Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

LARRAMENDY HIRIART [LARRAMENDI HIRIARTE], Pierre (goitizena Landemont) (Hazparne, Lapurdi, 1826ko martxoak 26 – Garrüze, Nafarroa Beherea, 1888).

Karguak eta lanbideak

 Apaiza eta historialaria

Ibilbidea

Pierre Larramendiren eta Jeanne Hiriarten semea zen, eta anai-arrebak Jean-Pierre (1817), Pierre (1823), Gratian (1824) eta Marie (1827) zituen.

Larresoroko apaizgaitegian ikasi zuen, eta beranduago irakasle aritu zen han berean. 1851tik 1859ra Bidarraiko parrokoa izan zen, eta urte hartatik 1888an hil arte, Garrüzeko parrokoa.

Jean Jaurgain gazteari lagundu zion antzinako dokumentuen kontsultaren lehenengo urratsak egiten, eta honek bihotzez eskertuko zion, 1898an argitaratu zuen La Vasconie. Étude historique et critique (…) liburuan. Biek izan zuten Brancion funtsak eta Nafarroarekin lotutako dokumentu ugari, barne direla Luxe eta Gramont familien funtsak, erabiltzeko aukera. Gauza bitxia da, Larramendik bere artikuluak sinatzea Landemont goitizenaz, Larramendi euskal abizenaren itzulpena besterik ez baita.

Nafarroa Beherean sorginkeriak eragindako auziei buruz idatzi zuen artikuluan, Landemontek adierazi zuen ezagunenak Lapurdiko epaiketak zirela, Pierre de Lancre de Rosteguyren lanagatik besterik ez bazen ere. Larramendyk ez du esaten Lancreren sortzezko familia Jutsi herrian zituela sustraiak, hain zuzen ere, hark kontatzen zituen sorginkeriazko gauzak gertatu ziren herrian. Haren lanaren interesa da Lancrek kontatzen zituenak baino lehenagoko gertaerak aipatzen zituela, lehenengoa 1450ekoa zelako, Amikuze eta Oztibarre eskualdean. Johanette delako neska bat, Jutsiko Sala etxekoa, Oztibarren, sorginkeriazko gauzen hasierak ikasi zituen Eiherabideko andrearen eskutik, eta hegan egiten omen zuen «lande de bouc» izeneko leku batera, frantsesezko itzulpena ematen baitzuen Landemontek, «Akhelarre» hitza eman beharrean. Deabruak dirua ematen omen zion neskatoari. Ez da falta istorioan deabruari musu emateko kontua, eta auzokideak edo bere seme-alabak ere begiz jotzeko ahala zuela. Azkenik, sutan erretzera kondenatua izan zen.

Beste epaiketa batek antzeko osagaiak erakusten zituen Garrüzen, 1515ean, eta Uharte-Hirian. Biztanleek nahi erara erakartzen zituzten apoak. Epaiketako adierazpen batzuk euskaraz jasoak dira. Landemontek aipatzen du, orobat, XVI. mendeko proposamen bat, sorginen gehiegikeriei amaiera emateko. Azkenik, diru-gosea eta mendekua aipatzen ditu Landemontek, salaketa horien arrazoi gisa, baina esaten du eliteari bezala herritar xumeei ere bazegozkiela, eta defendatzen zuen «aurreiritzi» horiek gertatzen zirela «giza izaerak sortzez duen gaitzagatik».

Landemonten lan xume hau interes handikoa da, elementu oso garrantzitsuak ematen dituelako sorginen ehiza handiaren genesiaren espedientea osatzeko, izan ere, batzuek, Paravy buru dutela, argudiatzen baitute haren sorrera izan zela, batez ere, Alpeen inguruko eskualdeetan, eta tesi hori indartzen dute, bai batasun geografikoak (Dofinerria, Aosta, Savoia, Valais), bai denbora-batasunak (Konstantzako Kontziliotik Basileako Kontziliora) eta bai ekintza-batasunak ere (konkomitantzia hasierako sorgin-erretzeen eta lehenengo demonologia tratatuen artean). Dokumentazioa oparoa da alde horretatik, baina Ghersik indarrez defendatzen du ezin direla bistatik galdu Pirinio aldeko fenomenoak, tartean direla Euskal Herrikoak ere, inguru hauetako dokumentazioa eskasagoa bada ere. Horregatik, are baliotsuagoa da Landemonten dokumentazioa. Uste zabalduenaren arabera, frogatuta dago 1424an akelarreak ospatzen zirela Val d’Aneu ibarrean. Gainera, Landemonten artikuluak Frantziako hegoaldeko eta Euskal Herriko sorginkeriaren bost ezaugarri aipatu zituen, XV. mendearen hasieratik frogatuta baitzeuden. Hona hemen ezaugarri horiek: 1) emakumezkoen gaueko hegaldia; 2) topaketa mendian edo larrean akerrarekin; 3) akerrarengan haragitutako deabruari omen egitea; 4) musu edo muin emate zitala; 5) ume txikiak pozoia emanda hiltzea. Alpeetan ez dago frogatuta deabruak akerraren forma hartzen zuenik. Hemen, salatutako bakarrak emakumezkoak dira. Ikusi dugu apoa pertsonaia horiekin batera doala, komentsalismoaren ohiko lege guztien kontrara.

Datu horiek guztiak garrantzi handikoak dira Landemonten iritziz, modu puntualean bada ere, aukera ematen dutelako berriro aztertzeko erdialdeko eta mendebaldeko Pirinioek sorginkeria modernoaren agerpenean izan zuten garrantzia.

Obrak

LANDEMONT, «Les procès de sorcellerie en Basse-Navarre», Revue de Béarn, Navarre et Lannes, 1. libk. (1883), 49-54. or. 

Bibliografia

GHERSI, N., «Poisons, sorcières et lande de bouc», Cahiers de recherches médiévales, 17 (2009), 103-120. or.


ITURRIAK

GÉNÉALOGIE ET HISTOIRE DES FAMILLES PAYS BASQUE-ADOUR MARITIME. https://www.ghfpbam.org/acteDetail.php?type=NAISSANCE&clef=3304&code_releve=435 (2021eko apirilak 20).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP