Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARABAKO EGILEAK ETA OBRAK

LOPEZ DE AIALA, Pedro (1332, Araba? – 1407, Calahorra, Errioxa).

Karguak eta lanbideak

Gaztelako erresumako kantzilerra, Aiala etxeko jauna eta kronikaria

Ibilbidea

Fernan Perez de Aialaren eta Elvira Ceballosen semea, Arabako eta Gaztelako nobleziako leinu nagusietako bateko kide zen. Ez dakigu ziurtasunez non jaio zen, baina seguru asko Araban izan zen, Gasteizen, Kexaan edo Arespalditzan. Barroso kardinala osaba-aitona zuen, eta haurtzaroan eta gaztaroan haren itzalpean jaso zuen hezkuntza; beraz, oso litekeena da Toledon, Cartagenan eta Avignonen egonaldiak egin izana. 1342an bi kalonjetza jaso zituen —Palentzian eta Murtzian—, eta horrek adieraziko luke, hasiera batean bederen, elizan karrera egiteko asmoa izan zuela, nahiz eta gero alde batera utzi. 1353tik aurrera, Pedro Lopezen bizitzak jira gorabeheratsua eta arriskuz betea hartu zuen. Petri I.aren zerbitzura sarturik, Aragoiko koroaren aurkako itsas espedizio batean parte hartu zuen (1359). Handik lasterrera, gerra dinastiko eta zibila lehertu zen Gaztelan, erregearen eta haren anaiorde Henrike II.a Trastamarakoaren artean. Pedro Lopez de Aialak, hasieran, Petri I.aren alde egin eta hura zerbitzatu zuen, baina 1366an haren aurkariaren bandora pasatzea erabaki zuen. Jada Trastamararen alderdian, Naiarako (Errioxa) guduan parte hartu zuen, eta preso hartu zuten gudu hartan. Erreskate mardula ordainduta utzi zuten aske. Makurraldi laburra izan zen hura.

Henrikeren azken garaipenak, 1369an, aukera hobeak zabaldu zizkion. Errege berriaren eta haren ondorengo Joan I.a eta Henrike III.aren abaroan, hainbat mandatura bidali zuten Aragoira eta Frantziara. Beste nahigabe bat jasateko zegoen, portugaldarrek preso hartu baitzuten Aljubarrotako guduan, eta, ondorioz, bigarren aldiz egon zen gatibu, ia beste hiru urtez (1385-1388). Espetxealdiak ez zuen makurrarazi, ordea, eta karrerari jarraitu zion. Ibilbide horretan hainbat kargu bete eta metatu zituen: gorteko noble gaztea, Bandako Ordenaren alfereza, Toledoko aguazil gorena, Gasteizko alkate nagusia, Gipuzkoako merioa, erregeordea, eta, batez ere, 1398. urteaz geroztik, Gaztelako erresumako kantzilerra. Aitarengandik jaso zituen jaunaren eskubideak eta Arabako, Bizkaiko eta Toledoko lurraldeetako ondare-eskubideak, baita Aiala etxeko maiorazkoa ere. Aguraingo, Bastidako eta Gesaltza Añanako jaurerriak eskuratu zituen. 1406an testamentua idatzirik, hurrengo urtearen hasieran hil zen. Kexaako monasterio femeninoan eman zioten lur, Fernan Perez aitak fundatutako monasterioan.

Politikan, gudu-zelaian eta gortean bete zuen jardunari, haren lan intelektuala gehitu behar zaio. Egile oparoa izan zen, eta, inolako zalantzarik gabe bere eskuz idatziak direla dakigun lanetara mugatuz, honako obra hauek aipa ditzakegu: hainbat sorkuntza poetiko, hala nola Libro Rimado de Palacio, Gregorio Handia, Isidoro Sibiliakoa, Tito Livio eta Boccaccioren lanen itzulpenak, falkoneriako tratatu baten bertsio egokitua eta hainbat narrazio historiko. Bere leinuaren Genealogía lanari ere jarraipena eman zion. Pedro Lopez de Aiala, ordea, historiarako utzi zituen lau kronikei esker da oroitua. Crónicas izenburupean, Petri I.aren (1350-1369), Henrike II.aren (1369-1379), Joan I.aren (1379-1390) eta Henrike III.aren (1390-1406) erregealdiei buruzko kronikak idatzi zituen, nahiz eta azken zati hori osatu gabe utzi zuen.

Nafarroako Erresuma da bere errelatoetako gaietako bat. Kronika horien bidez, Karlos II.a Evreuxkoak (1349-1387) garai ezpaltsuetan Gaztelako errege–erreginekin izan zituen harremanetan baliatutako estrategia konplexuen berri jakin dezakegu: Petri I.arekin elkarrizketa Sorian (1362), errege horrekin Baionan eta Libournen izan zituen negoziazioak (1366), Petriren aldekoen kanpaina dela eta erabili zuen politika maltzurra eta horrek amaieran ekarri zuen Naiarako gudua (1367) eta Henrike II.aren aurrean Araban eskuratu nahi zituen lurraldeen inguruko gorabeherak. Crónicas lan horretan beste hainbat euskal gai ere jorratzen ditu, beti ere Gaztelarekin loturik. Hala, Petri I.aren eta haren anaiorde On Tello Bizkaiko jaunaren arteko norgehiagokak jasotzen dira, Otxandioko eta Enkarterrietako pasarte bortitzak tartean, baita Jaurerria Galesko printze Eduardori entregatzeko Libournen adostutako hitzarmena ere (gerora bete ez zena). Kronika horien bidez dakigu, halaber, Alençoneko kondesak lurralde horiek irrikatzen zituela, eta Gaztelako errege-erreginek foruak zin egin zituztela. Era berean, idatzi horietan kontatzen du jauntxo gipuzkoar, bizkaitar eta arabarrek beren eliza-patronatuko eskubideak defendatu zituztela Guadalajarako gortean (1390).

Haren obra historikoaren oso aldeko iritziak eman izan dituzte adituek, garaiko testuinguruan kokatuz gero betiere. Iragana berreraikitzea izan zen Lopez de Aialaren ahalegina, gertakari garrantzitsuenen memoria uzteko eta errege-erreginei jokamolde ereduzko bat emateko. Era berean, ez zen diskurtso narratibo soilera mugatu, eta agertutako gertakariak azaltzen saiatu zen. Hauek izan ziren bere informazio-iturri nagusiak: oroitzapenak, zenbait gertakaritan lekuko zuzena izan baitzen; beste pertsona garaikide batzuen kontakizunak; eta kontsultatutako dokumentuak, kantziler zen aldetik oso erraz eskuratu zitzakeen eta. Nolanahi dela ere, ez zen kronista neutrala. Aurrez aipatukoaren harira, Gaztelako gerra zibilean alderdiz aldatu zen, eta horrek bere burua zuritzera behartu zuen; alde horretatik, begien bistakoa da Trastamara dinastia berria legitimatzen saiatu zela (1369an gailendu zen dinastia hori). Azken batean, goi-nobleziako kidea zen, eta horrek erabat baldintzatu zuen bere kronikari-jarduna, gizarte-maila horren balio eta aurreiritzien oihartzuna nabarmena baita haren idatzietan.


Obrak

Crónicas de los Reyes de Castilla Don Pedro I, Don Enrique II, Don Juan I, Don Enrique III, Llaguno y Amirola, E. (arg.), Madrid: Antonio de Sancha inprenta, 1779.

Crónicas, Martín Rodríguez, J. L. (arg.), Barcelona: Planeta, 1991.

Crónica del rey don Pedro y del rey don Enrique, su hermano, hijos de don Alfonso Onceno, Orduna, G., eta Moure, J. L. (arg.), Buenos Aires: Ediciones Críticas, 1994-1997.

Bibliografia

Bazán Díaz, I., «La historiografía medieval vasca y su influencia en la obra de Garibay», in El historiador Esteban de Garibay, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2001, 75.-122. or.

Díaz de Durana, J. R., eta Dacosta Martínez, A., «Pero Lopez de Aialaren biografia: ikuspegi kritiko bat / Biografía de Pero López de Ayala: una revisión crítica», in Aiala Kantzilerraren figura / La figura del Canciller Ayala, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2007, 22.-95. or.

García, M. L., Obra y personalidad del Canciller Ayala, Madrid: Alhambra, 1983.

García Fernández, E., «Pero Lopez de Aiala Kantzilerraren Leinua / El Linaje del Canciller Pero López de Ayala», in Aiala Kantzilerraren Leinua / El Linaje del Canciller Ayala, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2007, 80.-291. or.

Lacarra, J. M.ª, Historia política del reino de Navarra desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. III, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1973.

Munita Loinaz, J. A., «Fuentes cronísticas para el estudio del País Vasco en la Edad Media», in Barruso Barés, P., eta Lema Pueyo, J. A. (arg.), in Historia del País Vasco. Edad Media (siglos v-xv), Donostia: Hiria, 2004, 51.-110. or.

Aipamen bibliografikoa

Lema Pueyo, J. Á., “López de Aiala, Pedro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 230-232.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP