Karguak eta lanbideak
Bragan jaiotako hispaniar historialaria
Ibilbidea
K.o. v. mendeko latindar historialaria (K.o. 383?-424). Bragan jaio zen, baina hiri horretatik ihes egin zuen, barbaroen etorrerak eragindako politika- eta gizarte-ezegonkortasunagatik. Bragatik Afrikara joan zen, eta Agustin Hiponakoaren gertukoen giroan sartu zen, eta haren ekimenez, Historiae adversum paganos (hau da, Paganoen aurkako historiak) lana idatzi zuen. Edukiari dagokionez, izenburua oso adierazgarria da, eta Historia horiek arrakasta handia izan zuten Antzinate Berantiarrean, haien metodologiagatik eta helburu nabarmen apologetikoagatik, azken helburua herri paganoen historia azaltzea baitzen, Agustinen Jainkoaren hiria lanaren osagarri moduan. Beste egile batzuen osagarri da, datu ezezagunak ematen baitizkigu, beste iturri klasiko batzuetakoak galdu direlako. Horrez gain, garrantzi berezia ematen dio geografiari, eta hori dela-eta, bere lana bereziki aberasgarria da.
Orosioren lanaren elementu interesgarri bat obraren kronologia da, garai berantiarrekoa baita (K.o. v. mendea), eta horrek aukera ematen digu Pirinioen inguruko eremuan erromatarren konkistaren garaitik (K.a. iii. mendea) Orosioren beraren garaira arte izandako gerra-gertaera nagusien berri izateko, laburtuta. Hala, lanean, honako hauek ageri dira ondoz ondo: Sertorioren Gerrak eta Akitaniako konkista, K.a. i. mendean; kantabriarren eta asturen aurkako gerrak, mende horren amaiera aldera; eta Pirinioetako igarobideetan K.o. v. mendearen hasieran izandako gatazkak. Oso deigarria da, halaber, Orosiok, bere obran, ez dituela erromatarren mendeko Baskoniako lurrak deskribatzen, eta ez duela ezer esaten eremu horren politika-, ekonomia-, administrazio- eta gizarte-garapenari buruz.
Orosiok fames calagurritana deituriko kanibalismo-gertaera gogora ekartzen du. Sertorioren Gerren garaian gertatu zen hori, erromatarrek Calahorra setiatu zutenean. Orosiok hori adierazteak erakusten digu zenbat iraun zuen irudi horrek latindar kultura literarioan eta historiografikoan. Bestalde, Krasok Akitanian egindako kanpaina ere aipatzen du, bai eta «sontiates»en —sociates— erresistentzia ere. Halaber, berresten du akitaniarrek Pirinioez bestaldeko herriei (kantabriarrak esaten die) laguntza eskatu zietela erromatarren aurka egiteko. Gero, adierazten du Augustok kantabriarren aurka abiatutako gerren arrazoia kantabriarrek bakzeoei, turmodigoei eta autrigoiei eraso egin izana izan zela. Orosioren testutik ondoriozta daiteke kantabriarrak eta bakzeoak Pirinioen hegoaldean kokatzen zituzten informazioek —baskoien, barduliarren eta karistiarren existentzia alde batera utzita— latindar historiografia eta literatura osoan transmititzen jarraitu zutela. Hori dela-eta, geroagoko mendeetan, teoria eusko-kantabristak sortu ziren: teoria horietan, baskoiak eta kantabriarrak parekatzen zituzten eta haien historia bat eginarazten saiatzen ziren.
Bestalde, Orosioren obrak balio digu ulertzeko zer defentsa-sistema zegoen Pirinioetan Antzinate Berantiarrean. Segur aski, tokiko tropak (custodia rusticanorum) arduratuko ziren defentsa-lan horretaz, eta, tarteka, soldadu-talde profesionalen laguntza izango zuten. Eremu horretan, ezegonkortasuna behin eta berriz izan zen nagusi K.o. iii. eta v. mendeen artean, eta gizarte-atsekabeko mugimenduak hedatzea eragin zuen, hala nola bagauden mugimendua, edo Erromatar Inperioaren mugetatik haraindiko herriak sartzea. Herri horiek, hain zuzen, lurraldea hondatu zuten mende horietako zenbait unetan.
Obrak
Orosio, Historias. Obra completa, Sánchez Salor, E. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Editorial Gredos, 1982, 2 libk.
Orosius, Seven Books of History Against the Pagans, Wright, R. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Liverpool: Liverpool University Press, 2010.
Bibliografia
Arce, J.: Bárbaros y romanos en Hispania (400-507 d. C.), Madrid: Marcial Pons, 2005.
Escribano, M. V.: «Fortis fide ac uiribus semper Hispania: laus Hispaniae y distorsión historiográfica en Orosio» in Latomus, 66. libk., 3. zk. (2007), 690.-709. or.
González, R.; Sancho, M. P.: «La figura de Sertorio en la Hispania del siglo v. Una perspectiva tardía durante el tiempo de las invasiones bárbaras» in Studia Historica. Historia Antigua, 28 (2010), 135.-153. or.
Aipamen bibliografikoa
Torregaray Pagola, E., “Orosio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 80-81.





