Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO ERROMESAK ETA BIDAIARIAK

BOORDE, Andrew(Andrew Borde) (Boords Hill, Holms Dale, Sussex, Ingalaterra, ca. 1490-1549).

Karguak eta lanbideak

Bidaiaria, medikua, fraide kartusiarra eta idazlea

Ibilbidea

Hintoneko kartusian sartu zen (Somerseteko konderria), eta, oraindik gazte zela, 1521ean, Chichesterreko apezpiku sufragiodun izendatu zuten. 1528an, fraide-bizitzan hogei urte eman ondoren, boto-dispentsa lortu zuen, eta kontinentera joan zen, Medikuntza ikastera. Une horretan, hogeita hemezortzi urte inguru zituen. Bi urte geroago, Ingalaterrara itzuli zen, «zenbait eskualdetan eta herrialdetan barrena» bidaiatu ondoren, «medikuntzako ezagutzak eta jardunbideak ikasteko».

1547an, Andrew Boorderen The fyrst Bokeof the Introduction of Knowledge lana argitaratu zen Londresen. Bidaiarientzako Europako lehenbiziko gidatzat hartzen da lan hori, eta egileak Mary printzesari, Henrike VIII.aren alabari, eskaini zion —gerora, erregina izan zen—. Gida laburra da, eta hor, Errenazimentuaren garaiko Europako erresuma eta eskualde nagusiak deskribatzen dira. Herrialde bakoitzeko topiko eta ezaugarri garrantzitsuenak azaltzen dira orri gutxi batzuetan.

Boorde bitan egon zen Santiagon. Lehenbizikoa, 1532an, eta Nafarroari buruzko kontakizuna haren lanaren XXXII. kapituluan dago, eta bertako biztanleak, Aymeric Picaud-en Liber Sancti Jacobi edo Codex Calixtinus lanaren V. liburuko Erromesen gida delakoan bezala, ez dira onik ateratzen.

«XXXII. KAPITULUA. Nafarroako Erresumari eta bertako jendeari, diruari eta hizkuntzari buruzkoa. Nafarroako Erresuma Espainiarekin, Frantziarekin, Kataluniarekin eta Gaztelarekin ditu mugak, lau eskualde horiez inguratuta baitago. Nafarroako jendea zakarra eta pobrea da, lapur ugari dago, eta muturreko txirotasun- eta eskasia-egoeran bizi dira. Mendi eta lugorri asko daude, eta horregatik, herrialdea elkorra da, baina, hala ere, zereal ugari biltzen dute. Iruñea da hiri nagusia, eta, haren atzetik, Santo Domingo dago. Santo Domingon, eliza batean, oilar eta oilo txuri bana dituzte, eta Santiago de Compostelara doazen edo handik bueltan etortzen diren erromesek luma txuri bat hartzen dute, kapeluan jartzeko».

Egileak Santo Domingo de la Calzadako miraria kontatzen jarraitzen du, eta ez du uste mirari hori benetan egia izan zitekeenik. Baina, are gehiago, ingeles eszeptiko horrek ez du onartzen Donejakue apostoluaren gorpuzkiak Compostelan daudenik: «Munduko leku askotan egon naiz, gauzak benetan nolakoak diren jakiteko, eta ziurtasun osoz esaten dizuet Espainiako Compostelan ez dagoela Donejakueren ilerik, ezta hezurrik ere». Teologian doktore den agur baten hitzetan oinarritzen da hori esateko; izan ere, harekin konfesatu zen katedralean, eta honako hau kontatu zion: «Erabat miresgarria iruditzen zait zenbaterainoko iruzurra egiten dien jendeari gure herrialdeak eta, batez ere, gure kleroak eta Compostelako kardinalek. Sekulako iseka egiten diote jendeari […]. Guk ez daukagu Donejakueren ile bat bera ere, ezta hezurrik ere; izan ere, Tolosara eraman zituen Karlomagnok Jakue Nagusia eta Jakue Txikia, San Bartolome eta San Filipe, Simon eta Juda, San Bernardo eta San Jurgi, eta beste santu asko, apostolu guztien gorputzak eta gorpuzkiak eskura izan nahi baitzituen, denak Languedoceko Saint-Saturnin hiriko elizako leku batean biltzeko».

Boordek urte batzuk geroago egin zuen bigarren erromesaldia, Orleanseko Unibertsitatean ezagutu zituen bederatzi ingeles eta eskoziarrekin batera. Aurretik, pertsona horiei Santiagora joateko asmoa burutik kentzen saiatu zen, han apostoluaren gorpuzkirik ez zegoela azalduz. Ibilbidearen gogortasunari eta zailtasunei dagokienez, Boordek dio nahiago duela «bost aldiz Erromara joan Ingalaterratik, Compostelara joan baino. Itsasotik ez da ezer kostatzen, baina lehorretik, ingeles batek egin dezakeen bidaiarik neketsuena da». Hala ere, Frantzian barrena lagun egin zien, «eta, gero, Bizkaiko eta Gaztelako herrialde morturaino iritsi ginen».

«XXX. KAPITULUA. Espainiarrei eta haien diruari, herrialdeari eta hizkuntzari buruzkoa. Espainia nazio pobrea da barrualdeko lurraldeetan, baina, kostaldean, aldiz, aberatsa da, nazioko aberastasun eta salgai guztiak itsasertzera ekartzen baitituzte. Zerealak kenduta, ez dut baliozko ezer ikusi herrialdearen barrualdean. Bizkaia eta Gaztela Espainiako lurraldeak dira. Bi eskualde horietan, ez da ez ardorik ez zerealik ekoizten, eta, gainera, elikagai-eskasia dago. Leku askotan, ez dago okela erosteko modurik; beste batzuetan, antxume-okela edo arrain egosia eta sardina gazituak baino ezin dira lortu. Sardinak erreta jaten diren arrain txikiak dira, sardinzar baten tamainakoak. Ardoa ahuntz-larruetan gordetzen eta garraiatzen da, larruaren alde iletsua barrualderantz izanik; ardoa larruaren “hanketako” batetik ateratzen da. Etxe askotan, jendea mahaira eserita dagoenean, txerriek haien oinen artean ibiltzen dira, eta zorriak daude oheetan».

«XXXI. KAPITULUA. Bizkaiari […] eta hango jendeari, diruari eta hizkuntzari buruzkoa. Eskualde horietan guztietan, gizon, emakume edo haur bat hiltzean, oihuka jarduten dute ehorzketan, eta, askotan, hildakoa ehortzita ere: “Zergatik hil zara? Ez al zenituen, bada, lagun onak hemen? Ez al zenituen, bada, urrea eta zilarra, ondasunak eta jantzi onak? Zergatik hil zara?”, eta horrela egiten dute negar, eta zalaparta, hitz horiek eta beste hitz zentzugabe batzuk esanez. Sarritan —ohikoa da— elizara joaten dira egunero, zapi edo alfonbra txiki bat eramanda, eta horrekin, hilobia estaltzen dute, eta ogia, ardoa eta piztutako kandelak jartzen dituzte haren gainean. Gero, otoitz egiten dute, eta lehen aipatu ditudan oihu burugabeak egiten dituzte berriz, eta eliza osoa haien garrasiz betetzen da. Eta hori egiten jarraitzen dute, ahaideak zazpi urte hilda egonda ere. Ohitura zoro hori dute Bizkaian, Gaztelan, Espainian, Aragoin eta Nafarroan. Erresuma horietan, urrezko eta brontzezko dirua erabiltzen dute; urrez dukat bikoitzak eta bakunak egiten dituzte; horretarako erabiltzen dute kalitatezko urre guztia. Brontzez, marabediak, arditak eta enperadorearen beste txanpon batzuk dituzte».

Bidaiariak dio gose handiz iritsi zela Compostelara, eta han okela eta ardo ugari zegoela, baina Boorderen eta haren lagunen nekeak ez ziren amaitu. Honela dio: «Espainian barrena itzultzean, ahal izan nituen zainketa mediko guztiak eman arren, hil egin ziren, fruituak jateagatik eta ura edateagatik; ni kontuz ibili nintzen hori ez egiteko». Zorionez, Akitaniara iritsi zen, eta, han, lurra musukatu zuen eta eskerrak eman zizkion Jainkoari, arriskuetatik, lapurrengandik, gosetik eta hotzetik salbatzeagatik. Honela amaitzen du kontakizuna: «Nafarroan, hizkuntza gaztelania da. Hango dirua urrezkoa eta kobrezkoa da; urrez, koroak dituzte, eta, kobrez, berriz, Frantziako dirua eta enperadorearen txanponak».

Obrak

The Fyrst Boke of the Introduction of Knowledge, the whyche dothe teache a man to speake parte of all maner of languages, and to know the usage and fashion of all maner of countreys. And for to know the moste parte of all maner of coynes of money, the whych is currant in every region. Made by Andrew Borde, of Physycke Doctor. Dedycated to the right honorable and gracious lady Mary daughter of our soverayne Lorde Kyng Henry the eyght, ca. 1547.

Bibliografia

Chisholm, H. (arg.): Boorde, Andrew.Encyclopedia Britannica, Cambridge: Cambridge University, 11. argit., 4. libk., 1911, 237. or.

Herbers, K.; Plötz, R.; Reimóndez Fernández, J. (itz.): Caminaron a Santiago. Relatos de peregrinaciones al «fin del mundo» in Santiago de Compostela: Xunta de Galicia, 1999, 258.-262. or.

Santoyo, J. C.: «Una temprana descripción inglesa (1542) del País Vasco y Navarra» in Príncipe de Viana, 40 (1979), 423.-427. or.

Aipamen bibliografikoa

Jusué Simonena, C., “Boorde, Andrew”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 720-722.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP