Karguak eta lanbideak
Abokatua
Ibilbidea
Jose Maria Jado Llona eta Benita Ventades Urbillaren semea.
Bilboko udal epailea, Bilboko Abokatuen Elkargo Goreneko dekano (1911-1912) eta, Manuel de Lecanda hil ondoren, Bizkaiko Lurraldeko Kodifikazio Batzorde Orokorreko Lehen Saileko kide urgazlea (1915-1922).
Rodrigo de Jado y Ventades XX. mendearen lehen hereneko euskal Zuzenbide zibila landu zuen autore garrantzitsuena da, bereziki Arabako eta Bizkaiko Foru Zuzenbide zibila landu zituen. Bere jarduna eta pentsamendua elkar loturik doaz abokatu bezala bere bezero diren Bilboko handikien familiei dagozkien gaietan parte hartzean (bera ere handikien familia bateko kide zen) eta euskal Zuzenbide zibilari buruzko bere ideiak zehaztasunez adieraztean. Azkena ordenamendu juridiko oso bezala ulertzen zuen bere iturriak formulatu eta instituzioak ezartzen zituena.
Jadoren jarduna bi lanetan biltzen dela esan liteke: Dictámenes, eta bi edizio izan zituen Derecho civil de Vizcaya, azkena bera hil ondoren argitaratua. Lan horiek ezin utzizkoak dira Kode zibila argitaratu ondorengo trantsizio garaian (1888-1889) euskal Zuzenbide zibilaren egoera aztertzeko, 1888ko maiatzaren 11ko Oinarri Legearen 6. artikuluaren bitartez zegokion Eranskinean txertatu ondotik. Artikulu hori Kode zibila argitaratzeko katalizatzailea izan zela esan liteke.
Jadok garai horretako Zuzenbide zibilean antzematen dituen ezaugarriak honakoak dira: a) euskal lurraldeetako erakunde zibilen arteko isomorfismoa; b) hutsean historikoa denetik urrundu eta euskal Zuzenbide zibilaren mekanismoen eguneroko erabileran oinarritutako etorkizun bat proiektatzen duen ikusmoldea, eta c) indarrean zeuden euskal erakunde zibil guztien azalpen sistematikoa, garaiko joera dogmatikoen eta ohiko bibliografia zibilistaren ezagutza erakusten duena.
Lehen puntuari dagokionez, Jadok ondorio borobilak ateratzen ditu euskal lurraldeetako ezkontza kapitulazioak alderatzen dituenean: «bizkaitar forudunen eta eusko-frantsesen ezkontza kontratuetan ageri diren akordio multzo horrek, jatorri bera dutela berretsi ez ezik, beren oinarrizko instituzioei dagokienez —familiaren eta ondasunen antolaketa—, batzuen eta besteen Zuzenbide pribatua bera dela erakusten du, bestela ez litzatekeelako horrelako bat-etortzerik egongo, ezkontzaren bitartez familia berri bat eratzean itunen arteko hainbesterako berdintasunik» (R. Jado y Ventades, Derecho civil de Vizcaya, 107. or.). Izan ere, Jado lehen autorea da bere azalpenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoa aipatzeaz gain, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ere kontuan hartzen dituena. Azken hiru horien kasuan, gainera, 1804. urtean Frantziako Kode zibilak eragindako unitate legislatiboaren ondoren beren ohitura zibilei nola eutsi zieten aztertzen du.
Jadoren lanaren originaltasuna haratago doa, ordea. Adrian Celayak dioen bezala, «Jado ez zen filosofia hutsaletara mugatu, beti aztertu zuen ikusmolde juridiko nagusien funtsa» (R. Jado y Ventades, Derecho civil de Vizcayaren hitzaurrea, XIX. or.). Bigarren bektore horrek momentu historiko horretan Bizkaiko Zuzenbide zibilarentzat esanguratsua zen ororekin zerikusia zuen guztia sistematikoki aztertzera eraman zuen Jado. Aldi berean, azalpen hori aurrera eramateko erabili zuen metodologiarekin lotura estua egin zuen, XIX. mendeko ohiko banaketa frantsesari jarraitzen ziona: lehenik pertsonak hartzen ditu, ondoren, ondasunak, jabetza eta horien aldaketak; jarraian, jabetzak eskuratzeko askotako moduak eta, bukatzeko, betebehar eta kontratuak.
Nolanahi ere zen, Jadok mende askotan zehar Bizkaiko Zuzenbide zibilaren ardatz izandako gaia landu zuen hasieran: herribilduen eta lur lauaren arteko dualtasuna. Gai horretan, beste batzuetan bezalaxe, argi utzi zuen bere ikuspegia zein zen, nahiz eta beti bat etorri ez Bizkaiko Kodifikazio Batzorde Bereziak idatzitako Kode zibilaren Eranskin proiektuak proposatutako konponbideekin (1899-1900). Zehazki, Jado Forua herribilduetan ezartzearen alde zegoen, haien herriguneetatik kanpo, Batzordearen irizpideen kontra.
Aurrekoa bezalako gaietan, Jadok agerian utzi zuen bere nagusitasuna, bere teknika juridikoari esker bestelako auzi politikoen eraginpean egon zitezkeen beste autore batzuen iritzien gainetik baitzegoen. Alor horretan Jadok ez zuen amore eman, eta erakundeen azterketatik eta erabilera praktikotik eskuratutako ezagutza juridikoak zinez baliatu zituen. Jadok berak esan zuenez, «herrialde baten Zuzenbide zibila osoki ezagutzeko, ezinbestekoa da Zuzenbide hori bizi izana, bestela esan, haren berezitasunak ezagutzea» (R. Jado y Ventades, Derecho civil de Vizcaya…, IX. or.).
Agian horregatik izendatu zuten Kodifikazio Batzordeko kide, Bizkaiko Lurraldeko ordezkari. Batzorde horretan aurkeztu ahal izan zuen Araban indarrean zegoen foru Zuzenbide zibilari buruz Arabako Aldundiak 1916an idatzitako Memoria. Heriotzak eragotzi zion egun, bigarren edizioa argitaratu zela ia mende bat egin duenean, euskal Zuzenbide zibilean baitezpadakoa den obra burutzea. Hilberri zela, beste foruzale bizkaitar batek, Fernando de la Quadra Salcedok, inspirazio poetiko nabarmenaz idatzi zuen bezala: «ez dezala gure herriak soilik poetengatik negar egin eta ez ditzala soilik haiek lauda; ezar dezagun oinaze eta irakaspen epitafio bat Rodrigo Jado zibilista bilbotarraren bustoaren oinarrian» (F. de la Quadra salcedo, «Don Rodrigo Jado…»).
Obrak
Derecho civil de Vizcaya. Comentarios a las leyes del Fuero de Vizcaya, Bilbo: Imp. de la Casa de Misericordia, 1900.
Derecho civil de Vizcaya (A. Celaya Ibarraren hitzaurrea eta edizioa). Clásicos de Derecho civil vasco, 1, Bilbo: Zuzenbidearen Euskal Akademia, 2004, 1923ko bigarren edizioaren faks. Online arg.: http://www.avd-zea.com/descargas/derecho/clasicos_1.pdf (2023ko uztailak 18).
Bibliografia
CELAYA IBARRA, A., «Una conferencia de Rodrigo Jado: presentación», Boletín de la Academia Vasca de Derecho, 3 (2004), 3-4. or.
JADO Y VENTADES, R., «Dos Dictámenes de Jado», Boletín de la Academia Vasca de Derecho, 4 (2004), 47-66. or.
DE LA QUADRA SALCEDO, F., «Don Rodrigo Jado, civilista del Fuero», El Pueblo Vasco, 1922ko ekainak 13.





