Karguak eta lanbideak
Armadako Jenerala eta idazlea
Ibilbidea
Antonio Okendoren ezkontzaz kanpoko semea izanik, hala ere haren emazte eta seme-alabekin hazi zen. Donejakueren Ordenako Zalduna 1644tik, handik bi urtera bere lehengusu Teresa San Millánekin ezkondu zen. Gorabehera genealogiko batzuen ondorioz, Miguel Antonio bihurtu zen Okendo etxeko maiorazkoa, eta Okendo eta San Millan etxeetako burua, 500.000 dukaten balioa zuen ondarea heredatuta. 1656 aldera, sei galeoi eta patatx batez osatutako eskuadra bat prestatzeko konpromisoa hartu zuen, baina zailtasunak eta okerren bat ere izan zituen, kontratuan adostutakoa kobratzeko. Azkenik, 1663an Jeneral izendatu zuten eta bost ontzi eman zituen Alburquerqueko Dukearen flotarako, Portugalgo kostaldea zaintzeko aginduarekin. Flota hura, ordea, Rotan hondoratu eta erabat txikituta geratu zen. «No pudiendo resistir al raudal impetuoso de este y otros infortunios (que nunca es único el mal) me pareció huir su mala influencia con el retiro a mi casa». Hori dio erretiratuta zegoen garaian, 1666an idatzi zuen El héroe cántabro izeneko lanean. Bizimodu militarrari uko eginda ere, Monarkiaren zerbitzura jarraitu zuen, eta 1680an, berriz ikusten dugu harekin kontratatutako itsasontziak, beren semeen agindupean, Flandriara daramatela Parmako printzea. Haren ondorengoetatik aipagarria da haren seme nagusi Miguel Carlosi San Millango markes eta Zandategiko konde tituluak eman zizkiola Karlos II.ak, 1689an.
El héroe cántabro lanak zerikusi handia izan zuen familia goresteko zabaltzen ari zen joerarekin. Fausto Arotzenak zalantzan jarri zuen Okendoren egiletza, eta aita Miguel Elizalderena izan zitekeela proposatu zuen. Argi dago, ordea, lana Miguel Antonio Okendorena dela, 1666ko maiatzaren 10ean ale bat eraman zuelako Ordiziako Batzarrera, Probintziari eskainia. Beste lan bat idatzi zuen, Santa Brigidari buruz.
Lan horretan, batez ere Antonio Okendo goraipatzen da, erlijio katolikoaren eta haren printzearen zerbitzuko heroi baten gisan aurkeztu zuen, eta zerbitzu hori zen, hain zuzen ere, liburuaren egiazko leit motiva. Elias Tejadaren aburuz, Okendoren eredua Plutarko zen eta, oro har, lanak klasizismo nabarmena ageri du, Antzinako egileen aipamen ugariz hornitua dago, eta hitzaldi barroko arranditsu zenbait ere tartekatu zituen. Ikuspegi politikotik, aipagarria da Gipuzkoako Probintziari eskaini ziola lana —nabarmen harro agertu zela horregatik— eta bere egin zituela garai hartako diskurtso foralak atxikitzen zituen mito guztiak. Kantabriarrak «Gipuzkoako menditarrekin» identifikatu zituen, erromatarren gaineko garaipenak goretsi zituen, eta baieztatu zuen Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako mendietan bakarrik «gorde dituztela Uholde handiaren ondorengo lehen biztanleen odol eta jatorri garbiak, sekula beste inongo Naziorik bertan lekutzea onartu gabe». Gipuzkoa gizon prestuen sorterria zela azpimarratu zuen, haien leialtasuna eta printzearekiko maitasuna goretsi zituen, —dohaintzetan eta soldadu nahiz marinelen ekarpenetan gauzatzen direnak— eta bertako Eskuadren garrantzi berezia, Armada katolikoaren «indar nagusia» baitzen. Eskaintzaren amaieran zioen Probintzia zela «Monarkiaren alde honetako harresia eta defentsa, hala lurraldearen eraketa malkartsuagatik, nola bertako biztanleen adore eta kemenagatik ere».
Obrak
El héroe cántabro. Vida del señor D. Antonio de Oquendo, Toledo: Dionisio Hidalgo, 1666.
Vida de Santa Brígida, princesa de Nericia. Dedicada a la mesma santa, Donostia: Martin Huarte inprimatzailea, 1676.
Bibliografia
Arocena, F., Diccionario Biográfico Vasco (Guipúzcoa), Donostia: Auñamendi, 1963, 161. or.
Arzamendi, I. de, El Almirante D. Antonio de Oquendo, Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1981.
Astiazarán, M. I., «La exaltación de Antonio de Oquendo. Obras conmemorativas donostiarras», in Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 29 (1995), 595.-620. or.
Camino y Orella, J. A., «Historia civil-diplomática-eclesiástica antigua y moderna de la ciudad de San Sebastián», in Euskal-Erria: Revista Bascongada, 26 (1892ko 1. seihilekoa), 431.-433. or.
Elías de Tejada, F., eta Percopo, G., La Provincia de Guipúzcoa, Madrid: Minotauro, 1965, 123.-124. eta 133. or.
Fernández Duro, C., Armada Española: desde la unión de los Reinos de Castilla y León, Madrid: Sucesores de Ribadeneyra, 1898, 4. Liburukia, XIV. kapitulua, 217.-218., 220. eta 255.-257. or.
Gracia Rivas, M., «Los Oquendo: historia y mito de una familia de marinos vascos», in Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 6 (2009), 699.-724. or.
Imaz, I., «Aproximación al proceso de formación y consolidación del poder económico, político y social familiar durante el Antiguo Régimen en Guipúzcoa. Los Oquendo», in Bilduma. Revista del Servicio de Archivo del Ayuntamiento de Errenteria, 25 (2013), 197.-367. or.
Lizaso, D. de, Nobiliario de los palacios, casas solares y linajes nobles de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa, Donostia: Probintziaren Inprimategia, 1901, II. libk., 31-32. or.
Real Academia de la Historia, Diccionario geográfico-histórico de España, Sección I. Comprehende el Reyno de Navarra, Señorío de Vizcaya y provincias de Álava y Guipúzcoa, Madrid: Imprenta de la viuda de Joaquín Ibarra, 1802, II. libk., 342. or.
Aipamen bibliografikoa
Achón Insausti, J. A., “Oquendo y Molina, Miguel Antonio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 465-466.





