Karguak eta lanbideak
Literatoa, poeta, Gaztela eta Leongo erresumen kronikaria, eta Aragoiko Koroako erresumen kronikaria
Ibilbidea
Familia noble, dirudun eta ugari batekoa zen. Aita eta ama Aragoiko eta Biarnoko leinu nobleen ondorengoak ziren. Latinitateko hastapenak ikasi zituen Consuegran. Gero, Gramatika, Giza Zientziak, Filosofia, Zuzenbide Kanonikoa eta Zibila, eta Genealogia ikasi zituen Salamancan, Madrilen eta Alcalá de Henaresen. Literatura-lan ugari idatzi zituen, berrehunetik gora argitaratu baitzituen, eskuizkributan idatzita utzi zituenaz gain. 1629an, Gaztelako Gorteek Gaztela eta Leongo erresumen kronikari izendatu zuten, eta Lope de Vegaren gorrotoa bereganatu zuen horregatik, Lope de Vegak ere kargu hori eskuratu nahi baitzuen. Hurrengo urteetan, etsaitasun handia izango zen bien artean, eta elkarren kontrako erasoak egin zituzten zenbait -literatura-lanetan. 1635ean, Pellicer Olivares konde-dukeak erregimenaren aldeko propaganda-lan bizia egiteko hautatutako intelektual-taldeko kide nabarmenetako bat izan zen, eta Defensa de España contra las calumnias de Francia lana idatzi zuen. Bitxia bada ere, Urbano VIII.a aita santuari eskaini zion lan hori, nahiz eta erabat frantsesen aldekoa eta Habsburgoko etxekoen kontrakoa zen. Lan horretan, egileak xehetasun handiz aztertu zituen Erdi Arotik xvii. mendera bitarteko hispano-frantziar harremanak, eta honako gertaera hauen aipamen laburrak daude: Karlomagnoren porrota Orreagan (778) baskoien aurrean; Frantzisko I.a Frantziakoaren inbasioak Nafarroan (1521 eta 1522), etab. 1640an, erregeak Aragoiko Koroako erresumen kronikari nagusi eta historia-lanen aztertzaile izendatu zuen. Kargu horrek aukera ezin hobea eman zion beste eruditu batzuen eskura ez zeuden liburuak eta dokumentuak ikusteko eta erabiltzeko.
Nafarroako Erresumari buruzko albisteak eta erreferentziak aberatsagoak eta ugariagoak dira Pellicerren Annales de la monarquía de España después de su pérdida lanean, aipatutako Defensa lanean baino. Lan hori Karlos II.ari eskaini zion, eta hasieran pentsatutako egitura hamabi liburukoa zen, baina lehenbiziko bederatziak soilik amaitu ahal izan zituen, hil egin baitzen hamargarrena hastear zela. Lana idazteko, Pellicerrek egile asko eta haiek egindako kronika eta lan ugari erabili zituen oinarritzat: Ximenez Radakoa artzapezpikua, Badajozeko Isidoro apezpikua, Alfontso III.a Handiaren kronika, Jerónimo Zurita, Esteban Garibai, Juan de Mariana, Jerónimo Blancas, Gonzalo Argote de Molina, Vianako Karlos printzea…, bai eta atzerriko egile askoren lanak ere.
Oso kritiko agertu zen zenbait historialarirekin, hala nola Pedro Tomicekin. Tomicek xv. mendearen erdialdean idatzi zituen bere lanak, eta Pellicerrek aurpegiratzen dio gehiegi aurreratu zuela Sobrarbeko erresumaren jatorria, alegiazko errege batzuk gehituta. Gartzea Semenez (718) aipatu zuen Tomicek Sobrarbeko lehen erregetzat, San Juan de la Peñako monasterioko fraide Pedro Marsilioren Historia Pinatense lanean oinarrituta, eta, Pellicerren ustez, hori «es Raro Madrugar, i temeraria Anticipacion». Pellicerrek dio Iruñeko lehenbiziko errege hautatua Eneko Gartzea izan zela, eta Aragoikoa, berriz, Eneko Aritza, eta egile askok bi errege horiek nahasi dituztela, antzeko izenak zituztelako eta baten eta bestearen erresumak elkarrengandik hurbil zeudelako. Halaber, lege-kode bat («Foruak») zegoela defendatzen du. 16 legek osatuko zuten kode hori, eta kristau lurraldeen konfederazio baten ordezkariek —Asturiasek, Galiziak, Leonek, Aragoik, Nafarroak, Kataluniak eta Nafarroa Behereak osatutako konfederazioa— batera idatzi zuten, 718. urtean lehen errege Pelaioren hautaketarako. Pelaio, hain zuzen ere, «señor de toda la Christiandad del Pyreneo de España» izan omen zen, «Titulo con que despues Verêmos al Rey Don Sancho el Mayor». Mende batzuk geroago, foru horiek Antso Ramirez erregeak 1063. urtean Sobrarbeko infantzoiei emandakoetan txertatu zirenez, «Sobrarbeko foruak» esan zitzaien haiei, eta nahastea sortu zen horrela.
Pellicerrek begirunea eta estimazioa adierazten du Jose Moret jesulagunarekiko eta haren lan historikoekiko, baina ez dago ados nafar kronikari horrekin, Iruñea eta Nafarroa asturiarren eta musulmanen mende egon ez zirela, eta musulmanen inbasiotik gutxira errege propioak izan zituztela defendatzen duenean. Aragoiko aztertzaileak, Rasisen kroniketan oinarrituta, asturiarren eta musulmanen mende egon zirela dio, eta galdera hau egiten du: «que -Descredito se le sigue â Pamplona, i â Navarra, de que la Señoreassen los Arabes Quando Padeciô la misma Invasion la Mayor Parte de España?».
Pellicerrek, halaber, Nafarroako historiako gertaera nagusietako bat aztertzen du, Karlomagnok Orreagan 778an jasandako porrota, alegia, eta honako hau dio: «que no fueron Navarros los que Dieron la Rota â Carlos, como con Inaudita Novedad escribe Ioseph de Moret, Docto i Erudito Cronista de Navarra. Pruebase que fueron los Vascones». Adierazpen hori atzerriko iturri ugaritan oinarritzen du: Hildesheimeko kronikoia, S. Bertin monasterioko (Frantzia) urte-liburuak, Malciac-eko San Martin monasterioko kronikoia, Gemblac-eko abade Sigebertoren kronografia, Astronomoa, Eginardoren kronika (Karlomagnoren garaikidea zen), etab. Iturri horietan, adierazten da Iruñea musulmanen mende zegoela errege frankoa iristean, eta baskoiak izan zirela, eta ez nafarrak, Karlomagno garaitu zutenak, Pirinioak zeharkatzean.
Pedro Abarcak Pellicer «inoiz izandako historialari bikainena» izan zela uste zuen, baina Pellicerren garaikideek sarritan kritikatu zuten; esate baterako Domingo de La Ripak adierazi zuen Pellicerrek eskrupulu eta zorroztasun gutxi zituela, azaltzen zituen datuen eta frogen egiazkotasunari zegokionean. Zorroztasun falta hori egin zituen zuhaitz genealogikoetan islatu zen, Aragoiko Erresuma Espainiako zaharrena zelako mitoa sortzeko ahalegina egin baitzuen. Bisigodoen garaian jada sortua zela dio Pellicerrek Annales lanaren azken kapituluan. Halaber, Pellicerrek dio Aragoiko Erresuma soilik izan zela lehenbiziko erregea —Eneko Aritza— espainiar jatorrikoa izaten, Asturiasko, Galiziako eta Gaztelako erregeak leinu godoen ondorengoak baitziren, eta Nafarroakoa, Eneko Gartzea, Akitaniako duke Eudonen ondorengoa zela, gizonezkoen zuzeneko linean. Hori horrela eginda, Sobrarbeko erresumaren jatorriari buruzko tradizioarekin bat ez zetorren mito bat eraiki zuen, eta, horregatik, ez zituen Pirinioetako lehenbiziko erregeak onartzen.
Obrak
Población y lengua primitiva de España, recopilada del aparato a su monarquía antigua, Valencia: Benito Macé, 1672.
Aparato a la monarquía antigua de las Españas en los tres tiempos del mundo, Valencia: Benito Macé, 1673.
Anales de la Monarquía de España después de su pérdida, Madrid: Francisco Sanz, 1681.
Bibliografia
Jimeno Aranguren, R.: «Pedro Abarca y su tratado manuscrito Origen y progresos de la contienda sobre los primeros reyes de Aragón y Navarra, llamados de Sobrarbe (c. 1685)» in Pedralbes. Revista d’historia moderna, 31 (2011), 91.-123. or.
Martín Polín, R.: «Pellicer de Ossau: una visión de la monarquía católica en torno a 1640» in Espacio, Tiempo y Forma. Historia Moderna, 13 (2000), 133.-163. or.
Ponce Cárdenas, J.: «José de Pellicer de Ossau y Salas y Tovar» in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Onlineko argitalpena: http://dbe.rah.es/biografias/4823/jose-de-pellicer-de-ossau-y-salas-y-tovar (2018ko abuztuaren 20an egindako kontsulta).
Quirós Rosado, R.: «“Aspidio Rey”, Joseph Pellicer de Ossau y la polémica historiográfica sobre el “indigenismo” regnícola aragonés» in Torres Sánchez, R. (arg.): Studium, magisterium et amicitia. Homenaje al profesor Agustín González Enciso, Iruñea: Ediciones Eunate, 2018, 201.-211. or.
Aipamen bibliografikoa
Noain Irisarri, J.J., “Pellicer de Ossau y Salas de Tovar, Jose”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 690-693.





