen: España. Sus Monumentos y Artes. Su Naturaleza e Historia Espainiako liberalismoaren argitalpen-proiektu nazional handian Probintza Baskongadoei eskainitako liburukian (1885). Bizkaiko gobernadore zibil kargua bete zuen berriro (1885eko abenduaren 3a-1887ko abenduaren 3a), eta Madrilera itzuli zen, gero. Hor, hainbat postu bete zituen, besteak beste, Gaceta de Madrid-eko administratzailea edo Administrazio Ministerioko Liburutegiko burua izatea, hirurogeita sei urte zituenean dimisioa eman zuen arte (1890eko uztailaren 5ean).
Antonio Sanchez Moguel, Jose Gomez de Arteche eta Francisco Coelloren eskutik Espainiako Historiaren Errege Akademian sartu zenean (1892ko ekainaren 19a) iritsi zen bere historialari-lanaren behin betiko aitortza. Pirala Berrezarkuntzako kultura-elitekoa da eta La España Moderna garaiko aldizkari ospetsuenean idatzi zuen. Artean ere indarra bildu zuen Anales de la guerra de Cuba lana amaitzeko (1895), hiru liburuki handitan argitaratua, eta España y la Regencia. Anales de dieciséis años (1885-1902) lanaren bidez (1904) XIX. mendearen kontakizunarekin jarraitzeko. Horretan ari zela, hain zuzen, heriok eraman zuen 1903ko ekainaren 22an; bera hil ostean plazaratu zen.
Laureana Alkain alarguna Pirala baino luzaroago bizi zen. Pirala Alkain donostiarrarekin ezkondu zen hirurogeiko hamarkadaren hasieran, eta bi seme-alaba izan zituen: Angel eta Maria. Laurogeita hamarreko hamarkadan, landetxe bat erosi zuten Donostian, eta bertan ematen zituzten udako hilabeteak. Bertan idatzi zituen, hain zuzen, Anales de la guerra de Cuba.
Obrak
Celinda, novela histórica y original por don Antonio Pirala, Madrid: Imp. y casa de la Unión Comercial, 1843.
Vindicación del General Maroto y manifiesto razonado de las causas del Convenio de Vergara, de los fusilamientos de Estella y demás sucesos notables que les precedieron, justificados con cincuenta documentos, inéditos los más, Madrid: Imp. del Colegio de Sordomudos, 1846.
El Fleuri. Catecismo histórico, escrito en verso con las aprobaciones del Excmo. Sr. D. Antonio Posadas, arzobispo electo de Toledo, y de la vicaría eclesiástica, etc., Madrid: Imp. del Colegio de Sordo-Mudos y Ciegos, 1847.
Sucesos de París, Páginas de Gloria. Por don Antonio Pirala, Madrid: Imp. de don José María Alonso, 1848.
Estado mayor general del Ejército Español. Historia del ilustre cuerpo de oficiales generales formada con las biografías de los que más se han distinguido e ilustrada con los retratos de cuerpo entero escrita y publicada bajo la dirección del oficial del arma de infantería don Pedro Chamorro y Baquerizo precedida de un prólogo del Excmo. Sr. teniente general D. Evaristo San Miguel, 2. arg., Madrid: Imp. de Tomás Fortanet, 1851-1852, 4 libk.
Álbum de Historia Natural con láminas para el uso de niños, Madrid: Establecimiento Tip. de Mellado, 1852.
El libro de Oro de las Niñas por don Antonio Pirala. Obra de testo (sic), 3. arg., Madrid: Imp. de Manuel Minuesa, 1852.
Historia de la Guerra Civil y de los Partidos Liberal y Carlista por D. Antonio Pirala. Escrita en presencia de memorias y documentos inéditos, Madrid: Establecimiento Tip. de Mellado, [1853]-1856, 5 libk. Badira geroagoko argitalpenak ere: 1868-1869, 1889-1891 eta 1984.
El rey en Madrid, y en provincias, Madrid: Imp. de Quirós, 1871. Italierazko edizio bat dago, 1873koa.
Historia Contemporánea. Anales desde 1843 hasta la conclusión de la actual guerra civil. Por D…, Madrid: Imp. de Manuel Tello, 1875-1879, 6 libk. Geroko, 1891-1895 eta 1906-1907ko bi edizio daude.
Historia General de España desde los tiempos primitivos hasta la muerte de Fernando VII. Por D. Modesto Lafuente. Continuada desde dicha época hasta nuestros días por D. Juan Valera, con la colaboración de don Andrés Borrego y don Antonio Pirala, Barcelona: Montaner y Simón, 1882, VI. libk. Argitaraldi ugari harrezkero.
España. Sus Monumentos y Artes. Su Naturaleza e Historia. Provincias Vascongadas. Por D…, Barcelona: Establecimiento Tipográfico Editorial de Daniel Cortezo y Cía., Fotograbatuak eta heliografíak Joarizti eta Mariezcurrenarenak, luma-marrazkiak Angel Pirala, M. O. Delgado eta Passorenak, grabatuak Gómez Palorenak eta kromoak Xumetrarenak, 1885.
Discursos leídos ante la Real Academia de la Historia en la recepción pública de don Antonio Pirala el día 10 de junio de 1892, Madrid: Imp. González Rojas, 1892.
Anales de la guerra de Cuba, Madrid: Felipe González Rojas, 1895-1898, 3 libk.
España y la Regencia. Anales de dieciséis años (1885-1902) por D. Antonio Pirala, Individuo de número de la Real Academia de la Historia, Madrid: Libª. de Victoriano Suárez, 1904-1907, 3 libk.
Bibliografia
ARÓSTEGUI, J., «Antonio Pirala en la historiografía española del siglo XIX», in PIRALA, Antonio, Historia de la guerra civil y de los partidos liberal y carlista, Madrid: Turner/Historia, 16, I. libk., 1984, VII-LXVIII. or.
BULLÓN DE MENDOZA, A., «Antonio Pirala y la Historia de la guerra civil y de los partidos liberal y carlista», Congreso de jóvenes historiadores y geógrafos. Actas, II. libk., Madrid: Ed. de la Universidad Complutense de Madrid, 1990, 381-388. or.
ELORRIAGA PLANES, M.ª T., «Pirala y Criado, Antonio», in BOIA, L. (arg.), Great Historians of the Modern Âge. An International dictionary, New York: Greenwood press, 1991, 636-637. or.
RÚJULA LÓPEZ, P., «El historiador y la guerra civil: Antonio Pirala», Ayer, 55 (2004-4), 61-81. or.
— «Antonio Pirala y la Historia Contemporánea», honen sarrera: Vindicación del general Maroto, Iruñea: Urgoiti Editores, 2005, I-CXXXIII. or.





