Karguak eta lanbideak
Bergarako alkate eta epaile arrunta, eta Gipuzkoako diputatu nagusia
Ibilbidea
Aita Jose Ignazio Ozaeta Gallaiztegi Murua eta ama Maria Francisca Antonia Moyua Zabala ziren, Bergarako (Gipuzkoa) San Pedroren parrokian ezkonduak 1711n, eta umea han jaio zen 1712ko abuztuaren 22an. Bataioko erregistroaren margenean, ohar batean aipatzen dira Alcántarako Zaldun eta Donejakueren Ordenako Zaldun tituluak, baina informazio hori ez da egiaztatu egundaino. Tolako markesaren arabera, Ozaetako jaurerriaren herederoa izanik, maiorazko oparoa eskuratu zuen, besteak beste, Alegriako jauregia bere patronatuarekin, Arriaga, Gallaiztegi eta Esseandia dorre-etxeak, Ozaetako maiorazkoak eta Galardi eta Rekaldeko eskubideak. Bergarako oligarkiako kidea izanik, hiriko alkate eta epaile arruntaren betebeharrak bete zituen, haren aitak 1713-1714 biurtekoan egin zuen bezala. Gainera, Gipuzkoako diputatu nagusi izendatu zuten lehenengo alderditik, Mutrikun 1750eko uztailean bildutako Batzar Nagusietan. Ondoren, Zestoan 1759ko bildutako Batzar Nagusietan, berriz aukeratu zuten kargu horretarako. 1779ko abenduaren 12an hil zen, alaba bakarra utzita, erlijioso sartuta Gasteizko Brijiten komentuan.
Letren langile nekaezina, haren ekarpenak xviii. mendearen erdialdeko testuinguruan kokatzen dira. Aldi horretan novatores deitutako berritzaileen eta euskal ilustratuen arteko transmisioa gertatu zen, eta azpimarragarria da Bergaran izan zuten eragin handia. Izan ere, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko bazkide-sortzailea eta Rocaverdeko hirugarren markesa Roque Javier Moyúa Ozaeta zen, hain zuzen ere.
Haren lehenengo lana, Nueva demostración del derecho de Vergara, sobre la patria, y apellido secular de San Martín de la Ascensión y Aguirre, Agustín Bazterrikarekin elkarlanean idatzi zuen, eta Madrilen argitaratu zen 1745ean. Sorterriari egindako omenaldi argia izan zen, haren eskubideak defendatu baitzituen San Martín de la Ascensión y Agirreren figuraren gainean. Baina osperik handiena eman ziona haren bigarren eta azken lana izan zen, bete-betean sartu baitzen une hartako eztabaida kantabristan eta eusko-kantabristan.
Izenburua La Cantabria vindicada y demostrada según la extensión que tuvo en diferentes tiempos, eman zion, eta Madrilen argitaratu zen 1779an. Idatzi horretan, jarraipena eman zion Aita Larramendik, bere Discurso sobre la antigua Cantabria lanean, 1736an defendatu zuen tesiari, alegia, antzinako Kantabriaren mugak garai hartako Baskoniarenak, hau da, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko lurraldeenak zirela zioen ideiari. Antzinako Kantabriaren nondik-norako historiko eta geografikoen inguruko eztabaidan aurrez aurre zeuden ideia kantabristak, antzinako mugak egungo Kantabria eta Burgosko iparraldean kokatzen zituztenak, eta eusko-kantabristak, Kantabriako lurraldeari euskal probintziak eransten zizkiotenak. Eztabaidaren muinean tubalismoa zegoen, alegia, euskal lurraldeen berezitasun politikoak defendatzeko helburua zuen ekintza apologetikoa.
Discurso lanarekin, Larramendik erantzuna eman nahi izan zien hainbat tratadistaren argudioei, besteak beste, Zurita, Peralta eta Oihenarterenei. Haren lanak ere Enrique Flórez agustindarraren erantzuna eragin zuen, 1768an eman zuena, La Cantabria. Disertación sobre el sitio y extensión que tuvo en tiempos de los romanos la región de los cántabros, con noticias de las regiones confinantes y de varias poblaciones antiguas argitaratuz. Gauzak horrela, Ozaeta Gallaiztegiren La Cantabria vindicada Flórezen lanari erantzunez sortu zen.
Lan horrek ondorengo egile askoren kritika zorrotzak jasan zituen. Etxegarairen arabera, esaterako, epela, garratza eta zientifikoki hutsala da. Gorosabelek, berriz, hark egin ote zuen ere kolokan jartzen du, eta Estatuaren Idazkaritzako ofizial batekin lotzen du —gutxienez lagundu egingo zuen—. Hala eta guztiz ere, bergararra polemista trebea zela erakutsi zuen, Florezen argudioei aurre egiteko saioan. Agustindarrari egotzi zion ez zekiela zuzen interpretatzen Kantabriari buruzko koordenatu ptolemaikoak, eta toponimia modu okerrean erabilita estali nahi izan zituela, arrakastarik gabe, geografia eta matematika arloetan zituen hutsune nabarmenak estaltzeko. Era berean, bere argudioen haritik, Ozaetak galdetu zuen ea Florezek defendatutako Kantabria txiki hura gauza izango ote zen erromatarren bultzadari aurre egingo zion gizon kopuru handia eskaintzeko. Azkenik, azpimarragarria da ideia eusko-kantabrista defendatzeko erabili zuen suhartasuna, izan ere, haren esanetan, eztabaidak ez zuen zentzurik, frogatua baitzegoen defendatzen zuen lurraldea bat zetorrela euskararen hedadurarekin, eta eztabaiden atzetik zegoen arrazoi bakarra egile interesdun batzuen handinahia zela. Halako oihartzuna izan zuen bergararraren idatziak, Flórezen ikasle zuzen batek, frai Manuel Riscok, berehala eman zion erantzuna El R. P. M. Fr. Henrique Flórez vindicado del Vindicador de la Cantabria. Don Hipólito de Ozaeta y Gallaiztegui lana argitara emanez, 1779ko urte hartan bertan.
Obrak
Nueva demostración del derecho de Vergara, sobre la patria, y apellido secular de San Martín de la Ascensión y Aguirre, Madrid: Manuel Fernández Inprimategia, 1745.
La Cantabria vindicada y demostrada según la extensión que tuvo en diferentes tiempos: la variedad del govierno de los romanos en España, y quáles se llamaron Regiones. Historia de la Geografía, desde su principio. Guerra de los invencibles Cántabros, y valerosísimos asturianos, según los Autores Romanos solos. Hazañas posteriores de los Cántabros por mar. Respuesta apologética a todos los puntos, en que se ha desdorado el ilustre nombre de las Vizcayas, desde Don Gerónimo de Zurita, Analista del Reino de Aragón, hasta el reverendísimo Padre Maestro Fray Enrique Florez, Ex-Asistente General del Orden de San Agustín, Madrid: Oficina de Pedro Marín, 1779.
Bibliografia
vBergarako Udal Artxiboa, http://www.bergarakoartxiboa.eus/onomastika/5326(2018ko apirilaren 27an egindako kontsulta).
Echegaray, C., Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa, Donostia: Probintziako Inprimategia, 1893.
Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. Diccionario Enciclopédico Vasco, Donostia: Auñamendi-Estornés Lasa Anaien Argitaletxea, 1993.
Gorosábel, P., Noticias de las cosas memorables de Guipúzcoa, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1972, 1. libk.
Ruiz de la Peña, J. I., «Memoria histórica y registros de fuentes», in García de Cortázar, J. A. (zuz.), La memoria histórica de Cantabria, Santander: Universidad de Cantabria, 1995, 17.-242. or.
Aipamen bibliografikoa
Echeberria Ayllón, I., Aragón Ruano, A., “Ozaeta Gallaiztegui Moyua, Jose Hipolito”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020,pp. 474-475.





