Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO ERROMESAK ETA BIDAIARIAK

LAFFI, Domenico (Vedegheto di Savigno, Italia, 1636 – s. l., d. g.).

Karguak eta lanbideak

 Klerikoa eta Donejakue bideko erromesa

Ibilbidea

Boloniako klerikoa eta Donejakue bidearen historiako erromes garrantzitsuenetako bat izan zen, bigarren erromesaldiaren ostean, 1670ean, argitaratutako lana dela-eta. Lan horren izenburua Viaggio in Ponente a San Giacomo di Galitia e Finisterre per Francia e Spagna da, eta, zalantzarik gabe, Italiako literatura odeporikoko testu garrantzitsuena eta adierazgarriena da. Horrez gain, oso interesgarria da Donejakue bidearen historiarako, erromesaldien inguruan sortutako erakundeak xvii. mendean bizirik jarraitzen zutela erakusten duelako, eta Laffiren ibilbidea bat datorrelako, oso aldaketa txikiekin, Aymeric Picaudek xii. mendean Erromesen gidan (Liber Sancti Jacobi edo Codex Calixtinusdelakoaren V. liburua) jasotako ibilbidearekin.

Laffik lau aldiz egin zuen Santiago de Compostelarako bidaia, 1666., 1670., 1673. eta 1691. urteetan, eta bigarren bidaian idatzi zuen bidaldiaren kontakizun xehatua. Hor, adierazi zuen zer ibilbide egin behar zuten italiar erromesek Santiagoraino, distantziak eta bisitatu zituen lekuak zehaztuta. Boloniatik abiatu zen, 1670eko apirilean, bere lagun Domenico Codici margolariarekin batera, Compostela hiri urrunean apostoluaren hilobia bisitatzeko asmoz — «Egiaztatu, beraz, Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean, ni neu, Domenico Laffi, eta Domenico Codici pintorea, boloniarrak biak, gure lurretik atera ginela, Galiziako Donejakue apostolu loriatsuarenera joateko»—. Horrenbestez, -erlijio-gaiengatiko emozioak eta interesak garrantzi handia izango dute Laffiren lanean. Italian eta Frantzian, Bide Frantzigenoa erabili zuten, Frantziako merkatariek garai hartan Erromara joateko erabiltzen zuten bidea. Laffi eta Codici Boloniatik Parma, Piacenza eta Milanerantz abiatu ziren. Frantzian, Avignonetik desbideratu ziren, eta Nîmesera iristean, Küning-ek deskribatutako Obere Strasse bidea hartu zuten. Carcasonatik igaro ziren eta, Pirinioak zeharkatuz sartu ziren Espainian, Ibañeta eta Orreagatik. Hortik aurrera, Frantses Bidearen ibilbidea egin zuten, eta, Espainian eta Portugalen barrena, Santiagora iritsi ziren, hiri eta santutegi ugaritan gelditu ondoren, beren fedea eta debozioa adierazteko. Compostelatik, Finisterre eta Padrónerantz jarraitu zuten bidaia. Itzultzeko bidean, Madrilen gelditu ondoren, Bartzelonara joan ziren; handik itzuli ziren beren herrialdera eta hor amaitu zuen kontakizuna.

Oso garrantzitsua da, halaber, Santiagoko katedralaren deskribapena, bai eta apostoluaren hilobiaren irekierari buruzko zuzeneko lekukotasun pertsonala ere, kapera nagusian 1673an egin ziren lanetan.

Laffiren lana literatura odeporikoa delakoaren adibide nabarmena da. Genero horretan, bidaia batean izandako gertaeren eta ikusitako gauzen kontakizuna egiten da, eta Compostelarako erromesaldiekin lotutako genero adierazgarrienetako bat da; izan ere, gertaera eta esperientzia pertsonalen oroitzapenak jasotzeaz gain, bidaiarekin zehazki lotutako geografia-, historia- eta ingurumen-datuak ematen dira; esaterako, erromesei leku batean eta bestean ematen zaien arreta. Adibidez, alderdi horri buruz, honako hau dio Iruñeari dagokionez: «Meza nagusia kantatzen ari direnean, jaten ematen diete hamabi erromesi, elizaren atearen barruan bertan […] eta sukaldariak saldaz betetako katilu bat ematen dio bakoitzari […]. Mahaira iritsita, bakoitza bere lekuan jartzen da, eta bat ogi-puska batekin gerturatzen da […]; gero, beste bat hurbiltzen da, haragi pertz batekin […]; haren atzetik, beste batek txerri-haragiaren xerra batekin etortzen da […]; eta, azkenik, ardoa dakar beste batek». Xehetasun guztiei oso adi egoten zen Laffi, eta ikusten dituen gauzei buruz idazten du, kontatzen dizkioten gauzei buruz baino gehiago, eta, hala, xehetasun handiz kontatzen ditu giza ikuskizunak, ohiturak, hirietako bizimodua, baina baita tradizioak eta kondairak ere, batzuetan miresmena edo gaitzespena adierazita, baina beti aurreiritzirik gabe.

Laffik, bestalde, historia-ezagutza handiak zituen; segur aski, Luigi Pulci italiar poeta ezagutzen zuen. Pulci, batez ere, Morgante lanarengatik zen ezaguna —kristau bihurtu eta Orlando zaldunari jarraitu zion erraldoi bati buruzko istorio epikoa da—, eta Pseudo Turpín delakoaren berri ere izango zuen. Izan ere, ezagutza horiek aditzera eman zituen Errolanen kantuari eta Karlomagnori buruz hitz egitean, edo Lepantoko Guduari eta haren protagonista Joan Austriakoari buruz hitz egitean —izugarri miresten zuen Joan Austriakoa—, zenbait egile aipatzen baititu bere azalpenak egiztatzeko. Ikusten duen guztiari buruz, alderaketa egiten du, ia beti, bere ideien eta ikusten ari den gauza horren artean, eta horrek aukera ematen dio Italiako eta Espainiako balioak eta zaletasunak ondo ezagutzeko, arkitekturaz ari denean, batez ere. Zalantzarik gabe, arkitektura da gehien interesatzen zaiona eta orrialde garrantzitsu batzuk eskaintzen dizkio gai horri bere lanean. Besteak beste, honako hauek deskribatzen ditu: Astorga hiria eta bertako plaza, Leóngo katedrala, Valladolideko hirigintza, Madrilgo alkazarra, Madril bera eta haren plaza nagusia, edo Escoriala.

Euskal lurraldeei dagokienez, bidaiariak Donibane Garazitik iritsi ziren Pirinioetara (Kantabria esan zion Frantziako eremu horri), eta Ibañetako San Salvadorren, «oso kapera zahar batera iritsi ginen. Zuzenean sartu ginen han, ez baitzegoen ixteko aterik edo leihorik, eta, han, Te Deum Laudamus bat kantatu genuen […]. Kapera txiki hartan, atseden hartu genuen. Grabatuak eta eskultura eta inskripzio zahar asko zeuden bertan, baina ezin ziren irakurri, denboraren ondorioz higatuta baitzeuden». Atseden hartu ondoren, Orreagara joan ziren, eta leku horren deskribapen luzea egiten du. Honako hauek deskribatzen ditu, hain zuzen ere: monumentu-multzoa, hilobiak, eliza nagusia —«Karlomagnok agindu zuen eliza hori eraikitzea, eta Turpin apezpikuak ematen zuen meza hor»—, meza ospatsua, gaiten eta organoaren musika eta guzti, kalonjeen janzkera, eta sakristia. Sakristian, burdin-hesi baten atzean, Orlandoren adarra, ezkutua, bota motzak eta galtzak zeuden, bai eta Orlandoren eta Rinaldoren mazoak ere. Kaperatxo karratuaren aurrean, Karlomagnoren balentria deskribatzen du xehetasun handiz, bai eta ospitale handi eta ederra ere: «hor, erromesek hiru egun egoteko aukera dute, eta jan eta lo egin ditzakete, eta oso ondo tratatzen dituzte…».

Orreagatik Auritzera joan ziren, Paradisuko Zubira (Zubiri), baina infernuaren zubia dirudiela dio, eta, gainera, gaizkilez beteta zegoela. Gero, Larrasoañara iritsi ziren, eta, ondoren, Iruñera, eta hor, berriz, xehetasun handiz deskribatzen ditu erlijio-eraikinak, ospakizunak, musika, erromesei ematen zaien arreta, eta Donejakueren miraria, Karlomagnoren garaian. Handik, Garesera joan ziren, eta hor, eman zieten harrera ona deskribatzen du. Garesetik, Lizarrara, Vianara eta Logroñora, «Gaztela Zaharreko Erresumaren lehen hirira», joan ziren.

Laffik bidaia egin zuen garaian, Compostelarako erromesaldia gainbeherako etapa bat izaten ari zen, zenbait arrazoiren ondorioz abiatua; esaterako, Europan protestantismoa hedatu zelako. Idazkera xumea eta ulerterraza erabiltzen du, baina horrek ez du esan nahi edukiak sinpleak direnik, xvii. mendearen bigarren erdialdean erromesaldiak nolakoak ziren erakusten duten datu ugari eman baitzituen.

Obrak

Viaggio in Ponente a San Giacomo di Galitia e Finisterre per Francia e Spagna, 1673. Berrarg. Viaggio in ponente a San Giacomo di Galitia e Finisterrae / di D. Domenico Laffi Bolognese; Aggiuntoui molte curiosità doppo il suo terzo viaggio à quelle Parti; con la tauola de capitoli e cosa più notabili, Bolonia, 1681. Gaztelaniazko itzulpena: Laffi Boloñés, D.: Viaje a Poniente, Crespo Caamaño, C. (hitzaurrea, itzulpena eta oharrak), Santiago de Compostela: Editorial Sildavia, 1991.

Bibliografia

Laffi Boloñés, D.: Viaje a Poniente, Crespo Caamaño, C. (hitzaurrea, itzulpena eta oharrak), Santiago de Compostela: Editorial Sildavia, 1991.

Vázquez de Parga, L.; Lacarra, J. M.ª; Uría Ríu, J.: Las peregrinaciones a Santiago de Compostela, Madrid: CSIC, 1. libk., 1948, 234.-237. or.

Aipamen bibliografikoa

Jusué Simonena, C., “Laffi, Domenico”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 726-729.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP