Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

MENDIETA RETES, Francisco (ca. 1565, Aiara ibarra- ca. 1624).

Karguak eta lanbideak

Aiarako margolaria eta historialaria, Bilboko bizilaguna

Ibilbidea

Ziurrenik Menagarain jaio zen, (Aiara, Araba) 1565 inguruan. Bilbon hazi eta bizi izan zen, Francisco Vazquez margolariaren familiaren babespean. Mendietak hainbat deitura erabili izan zituen, adibidez, Francisco Vazquez Retes edo Francisco Vazquez Mendieta, eta horrek pentsarazi zien askori haren babeslea haren aita ere bazela, ama Maria Retes, margolaria ostatu hartuta zegoen etxeko neskamea, zelarik. Hala ere, 1563an Martin Aldama eskribauaren aurrean egindako eskritura batean, Pedro Mendietak ezkongabea zela adierazi zuen, bi seme natural izan bazituen ere, Maria Retesekin, Juana eta Francisco. Andreak, bere aldetik, ohean gaixo zegoelarik, 1579an baieztatu zuen bere seme-alaba haien aita Pedro Mendieta Morales zela. Aldi batez Elorrion bizi izan zen Mendieta, 1599an Bilbon hedatu zen izurritetik alde eginez. Urduñan ere bizi izan zen, 1616an behinik behin, eta han dago bera bizi izan zeneko etxea, etxaurrean familiaren armarriak dituela.

Margolaritzan eta erretaula-egile aritu zen. Haren hiru margolan ezagutzen ditugu: Milagro en Begoña (1589), Madrilgo Oinutsen Errege Komentuan gordetzen dena. Begoñako basilikaren ikuspegi orokor bat erakusten du, eta Juan Larrinberi gertatutako mirari baten alegoria da. Lapur batzuek, nonbait, mingaina moztu zioten Larrinberi, eta 1568an Begoñako amabirjinak itzuli omen zion. Los esponsales. Boda en Begoña (1607) Gipuzkoako Aldundiarena da. Koadro horren balioa andrazko gonbidatuek daramatzaten jantzietan eta buruko kapeluetan datza. Haren koadrorik ospetsuena Jura de los Fueros de Bizkaiapor Fernando el Católico (1609) izenekoa da, 1476ko zina irudikatzen duena. Lehen mailako iturri historiko-juridikoa osatzen dute armarrien, pertsonaia historikoen, jantzien, kapeluen eta abarren irudikapenek. Aipagarria da bertan jasotzen dela euskarazko testu bat, jaun horrek Bizkaiko Foruen zina egin zueneko ekitaldiaren xehetasunak kontatzen dituena. 1889an Aldundiak Gernikako Juntetxean zeuden koadroak errestauratzeko agindu zuen, eta orduan aurkitu zuten koadroan Mendietaren sinadura. 1913an, Arte Ederren museoaren inaugurazioaren karietara, koadroa Bilbora eraman zuten, eta museoak Atxurin zuen eraikin zaharrean egon zen 1936 arte, gerra zibilaren garaian Carlton Hotelera eraman baitzuten, Agirre Lehendakariaren bulegoko apaingarri nagusi gisa. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundira eraman zuten, eta han dago orain.

Hainbat agirik jasotzen dute Bizkaiko erretaulak urreztatzen eta estofatzen aritu zela, besteak beste, Portugaleteko Andra Mari elizakoa (1582), Santurtzikoa (1593), Bilboko San Anton (1596) eta Bilboko San Buenaventura la Porciuncularen kaperaren erretaula (1614). Noiz hil zen ez badakigu ere, seguruenik 1624rako zendua zen, urte hartan, haren jaraunsleek — alaba Juana eta suhia, Juan de Gante hozkatzaile flandriarra— herentzia kobratu zutelako. Uste denez, Bilboko Santos Juanes parrokian lurperatu zuten. Eskulangintzari dagokionez, lotura estua izan zuen Bilboko lankideekin, izan ere, agabillatuen mugimendua deitu zena zuzendu zuen, 1607an Bilboko Erregimenturako hauteskundeetan ofizialek eta artisauek esku hartu behar zutela aldarrikatuz. Horren ondorioz, atxilotuta egon zen.

Garrantzitsua da Mendietak Andres Poza Yarza historialari urduñarrarekin izan zuen harremana, Hydrografia liburuaren azala marraztu baitzuen harentzat (1585) eta beharbada De la antigua lengua, poblaciones y comarcas de las Españas (1587) izenburua zuen hurrengo liburuarena ere bai. Pozaren eragina antzematen da Mendietak historiari buruz idatzi zituen liburuetan, Annales de Vizcaya izeneko lan mardulean. Lan horren osotasunaren laurden bat besterik ez da kontserbatu, 1399-1456 aldiko Bizkaiko leinuen historia eta bandoen arteko gerrak jasotzen dituena. Lan hori 1525eko Batzar Nagusietan aurkeztu zen, eta orain Madrilgo Liburutegi Nazionalean gordeta dago. Haren berri dugu 1915etik, Juan Carlos Guerra kronistari esker.

Beste lan bat ere idatzi zuen, Aerario de la Hidalguía, hainbat urtez galdua zela uste zena, Guadalupe Rubio Urkiak kopia bat aurkitu zuen arte, Madrilgo Francisco Zabalburu liburutegiko euskal funtsean. Lan horiek Bizkaiko historiarekin lotuta daudenez, ez da harritzekoa hainbat aldiz Jaurerriko Erregimentuari eskatzea haren artxiboa ikusteko aukera izatea. Lan horietan, bizkaitarren noblezia eta antzinatasuna erakutsi nahi izan zuen Mendietak, eta horretarako garai hartako beste historialari batzuen bidetik jo zuen, esaterako Poza edo Esteban Garibairen bidetik, euskal imajinarioa eusko-iberismoa eta tubalismoa bezalako mitoen inguruan eraikiz.

Obrak

Annales de Vizcaya, ca. 1525.

Aerario de la hidalguia y nobleza hespañola y plaza de armas de Vizcaya.

Milagro en Begoña (1589), Los esponsales. Boda en Begoña (1607), eta Jura de los Fueros de Bizkaiapor Fernando el Católico (1609).

Bibliografia

Areitio, D. de, «Francisco de Mendieta, escritor y pintor», in Eusko ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, Riev, 20 (1929).

Aspuru Aribe, J., «Francisco de Mendieta. Un Ayalés universal», in Aztarnak Aldizkaria, 42 (2012).

Mañaricúa, A. E. de, Historiografía de Vizcaya (desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxea, 1973, 2. argit. Berrarg. handitua, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.

Ulibarri Orueta, K., «Un nuevo texto para la historiografía vizcaína», Aerario de la hidalguia y nobleza hespañola y plaza de armas de Vizcaya, por Francisco Mendieta, ayalés, in Oihenart, 28 (2013), 173.-191. or.

Aipamen bibliografikoa

Intxaustegi Jauregi, N.J., “Mendieta y Retes, Francisco”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 380-382.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP