Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

MARTINEZ MARINA, Francisco (Oviedo, Asturias, 1754ko maiatzaren 10a -Zaragoza, 1833ko uztailaren 25a).

Karguak eta lanbideak

Apaiza, historialaria, akademikoa eta diputatua

Ibilbidea

Baliabide gutxiko familia batean jaio bazen ere, ikasteko aukera izan zuen, jesuitek Oviedon zuten San Matias ikastetxean. 1769an Unibertsitate Literarioan sartu zen eta 1772an batxiler gradua lortu zuen Arteetan. Teologiako batxilergoa Toledon lortu zuen, eta 1777an apaiz ordenatu zen. Plasenciako katedraleko kalonjetza magistralerako oposiziora aurkeztu zen, eta San Ildefonso ikastetxeko errektore bihurtu zen, hango bekaduna izan ondoren. 1780an aurkeztu zen Avilako katedraleko kalonje irakurle oposiziora, eta 1781ean bihurtu zen Madrilgo San Isidro errege elizako kaperau. Horrek erraztu zion gortearen gizarte-eremurako sarbidea, eta hainbat eginkizun eskuratzea hor, esaterako, literatura lanak eta paper aldizkariak aztertzea eta zentsuratzea, edo elizaren eremuetako katedrak eskuratzeko oposizioetako epaile izatea.

Laguntzaile zuen bere espezializazioaren esparruan ongi kokatutako beste asturiar bat, Pedro Rodriguez Campomanes, orduan Historiako Errege Akademiaren buru zena. Han sartu zen 1786an, eta sendo ezarri zen, lehenengo enkargua hartu zuen arte, antzinatasun hispaniar-hebrearrak ikasteko. Une haietatik nabarmendu zen haren kritikarako joera, une hartako giro intelektualarekin guztiz bat zetorrena, giro hartan garatu baitzituen bere bizitza, ikasketak eta lana. Hari jarraikiz, errotik berraztertu behar zituen, arrazoiaren ikus- pegitik, oro har tradizioan oinarrituta onartzen ziren jakintzak. Osagai ilustratu horrekin batera erakusten zuen tradizioarekiko errespetua, eta horren azken emaitza izan zen Espainian ezaugarri bereziak zituen liberalismo bat eratzea. Aldarte horrek eraman zuen bere garaiko Madrilgo gailur intelektualera: Espainiako Errege Akademian sartu zen 1800ean, eta Historiako Akademiako zuzendari aukeratu zuten. Kargua bete zuen 1801etik 1804ra bitartean, eta ondoren 1816tik aurrera. 1818an Bartzelonako Letra Onen Errege Akademiako kide izendatu zuten, eta 1822an ohorezko doktore Oviedoko Unibertsitatetik.

Testuinguru hartan, boterearen definizioak eta haren egikaritzak eragiten zuten kezkak atzera begiratzea ekarri zuen, eta XIX. mendearen hasierako korporazio eruditoak, batez ere Martinez Marina bera buru zuena, hasi ziren arretaz begiratzen penintsulako kode zaharrei, esaterako Zazpi Partiden kodeari. Haren hitzaurreko azterlana asturiarrak prestatu zuen, hasiera emanez zuzenbide espainiarraren historiari eta, Jose Antonio Maravallek seinalatzen zuenez, are pentsamendu politikoaren historiari ere. Hala ere, hitzaurreko azterlan hori, azkenean, bereiztuta argitaratu zuen, Ensayo histórico-crítico sobre la antigua legislación y cuerpos legales de los Reinos de León y Castilla (1808) izenburupean. Horren atzean zegoen ideia zen legezko ordena berres- kuratzeko modu bakarra, hala egin behar baldin bazen, «antzinako instituzio eta ohituretara» begiratzea zela, eta beraz, funtsezkoa zela haiek ikertzea eta ongi ezagutzea.

Independentzia gerraren garaian, Martinez Marinak jarrera anbiguoa erakutsi zuen, bonapartetarren instituzioetan parte hartuz baina, aldi berean, ja- rrera abertzalea agertuz, ongi islatzen zena haren lan nagusian, 1813ko Teoría de las Cortes lanean, alegia. Harekin, bere garaia lotu nahi zuen, eta batez ere, Cadizko konstituzio sortu berria (Marinaren eragin handia jaso zuena), Erdi Aroko legediarekin, batik bat Gaztela eta Leongoarekin. Erdi Aroko arau horien sorreran pentsaera gotiko sakona ikusten zuen, eta Espainiako monarkian ere bai, bere Discurso sobre el origen de la monarquía lanean esaten zue- nez, «han aurkituko baitugu penintsulan, aldi berean edo elkarren segidan, eratu, hazi eta loratu ziren estatu eta erresuma desberdinen konstituzioaren eta sistema politikoaren oinarriak eta ordena sozialaren haziak». Arau horiek izanen ziren 1812ko konstituzioa eraikitzeko oinarri behinenak. Sortzear zegoen erregimen berriaren lege-oinarria nazionalizatzen zuen, eta haren guz- tizko ordezkaritza eta izaera nazionala legitimatzen zituen. Horrenbestez, Cadizko gorteen funtzioari jatorri frantsesa eta iraultzailea egozten zien kritika saihesten zuen. Azken finean, «antzinako eraikin politikoaren hondakin eta aztarna horietan ezagutu ahal izanen du nazioak iraganean zer izan zen eta aurrerantzean zer izan behar duen, eta hortik hartuko du baliagarri eta kome- nigarri dena, eta kaltegarri dena errefusatu».

Egileak antzinako lege bisigodoen eta gaurkotasunaren artean eratzen zuen prozesu historikoan garai gorenak ikusten ahal ziren, adibidez Erdi Aroa. Deigarria da, izan ere, halako hurbiltasunez aipatzea Ilustrazioak in- darrez errefusatu zuen garai bat, erromantizismora hurbilarazten zuena. Garai makurragoak ere baziren, esaterako, erromatarren garaia edo urrezko mendea. Iritzi horiek, eta legediaren inguruan adierazten zituen beste hainbeste, ez ziren oso ohikoak une hartan, eta bi lan horiek Inkisizioaren Auzitegira eraman zituzten salaketak jaso zituen, baina Martinez Marinak ez zion eskumenik onartzen auzitegi hari, dogma auziak ez zirelako haiek, iritzi zientifikoaren ingurukoak baizik. Beste salaketa bat ere jaso zuen, Novísima Recopilación lanari egin zizkion kritikengatik. Bi kasuetan ere idazki bana argitaratuz erantzun zuen: lehenengo kasuan, Defensa del doctor Don Francisco Martínez Marina contra las censuras dadas por el tribunal de la Inquisición a sus dos obras Teoría de las Córtes y el Ensayo histórico-crítico sobre la antigua legislación de España (1861), eta bigarrenean berriz, Juicio crítico de la Novísima Recopilación (1820). 1818an, Fernando VII.ak San Isidroren Kabildoa ezabatu zuen, eta hango kideak beste postu batzuetara lekualdatu zituen. Martinez Marinak Lleidako katedraleko kalonjetza bat lortu zuen, eta 1819ko apirilean iritsi zen hara. Han idatzi zuen Historia civil y eclesiástica de Lérida lana, baina ez zuen argitaratu. Proskripzio hori luzatu zen Hirurteko liberala deitu izan dena 1820an iritsi arte. Hark birgaitu zuen Martinez Marina, eta Gorteetara eraman zuen, Asturiasko diputatu gisa. Horrek berriro ere Madrilera eraman zuen, eta gainbegiratze eta aholkularitza lanak egin zituen han, tribuna parlamentarioan ia batere aritu ez zen bitartean. Nolanahi ere, eta publikoan gutxi agertzen bazen ere, 1823an ab- solutismoa berriro itzuli zenean, errepresaliak jasan zituen, guztien gainetik Zaragozako erbestea. Han, lan intelektualean sartu zen buru-belarri, eta Principios naturales de la Moral, de la Política y de la Legislación, lana idatzi zuen, handik hamarkada batzuetara argitaratuko zena. Beste lan bat ere idatzi zuen, 1832an Historia de la vida de Nuestro Señor Jesucristo y de la doctrina y moral cristiana izenekoa, 1832an argitaratu zuena. Handik hilabete gutxira hil zen. Zaragozan lurperatu zuten, ia batere osperik gabe. Haren aztarna guztiz galtzeko arriskuan egon zen mende haren amaieran, baina Antonio Canovas del Castilloren esku-hartzeak eragotzi zuen. Zenbait proiektu izan ziren haren gorpuzkinak Asturiasera eramateko, baina 2022ra arte ez zen gauzatu, gorpuzkinak berriro ere aurkitu ondoren. Egile eztabaidatua izan zen, herraz erasana eta grinaz defendatua, jarrera epelik onartzen ez zuen garai baten isla bete-betea.

Onartzen zuen udalek boterearen zati bat beren esku izan behar zutela, baina ia ez zituen probintziak edo erregioak aipatzen. Horri eransten bazaio haren ikuspegi liberal eta zentralista, edo gutxienez, Gaztelaren aldekoa, begien bistakoa da foru-sistemen aipamenak gutxi izan zirela, eta Erdi Aroko zuzenbide publikoaren aztarna horiek guztiz osagarriak zirela haren irudiko, alegia, eguneratu beharreko atal bat, iraganetik iritsitako arauak egokitzeko garai berriaren beharretara. Alderdi horretan bat egin zuen Jose Maria Zuaznavarrekin, eta bere bultzada ere adierazi zion, Nafarroako legediari buruzko saiakera bat idatz zezan (1820-1821 eta 1827-1829), non foruak errefusatzen zituen. Ez ziren ados jarri, ordea, erregimenari buruzko jarreran, Martinez Marinaren iritziz monarkia liberal parlamentarioa izan behar zuelako, eta Zuznavarren iritzirako, berriz, gobernu absolutista bat. Adibidez, Discurso sobre el orígen de la monarquía lanean musulmanen aurkako borrokaren hasierari buruz ari zela, penaz hartzen zuen ahaztu izana «monarkia espainiarraren oinarrizko lege hura, erresuma bat eta banaezina izan behar duelakoa. Lege hori politikaren ikusmolde osasungarrienak eta jakintsuenak emana da, eta haren arabera, espainiarrek beren indar guztiak batu behar zituzten helburu bat eta bera lortzeko, botere zentro komun eta bakarra ezarriz, eta agintaritza bakarra, eragiketa guztiak bideratuko zituena». Batasun hori Gaztelaren inguruan bildu zen, eta Erdi Aroaren amaiera arte ez zen burutu, Errege-erregina Katolikoekin, «haien aintzaz eraman baitzuten monarkia espainiarra bere osperik eta handitasunik gorenera». Prozesu horretan, eginkizun garrantzitsua izan zuten gorteek, botere monarkikoaren osagai moderatzaile gisa: «Gorteei zor zaizkie —zioen testu hartan— ontasun guztia, es- tatuaren kontserbazioa, monarkiaren existentzia politikoa, eta independentzia eta askatasun nazionala». Hortik kanpora, gainerako guztiak kaosa irudika- tzen zuen, izan ere, hala ikusten zituen berak 1808ko inbasio frantsesaren garaiko batzorde probintzialak eta gorenak. Ez da harritzekoa, beraz, foraltasunari buruz hark zuen iritzia ez izatea oso ona, eta horren adierazle ona da haren parte-hartzea Diccionario geográfico-histórico de España (1802) argitalpenean. Haren lehenengo liburukia euskal herrialdeei eta Nafarroari eskaini zitzaien, eta aditu anitzen iritziz, bizirik irauten zuten foru-sistemen aurkako erasoa zen. Hartan idatzi zuen Martinez Marinak Arabari eskainitako atala. Ukatzen zituen zenbait kontakizun eta zenbait historialariren ideiak, haren iritziz, inoiz izan ez zen iragan bat asmatu zutelako. Horregatik saiatu zen eraisten Arabaren jatorrizko independentziaren mitoa, hainbat aldiz aita Moreten esanak ukatuz. Esaterako, haren esanetan, «Gaztelako eta Nafarroako errege-erreginek subiranotasunaren funtzio guztiak egikaritu zituzten Araban, beren menpeko gainerako probintzietan bezala». Musulmanen aurkako hasierako borroketatik ere, Araba errege asturiarren menpe egon zen, eta ondoren Gaztelako kondeen menpe. Horrek ekartzen zuen batasuna maila guztietan, edozein berezitasun alde batera utzita, izan ere, Martinez Marinak etengabe ekiten zion berezitasunen aurka, haren iritziz «bateraezina baita arabarren ideia irudimentsuekin, haien esanetan, beren antzinako kaparetasuna eta independentzia jarraitua ez baitziren aldatu 1332ra arte, eta esan ohi dutenaren arabera, ez dira inoiz konkistatuak izan». Hori guztia sinestezina zitzaion, eta hala erakusten zuen etengabe aipatuz Erdi Aroko kodizeak eta agiriak, haien bitartez erudizio zabala erakutsiz. Horregatik guztiagatik, baieztatzen zuen ezen «ez Arabako lurraldea, ez haren jaun-andre kapareak, ez eta Arria- gako kofradia ere, ez ziren izan inoiz ez libre, ez independente; ez zuten behin ere eskumenik izan beren kabuz hautatzeko, ez gobernadorerik, ez buruzagi militarrik, ez justizia ministrorik ere, jurisdikzio zibila eta kriminala gauzatzeko; jurisdikzio hori berezia zen eta esklusiboki zegokien konde eta erregearen merinoei, subiranoaren agintaritza gorenaren menpe; eta probintziaren entrega boluntarioa, edo zehatzago esanda, probintzian zeuden jaurerrien entrega, erregearen menpeko bihurtzea izan zen, ez besterik». Horren truk, Arabak jaso zituen hainbat emakida eta pribilegio, eta leial eta fidel erantzun zien Gaztelako errege-erreginei, hitz horiek idatzi aurreko mendeetan zehar.

Horrek guztiak erakusten du haren ikuspegi zentralizatzailea Gaztelaren inguruan, modu inplizituan Espainiarekin parekatzen baitzuen, eta hori ikusita ulertzen da Gaztelaren esparrutik kanpoko aipamenik ez agertzea. Batasun gotikoa lurralde horietan kontserbatu izanen zen, eta horrek beste edo- zein aukera maila baxuago batean uzten zuen. Egiaz, Martinez Marinak bere Ensayo histórico-crítico lanean seinalatzen zuenez, «Leongo eta Gaztelako erresumetan, hala nola Katalunian, Aragoin eta Nafarroan ere, lege gotikoari jarraitu zitzaion, bere atal guztietan, Partidak argitaratu arte, eta Foru-juzguaren autoritatea kontserbatu zuten herrietan XV. mendera arte». Foru izaeratik, beraz, oroitzapen bat besterik ez zen geratzen, eta hura gabe ere erraz bizi zitekeen, kasua iritsita.

Obrak

«Antigüedades hispano-hebreas, convencidas de supuestas y fabulosas. Discurso histórico-crítico sobre la primera venida de los judíos a España», Memorias de la Real Academia de la Historia, III, Madril: Sancharen inprimategia, 1799, 317-468. orr. 

«Ensayo histórico-crítico sobre el origen y progresos de las lenguas: señaladamente del romance castellano», Memorias de la Real Academia de la Historia, IV, Madril: Sancharen inprimategia, 1805, Memoria II, 1-63. orr.

Ensayo histórico-crítico sobre la legislación y cuerpos legales de los Reinos de León y Castilla, especialmente sobre el Código de las Siete Partidas de Don Alonso el Sabio, Madril: Joaquín Ibarraren alabaren inprimategia, 1808 (Madril: D. E. Aguadoren inprimategia, 1834; Madril: Imprenta de la Sociedad Literaria y Tipográfica, 1845; hitzaurreko azterlana eta argitalpena J. Martínez Cardós, Madril: Atlas, 1957).

Carta sobre la antigua costumbre de convocar las Cortes de Castilla para resolver los negocios graves del Reino, Londres: Imprenta Cox, Hijo y Baylis, 1810 (berrinp. Va- lencia: Yernos de Josef Estévan, 1811; Madril: D.E. Aguadoren inpr., 1834).

Discurso sobre el origen de la monarquía y sobre la naturaleza del gobierno español: Para servir de introducción a la obra Teoría de las Cortes, Madril: Colladoren inprimategia, 1813 (arg. eta hitzaur. azt. J. A. MARAVALL, Madril: Instituto de Estudios Políticos, 1957; Madril: Centro de Estudios Constitucionales, 1988).

Teoría de las Cortes o grandes Juntas nacionales de los reinos de León y Castilla, monumentos de su constitución política y de la soberanía del pueblo, Madril: Fermín Villalpandoren inp., 1813 (2. arg., Madril: 1820; hitzaur. azt. eta arg. J. MARTÍNEZ CARDÓS in Obras escogidas, Madril: Atlas, 1966-1969; arg. J. M. PÉREZ-PRENDES, Madril: Editora Nacional, 1978; arg. J. A. ESCUDERO, Oviedo: Junta General del Principado de Asturias, 1996).

Discurso sobre sociedades patrióticas, Madril: Imprenta de la Compañía, 1820.

Juicio crítico de la Novísima Recopilación, Madril: Imprenta de Don Fermín Villalpando, 1820 (in Obras escogidas, 355-480. orr.).

Historia de la vida de Nuestro Señor Jesucristo y de la doctrina y moral cristiana, Zaragoza: R. Gallifa, 1832.

Defensa contra las censuras dadas por el Tribunal de la Inquisición a sus dos obras, Teoría de las Cortes y Ensayo histórico-crítico sobre la antigua legislación de España, Madril: Francisco Sánchezen inp., 1861 (in Obras escogidas, 253-410. orr.).

Principios naturales de la Moral, de la Política y de la Legislación, hitzaur. azt. A. POSADA, Madril: Academias de Ciencias Morales y Políticas, 1933 (arg. J. VARELA SUANZES, Oviedo: Junta General del Principado de Asturias, 1993).

Obras escogidas de Francisco Martínez Marina, hitzaur. azt. eta arg. J. MARTÍNEZ CARDÓS, Madril: Atlas, 1957, 1966-1969.

Bibliografia

ALBERTI, J., Martínez Marina: Derecho y Política, Oviedo: Caja de Ahorros de Asturias, 1980.

BERMEJO CABRERO, J. L., «Tríptico sobre Martínez Marina», Anuario de Historia del Derecho Español, LXV (1995), 219-222. orr.

ESCUDERO LÓPEZ, J. A., «Martínez Marina, Francisco», Diccionario Biográfico Español, XXXIII, Madrid: RAH, 2009, 413-417. orr.

MARAVALL, J.A., «El pensamiento político en España a comienzos del siglo XIX: Martínez Marina», Revista de Estudios Políticos, 81 (1955), 29-82. orr.

SÁNCHEZ AMOR, J. I., «Algunas cuestiones sobre la influencia de Martínez Marina en las Cortes de Cádiz», Revista de Estudios Políticos, 62 (1988), 89-130. orr.

TOMÁS Y VALIENTE, F., Martínez Marina, historiador del Derecho, discurso leído el día 28 de abril de 1991 en el acto de su recepción pública, Madril: Historiako Errege Akademia, 1991. 

VARELA SUANZES, J., Tradición y liberalismo en Martínez Marina, Oviedo: Caja Rural Provincial de Asturias, 1983.

WESTLER, B., «Between tradition and revolution: the curious case of Francisco Martínez Marina, the Cádiz Constitution, and Spanish liberalism», Journal of the History of Ideas, 76 libk., 3 zk. (2015), 393-416. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP