Karguak eta lanbideak
Bizkaiko Jaurerriko Kontsultorea (1630eko eta 1640ko hamarkadak), Bizkaiko Jaurerriko errejidorea (1638-1640) eta Bilboko errejidorea (1632)
Ibilbidea
Okendon (Araba) sortu zen, lege-ikasketak egin zituen Salamancako Unibertsitatean, haren izena agertzen baita matrikula-liburuetan, 1610eko hamarkadan, kanonen ikaskuntzan. Bilbon bizitzen jarri eta abokatu-lanean aritu zen han. 1630ean izendatu zuten, lehenengoz, Jaurerriko Kontsultore. Lan handia izan zuen erakunde bizkaitarrek aurre egin ziotenean Koroak gatzaren gaineko estankoa ezarri eta haren salneurria igotzeko zuen asmoari. Kasu hartan bizkaitarrek erabili zituzten bi alegazio juridiko-politikoak Lopez Etxabarrik erredaktatu zituen: Pretensión de Vizcaya sobre el crecimiento de la sal (Bizkaia, 1631ko urtarrilak 24), eta zabalena El Señorío de Vizcaya sobre la nueva orden real del Estanco de la sal, y crecimiento de su precio (datarik gabea, baina 1631ko urtarriletik abuztura bitartean egindakoa). Historiagileek orduko Bizkaiko errejidore Mateo Etxabarrirekin nahasi izan dute, eta testu horiek Mateok eginak zirela uste izan du. Uste horretan oinarriturik, Francisco Elias Tejadak esan zuen Mateo Etxabarrik «bizkaitarren pentsamendu politikoaren historian ohorezko lekua merezi zuela». Francisco Lopez Etxabarri Bilboko errejidore izan zen 1632an, eta istiluak izan zirenean matxinatuen haserrea jasan zuen. Zenbait urtez postu publikoetatik aparte ibili ondoren, Jaurerriko errejidore izendatu zuten 1638an. Urte horren amaieran Kantabriako Kontseilura joan zen. Koroak Pirinioen mendebaldeko mugako gerra kudeatzeko erakundea zen hura, Gasteizen egoitza zuena, eta hara joan zen azaltzera Jaurerriak ez zuela gizonik jarriko armada osatzeko, Koroak eskatu bezala. Hurrengo urtean Madrilera joan zen Koroaren laguntza lortzeko asmoz, lurraldearen defentsarako eta Bizkaitik ateratzen zen burdin mearen gaineko zerga, kintaleko zortzi marabedi, ezarri ahal izateko. Berriz kontsultore izendatu zuten 1640an eta 1642an, eta 1644tik aurrera haren arrastorik ez dago Jaurerriko dokumentazio ofizialean.
Haren lanik aipagarrienak dira 1631n gatzaren estankoa ezarri eta prezioa igotzearen aurrean Jaurerriak egin zuen oposizioa oinarritzeko egin zituenak. Garrantzitsuena, zabalerari, argudioei eta erabilitako autoritateei dagokienez El Señorío de Vizcaya sobre la nueva orden real del Estanco de la sal, y crecimiento de su precio izan zen. 1638an, Bizkaiko erakundeei testu bat aurkeztu zien, non proposatzen zuen dirua eskatzea Amerikan, Flandrian, Italian eta Monarkiaren agindupeko beste lurralde batzuetan zeuden bizkaitarrei. Helburua zen zenbait enpresa eta ongintzako lanetarako finantzazioa lortzea, Jaurerriari eta bertako biztanleei mesede egingo zielakoan. Proposatu zuen, halaber, Salamancan ikastetxe bat sortzea, bizkaitarren unibertsitate-ikasketei laguntzeko. Herrialdeko instituzioek proposamen haiek inprentara eramatea erabaki zuten. Handik gutxira, berari agindu zioten «legeen taula eta errepertorioa» elaboratzeko, Bizkaiko Foruaren edizio berrirako, eta Bilbon inprimatu zen, 1643an.
Obrak
Pretensión de Vizcaya sobre el crecimiento de la sal y las razones que tiene para ella, Vizcaya, 1631ko urtarrilaren 24a. Zenbaiten artean argitaratua, Juntas y Regimientos de Bizkaia. Actas, XI. libk., Bilbo: Bizkaiko Batzar Nagusiak, 2005, 21.-25. or.
El Señorío de Vizcaya sobre la nueva orden real del Estanco de la sal, y crecimiento de su precio, data gabea, 1631ko urtarrila-abuztuetan egina. Guiard y Larrauri T.-k argitaratua Historia de la noble villa de Bilbao, II. libk., Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1906, 63.-77. or. Guiard-ek, beste egile batzuek bezala, testua Mateo Etxabarrirena dela uste badu ere, Francisco Lopez Etxabarri lizentziatuak idatzi zuen.
Proposiciones que hace el Señorío de Vizcaya a los caballeros vizcaínos que residen en Indias, Flandes, Italia y otras provincias, en consideración a las necesidades que padece Vizcaya, Valladolid: Antonio Vázquez de Velasco y Esparza, 1639.
El Fuero, privilegios, franquezas y libertados de los caballeros hijosdalgo del Señorío de Vizcaya, confirmados por el rey don Felipe IIII nuestro señor y por los señores reyes sus predecesores, Bilbo: Pedro de Huydobro, 1643 (legeen taula eta errepertorioaren arduradun gisa).
Bibliografia
Elías de Tejada, F., El Señorío de Vizcaya (hasta 1812), Madrid: Minotauro, 1963.
Merino Malillos, I., «Oráculos forales. Los consultores del Señorío de Vizcaya, una figura clave en la defensa e interpretación de los fueros (siglos xvi–xvii)», in Vasconiae. Revista de Derecho Histórico y Autonómico de Vasconia, 15 (2018), 69.-122. or.
Mieza Mieg, R. M.ª, «La Machinada del Estanco de la Sal. Una hipótesis de interpretación», in Ernaroa. Revista de Historia de Euskal Herria, 6 (1991), 41.-102. or.
Zabala Montoya, M., «La rebelión del estanco de la sal (Bizkaia, 1631/1634): una revisión», in Boletín de la Real Academia de la Historia, 204. lib, 1. koad. (2007), 45.-128. or.
Aipamen bibliografikoa
Merino Malillos, I., “López Echávarri, Francisco”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 389-39





