Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARAGOIKO EGILEAK ETA OBRAK

LA RIPA, Domingo de(Echo, Huesca, 1622? – s. l., 1696).

Karguak eta lanbideak

 Fraide beneditarra, historialaria eta Aragoiko kronikaria

Ibilbidea

Teologia-beka bat lortu zuen Huescako Universidad Sertoriana unibertsitateko San Vicente eskolan, eta gerora, katedradun izan zen erakunde horretan. Hogeita zortzi urterekin, istripu batetik onik atera ondoren —istripuak heriotza eragingo ziola pentsatu zuten—, katedra hori utzi zuen, bai eta Aragoiko katedral batek eskaini zion kargu bat ere, eta San Juan de la Peña monasterioan sartu zen. Geroago, bere kongregazioaren bisitari orokor izendatu zuten, Tarraconensis eta Cesaraugusta probintzietarako. Monasterio horretan, bestalde, zenbait kargu izan zituen; priore nagusia, limosnaria, bikario orokorra (zenbait aldiz), eta bere komentuko sindikoa Zaragozan 1678an egindako gorteetan. Erlijio-gaiei buruzko libururen bat edo beste idatzi zituen, baina, batez ere, bere lan historiografikoengatik da ospetsua. Lan horien artean, honako bi hauek nabarmentzen dira: Defensa Histórica por la Antigüedad del Reino de Sobrarbe eta Corona Real del Pirineo, Establecida y Disputada.

Aragoiko Domingo de La Ripa beneditarraren figura oso lotuta dago Nafarroako Jose Moret jesulagunaren figurarekin. Biak xvii. mendean bizi ziren, eta, garai horretan, Aragoi eta Nafarroa, beste lurralde batzuk bezala, beren identitatea sendotzen saiatzen ari ziren, monarkia hispanikoak eratutako makroegituraren barruan. Erresuma bakoitza besteak baino zaharragoa zela frogatzen saiatzen ari zen, eta ideia hori babesteko moduko tresna historiografikoak behar ziren. Helburu horretarako, Nafarroako Gorteek, 1654an, Moret aita erresumako kronikari izendatu zuten, eta enkargu hori eman zioten. Aragoin, kargu hori mende bat lehenago sortu zuten, 1547an. Calatayuden eta Zaragozan 1677.-1678. urteetan bildutako gorteek fray Domingo de La Ripa izendatu zuten kargu horretarako, honela: Coronista Honorario de el Reyno, y dà facultad à los Diputados para mandar imprimir à expensas de el mismo Reyno los Libros, ò Obras que el dicho Doctor Fray Domingo la Ripa sacare à la luz en defensa de el Reyno, y de el Libro que ha escrito, intitulado: Defensa Historica por la antigüedad de el Reyno de Sobrarbe: Y esto sin perjuicio de el Doctor Iosef Dormer, Coronista de Su Magestad, y Ordinario de el Reyno, y de sus honores, y salario… Erresumako kronikari arruntaren kargua egon bazegoen jada, baina La Riparen izendapen horrek erakusten du zenbateko interesa eta gogoa zuten Aragoiko Gorteek erresumaren antzinatasun eta berezitasun historikoa justifikatzeko moduko lan zilegitu bat izateko.

Bi elizgizonek, beneditarrak eta jesulagunak, «kronikarien duelu» baten protagonista izan ziren xvii. mendearen bigarren erdialdeko denbora-tarte handi batean. Odolik gabeko duelu zirraragarria: armak luma bihurtu ziren; odola, tinta; erasorako estrategia, gatza eta sarkasmoa. Bi klerikoek gaitzespen, kritika eta akusazio ugari egin zizkioten elkarri. Nafarraren tonuan, sarritan, nolabaiteko garraztasuna sumatu zitekeen, baina aragoiarrak irmotasunez erantzuten zion, askotan nolabaiteko onginahia eta ironia fina adieraziz, Moret aita desenkusatuz, eta haren «eldarnioak» adinak eragindako oroimen–galeren ondorio zirela esanez. Hona hemen, La Riparen idatzien adibide batzuk: «Padre Moret —dio Aragoiko kronikariak—, todos tenemos obligación de decir verdad, especialmente los historiadores y coronistas; en estos cualquier defecto es digno de reparo, y se debe corregir, cuando otro lo advierte, para que se limpie mas el campo de la Historia». Beste batean, honako hau esan zion: «Padre Moret, en el Tribunal Verdadero nos veremos, vivamos prevenidos, porque es contingente una arrebatada muerte. Este consejo le doy, porque le tengo escrito en mi corazón, y admítale, porque es de amigo, que no le olvida día alguno en el Memento de los Vivos en el Sacrificio de la Misa». La Ripa aitak, bere arerioari buruz hitz egitean, esan zuen sarritan ez zela egindako akatsez ohartzen, baina … «es Lince en algunas ocasiones».

1665ean, Nafarroako kronikariak Investigaciones de las Antigüedades del Reino de Navarra lana argitaratu zuen, eta La Ripak, lan horri erantzuteko, Defensa Historica por la Antigüedad del Reyno de Sobrarbe lana idatzi zuen. Zaragozan argitaratu zen lan hori, hamar urte geroago, egileak ez inprimatzeko mehatxuak jaso arren. Moretek beste bi lan idatzi zituen, kontra egiteko: Anales del Reino de Navarra eta Congresiones Apologéticas sobre la Verdad de las Investigaciones Históricas de las Antigüedades del Reino de Navarra (Iruñean argitaratu ziren, 1678an). Aragoiko beneditarrak, berriz, Corona Real del Pirineo, Establecida y Disputada idatzi zuen, bi liburukitan, eta Zaragozan inprimatu zen, 1687. eta 1688. urteetan.

Nafarrak bere lanetan lehenagoko garaiak jorratzen bazituen ere, bi kronikarien ustez, musulmanen inbasioaren eta Errekonkistaren lehenbiziko mendeetan eratu zen beren erresumen identitatea. Baten edo bestearen antzinatasun handiagoa ezartzen saiatzeko, eragozpen handiak zeuden, eta oztopo ugari gainditu behar ziren; izan ere, Goi Erdi Aroan, Nafarroak eta Aragoik historia eta monarka berak izan zituzten zenbaitetan. Funtsean, hauek ziren desadostasun–puntu nagusiak: lehenik eta behin, «Sobrarbeko errege» tituluaren jatorria; Aragoiko zenbait egilek eta kronikarik titulu hori ematen zioten Gartzea Semenezi, San Juan de la Peña monasterioan 724an horrela hautatua izan zela esanez. Moretek, berriz, Arrasateko Esteban Garibai idazle gipuzkoarra oinarritzat hartuta, esaten zuen ez zuela titulu horren arrastorik aurkitu Antso Nagusiaren garaira arte (xi. mendea), eta hau aldarrikatzen zuen: «el título dePamplona es el primitivo, y el más principal de estas tierras». Gainera, Nafarroako kronikariak zalantzan jartzen zituen Aragoiko zenbait egilek defendatutako Sobrarbeko Foruak, eta «cosas fabulosas» zirela zioen, armarriaren jatorria bezalaxe: «Blason antiguo de la Cruz roja sobre la encina verde en campo dorado que lleva nuestro Inclito Reyno Aragones». Moretek, halaber, ez zuen egiatzat hartzen asturiarrek, frankoek, musulmanek eta Sobrarbekoek Iruñeko Erresuma okupatu zutenik, eta ideia horren aldekoak ziren, halaber, Jerónimo de Blancas eta Juan Briz abadea (aragoiarrak biak), bai eta Arnaut Oihenart eta beste batzuk ere.

1613ko abuztuaren 13an, Leireko San Salvador monasterioan egindako lan batzuetan, setaz, urrez eta zilarrez ehundutako oihal-puska batzuekin, eta landutako zurezko eta marfilezko aginte-makila batzuekin batera, hamasei gorpu aurkitu zituzten, nahasita eta inolako inskripziorik gabe. Jose Moretek gorpu horiek Nafarroako eta Aragoiko erregeenak zirela esan zuen, Gartzea Semenezetik Antso Ramirezera arte. Aragoiko beneditarrak horren kontra egin zuen, irmo, eta argudiatu zuen monarkak bakarka hilobiratzen zituztela, epitafioak jarrita, eta hala egiaztatu zitekeela San Juan de la Peña monasterioan, hogeita zazpi errege-tumulu aurkitu baitziren. Honela zioen La Ripak: «Nuestros Sepulcros claman contra estos excesos del padre Moret, pues los deja vacíos contra la mesma Verdad que ellos publican». Azkenik, Nafarroako Erresumaren antzinatasuna goraipatzeko asmo horretan, jesulagunak baskoien hizkuntza ere aipatu zuen, Nafarroako biztanleek hitz egiten zutena, eta hizkuntza horretatik eratorrarazi zituen erromatarren aurreko herri askoren, edota Iberiar penintsulako leku eta ibaien izenak ere; esate baterako Ebro ibaia (UR-BEROtik eratorriko zen, «ur beroa»), ilergeteak (ELURGEAtik —hau da, «elur xehea edo txingorra» eta ELURGETAtik —hau da, «elur-eremuetan bizi den herria»), lazetaniarrak (LAZTAtik; hau da, «laztasuna eta malkartasuna», eta «eremu malkartsuetan bizi diren herriak» adierazten du), etab. «Estas derivaciones —dio La Ripa aitak— son imaginarias, y no tienen otra autoridad de la que les dà el P. Moret».

1683an, Aragoiko Diputazioak Moretek aipatutako dokumentuen eta iturrien egiazkotasuna egiaztatzeko enkargatu zion bere kronikariari; beraz, beneditarra Donemiliaga Kukulako monasteriora eta Naiarako Andre Maria Erreginaren monasteriora (Errioxan daude biak) joan zen; bidean, Iratxeko Andre Mariaren monasterioan gelditu zen (Nafarroan); eta San Juan de la Peña monasterioan (Aragoi) amaitu zuen bidaia. Monasterio horietako artxibategietan gordetako zenbait dokumenturen azterketa paleografiko, diplomatiko eta filologiko zorrotza egin ondoren, dokumentu horietako askoren egiazkotasuna zalantzan jarri zuen La Ripak, eta agerian jarri zituen Nafarroako kronikariak testuak eta kronologia itzultzean eta interpretatzean egindako akatsak. Alde horretatik, oso zorrotz jokatu zuen La Ripak; izan ere, behin, Naiarako monasterioan gordetako 1040ko dokumentu baten data zehaztean, egun bateko akatsa egin zuela aurpegiratu zion bere «arerioari». Sarritan, nafar kronikariak garrantzia kendu zien akats horiei, eta honela zioen haiei buruz: «son puramente pelillos subtiles, y tenuisimos, que en ningun semblante, por liso que sea, dejan de nacer». Aragoiko homologoak pilota-errestalari deitu zion, eta esan zion huskeriak iruditzen zitzaizkiola bere aurpegian zeudelako, eta «si los viera en cara agena, dijera que no eran pelitos, sino berrugones, que necesitan de pujavantes».

Hala ere, Aragoiko kronikariak aitortu zuen oso zaila zela Sobrarbeko lehenbiziko erregeen historikotasuna eta erresuma horren antzinatasuna frogatzea, erresuma horren existentzia frogatzeko moduko dokumentu asko galdu zirelako San Juan de la Peña monasterioan sorreratik izandako hiru suteetan —lehenbizikoan, batez ere— .

Obrak

Defensa Histórica por la Antigüedad del Reino de Sobrarbe, Zaragoza: Imprenta de Herederos de Pedro Lanaja y Lamarca, 1675.

Corona Real del Pireneo, Establecida, y Disputada, Zaragoza: Pasqual Bueno, 1688.

Bibliografia

López Calvo, V. M.: «Historia compartida, memoria disputada: La Ripa y Moret como baluartes de una identidad comparada entre Navarra y Aragón» in Huarte de San Juan, Geografía e Historia, 24 (2017), 51.-75. or.

Vallejo García-Hevia, J. M.ª: «Domingo La Ripa» in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Onlineko argitalpena: http://dbe.rah.es/biografias/111964/domingo-la-ripa (2018ko irailaren 22an egindako kontsulta).

Zaragoza i Pascual, E.: Història de la Congregació Benedictina Claustral Tarraconense i Cesaraugustana (1215-1835), Montserrat: L’Abadia de Montserrat, 2004.

Fueros y Actos de Corte de el Reyno de Aragon hechos por la Sacra, Catolica, y Real Magestad del Rey Don Carlos II Nuestro Señor, en las Cortes convocadas en la Ciudad de Calatayud, y prorrogadas à la de Zaragoça, y en ella fenecidas en los años MDCLXXVII y MDCLXXVIII, Zaragoza: Pasqual Bueno Impressor, 1678.

Aipamen bibliografikoa

Noain Irisarri, J.J., “Abarca, Pedro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 696-699.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP