Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA FRANKO-KAROLINGIOAK

NITHARDO (Nithard) (ca. 800 – ca. 844).

Karguak eta lanbideak

Historialaria

Ibilbidea

Nithardo 800. urtean baino lehentxeago jaio zen, Karlomagno enperadore koroatu zutenean. Ziurrenera, enperadorearen jauregiko morroia izan zen; han, artean ere, Nithardoren ama bizi baitzen, Bertha, hots, Karlomagnoren alaba. Bestela, baliteke Saint-Riquier monasterioko morroia izatea, bertan Nithardoren aita (Angilbert) abade laikoa baitzen. Nithardo, antza, enperadorearen eskolan hezi zen, prestakuntza militarra eta literarioa jasota. Aitaren lorratzari jarraikiz, gure egilea Saint-Riquier monasterioko abade laikoa izan zen, eta Karlos II.a Burusoilaren zerbitzuan jardun zuen hainbat misiotan, bai eta erregeak Lotarioren aurka egindako gerran ere. Antza denez, Karlos II.a Burusoilaren eta Pepin Akitaniakoaren arteko gerran jasotako zaurien ondorioz hil zen, Angulematik hurbil, 844ko ekainaren 14an. Haren gorpua xi .mendean topatu zen, aitaren hilobian, heriozko zauria oraindik agerian zegoela.

Nithardoren obran ederki sumatzen da arlo militarrean eta diplomatikoan aritu izana, hark berak paperean moldatutako gertakarien lekukoa izan baitzen. Bere garaiko ia historialari laiko bakarra izana, 841ean hasi zen lanean, Karlos Burusoilak eskatuta. Nithardok bere oroitzapen pertsonalak, eskuz idatzitako oharrak eta agiri ofizialak erabili zituen, Historiae lana ontzeko. 843. urtera bitarteko errege-erregina frankoen historia kontatu zuen. Karlos II.a Burusoilak bere garaiko zoritxarretan batere erantzukizunik ez zuela izan saiatu zen frogatzen. Arazoak, zehazki, Luis Errukitsuaren nahiz okerren eta ahuldadeen ondorio izan baitziren, bai eta Lotarioren azpijokoen ondorio ere. Nithardoren lekukotasun historikoak sekulako balioa du, zuzenean ezagutu baitzituen paperean kontatutako historiaren protagonistak. Enperadorearen familiarengandik hurbil egoteak inpartziala izatea eragotzi bazion ere, bere garaiko historialaririk zorrotzenetakoa izan zela esan daiteke.

Nithardoren obrak hainbat informazio ematen ditu Baskoniaz; Akitaniako errege Pepin I.aren eta Pepin II.aren historiari buruz, zehazki. Nabarmentzen du, halaber, baskoiek Worms hiriko joko militarretan parte hartu zutela 842an, inperioko beste herri batzuekin batera (saxoiak, austrasiarrak eta bretoiak). Luis Germaniarra eta Karlos II.a Burusoila ere hantxe izan ziren (Nithardo III, 6).

Obrak

Historiarum libri quatuor, 842. Argitalpena eta frantsesezko itzulpena: Lauer, P. (arg. eta itz.), De dissensionibus filiorum Ludovici Pii. Histoire des fils de Louis le Pieux, Paris: Champion, 1926. Ingelesezko itzulpena: Scholz, B. W., eta Rogers, B., Carolingian Chronicles. Royal Frankish Annals and Nithard’s Histories, Michigan: Ann Arbor, 1970.

Bibliografia

Meyer von Knonau, G., Ueber Nithards vier Bücher Geschichten: der Bruderkrieg der Söhne Ludwigs des Frommen und sein Geschichtschreiber, Leipzig: Hirzel, 1866.

Nelson, J., «Public Histories and Private History in the Work of Nithard», in Speculum, Medieval Academy of America, 60. libk., 2. zk. (1985), 251.-293. or.

— Charles the Bald, London: Longman, 1992.

Pérez de Laborda, A., Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996, 287.-288. or.

Scholz, B., Carolingian chronicles: Royal Frankish annals and Nithard’s Histories, Ann Arbor: University of Michigan Press, 1972.

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., “Nithardo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 194-195.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP