Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

ORTUETA AZCUENAGA [ORTUETA AZKUENAGA], Anacleto (Olabeaga, Bilbo, 1877ko abenduak 26 – Bilbo, 1959ko azaroak 7).

Karguak eta lanbideak

Meatzeetako fakultatiboa, politikaria eta historialaria

Ibilbidea

Olabeagako (Bizkaia) Dantzari izeneko etxean jaio zen, gaur egungo Deustuko auzoa, 1877ko abenduaren 26an. Bere aita, Anacleto bera ere, itsasontzien arotza, kontratista eta Bizkaiko Foru Aldundiko kapataza izan zen. Batzuetan, Maortua goitizena erabili zuen, baserriaren jatorrizko familia abizena baitzen. Anacleto jaio baino bi belaunaldi lehenago egin zen Ortueta abizena berreskuratzeko aldaketa. Eulalia Arana Vallerekin ezkondu zen, Sabino Arana Goiriren odoleko lehengusinarekin (Euzko Alderdi Jeltzalearen sortzailea), eta harekin bost seme-alaba izan zituen.

Haren ikasketak ez zuten historiarekin zerikusirik. Hamahiru anai-arrebako familia ugari batekoa izanik, eta bera txikienetakoa, Anacleto Atxuriko Arte eta Lanbide Eskolan meategietako fakultatibo izateko karrera ikastearekin konformatu behar izan zuen, ingeniaritza egin beharrean. Graduatu ondoren, Compañía Minera de Sierra Menera enpresan lan egin zuen (Jose Ramon de la Sotaren eta Eduardo Aznarren jabetzakoa), eta, gainera, Ordunteko urtegiko (Mena harana) zundaketa-lanetan parte hartu zuen. Hasierako lan horien ondoren, iberiar penintsularen zati bat zeharkatu zuen, eta are Rif eta Marokoko meategietan ere lan egin zuen. Horrekin guztiarekin batera, finantza-munduan sartzen hasi zen. Meatzaritzako zundaketak egiteaz arduratzen zen enpresa suediar baten ordezkari izan zen eta Volvo-Penta motorren konpainiaren ordezkari ere bai.

Politikan, euskal nazionalismora iritsi zen Ramon de la Sotaren eskutik. Sortu eta berehala Bilboko Euzko Gastediko (Juventud Vasca) kide egin zen eta Zuzendaritza Batzordeko kide aukeratu zuten, 1904ko urtarrilaren 3an. Erakunde horretatik igaro ondoren, Euzko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) Bizkai Buru Batzarrean sartu zen 1908ko abuztuaren 16an. Zortzi urte geroago, Euzko Gastedik aho batez izendatu zuen lehendakari, eta kontulari bezala Gabriel Barandio, idazkari bezala Manuel Aretxabala eta batzordekide bezala Enrique Orueta, Javier Gortazar eta Eduardo Urrutia izan zituen. 1918an Gernikako diputatu-akta lortu zuen Gorteetarako eta 1922 inguruan Jeltzale-Ikastundian (Ateneo Nacionalista Vasco) parte hartu zuen.

EAJren hauteskunde-arrakastaren lehen uneak laster arazo bihurtu ziren. 1913an, garaiko moda politikoari jarraituz, EAJk Euzko JEL-Batza (Comunión Nacionalista Vasca) izena hartu zuen. 1921etik aurrera CNVn izandako zatiketen (aberriarrak, EAJren izen zaharrarekin, eta komunionistak) ondorioz, Ortuetak jarrera itxuraz neutrala hartu zuen, nahiz eta ez zuen CNVko kideekin kontakturik galdu. Aberriarren eta komunionisten arteko oinarrizko desberdintasunak independentziaren aferan oinarritzen ziren —aberriarrek independentzia hutsaren alde egiten zuten, kanpotar alderdiekin edo Estatuarekin negoziatu eta itundu gabe—, bai eta Euskadiren barne-eraketan ere (aberriarrak federalismoaren alde eta CNVkoak, aldiz, eredu unitaristaren alde).

1923ko irailean Primo de Riveraren diktadura iritsi zenean, Aberri euskal nazionalista filiazioko aldizkaria konfiskatu egin zuten, eta debekatu egin zuten hura argitaratzea. Euzkadiren kasuan, CNVko Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) kontrolatutako beste egunkari bat zena, saltzen jarraitzeko aukera eman zioten, bere artikuluetan eztabaida politikoak saihesteko baldintzarekin. Hala eta guztiz ere, egunkariaren egoera ekonomiko txarrarengatik, 1925ean Administrazio Kontseilu bat izendatu behar izan zuten, enpresaren akzioak hark jasotzeko. Hala, Euzkadiren 100 akzioetatik 55 Anacleto Ortuetaren esku gelditu ziren, kudeatzaile izendatua izan ondoren, eta beste 45ak kontseiluko beste bi kidek kontrolatuko zituztelakoan gelditu ziren: Gustavo Scheifler eta Javier Gortazarrek. 1929an, Primo de Riveraren diktadura gainbeheran hasi zenean, Ignacio de Rotaetxek, EBBko lehendakariak, akzioak itzultzeko eskatu zien hiru kontseilariei, berriro alderdiaren esku gera zitezen. Gortazarrek eta Scheifler-ek berehala itzuli zituzten aktiboak, baina Ortuetak uko egin zion entregatzeari, akzioak euskal nazionalismoaren jabetzakoak zirela eta ez soilik EBBrenak argudiatuz.

Afera hori dela eta alderdiaren barne-zatiketa sortu zen. 1930erako, Manuel Aranzadi euskal nazionalismoa batzearen alde agertua zen «La unión» izeneko artikulu batean, Euzkadi egunkarian argitaratu zena 1930eko martxoaren 2an. Bertan, batasunaren alde agertzen zen, «beharrezkoa balitz, sineste partikularrak ere sakrifikatuz, eta, jakina, baita pertsonalismoak, irainak eta oroitzapen mingotsak ere. Dena, behar den guztia, baita norberaren ukoa ere». Eragozpenak eta liskarrak gorabehera, bi joerak berriro elkartuko ziren Bergarako batzarrean 1930eko azaroaren 16an, Jaun Goikua eta Lagi Zarra (JEL) lemapean. Hala ere, alderdiko kide batzuk ez ziren bateratze harekin ados egon, eta beste zatiketa bat eragin zuten. 1930eko azaroaren 30ean San Andresko Manifestua argitaratu ondoren, Euzko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) sortu zen, alderdi aurrerakoia, akonfesionala eta errepublikanoa. Besteak beste, Anacleto Ortueta, Tomas Bilbao, Justo Garate, Luis Urregoetxea (Bizkaiko probintziako diputatua), Julian Arrien (probintziako diputatua), Jose Ignacio Arana (probintziako diputatua eta Euzkadi egunkariko Administrazio Kontseiluko lehendakaria), Jose Domingo Arana (Bilboko Euzko Gastediko buru ohia) edo Jose Maria Belaustegigoitia.

Banaketa horren ondorio izan zen, hain zuzen ere, Ortuetak akzioak emateari uko egitea, uste baitzuen aktiboak nazionalismoaren bi fakzioetakoak zirela. Ortueta, garai hartan, La Tarde argitalpenaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria zen, eta Euzko Pizkundiaren eta Tipografía General argitaletxearen (Euzkadi, La Tarde eta Excelsior egunkarien inprimatzailea) akzioen gordailuzaina; baita ere. Azkenik, 1931ko apirilaren 7an, Ortuetak kontrolatutako 55 akzioetatik 20 Jesus Maria Leizaolak eskuratu zituen; beraz, polemika bukatu zen EAEko joera nazionalista berriaren erabateko porrotarekin. Nolanahi ere, polemikak 1933 arte iraun zen epaitegietan.

Bigarren Errepublikaren etorrerak eta EAEk hartu zuen joera gero eta ezkertiarragoak bultzatuta, Ortuetak 1932an utzi zuen alderdia, nahiz eta bere etxean egin zen beraren lehen bandera. Orduan bukatu zen haren ibilbide politikoa, eta ordutik aurrera historialari lanetan aritu zen. Katalunian egin zituen egonaldi luzeek eragin nabarmena izan zuten Baskoniaren Historiaren interpretazioan. Antoni Rovira i Virgili (Esquerra Republicana de Catalunya-ko hizkuntzalari eta politikaria) izan zen inspirazio-iturri nagusietako bat.

Kolpe militarrak eta ondorengo gerra zibilak harrapatu zutenean, Ortuetak dagoeneko hirurogei urte zituen eta lan historikoetan murgilduta zebilen. Hala ere, euskal milizien barneko poliziaren buru izateko kargua onartu zuen eta 1937ko ekainean egindako negoziazioetan parte hartu zuen, akordio batera iritsi eta Euzko Gudarostearen batailoiak errendizioa emateko helburuarekin. Santoñako Ituna deiturikoaren ondoren, abuztuaren 25ean, Ortueta Bilbon egon zen frankisten erreakzioaren zain. Jazarri, atxilotu eta, azkenik, 1940an epaitu egin zuten. Erbesteratu, jabetzak galdu eta 10.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen. Denbora batez Asturiasko (Gijón) eta Kantabriako herrietan bizi izan zen, harik eta Bilbora itzuli ahal izan zuen arte eta bertan hil zen 1959ko azaroaren 7an.

Historiari buruzko bere lanak Nafarroako erresuma Baskoniako lurraldeetako subjektu historiko politiko independente bakartzat hartzen duen joera historiografikoaren barruan sar daitezke. Jose de Moret eta Francisco de Alesonen Anales direlakoen irakurle sutsua izanik, Serafin Olave edo Arturo Campionen eragina era jasoko du, azken horri mirespen itzela baitzion. Ortueta teoria batzuen jarraitzaile izan zen, urte batzuk geroago bete autore batzuk jarraitu zituzten berberak, esate baterako, Tomas Urzainki, Pedro Mari Esarte edo Mikel Soraurenek, besteak beste. Bere lehen lana, Navarra y la unidad política vasca, Bartzelonan argitaratu zen (1931). Lan horretan abiatzen du Nafarroako erresumak Baskonia independente baten benetako ordezkari politiko bakar eta benetakotzat duen garrantziaren interpretazioa:

«Hartu behar dudan gaia ez da euskaldunek okupatutako lurraldeak zein izan diren eta zein diren ikertzea, ez eta euskaldunen eta euskararen jatorria ere. Lan hau garai historikoan Euskal Nazioaren batasun politikoa existitu den ala ez aztertzeko erabiliko dut. Egia esan, helburu bakarra daukat: ni baino talentu handiagoa dutenak gure aberriaren alde eragitea, Euskal Herriak, bere buruari emanak, bere batasun politikoa eratzen jakin ez dutela diotenek eragin dioten kaltea konpon dezaten».

Anacleto Ortueta autodidakta izan zen eta, bere hezkuntza teknikoari esker, kontsultatu zituen artxibo guztietatik informazio baliotsua ateratzen jakin zuen. Campionekin harremanetan ibili zen, eta hark zenbait zuzenketa egin zizkion lehen obraren zirriborroari. Polemikak ere izan zituen, batez ere Gregorio Balparda politikari, abokatu, legelari eta historialariarekin, zeinak Ortuetarengan euskal nazionalismoaren joera historizista bat ikusten baitzuen, iraganeko gertaerak berrinterpretatu nahi zituena, garaiko asmo politikoetara egokitzeko. Gai horri buruz, Ortuetak bere lanetan defendatu zuen euskal lurralde guztientzat egitura bateratua izan zela, alegia, Iruñeko edo Nafarroako erresuma, Antso Nagusiaren garaian (1004-1035) bere puntu gorena lortu zuena. Bizkaitar honentzat Nafarroa izan zen euskaldunek historian zehar izan zuten egitura politikoa, baina ez zena Estatu moderno bilakatu. Ortuetaren lanen garrantzia, beraz, nazionalismo aranistak hainbat lurralde independentek (Bizkai, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa, etab.) osatzen zuten Baskoniari buruz zuen interpretazioari eman zion biraketan datza. Nafarroako erresuma baino ez zen eratu Erdi Aroan, Baskoniako erakunde politiko propio eta independente gisa, eta une batez lur horiek guztiak eta beste batzuk bateratzea lortu zuen.

Obrak

Navarra y la unidad política vasca, Barcelona: Horta, 1931.

Vasconia y el imperio de Toledo, Barcelona: Artes Gráficas del Lab. Dr. Grau, 1935.

Sancho el Mayor, rey de los vascos, Buenos Aires: Ekin, 1963.

Bibliografia

ARANGUREN URROZ, G., Nabarra. Estado político de Vasconia, Iruñea: Pamiela, 2002. AUÑAMENDI, «Ortueta Azcuenaga, Anacleto», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/artikuluak/artikulua.php?id=eu&ar=112377 (2021eko otsailak 2). CAMINO, I., «Anacleto Ortueta y Azkuenaga (1877-1959). Diputado a Cortes. Fundador de ANV», Nacionalistas 1903-1923, Bilbo: Alderdi Argitaraldiak, 1985, 92-93. or.

DE LA GRANJA SAINZ, J. L., Nacionalismo y II República en el País Vasco, Madrid: Siglo XXI, 2008.

RAMOS LARRIBA, C., «El Nacionalismo Vasco en la Dictadura de Primo de Rivera y la II República», Revista de la Facultad de Geografía e Historia, 1 (1987), 275-312. or.

SAIZ VALDIVIELSO, A., Triunfo y tragedia del periodismo vasco (1900-1939), Madrid: Editora Nacional, 1977.

ITURRIAK

ARCHIVO DEL CONGRESO DE LOS DIPUTADOS, «Ortueta Azcuenaga, Anacleto», Signatura: ACD dokumentazioa Serie Elektorala: 129, 47. zk., https://www.congreso.es/es/historico-diputados?p_p_id=historicodiputados&p_p_lifecycle=0&p_p_state=normal&p_p_mode=view&_historicodiputados_mvcRenderCommandName=mostrarDetalle&_historicodiputados_nume=49402 (2023ko uztailak 19).


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP