Ibilbidea
Fiteroko monasterio zistertar bateko abade batek 1194tik 1211ra landua seguru asko, eduki historikoa duen epitome edo testu narratiboa da, nafar-aragoiera erromantzean idatzia.
Lanak historia unibertsalaren ibilbidea egiten du, Genesi eta Itun Zaharretik abiatu eta xii. mendeko Espainiako erresumen garairaino. Oinarrian, beste zenbait obraren artean, Linage de los reyes d’Espanya lana dago, baina Liber regum honek Aragoiko eta Frantziako monarkiak ere aztertzen ditu, beharbada, Leonor Aragoikoa infantaren (Petri II.aren arreba) eta Ramon VI.a Tolosako (Frantzia) kondearen arteko ezkontzaren kariaz, baita Petri II.aren beraren eta Montpellierko Mariaren arteko ezkontzaren kariaz ere. Liber regum lanean, erregeen leinuak modu eskematikoan aurkezten dira, esaldi laburrekin, baina Nafarroako dinastiaren leinua taxutzen doan heinean, gero eta deskriptiboagoa da obra, eta dinastia hori legitimatzen saiatzen da.
Liber regum lanaren hasierako gorputzari eranskin bat gehitu zitzaion ondoren, Linaje de los reyes de España izenburuarekin; eranskin horretan jaso zen Rodrigo Díaz de Vivar Cid Campeadorren genealogia eta biografia.
Liber regum lanaren gaztelaniazko bertsioak Cronicon villarense titulua hartu zuen, eta informazio-iturri garrantzitsua izan zen xiii. mendeko latinezko kronikak idazteko; besteak beste, Rodrigo Ximenez Radakoaren kronika, Lucas de Tuyrena, kronika alfontsotarrak edota Estoria de España.
Liber regum lanak Alfontso I.aren garaiari buruzko aipamenaren irakurketa desitxuratua egiten du (Alfontso III.aren Kronikan jasotzen da), honako hau adierazten baita: «[las tierras de] Gallicia et Asturias et Alava e Bizcaia et Urdouna e Dearri e Berueça, tot siempre foron christianos que nunqua las perdieron». Antso III.a Gartzez Nagusiaren ezkontza eta haren agintepeko lurraldeen hedadura ere desitxuratu egiten ditu, Portugalgo jauntzat ere hartzen baitu. Arreta monografikoa eskaintzen die Nafarroako errege-erreginei, eta Eneko Aritza hartzen du dinastiako lehen erregetzat. Haren semea, Gartzia I.a Enekoez, musulmanek hil zutela azaltzen du, eta Antso II.a Gartzez Abarkaren jaiotzaren berri ere ematen du, nola jaio zen Urraka amaren sabeletik, ama zauriturik eta hilzorian zela. Orobat, Antso I.a Gartzez ere identifikatzen du. Hainbat iturritako datu okerrak erabiltzearen ondorioz, beraz, hainbat akats genealogiko egiten ditu.
Obrak
Edizioak: Serrano y Sanz, M. (arg.), «Cronicón Villarense», in Boletín de la Real Academia Española, 6 (1919), 192.-219. or.; eta 8 (1921), 367.-382. or. Ramos Loscertales, J. M.ª, «Textos para el estudio del derecho aragonés en la Edad Media: recopilación del derecho aragonés en la Edad Media», in Anuario de Historia del Derecho español, 2 (1925), 491.-525. or. Ubieto Arteta, A., «Corónicas» navarras, Zaragoza: Anúbar, 1989, 2. argit., 34.-46. or.
Bibliografia
Bautista, F., «Original, versiones e influencia del Liber regum: Estudio textual y propuesta de stemma», in e-Spania, 9 (2010).
Cooper, L., El «Liber Regum». Estudio lingüístico, Zaragoza, 1960.
Martin, G., «Liber regum», Les juges de Castille: Mentalités et discours historique dans l’Espagne Medievale (Annexes des Cahiers de Linguistique Hispanique Médiévale, 6), Paris: Klincksieck, 1992, 48.-65. or.
Martín Duque, A. J., «Del espejo ajeno a la memoria propia», in Martín Duque, A. J. (zuz.), Signos de identidad histórica para Navarra, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1996, 1. libk., 21.-50. or.
Aipamen bibliografikoa
Lizarraga Rada, M., “Liber Regum”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 244-245.





