Karguak eta lanbideak
Historialaria, handikia eta militarra
Ibilbidea
Lazarragatarren leinu ganboatarra xv. mendearen erdialdetik aurrera finkatu zen, Elgea-Aratz mendilerroaren bi aldeetara, Oñatiren eta Arabako ekialdeko Lautadaren artean. Jatorrian, Oñatiko kondeen zerbitzura egon zen familia, eta hala hasi zen biltzen ondare zabal bat, Gebara etxearen menpeko lurraldearen zati batzuk ere beretzat zituena. Hasiera haietan, abizena Elazarraga eta Eleazarraga aldaeretan ere azaltzen da.
Juan Lopez de Lazarraga Etxenagusia (edo Quita-Pechos) jauregiko jauna izan zen, Elazarragako jauna Larrean, eta Lazarragako jauna Zalduondon; Birgara hiriko jauna eta Dulantziko gotorlekuko jauna. Donejakueren Ordenako Zalduna. 1527an Etxenagusia jauregiko maiorazkoa sortu zuen, eta 1521ean kapilautza bat, haren amaren aginduz. Zalduondoko alkatea izan zen, 1548an eta 1552an, behinik behin. Edonola ere, garai hartako handiki tipikoa da, ondare eta kapital sinboliko handien jabe zena, eta eginkizun administratibo-politikoetan eta militarretan aritzen zena. Juana Lopez de Okarizekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten, Juan, Martin eta Katalina.
Lazarragak berak izkiriatutako Relación delakoaren arabera, laurogeita hamar urte zituela hil zen, 1536an, eta beraz, 1446 aldean jaioa behar zuen, baina Gervasio Di Cesarek aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Lazarragak testamentua egin zuen 1547an; handik aurrera ere, 1552ko uztailean, eskritura bat formalizatu zuen, eta haren seme-alabek haren ondasunen partiketa egin zuten 1553ko otsailean. Beraz, azken denbora-tarte horretan hilko zen. Micaela Portillaren arabera, (Simancasko Artxibo Nagusiko dokumentazioa erabilita), 1507an Joana erreginak Dulantziko gotorlekuaren erabilera bere idazkari eta kontseilari Juan Lopez de Lazarragari, Larreako jaunaren lehengusuari, izen bera zuenari, utzi zion, eta hark hartu zuen gotorlekuaren dohaintza, lehenengoaren izenean. Lazarraga kargu horretan mantendu zen 1518ra arte. Juan Carlos Guerrak, bere aldetik, lehen aipatutako Relación horretatik ateratako hainbat datu biografiko aurkeztu zituen, neurri batean legendarioak eta, nolanahi ere, aurrekoekin bat ez datozenak. Haren arabera, Dulantziko gotorlekuaren alkatetza 1511n hartu zuen bere gain Lazarragak, heroi baten gisan erasoa jo, haren hormak eskalatu eta mendean hartu ondoren. Hamasei urtez eutsi zion haren jabetzari, hau da, 1527ra arte, komuneroen erasoetatik defendatuz. Gainera, datu horien arabera, Napoliren konkistan parte hartu zuen alferez gisa, eta kapitain gisa Nafarroaren konkistan.
Haren lan historiografikotik zati batzuk besterik ez dugu ezagutzen. Funtsean, delako Relación horretan biltzen da haren lana. Bertan deskribatu zituen Oñati herriaren sorrera eta hango populazioa, haren armarria, eta nola haren foruen zina egin zuen Pedro Velez de Gebara jaunak, bai eta alderdien arteko borrokak, inguru hartakoak nahiz Leintz ibarrekoak. Baditu, tartean, euskal etimologia bitxiak. Dirudienez, Lazarragak ahozko testigantzetan oinarrituta osatu zuen bere Relación hori, eta esaterako, behin baino gehiagotan esaten zuen: «antzinako arbasoek esaten zutenez…» edo «zaharrek esaten zutenaren arabera…». Itxura denez, testua, batez ere, haren oroimenean oinarrituta egina dago, izan ere, bere burua aurkeztu zuen «como persona antigua y que tenía mucha noticia […] y tenía noventa años cuando murió».
Obrak
Relación de muchas cosas antiguas que ha avido en tiempos pasados en la villa de Oñate. Escripto por mano y letra de Joan Lopez de Lazarraga, Señor y dueño que fue deste Palacio de Larrea y del de la villa de Çalduendo y alcaide que fue de la fortaleza del Rey en la villa de Alegría; que, como persona antigua y que tenía mucha noticia lo declaró; y tenía noventa años cuando murió y ha que murió al pie de cincuenta años, 1550. Argitalpen partziala J. C. Guerraren eskutik, Oñatiren historiaren zati ezezagunak, in Euskal-Erria. Revista Bascongada, Donostia: Baroja eta Semea, XLVII. lib. (2. seihilekoa 1902), 290.-298. or.
Bibliografia
Di Cesare, G., Historia y genealogía de los Lazarraga, Bilbo: egilearen arg. 2012.
Portilla, M., «Fortalezas alavesas en 1592», in Boletín de la Institución Sancho el Sabio, 17 (1973), 5.-48. or.
Aipamen bibliografikoa
Madariaga Orbea, J., “López de Lazarraga y Fernández de Heredia, Juan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 412-413.





