Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

ORUETA PEREZ DE NENIN, Jose Antonio (Bilbo, 1866ko maiatzak 10 – Bilbo, 1934ko azaroak 19).

Karguak eta lanbideak

Enpresaburua, idazlea, Foru Ligako diputatua eta Euskal Autonomia Estatutuaren erredaktorea 

Ibilbidea

Fausto Arotzenak Oruetari buruz egiten duen nekrologia iturri bikain eta probetxugarria da oraindik ere. Orueta Bilboko Estufa zeharkalean jaio zen, Francisco Orueta Iturrioz arkitektoaren eta Luciana Perez de Nenin Urbietaren semea. Erditzean hil zitzaion ama.

Hirugarren Karlistaldiaren ondorioz, hiribildua utzi behar izan zuen Frantziara joateko, aitaren militantzia zela eta. Mont-de-Marsanen egin zituen lehen mailako ikasketak beste ikaskide erbesteratu batzuekin batera, eta hiru urteren buruan Bilbora itzuli zen. 1876an aita hil zitzaion, eta aitaren aldeko familia egin zen haren kargu. Bizkaiko Institututik igaro ondoren, Valladoliden Zuzenbide karrera egitea erabaki zuen. Lizentziatu berria, Bizkaiko Aldundiko legelari-lanpostua lortu zuen. 1888an Aurora Rivero Sagastirekin ezkondu zen, 1872an Bilboko alkate zen Alejandroren alabarekin. Lau seme-alaba izan zituzten: Jose, Aurora, Antonio Maria eta Maria del Carmen.

Zuzenbidean lizentziaduna izan arren, haren zaletasunak Ekonomiaren eremura bideratu ziren, industria-jarduerekin lotuago baitzegoen. Bere gaztaroa Bilbon igaro zuen arren, Oruetaren bizitza publikoa Gipuzkoan garatu zen, batez ere, bere lanbideak hala eraman baitzuten. Bizkaiko Ekoizleen Ligan parte hartu zuen eta izen bereko Gipuzkoakoaren sortzaile eta sustatzaileetako bat izan zen.

Bere jarduera ekintzailea Bilbon hasi zen 1891n, ingeniari talde batekin elkartu zenean Talleres de Zorroza enpresa sortzeko. Lantegia Olabeaga auzoan zuten eta eraikuntza metalikoak egiten zituzten. 1901ean, beste hiru lantegirekin bat egin zuen enpresa horrek, Sociedad Española de Construcciones Metálicas (SECM) sortzeko. Euskal Herriko eta Asturiaseko enpresaburuek eta Urquijo y Cía banketxeak sustatu zuten talde industrial hura. SECMeko kontseilari izendatu zuten, eta taldeko enpresa nagusiena martxan jartzeko ardura eman zioten, Beasaingo (Gipuzkoa) Bagoi-Fabrika, alegia. Horregatik, Europan zehar bidaia ugari egin zituen ekipoak eta langile teknikoak kontratatzeko. Fabrika hura martxan jartzearekin batera, Beasainera joan zen bizitzera bere familiarekin. Gerentea zelarik, kontratu garrantzitsuak egin zituen Espainiako eta atzerriko konpainiekin bagoiak fabrikatzeko. Bere jardueran gehiegizko autonomiaz jokatzea leporatu zioten; horregatik 1916an utzi behar izan zuen enpresa, Administrazio Kontseiluak hala eskatuta.

XX. mendeko bigarren hamarkada amaitu baino lehen, Donostiara joan zen bizitzera, eta han bateragarri egin zituen bere lan politikoa eta Fundición de Acero de Arrieta y Cía enpresaren gerentzia, Errenterian. Rentería aldizkariko arduradunek Oruetaren bi kolaborazio argitaratu zituzten: bata, 1922an, «Mirando al porvenir de Rentería» izenburupean; bertan, herribildu horren etorkizun industrialerako, ibaiaren nabigagarritasuna itsasgoraren mugaraino operatibo mantentzearen alde ageri da; bestea, 1926an, «Rentería industrial» izenburupean, udalerriaren iragan industrialari eta orainari egindako kantua.

Orueta ez zen kezka politikoetatik kanpo bizi zen horietakoa; joera liberalekoa, Madrileko Kongresurako hauteskundeetara aurkeztu zen behin baino gehiagotan, eta Tolosako barrutitik hautatu zuten 1905ean eta 1914an. Ospetsua izan zen 1905eko kanpaina, non Jose Oruetak (Liga Foral Autonomista) Julio Urkixo karlistari irabazi baitzion. Azken hau, bi urte geroago, Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkariaren sortzailea izan zen.

Tolosako barrutitik, 1915eko maiatzean, probintziako diputatu hautatua izan zen, eta 1923ko abuztuan Donostiako barrutiatik kargua berritu zuen. Arotzenaren arabera, «postu honetara aurkezteko politika-arloko nahia baino gehiago zuen, herrialdea zerbitzatzeko nahia, arreta berezia jarriz zerga-erreformetan eta Kontzertu Ekonomikoen prestakuntzan».

Orueta kulturalki aktiboa zen, ezagutza historikoz eta arte-gustu nabarmenaz hornitua, goi-mailako musikaren alorra ere landu zuen. Bilboko Elkarte Filarmonikoa sortu zuen, beste batzuekin batera. Elkarte horretan, sortu zenetik, «Arte» (1918-1922) sailaren ordezkari izan zen, batzorde iraunkorreko kide, eta Juan Carlos Gortazar musika-kritikaria izan zuen lankide, zeinaren hilberria Oruetak idatzi baiztuen. Marrazkilari bezala ere nabarmendu zenez, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kide izan zen, eta Ignacio Zuloagak 1893an erretratu bat egin zion.

Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkarian egindako kolaborazioak kritika musikaletik hurbil daudela esan daiteke. Horrela, «El Caserío» (1927) artikuluan, Jesus Guridi konpositore gasteiztarraren zartzuela homonimoa (Federico Romero eta Guillermo Fernandez-Shawen testua) epaitzen du, Madrileko Zarzuela antzoki arrakastatsuan 1926an estreinatu zena, Guridi urte batzuez ezer konposatu gabe egon ondoren egindakoa. Beste batzuetan, arte-kritikari on gisa agertzen da; hala ageri da Lezoko Kristoren irudiari buruzko artikuluan.

Bere bizitzan zehar, batez ere, azken bosturtekoan, hainbat azterlan argitaratu zituen, batzuk autobiografikoak, non bere gorabehera politikoak kontatzen zituen. Idazle gisa izan zuen jarduera, ez zen oso zabala izan, baina bai oso anitza, eta hainbat gaiz jardun zuen. Bilboko giroan bizi izan zuen gaztaroak Memorias de un bilbaino (1929) liburuan bere isla izan zuen. Atseginez irakurtzeko moduko liburua da, umore- eta xalotasun-ezaugarriekin. XIX. mendeko azken hereneko Bizkaiko hiriburuko eguneroko bizitza islatzen du.

Gipuzkoako Aldunditik igaro zeneko oroitzapena da Impresiones de la vida territorial en Guipúzcoa (1919) lana, non, Arotzenaren arabera, «probintzia-gaien kudeaketan lortutako esperientziaren berri eman zuen, eta herriarekiko debozioan inspiratutako gogoetak azaldu zituen». Fragmento de Les Pyrénées de Víctor Hugo (1929) lana Victor Hugoren literatura-orrien bilduma bat da, Gipuzkoari eskainia.

Baina agian bere lanik garrantzitsuena Fueros y Autonomia. Proceso del Estatuto Vasco da (1934), Euskadiren autonomia aspirazioen inguruan interes handiko dokumentuak dituelako. Estatutu-proiektuak lortzeko eta formulatzeko izandako gorabeherak eta pausoak ulertzeko eta jarraitzeko oinarrizko lana, ez da egitate gutxi-asko garrantzitsuen formulazio edo zerrenda hutsa, bere orrialdeak zentzu kritikoz beteak daude, eta hori askoz ulergarriagoa da, kontuan hartzen badugu Jose Oruetak parte-hartze nabarmena izan zuela gertaera haietan.

Ogasunaren eta administrazioaren arloan espezializatua, normala da gai ekonomikoak eta Kontzertu foralen ingurukoak autorearentzat garrantzitsuenak izatea; beraz, oso trataera berezia eman zaie, besteak beste, «Las industrias metálicas de Guipúzcoa» (1916) edo El Concierto Económico. Nuestra situación ante la futura renovación de cupos del año 1926 y modo de prepararse para ella (1922) hitzaldian.

Orueta eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lotura sakona eta jarraitua izan zen. Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko kide izan zen sortu zenetik; 1930ean, elkarte horren lehendakariorde izendatu zuten. Eusko Ikaskuntzaren II. Biltzarreko animatzaile izan zen (Iruñean egin zen, 1920ko uztailaren 18tik 25era), eta Irakaskuntza eta Ekonomia gaiak landu zituen. Orueta izan zen Estatistika, eta Kapital eta Banku sailen buru; konferentzia-laburpen interesgarriak egin zituen. Biltzarra bukatuta, aitortu zuen irmotasunez saiatuko zela ateratako ondorioak betetzen, hala nola, Gipuzkoako Aldundiko Oficina de Estadística y Régimen Concertado delakoa sortzen.

Pentsalari politiko gisa, Orueta gogoratzean bere etengabeko kezka autonomistak datozkigu, eta nola hartzen zuen parte XX. mendearen lehen herenean sortu ziren Euskal Estatutuen proiektu guztietan. 1919an Parlamentuaz kanpoko Batzordeari Estatutua idaztea egokitu zitzaionean bera batzordekidea zen, baina batzorde hori utzi egin zuen, autogobernuaren murrizketekin bat ez zetorrelako. Arotzenak zera dio: «Estatutu hartan autonomia zabal bat ematearen aurka zeuden murrizketekin bat ez zetorrenez, boto partikular bat sinatu zuen, beste ordezkariekin batera, gero Euskal Herriko Aldundiek babestu zutena».

Geroago, Orueta Autonomia Biltzarraren proiektuaren bultzatzaile izan zen. Biltzarra egiteko 1924ko urtea ezarri zen, baina ezin izan zen gauzatu izan ziren gorabehera politikoengatik; «hala ere, saiakera hartatik liburuxka gidatzaile bat geratu zen ikasketa autonomikoetarako, non zapuztutako Biltzarraren abiarazlearen aztarna antzematen baita», dio Arotzenak.

Azkenik, gaixo zegoela, Eusko Ikaskuntzaren Autonomia Batzordeko kide izan zen (Oruetak prestatu zuen alderdi ekonomikoaren txostena), eta 1930 eta 1931 artean Euskal Estatuko Estatutu Orokorra argitara eman zuena, eta, Nafarroak atzera egin ondoren, parte hartu zuen hurrengo estatutu-proiektuetan, hau da, «Lizarrako Estatutua» eta ondorengo «Batzorde Kudeatzaileen Estatutua». 

Obrak

. «En defensa del País Vascongado», Euskal-Erria, 54 (1906ko lehen seihilekoa), 214-215. or.

Ante el problema regionalista. El País Vasco. Consideraciones, Madrid: Imp. de El Mundo, 1907.

«Las industrias metálicas de Guipúzcoa», Esfera, III (1916).

Impresiones de la vida provincial en Guipúzcoa, Donostia: Martín Mena y Cía., 1919.

El Concierto Económico. Nuestra situación ante la futura renovación de cupos del año 1926 y modo de prepararse para ella. Conferencia, Donostia: Martín Mena y Cía., 1922.

«El Caserío», RIEV, 18/1 (1927), 170-173. or.

«Don Juan Carlos Gortazar», RIEV, 18/1 (1927), 181-188. or.

Memorias de un bilbaíno, 1870 a 1900, Donostia: Nueva Editorial, 1929 (2. arg. berak zuz. eta handitua. Donostia: Biblioteca Vascongada de los Amigos del País, 1952; 3. arg. Bilbo: El Tilo, 1993).

Fragmento de Les Pyrénées de Víctor Hugo, Paris: P. Aouillot, 1929.

Tema de la Sociedad Económica Vascongada de los Amigos del País, Donostia: Nueva Editorial, 1929, 22 or.

Fueros y Autonomía. Proceso del Estatuto Vasco, Donostia: Nueva Editorial, 1934. 

Bibliografia

AMÉZAGA, E., Autores vascos, Bilbo: Gorka, 1987.

AROCENA, F., «José Orueta», RIEV, 25/4 (1934), 349-351 eta 715-719. or.

AUÑAMENDI, «Orueta Pérez de Nenín, José de», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/orueta-perez-de-nenin-jose-de/ar-112440/ (2020ko abenduak 8).

ESTORNÉS, I., La Sociedad de Estudios Vascos. Aportación de Eusko Ikaskuntza a la cultura vasca (1918-1936), Bilbo: Sociedad de Estudios Vascos, 1983.

GONZÁLEZ GARCÍA, J. M., «Orueta Pérez de Nenín, José Antonio», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: https://dbe.rah.es/biografias/112033/jose-orueta-perez-de-nenin (2020ko abenduak 10).

— La metalurgia guipuzcoana en el primer siglo XX: Unión Cerrajera de Mondragón, Patricio Echeverría, Compañía Auxiliar de Ferrocarriles, San Pedro de Elgóibar eta Orbea, Bilbo: Industria Arrastoak, 2005.

LEXARZEGI, L., «Los estatutos vascos. Un Libro de José Orueta», Euzkadi, 1934ko maiatzak 5.

LLOMBART PALET, J., «El Centro de Estudios Científicos de San Sebastián (1932-1936)», Theoria: an international journal for theory, history and foundations of science, 7. libk., 16-18 (1992), 557-590. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP