Karguak eta lanbideak
Erlijioso kaputxinoa, liburuzaina, idazlea, artearen historialaria eta arkeologoa
Ibilbidea
Kantabriako, Gipuzkoako eta Nafarroako komentuetan bizi izan zen, eta bi egonaldi egin zituen Madrilen eta Asisen. Kaputxino bati dagozkion lanez gain (prediku egin eta aitortu), ordenaren barruan liburuzain lana eta Iruñeko komentuko ekonomo egindako hirurteko bat besterik ez zaio ezagutzen.
Mendozako San Esteban Parrokiako sakramentu-liburuak ikusita, badakigu Aita Fernando, Jose Ortiz de Latierroren (Mendozan jaioa 1848ko martxoaren 18an) eta Gaspara Ortiz de Jocano Lope de Urbinaren (Arabako Ariñiz herrian argia ikusi zuena) semea izan zela. Fernando beste sei anai-arrebatan zaharrena zen, eta harreman berezia zuen seigarrenarekin, frai Hipolitorekin. Azken hau 1883ko abuztuaren 12an jaio zen, eta kaputxinoa eta marrazkilari bikaina izan zen. Biak elkarlanean aritu ziren euskal Antzinaroko hilarriei buruzko ikerketa arkeologikoetan.
Ez dakigu ezer familiaren egoera sozioekonomikoaz, ezbairik gabe kaparea, haren deitura arranditsuei hala baitagokie, ez etxe nobleetakoa, «etxe indartsu» gisa ezagutuetakoa izateagatik baizik. Pascual Madozen arabera (Araba), 1850. urtearen inguruan, Mendozak 31 etxe zituen, eta «lehen hezkuntzako eskola bat bi sexuetarako, 38 edo 40 ikasle zituen eta 34 anegarekin hornitua». Fernandok hamaika urte ingurura arte edo, eskola horretan ikasi zituen lehen letrak, Montehanoko (Kantabria) San Sebastian komentu kaputxinora joan aurretik. Han, Gramatika eta Humanitate prestakuntza-urteak egin zituen lau urtez (1883?-1887), kaputxinoen abitua hartu aurretik.
Hondarribiko komentuan egin zuen nobiziatua eta Filosofia ikasi zuen. Bertan, bere bizitzako hiru etapa igaroko dira, hau da, lehen egonaldia (1887-1891). Fernandok «abitua» (nobiziatuaren hasiera) hartu zuen Hondarribiko komentuan 1887ko maiatzaren 18an. Nobiziatuaren urtea igaro ondoren, 1888ko maiatzaren 31n profesio sinplea egin zuen Hondarribian, eta 1891ko ekainaren 1ean nagusia, Filosofiaren hiru urteak (1888-1891) komentu berean ikasi ondoren. Komentua ez zen Nafarroako Probintzia kaputxinokoa, baizik eta «nullius» edo Madrileko barruti kaputxinokoa; horregatik, aita Fernando, 1907an «nullius» barruti hori kendu aurretik, bertako komentuetatik igaro zen: Hondarribia, Lekaroz, Madril eta El Pardotik.
Lekarozko komentuan (Nafarroa) Teologia ikasi zuen bertan egindako lehen egonaldian (1891-1897?). Sei urte horietatik lau Teologiako ikasketetakoak izan ziren (1891-1895), eta aldi horretan zenbait ordena sakratu jaso zituen Gasteizko apezpikuarengandik (1893-1894), eta, azkenik, apaiz ordenazioa lortu zuen 1895eko martxoaren 30ean, Iruñean. Hurrengo bi urteak (1896-1897), Fernandok prediku egiten eman zituen, 1896ko urriaren 12an zegokion titulua lortu ondoren, eta, batez ere, Fisika eta Kimika eta Historia Naturala irakasten Lekarozen.
Apaiza zela, Madrilgo bi komentutan izan zen (1897-1907?), hamar urte inguru kronologia biografiko nahasian. Hilberrian ageri denez, El Pardon teologia-irakurle izateko «obedientzia» 1901eko abenduaren 8an sinatu zitzaion aita Fernandori, eta lehenago Madrileko egoitzara bidali zuten, Gaztelako kaputxinoek zuzendutako El Mensajero Seráfico erlijio-dibulgazioko aldizkari ilustratuaz arduratzeko. Aita Fernando, aldizkari horren buru «Madrilen egon zen denbora laburrean», administrazioa konpontzera mugatu zen, «kaosa» baitzen hura.
Zalantzak daude El Pardoko komentuan Teologiako irakasle gisa egindako denboraz, (1901-¿1907?), «nullius»en barruti kaputxinoan izan zuen azken destinoa. Oso litekeena da 1904an aita Fernando Hondarribiko komentura, artean Gaztelako probintzian zegoena, joatea. Hala balitz, Hondarribian egon zen 1904tik 1907ra, Nafarroako probintzia izatera igaro zen arte.
Haren hurrengo lantokia Iruñeko Harresiez kanpoko Komentu handiko liburuzainarena izan zen (1908-1924), eta aita Fernandok bertan lortu zuen bere bizitzako distira intelektual eta ikertzailea. 1919an, liburuzain gisa, liburutegiaren kokapena komentuko leku egokiago eta osasungarriago batera aldatzea egokitu zitzaion, eta bertan zenbait dohaintzen funts bibliografikoak sartzea, hala nola Santiago Ausinaren (1919), Nafarroako Gurutze Gorriari lotutakoa berau, eta Angel Goicoechea arkitektoaren (1921) liburutegiak.
Komentuko liburutegia bikaina izanik, aita Fernandok arkeologia eta arte frantziskotarrari buruzko ikerketetarako erabili ahal izan zuen, eta hainbat aldizkaritan parte hartu zuen euskal gaiei buruz, besteak beste Euskalerriaren Alden, 1911n Donostian sortutako aldizkaria, euskal kultura ikertu eta sustatzeko (1912-1921 bitartean 13 artikulu); Gasteizko Ateneo aldizkarian (1913an hiru artikulu); Boletín de la Comisión de Monumentos Históricos y Artísticos de Navarran (zortzi artikulu 1916-1923 bitartean); La Avalanchan (1912-1918 bitartean, bost); eta Verdad y Caridaden (27 artikulu 1924-1932 bitartean, horietatik 12 1924-1926 artekoak). 1916an Orreagako Kantuaren XIII. mendeko zati bat aurkitu zuen Nafarroako Artxiboan, Aita Fernandoren ikerketarik garrantzitsuena eta ezagunena, zalantzarik gabe, eta artikulu gogoratuenetako bat idatzi zuen: «Los plateros de Carlos el Noble» (1923, BCMHAN).
1924tik 1927ra Lekarotzen bizi izan zen, irakasle eta liburuzain. 1927an Hondarribira bidali zuten, han zegoen Filosofiako ikastetxera, berriz ere liburuzain. Hirurtekoa ez zuen bete, bi urtera Asisko (Italia) komentura bidali baitzuten, ministro jeneralak, aita Melchor de Benisa (1871-1957) alacantarrak eskaturik, museo frantziskotarra ezartzeko, Artearen Historiako gaietan aditu gisa. Aita Fernandok berak egindako aitorpenaren arabera, «Asisen eman nituen 29. eta 30. urteak eta 31. urte gehiena, Espainiara itzuli nintzenean, Aita Jeneralari sinestarazi niolako nire gaixotasuna kroniko bihurtzen ari zela». Ez dakigu zein zen 94 urtera arte bizitzea eragotzi ez zion gaixotasun kroniko mota hura.
1933an Hondarribiko komentura itzuli zen, Paduara joan baino lehen zegoen lekura, eta, horrekin, Nafarroako probintzia kaputxinora itzuli zen, non azken hatsa eman baitzuen. Hondarribiko hirugarren egonaldi honek denbora arazo larriak sortzen ditu eta baliteke 1933ko hilabete batzuk besterik egon ez izana bertan.
1933tik aurrera Aita Fernando Donostiako komentuan bizi izan zen, bere bizitzako azken bi urteetan izan ezik, orduan Lekarozko erizaintzara eraman baitzuten. Bere bizitzaren bigarren zatia da (ca. 1933-1966), lehenengoaz oso bestelakoa, jarduera intelektual eta ikertzaile eta askoz ere txikiagoa duena. Aita Fernando («irudi txikikoa») isila zen, eta bizitza xume, anonimo eta iluna izan zuen, garrantzirik gabeko beste erlijioso askok bezala. Laburbilduz, elizgizon arrunt eta eredugarria izan zen Donostiako egonaldian.
Garai horretan aita Fernandoren jarduera intelektual eta ikertzailea moteldu eta 1951n itzali eegin zen; izan ere, 1936tik aurrera bi azterlan bakarrik argitaratu zituen, eusko-nafar eskualdeko bi aldizkari entzutetsuenetan. 1949an Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Buletinak Julio Urkixo Ibarra euskaltzaleari, desagertutako Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkariaren sortzaileari, egindako omenaldian parte hartu zuen. 1951n Príncipe de Vianan «Con los judíos de Estella» azken artikulu luzea argitaratu zuen.
Aita Fernando Mendozaren literatura-produkzioak hogeita hemeretzi urtean (1912-1951) hirurogei inguruko tituluko sorta bat osatzen du. Aita Fernandoren argitalpen-abentura dudatsua ulertzeko, kontuan hartu behar da, zientifikoki, autodidakta izan zela, ez baitago jasota Historian edo Artean araututako ikasketarik egin zuenik edo Unibertsitateren batera joan zenik. Bere 61 titulu ezagunetan ez da euskaraz bat ere agertzen, eta horrek zalantza sortzen du bere anaia frai Hipolitok ederki zekien hizkuntza hori ezagutzen ote zuen.
Ez dugu neurriz gain baloratu behar aita Fernandoren pertsona eta irudia, Martinez de Zuazok (1976) egiten duen bezala, haren literatura-produkzioaren kantitatea (620 orrialde argitaratu guztira, ilustrazioak barne) eta kalitatea kontuan hartuta. Argitaratutako hirurogei artikuluetatik, hogei inguru bakarrik har daitezke benetako ikerketatzat, hainbat eusko-nafar aldizkaritan argitaratuak; horietako batzuk, zalantzarik gabe, euskaldunak, hala nola Euskalerriaren Alde. Gainerako artikuluak dibulgazio-taldean sar ditzakegu eta euskal gai erlijiozko-frantziskotar, historiko eta arkeologikoak dira.
Amaitzeko, aita Fernando Mendozaren memoria historikoa, gaur egun (2021), oso ahulduta dago, baita kaputxino intelektualenen artean ere. Euskaltzaleen artean, euskal nazionalismoa urrunetik jarraitzen zuen aita Fernandoren ideia ilun bat dago, bere idatzietan oinarritua, horietako asko eusko-nafar gaiei buruzkoak, eta Julio Urkixo edo Ramon Menendez Pidal bezalako intelektualekin izandako harreman akademikoetan eta zein aldizkaritan argitaratu zuen kontuan hartuta. Nolanahi ere, ez dakigu Sabino Aranaren nazionalismoaren jarraitzaileak ziren fraide kaputxinoen sektorera atxiki ote zen. Talde hori izan zen Iruñeko probintzia kaputxinoa zatitu zutenetako bat, eta ideologia politiko horren ondorioz, Primo de Rivera diktadorea hura ezabatzeko zorian egon zen.
Aita Fernando ez zen protagonista izan prozesu nazionalista horretan, behintzat. Bere euskaltzaletasuna Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen antzekoagoa izango litzateke, Julio Urkixori omenaldia egiteko 1949. urtean elkartea horren Buletinean parte hartu baitzuen. Azkenik, bere euskal nazionalismoa intelektualagoa eta akademikoagoa izango litzateke politikoa baino.
Obrak
«El convento de Santo Domingo de Vitoria». Euskalerriaren Alde 2 (1912), 3 (1913), 4 (1914). Orotara 202 or., 29 emanaldi hiru urtean.
«Historia alavesa. Laguardia a mediados del siglo XVI», Euskalerriaren Alde, 6 (1916). 44 or. dira 11 emanalditan
«El cantar de Roncesvalles», in MENÉNDEZ PIDAL, R., Revista de Filología Española, 4 (1917ko apiril-ekaina), 105-204. or.
«Discos funerarios en el País Vasco», BCMHAN, 13 (1922), 282-285. or.
«Plateros de Don Carlos el Noble», BCMHAN, 14 (1923), 52-61. or.
«Por el mundo franciscano. El museo franciscano de Asís», Verdad y Caridad, 6 (1929), 370-372. or.
«Pintores y tapiceros en Navarra a fines del siglo XIV», RIEV, 24/2 (1933), 184-197. or.
«San Antonio con el Niño Jesús en el arte español», Collectanea Franciscana, 6 (1936), 177-191. or.
«Carta del P. Fernando de Mendoza al superior M. R. P. Alfredo de Oco (Donostia, 1946ko abenduak 3)», Archivo Histórico Provincial de Capuchinos de Pamplona (AHPCP), Carpeta personal de Hipólito Mendoza (eskuizkribua).
«Un libro. Un autor. Unas fiestas: ¿Fray Gerundio en Vitoria?», Homenaje a D. Julio de Urquijo e Ybarra: estudios relativos al País Vasco, Donostia: Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 1949, II. libk., 235-242. or.
«Con los judíos de Estella», PV, 44-45 (1951), 235-271. or.
Bibliografia
AZCONA, T. de, El convento de capuchinos Extramuros de Pamplona (1606-2006), Iruñea: Gobierno de Navarra, 2006.
ECHEVERRÍA, J. A., Síntesis de la historia de la Provincia de Navarra-Cantabria-Aragón durante el siglo XX. Online arg.: https://sites.google.com/site/silbandoenelviento/Home/espana/historia-de-la-provincia-de-navarra-cantabria-aragon (2020ko urriak 27).
Fecunda Parens o cincuenta años de vida de la Provincia capuchina de Navarra-Cantabria-Aragón (1900-1950), Iruñea: Ed. Verdad y Caridad, 1951.
GOÑI, F., Lecároz, en 100 palabras, Iruñea: Asociación de antiguos alumnos de Lecároz, 2015.
IZENGABEA, «Necrológica. P. Hipólito Ortíz, de Mendoza (1883-1971)», Boletín Oficial de la Provincia Capuchina de Navarra, 26 (1971), 166-167. or.
— «Necrológica del Padre Fernando María de Mendoza», Boletín Oficial de la Provincia Capuchina de Navarra, 22 (1967), 124. or.
LARA ASTIZ, M., ECHEVERRÍA, J. A., «La Biblioteca Central (provincial) de Capuchinos de Pamplona Extramuros», PV, 275 (2019), 1341-1358. or.
MARTÍNEZ DE ZUAZO, E., «El capuchino alavés Padre Fernando de Mendoza, descubridor del Roncesvalles», Boletín de la Institución Sancho el Sabio, 20 (1976), 245-284. or.
MONREAL ZIA, G., «Una historia de la Revista Internacional de los Estudios Vascos [RIEV] (1907-2000)», RIEV, 46-1 (2001), 11-46. or.
PÉREZ AGUIRRE, C. eta PÉREZ DE VILLARREAL, V., Escritores de la Provincia Capuchina de Navarra-Cantabria-Aragón (1900-2000), Iruñea: Curia Provincial de Capuchinos, 2001, 649-651. or.





