Karguak eta lanbideak
Meatze-ingeniaria eta soziologiako aitzindaria. Estatu-kontseilaria eta senatari inperiala
Ibilbidea
1830eko uztaileko iraultzaz geroztik Frantziak ezaugarri izan zuen ezegonkortasun sozialarekin kezkatuta, egonkortasuna bermatuko zuen erreforma soziala garatzeko interesa agertu zuen. Horretarako, erabaki zuen meatze-ingeniari lanean egin ohi zituen bidaien denbora-zati bat bisitatzen zituen gizarte guztietako erakundeak eta gizarte-erakundeak aztertzen ematea. Frantziako arazoei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko zientzialariak eta intelektualak biltzen ziren Pariseko hainbat aretotan ibili zen eta, hartara, ospea lortu zuen. 1848an, behin-behineko gobernuan aditu gisa parte hartu zuen, eta saiatu zen frogatzen bere behaketak eta «familia-monografiak» metodoaren aplikazioa baliagarri izan zitezkeela arazo publikoak konpontzeko, oparotasuna sustatzeko eta bake soziala berrezartzeko. Napoleon III.ak 1855 eta 1867ko Erakusketa Unibertsaletako komisario nagusi, estatu-kontseilari eta senatari inperial izendatu zuen.
«Familia-monografiak» metodoa gizarte-zientziaren garapenerako ekarpen handitzat hartzen da. Kasu zehatzen azterketan oinarriturik, ikerketa sozial zientifikoko metodo bat sortu nahi izan zuen, natur zientzien modura, eta metodo horretan behaketa lehenetsi zuen aldez aurretik pentsatutako ideien gainetik. Horretarako, gizarte bakoitzeko familia-ereduak aukeratu zituen aztergaitzat, eta azterketa sozialak egiteko moduari buruzko gida praktiko bat egin zuen, une hartan erabat berria zena. Monografia bakoitzak analisi kualitatibo bat eskaintzen du lehen eta hirugarren zatian, eta analisi kuantitatibo bat erdialdean, aurrekontuaren zatian. Le Playk baloratu zuen familia-aurrekontua (diru-sarrerak eta gastu-motak) familia-jarduera erabakigarrien adierazpen kuantitatiboa zela, eta aurrekontuan oinarritu zuen gertaera sozialen analisi kuantitatiboa. Era berean, erabakigarritzat jo zuen familiak egiten zuen lan-mota, beti familiaren baldintza geografikoen mende zegoena. Horregatik, monografien deskribapen kualitatiboak honako hauek hartzen ditu: lekuaren deskribapena, industriaren eta familiaren antolaketa, familiaren bizibideak, bizimoduak eta familiaren historia.
Familia «zelula moraltzat» hartu zuen, gizarte osoa islatzen zuen benetako mikrokosmotzat. Adierazi zuen hiru oinarrizko familia-mota zeudela, Europako mapan industrializazio-maila txikienetik handienera kokatuak: patriarkala, tronkala (souche) eta ezegonkorra. Horietako bi mota muturrekoak, eta tarteko beste bat. Familia tronkalean, aitak semeetako bat aukeratzen zuen ondasunen oinordeko izateko, bai eta betebeharrena ere bere kabuz moldatu ezin ziren anaia-arreba eta adinekoekin. Le Playren iritziz, familia tronkalak gizarte-egonkortasuna eta bakea bermatzen zituen eta, haren irudiko, familia-mota horrek eskaintzen zuen egitura sozial eta ekonomikoak eskala handiko industrializazioaren ondorio suntsitzaileak indargabetu zitzakeen, eta, aldi berean, pixkanakako aldaketa ekonomikoa eta banakako mugikortasuna sustatu. L’organisation de la famille liburuan (1871: 40-44), Frantziako eta Espainiako euskaldunak beren hizkuntza, usantzak eta, batez ere, familia-ohiturak gordetzen jakin zuten herritzat hartu zituen. Zehazki, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko euskaldunek antzinatik mantendu zituzten beren erakunde zibilak eta tokiko gobernua familia tronkalari esker, instituzio horrek Europan parekorik gabeko egonkortasuna bermatzen baitzien. Familia tronkal euskaldunen ezaugarria zen alabak lehenestea etxearen eta ogasunaren oinordeko izateko, ziurrenik gizonak tradizioz itsas enpresetan aritu zirelako. Le Playk adierazi zuen euskal familia zehatz-mehatz aztertu ahal izan zuela bere bidaietan, eta beti miretsi zuela «emakumeak etxean duen eragin handia, bere aginte tradizional, bertute eta parerik gabeko graziagatik». Azken batean, Le Playren arabera, «euskal probintzietan, familia tronkalak, beren bertute, batasun eta batez ere dituzten tokiko askatasunengatik, Europa osoak imitatu beharreko eredu dira» (96-97. or.).
A. de Saint-Leger, Le Playren kolaboratzaile estuenetako bat, eta E. Delbet monografia bat egin zuten Donostiako familia arrantzale bati buruz 1856ko ekainean. Monografia hori, jatorriz, Les ouvriers des deux mondes (1857) lanaren lehen liburukian argitaratu zen; ondoren, berriz, Les ouvriers européens-en bigarren argitaraldiko IV. liburukian. Bertan esaten denez, Europako eta Asiako beste herri bakar batean ere ez zen hainbeste antzematen bake soziala, haren antzinako erakundeei men egitearen ondorioz. Erlijioarekiko errespetuak eta familiako aitaren autoritateari men egiteak bere betebeharretara bideratzen omen zituen gizabanakoak, eta «komunitatearen, jabetza indibidualaren eta patronazgoaren antolamendu sendoak eguneroko ogia ziurtatzen die denei». Familia tronkala zen erakunderik nabarmenena, «aspalditik aitaren autoritateak, amaren abnegazioak eta testamentu-legeak ziurtatua».
1867ko Pariseko Erakusketa Unibertsaleko komisario nagusia zela, Le Playk Ignacio Fernandez de Henestrosa ezagutu zuen. Ignacio Fernandez de Henestrosa Morianako kondea eta Cillerueloko markesa zen, eta Espainiaren errege-komisariordea eta epaimahaikide berezia izan zen Espainiak erakusketa horretan. Le Playk Espainiarekin eta, bereziki, Kataluniarekin zein euskal probintziekin zuen interesaren jakitun, Morianako kondeak txosten bat eskatu zion Bizkaiko Aldundi Nagusiari, honako hauen inguruko datuak helaraz ziezazkioten: gizarte-harmonia bermatzen zuten Foruak, usantza onak eta ohiturak, eta «duela mende batzuetatik, jabearen eta kolonoaren artean etenik gabe izan diren harremanak eta, gainerakoak nahigabetu edo haiei huts egin gabe, batak bere ogasuna eta besteak laborerako finka osorik seme-alabetako bati transmititzeko darabilten ingurune patriarkala, gainerako anai-arrebei huts egin gabe; izan ere, haien aitaren xedapenak errespetatzen direnean, orube horietan arrazoia erabiltzen hasten da, eta gurasoen bizitzak baino gehiago irauten du». Ahaldun nagusiek Antonio Truebari eman zioten mandatua. Bera zen, izan ere, Bizkaiko jaurerriko artxibozain eta kronikagilea, eta hark hilabete eskasean ondu zuen txostena. Morianako kondeak frantsesera itzuli zuen nabarmenena, eta ohorezko aipamena lortu zuen herritarren egoera fisikoa eta morala hobetzera bideratutako objektuak edo erakundeak saritzeko Erakusketan ireki ziren lehiaketan. Gainera, txosten hori 1868ko lehen hilabeteetako hainbat alditan eztabaidatu zen Société d’Économie Sociale elkartean, eta haren zati bat urte berean argitaratu zen Bulletin de la Société International des Études Pratiques d’ Économie Sociale bulletinean. Ondorioz, Le Play bera Truebarengana jo zuen informazio gehiago eskatzera. Truebaren txostena 1870. urtean argitaratu zen Bilbon, Bosquejo de la organización social de Vizcaya izenburupean. Bizkaiko Foru Aldundiak Probintziako aitaren ohoreak eman zizkion Morianako kondeari, eta Le Playri buruz esaten da «seme-alabak balitu bezala maite» eta ezagutzen zituela euskal probintziak.
Bestalde, 1881eko bigarren seihilekoan Le Playren mugimenduarekin bat egin zuen lehendabiziko espainiarretako bat Francisco Mintegiaga gipuzkoarra izan zen, Usurbilgo alkate eta probintzia-diputatu tradizionalista izandakoa. Mintegiagak gaztelaniara itzuli zuen Donostiako arrantzalearen familiari buruzko monografia, eta Euskal-Erria aldizkarian «Patrón de pesca en San Sebastián» izenburuaz hainbat emanalditan argitaratu zuen 1890 eta 1891 bitartean.
Le Play aitzindaria izan zen landa-ikerketan, zuzeneko behaketan eta metodo konparatibo bat erabiltzen. Les ouvriers européens (1855) lanean, Europako langile familien 36 monografia argitaratu zituen. Meatze Eskolako metalurgia-katedra utzi eta gizartearen zientzia bat egiten jardun zuen. 1856an datuak biltzeko eta monografiak egiteko nazioarteko elkarte bat sortu zuen, Société d’Économie Sociale deitua, Les ouvriers des deux mondes seriean eskuratutako emaitzak argitaratu zituena. La Société Frantziako lehen ikerketa zentro pribatua izan zen. Errekonozimendu handiena ekarri zion lana La réforme sociale en France (1864) izan zen, sei argitaraldi izan baitzituen egilea artean bizirik zela. Les ouvriers européens (1877-1879) lanaren bigarren argitaraldiak, sei liburukitan, lehen argitaraldiko familia monografiei heldu zien berriz, eta beste batzuk gehitu zituen, 57 izateraino. Société d’Économie Sociale elkarteaz gain, Le Playk École de la Paix Sociale zuzendu zuen aldi berean, haren helburua izanik azterketa sozialak egin eta gizarteen oparotasunerako lan egingo zuen elite bat osatzea. Era horretan, talde-ikerketaren praktika sartu zuen. Le Playren elkartea Europako hainbat herrialdetan zabaldu zen, eta 1885ean 3.253 kide izatera iritsi zen. 1881ean, La Réforme Sociale aldizkaria sortu zuen.
Obrak
Les ouvriers européens. Études sur les travaux, la vie domestique et la condition morale des populations ouvrières de l’Europe, précédées d’un exposé de la méthode d’observation, Paris: Imp. Impériale, 1855. 2. arg., Tours: Mame et fils, 1877-1879, 6 libk.
(zuz.), Les ouvriers des deux mondes. Études sur les travaux, la vie domestique et la condition morale des populations ouvrières de l’Europe, précédées d’un exposé de la méthode d’observation, Paris: Société Internationale d’Études Pratiques d’Économie Sociale, 1857, 5 libk.
La Réforme sociale en France, déduite de l’observation comparée des peuples européens, Paris: Plon, 1864, 2 libk.
L’organisation de la famille selon le vrai modèle signalé par l’histoire de toutes les races et de tous les temps, Paris: Téqui, 1871.
Bibliografia
GARAYO URRUELA, J. M.ª, «La recuperación de Frédéric Le Play», Revista Española de Investigaciones Sociológicas, 93 (2001), 27-59. or.
GARRIGÓS MONERRIS, J. I., Frédéric Le Play. Biografía intelectual, metodología e investigaciones sociológicas. Colección Monografías, 203. zk., Madrid: CIS/Siglo XXI, 2003.
SIERRA ÁLVAREZ, J., «Introducción: la obra social de Le Play». LE PLAY, F., Campesinos y pescadores del norte de España, Madrid: Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación, 1991, 12-49. or.
TRUEBA, A. de, Bosquejo de la organización social de Vizcaya, Bilbo: J. E. Delmas impresor, http://www.bilbao.eus/bld/imagenesbld/00105507/000/00105507.pdf (2020ko azaroak 6).





